75. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

475/2004 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko ikasketak 2003-2004 ikasturtean bukatu dituzten ikasleentzat antolaturiko Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egiten duena.

Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak txostena aurkeztu du, eta bertan adierazi komenigarria dela Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia argitaratzea; abuztuaren 31ko 1070/1990 E.D.an eta 1999ko abenduaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatean deialdi hori egitea Hezkuntza Departamentuari dagokio.

Uztailaren 16ko 356/2003 Foru Aginduaren arabera eskuratu ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2003-2004 ikasturteari dagokion Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egitea. Honako honi erantsi zaio.

2. Deialdi hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Ebazpen hau, deialdia eta eranskinak Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Ikasketetarako Laguntzen Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Hezkuntzaren Hedapenerako Bulegora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2004ko ekainaren 15ean._Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusia, Fermín Villanueva Ferreras.

BATXILERGOKO SARI BEREZIETARAKO DEIALDIA, 2003/2004 IKASTURTEKOA

1999ko abenduaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2003/2004 ikasturteari dagokion Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egin du Foru Komunitatean. Hona hemen

OINARRIAK

Lehena._Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2003/2004 ikasturterako gehienez ere Batxilergoko lau Sari Berezi emateko deialdia egin du.

Bigarrena._Sari Berezi horiek eskuratzeko aukera izan nahi duten ikasleek Batxilergoko ikasketen bi kurtsoak edozein modalitatetan egin eta gainditu eta 2003/2004 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean bukaturik izan beharko dituzte. Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak arauturiko Batxilergoa izanen da betiere.

Deialdian parte hartzeko ezinbestekoa da Batxilergoko edozein modalitatetan egindako bi kurtsoetako kalifikazioen batez bestekoa 8,75 edo handiagoa izatea.

Batez besteko kalifikazioa ateratzeko, batxilergoko bi kurtsoetan ikasleak ikasgai komunetan, modalitateko berariazkoetan eta aukerakoetan lorturiko kalifikazioak batuko dira.

Hirugarrena._Aurreko atalean ezarritako baldintza bete eta Batxilergoko Sari Berezia eskuratu nahi duten ikasleek eskaria aurkeztuko dute, ikasketa espedientea Bigarren Hezkuntzako zein institututan duten, hartantxe, 2004ko uztailaren 2a baino lehen. Eskaria I. eranskinari jarraikiz beteko da.

Laugarrena._Izena emateko epea bukatu eta gero, Bigarren Hezkuntzako institutuetako idazkariek Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura igorriko dituzte, uztailaren 26a baino lehen, jaso dituzten izen-emate orriak. Eskariari 2. eranskinaren araberako ikasketa-ziurtagiria erantsiko diote, behar bezala beteta.

Bosgarrena._Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak emanen dituen jarraibideen arabera garatu eta ebatziko dira probak, eta honako hauek izanen dira:

a) Testu linguistiko, historiko edo filosofiko baten iruzkina.

b) Atzerriko hizkuntza batean idatzitako testu bat aztertzea eta galdera kultural, linguistiko edo gramatikalei erantzutea.

c) Gai bat garatzea, galdera batzuei erantzutea eta/edo ariketa praktikoak egitea ikasleak izandako nahitaezko bi ikasgairi buruz, saria lortzeko eskarian hautaturiko Batxilergoko modalitatearen eta ibilbidearen arabera:

1) Teknologiako modalitatea: Matematika eta Fisika

2) Natur eta Osasun Zientzien modalitatea:

a._Zientzien eta Ingeniaritzaren ibilbidea: Matematika eta Fisika

b._Osasun Zientzien ibilbidea: Kimika eta Biologia

3) Giza eta Gizarte Zientzien modalitatea:

a._Giza Zientzien ibilbidea: Latina eta Filosofiaren Historia

b._Gizarte Zientzien ibilbidea: Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika eta Geografia

c._Giza eta Gizarte Zientzien ibilbidea: Latina eta Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika

4) Arteen modalitatea: Artearen Historia eta Marrazketa Artistikoa

Probak 2004ko azaroaren 6an eginen dira Iruñeko Navarro Villoslada BHIan.

Ikasleek gaztelaniaz edo euskaraz egiten ahal dituzte probak, ikasketetan izan duten hizkuntz ereduaren arabera.

Seigarrena._Ikuskapen eginkizunetan ari diren Hezkuntza Departamentuko funtzionarioek eta probetako gaietan espezialista diren Bigarren Hezkuntzako irakasleek osatuko dute Ebaluaziorako Epaimahaia. Epaimahai horrek bere gain hartuko du probak prestatzearen ardura.

Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak izendatuko ditu mahaikideak, eta bertan buru eta idazkari gisa ariko direnak zehaztuko.

Zazpigarrena._Ebaluaziorako epaimahaiak, ikasleek egindako probak zuzendu ondoren, emaitzen berri ikastetxeei emanen die, eta Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean jarriko ditu emaitzak.

Ikasleek erreklamazioa aurkez dezakete, kalifikazioak Hezkuntza Departamentuko iragarki-oholean jendaurrean paratu eta biharamunetik hasita bost egun balioduneko epean.

Zortzigarrena._Batxilergoko Sari Berezia eskuratzen duten ikasleek Hezkuntza Departamentuaren aintzatespena jasoko dute, sari horri dagokion diploma lortuko dute eta horren berri emanen da ikasketa espediente pertsonalean.

Bederatzigarrena._Tasei eta Prezio Publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legearen 25. artikuluko 2. idatz-zatian aurreikusitakoari jarraikiz, Batxilergoko Sari Berezia lortzen duten ikasleek ez dituzte ordaindu beharko ikastetxe publiko batean goi mailako ikasketen lehenengo kurtsoa egiteko prezio publikoak. Saria tasak ordaindu eta gero ematen bazaie, unibertsitateak bi aukera izanen ditu: ikasleari tasen zenbatekoa itzultzea edo, bestela, ikasleak saria lortu ondoren kontzeptu hori dela-eta egin behar duen lehen ordainketatik kentzea.

Hamargarrena._Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko Sari Berezia erdiesten duten ikasleek Batxilergoko Sari Nazionala eskuratzeko lehian parte hartzen ahal dute.

Hamaikagarrena._Deialdi honen eta honen ondoriozko egintzen aurka interesatuek gora jotzeko helegitea paratzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, helegitearen xede den egintza argitaratu, jendaurrean jarri edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

1. ERANSKINA

Izena emateko orria

BATXILERGOKO SARI BEREZIETARAKO DEIALDIA, 2003/2004 IKASTURTEKOA

Deiturak: Izena:

N.A.N.: Jaiotze-data: Telefonoa:

Helbidea (jakinarazi ahal izateko):

Herria: P.K.:

Batxilergoko ikasketak zein ikastetxetan:

BHI honi atxikia:

Herria: Telefono zenbakia: P.K.:

Batxilergoa zein modalitatetan: Ibilbidea:

Atzerriko lehen hizkuntza: Bigarren hizkuntza (ikask. izan bada soilik):

Nafarroako Foru Komunitatean, 2003-2004 ikasturtean, Batxilergoko Sari Bereziak lortzeko probetan parte hartu nahi du.

..........(e)n, 2004ko ........aren ......(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

IKASTETXEEN ETA IKASKETETARAKO LAGUNTZEN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

2. ERANSKINA

Ikasketen ziurtagiria

BATXILERGOKO SARI BEREZIETARAKO DEIALDIA, 2003/2004 IKASTURTEKOA

Ikasleak izandako kalifikazioak

Batxilergoko 1.a, 2002/2003 ikasturtea, Modalitatea:

Ibilbidea: ..............................., Ikastetxea

Ikasgai komunak Kalif.

1._Gorputz Hezkuntza

2._Filosofia

3._Gaztelania eta Literatura

4._Atzerriko Hizkuntza (..................)

Modalitateko nahitaezko ikasg. Kalif. Aukerako ikasgaiak Kalif.

1._ 1._

2._

3._

Batxilergoko 2.eko kalifikazioak, 2003/2004 ikasturtea,

Ikasgai komunak Kalif.

1._Gaztelania eta Literatura

2._Atzerriko Hizkuntza (..................)

3._Historia

Modalitateko nahitaezko ikasg. Kalif. Aukerako ikasgaiak Kalif.

1._ 1._

2._ 2._

3._

..................... jaun/andreak, .........(e)ko (Nafarroa) ................ Bigarren Hezkuntzako Institutuko idazkariak

Ziurtatzen du: ................ ikaslearen datu akademikoak benetakoak direla eta bere ikasketa espedientea institutu honetan dagoela, eta Batxilergoko ikasketak 2003/2004 ikasturtean batez besteko ................. puntuko kalifikazioarekin bukatu dituela; kalifikazioa Batxilergoko Sari Berezietarako deialdian ezarritakoaren arabera lortu da. Horiek horrela, Sari Bereziak eskuratzeko probetan parte hartzeko baldintzak betetzen ditu.

............................., 2004ko ..................aren ........(e)an.

(Sinadura eta zigilua)

Iragarkiaren kodea: f0409740