75. ALDIZKARIA - 2004ko ekainaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

223/2004 FORU DEKRETUA, maiatzaren 31koa, Nafarroako Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluaren osaera aldatzen duena.

Apirilaren 5eko 166/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluaren osaera arautu zen. Aipatu kontseilua Foru Komunitateko Administrazioaren organo aholku-emaile eta eztabaidatzekoa da Nafarroaren gaineko gaietan.

Foru dekretu horrek batez ere Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Legeari jarraitu zion. Legearen arabera, Kontseiluaren osaerak "eragile sozial eta ekonomiko, toki entitate, lanbide elkargo eta arloan izen handia duten adituen parte-hartzea bermatu beharko du".

Horiek horrela, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren lehendakariak eta Nafarroako eskualdeak garatzeko partzuergoen lau ordezkarik ordezkatzen zituzten toki entitateak.

Aipatu foru dekretuak indarra hartu ondoren, Iruñeko Udaleko alkateak Kontseilu horretan ordezkari bat izatea eskatu du.

Eskaera zilegitzat jo da ondoko arrazoiengatik: Iruñeko Udalaren parte hartzeak nabarmen sendotzen du kontseiluko toki entitateen ordezkaritza, haren osaera desorekatu gabe; laguntzen du Kontseilurako lortu nahi den indar politikoa eta soziala handitzen hiriburuaren presentziaren bidez, hiri horretan biltzen baita eskualdeko biztanleen herena; azkenik, eskualdeko hiri garrantzitsuenak eginkizun ezinbestekoa du Nafarroako lurralde garapenaren ereduaren eboluzioari dagokionez. Izan ere, haren segimendua eta kontrol politiko-soziala neurri batean Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluaren betebeharra da.

Hori horrela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko maiatzaren hogeita hamaikan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Apirilaren 5eko 166/2004 Foru Dekretuko 5. artikuluko 3. idatz-zatia aldatzea. Honela geldituko da:

3. Kideak:

a) Parlamentuko Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Batzordeak izendaturiko bi kide.

b) Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria.

c) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria,

d) Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilaria.

e) Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza zuzendari nagusia.

f) Estatuko Administrazioaren ordezkari bat.

g) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren lehendakaria.

h) Nafarroako hiriburuko alkatea.

i) Nafarroako eskualdeak garatzeko partzuergo eta elkarteen lau ordezkari, entitate horiek izendatuak. Bertan parte hartzen duten udalek administraturiko mugapeen barruan bizilagun gehien dituzten lauetarik ordezkari bana.

j) Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko lehendakaria.

k) Sindikatuen bi ordezkari, Nafarroako ordezkaritza handiena duten bietarik bana.

l) Lanbide elkargoen bi ordezkari, entitate horiek proposaturiko hautagaien artetik Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak izendatuak.

m) Nafarroako Ingurumen Kontseiluak izendaturiko kide bat, natura babestu, zaindu eta ikertzeko erakunde edo elkarteak ordezkatzen dituzten kideen artetik hautatua.

n) Nafarroako Kultura Kontseiluak izendaturiko kide bat, Administrazio Publiko bat ere ordezkatzen ez duten kideen artetik hautatu eta ondare historiko, artistiko, arkeologiko eta etnografikoan espezializatua.

ñ) Nafarroako Turismo Kontseiluak izendaturiko kide bat, Administrazio Publiko bat ere ordezkatzen ez duten kideen artetik hautatua.

o) Nafarroako Unibertsitate Publikoak izendaturiko kide bat, lurraldearen antolamenduaren arloan espezializatua.

p) Nafarroako Unibertsitateak izendaturiko kide bat, lurraldearen antolamenduaren arloan espezializatua.

q) Kontseiluak bere dituen arloetan entzute handia duten bi aditu, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak izendatuak.

r) Mahaikide-idazkaria, hizpidearekin bai baina botorik gabe: Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuko zuzendaria.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Esku ematen zaio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Bigarrena._Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko maiatzaren 31n._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Iragarkiaren kodea: F0408835