50. ALDIZKARIA - 2004ko apirilaren 26a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LOSARCOS

Ordenantzak behin betikoz onetsirik

Los Arcosko Udalak, 2002-11-7an eta 2003-11-6an egin bilkuretan, aho batez erabaki zuen ondoko ordenantzak hasiera batean onestea:

_Los Arcosen enplegua eta inbertsioa sustatzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza.

_Agiriak luzatu eta izapidatzeari buruzko ordenantza fiskala.

_Ingurumena babestearen aldera kontrolatu beharrekotzat sailkaturiko jardueretarako eta jarduera kaltegabeetarako baimenak emateagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

_Los Arcosko udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza.

_Kirol instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza.

_Los Arcosen babes ofizialeko etxebizitzak, araubide berezikoak nahiz araubide orokorrekoak, sustatzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza.

_Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

_Eremu publikoan terraza eta mahaitxoak paratzeko tasak arautzen dituen udal ordenantza eta Ezgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean izan da hogeita hamar egunean, eta epe horretan ez baita alegaziorik aurkeztu, Udalak, 2004ko otsailaren 12ko bilkuran, aho batez, ordenantzak behin betikoz onestea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabaki zuen, orok jakin dezan eta indarra har dezaten.

Los Arcosen, bi mila eta lauko otsailaren hamahiruan. Alkate udalburua, Jerónimo Gómez Ortigosa.

1._LOS ARCOSEN BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZAK, ARAUBIDE BEREZIKOAK NAHIZ ARAUBIDE OROKORREKOAK, SUSTATZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1._Xedea.

Erregelamendu honek xedea du babes ofizialeko etxebizitzen sustapenei, araubide bereziari lotuei, ematen zaizkien dirulaguntzak arautzea, Nafarroan etxebizitzaren arloan hartzen diren finantzaketa neurriei eta jarduketa babesgarrien laguntzari buruzko maiatzaren 10eko 155/1993 Foru Dekretuaren 25. artikuluan eta hurrengoetan agertzen direnei hain zuzen, bai eta araubide orokorrari loturikoei ematen zaizkien dirulaguntzak arautzea ere, aipatu Foru Dekretuaren 13. artikuluan eta hurrengoetan agertzen baitira.

2._Baldintza orokorrak.

1._Dirulaguntza horiek emanen dira, beti ere, Nafarroako Gobernuak behin-behineko Kalifikazioaren Zedula eman badu araubide bereziari edo araubide orokorrari loturiko etxebizitza gisa.

2._Aurreko lerroaldean adierazitakoak ez diren gainerako etxebizitza ofizialek ez dute erregelamendu honetan ezarritako dirulaguntzarik jasoko.

3._Aplikazio esparrua. Los Arcosko udal mugapea da ordenantza hau aplikatzeko esparrua.

4._Laguntza motak.

Los Arcosko Udalak araubide bereziari eta orokorrari loturiko etxebizitzei ematen dizkien dirulaguntzak, Udal honek horien onuradunei ematen dien laguntza edo ekarpen gisa ulertuko dira, erregelamendu honetan ezarritako baldintzen arabera.

5._Udalaren baliabide ekonomikoak.

Erregelamendu honetan aurreikusten diren dirulaguntza guztietarako erabiltzen ahal diren baliabideak, guztira, udalaren aurrekontuetan ezartzen direnak izanen dira.

Udalak lehentasun ordena ezartzen ahalko du obra interesatuei udal baliabideak esleitzeko, ondotik zehazten diren irizpideen arabera:

a) Udalaren erregistroan laguntza eskabidea zer datatan sartzen den.

b) Aurrenkotuan kontusailik ote den.

6._Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak.

Dirulaguntza hauek bildu ahal izateko, etxebizitzek bete beharko dute ordenantza honetan jasotzen direnetarik babespen publikoaren araubideren bati loturiko etxebizitzen gainean Nafarroako Gobernuak onetsi duen araudian ezarritakoa.

7._Emanen diren dirulaguntzak.

Araubide bereziko etxebizitzei emanen zaien dirulaguntzaren zenbatekoa, Eraikuntza, Instalazio eta Obren Zergako karga-tasaren bi puntu eta puntu laurden adinakoa izanen da. Araubide orokorreko etxebizitzendako dirulaguntzaren zenbatekoa, berriz, aipatu karga-tasaren bi puntu.

Horrek erran nahi du, ondorio praktikoetarako E.I.O.Z.eko karga tasa % 4tik % 2ra pasako dela lehen kasuan, eta % 4tik % 3,75era bigarrenean.

8._Laguntzen ordainketa.

Araubide bereziari eta araubide orokorrari loturiko etxebizitzen sustapenerako Los Arcosko Udalak emanen dituen dirulaguntzak, obrak bukatutakoan jasoko dira, aldez aurretik laguntzarako eskabidea eta obra bukaerako ziurtagiria aurkeztuta.

Dirulaguntza hauen onuradunek eguneraturik izan beharko dute Udal honek ezarrita dituen zerga guztien ordainketa.

9._Eskaeren tramitazioa. Eskatzaileak bere eskabidea egin beharko du, eta hori aurkeztu proiektu teknikoarekin batera, teknikari eskudun batek sinatua eta ikus-onetsia.

10._Planeamenduarekin bat etortzea.

Dirulaguntza hauek jasoko dituzten obra proiektuek men egin behar diete Los Arcosko udalerriko planeamendurako arau subsidiarioetako determinazioei eta haiekin bat heldu diren gainerako arau aplikagarriei.

11._Bateraezintasunak.

Dirulaguntza hauek ez dira bateraezinak Nafarroako Gobernuak edo bertzelako erakunde publikoek kontzeptu berarengatik edo antzekoengatik ematen ahal duten halako bertze edozein laguntzarekin.

12._Laguntzen galera. Ordenantza honetako baldintzak eta betebeharrak ez betetzeak, baita aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzeak ere, Udalak emandako laguntza guztiak deuseztatzea ekarriko du, baita kasuan kasuko espedientean izan litezkeen onurak etetea ere, eta gainera eskuratutakoak itzuli beharko dira, gehi hartu direnetik legezko diren korrituak. Horiek guztiak premiamendu bidez ordainarazten ahalko dira, indarra duen legeriak aurreikusten duenez. Orobat, aplikatzekoak izanen dira laguntza eta dirulaguntza publikoen onuradunei ezartzen zaizkien betekizunak, Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren 81 eta 82. artikuluetan (irailaren 23ko 1091/1988 Legegintzako Errege Dekretua) orokorrean jasotzen direnak, baita dirulaguntza eta laguntza publikoei aplikatzen ahal zaizkien gainerako xedapenak ere, aplikatzekoak badira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2004ko urtarrilaren 1etik aitzina tramitatutako hirigintzako espedienteen titularrak baliatu ahal izanen dira ordenantza honetako dirulaguntzez, betiere onartuak izateko eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badituzte.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek behin betiko onespena argitaratzen denean hartuko du indarra.

2._EZGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da ezgaitasuna dutenei aparkatzeko txartela ematea arautzea, Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioarekin bat, ezgaitasuna dutenek beren ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondotik joan-etorri handirik egin behar izan gabe.

2. art. Betebeharrak.

Aparkatzeko txartela eskuratzeko, beharrezkoa izanen da baldintza hauek betetzea:

_Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak:

1._Indarra duen gidabaimena eduki beharko du minusbaliatuak.

2._Mugikortasuna murrizten dion minusbaliotasuna izan beharko du, eta alderdi hauek egiaztatu beharko ditu:

A) % 33tik gorako minusbaliotasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

B) Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak emandako osasun agiria, frogatuta egon dadin minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

_Baliaezintasun iraunkorra duten pertsonen zaintzaileak edo haiekin bizi diren ahaideak:

1._Ahaide bizikideak edo zaintzaileak indarra duen gidabaimena eduki beharko du.

2._Eskatzaileak dokumentazioa aurkeztu beharko du, egiaztatzeko laguntza hartu behar duenarekin famili lotura duela edo zaindu egiten duela eta harekin bizi dela, hala bada.

3._Zainketa hartzen duen ahaideak mugikortasun urria eragiten dion minusbaliotasuna duenean, honako hauek egiaztatu beharko dira:

A) % 33tik gorako minusbaliotasuna egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat duela dioena.

B) Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak luzatutako osasun agiria, pairatzen duen minusbalioak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

3. art. Eskatzeko prozesua.

Txartelen eskariak udal bulegoetan eginen dira. Eskabideari bigarren oinarrian zehazten diren egiaztagiriak erantsiko zaizkio, baita indarra duen gidabaimena, ibilgailuaren dokumentazioa eta bi argazki ere, kolorezkoak eta karnet tamainakoak.

4. art. Funtzionamendu arauak.

a) Txartel hau erabiltzen denean, ibilgailuaren aitzinaldean paratu beharko da, kontrolatu behar izanez gero txartelaren aurkia kanpotik argi ikus dadin.

b) Indarraldia amaituta, ez du gehiago baliorik izanen, eta luzatu zen tokian entregatu beharko da berritzeko, hori bidezko bada.

c) Txartela daraman ibilgailua minusbaliatuendako erreserbatu eta seinalatutako tokietan aparkatzen ahalko da, ordu mugarik gabe.

d) Halaberean, zamalanetarako tokietan aparkatzen ahalko da, ordutegi mugatu baten barnean. Baita aparkatzeko debekuaren seinalea duten tokietan eta udaltzainek espresuki baimentzen duten tokietan ere.

e) Aldiz, baimen honen babespean ezin izanen da ibilgailua inola ere aparkatu: Txartelaren titularra eramaten ez duenean. Oinezkoendako pasabideetan. Espaloiaren gainean. Gelditzeko debekuaren seinalea duten aldeetan. Garraio publikoari erreserbatutako erreietan eta, orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

f) Txartel honek ez du eskubiderik ematen aparkatze mugatuko eremuetan (Eremu Urdina) eta aparkatze murriztuko eremuetan (Alde Zaharra) aparkatzeko.

g) Txartela non luzatu zen, bertzelako herri batean aparkatuz gero, erkidego horretan ezarrita dauden arauak eskatu beharko dira.

h) Edozein arrazoi dela medio inork txartela erabiltzetik gelditu behar badu, luzatu zuen Udalari itzuli beharko dio, eta arrazoiak adierazi.

i) Lapurtu edo galduz gero, luzatu zuen Udalari eman beharko zaio horren berri.

5. art. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak honako hauek dira:

_Txartela lortzeko aurkezten diren datu, ziurtagiri edo bertzelakoak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

_Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo bertze baten txartela erabiltzea edo iruzur bidez edonola erreproduzitzea.

Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aurretik, interesatuei entzutea emanen zaie betiere. Espedientea Zehapen Ahalmena gauzatzeko Erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

3._EREMU PUBLIKOAN TERRAZA ETA MAHAITXOAK PARATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Arau aplikagarriak.

Ordenantza hau onetsi da ondoko arauek emandako ahalmenak erabilita: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen Lehen Tituluko IV. kapituluko 7. atala; Nafarroako Foru Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 262. artikulua; eta Toki Korporazioen Zerbitzuen 1995eko Erregelamenduko 1etik 17ra bitarteko artikuluak.

2. art. Xedea.

Ordenantzaren xedea da araubide tekniko nahiz juridiko bat finkatzea eremu publikoan terrazak eta mahaitxoak paratzeko, baita haiendako instalazio osagarriak ere, hala nola eguzkitakoak, oholak, olanak, alboko babesgarriak, argiak, etab.

3. art. Definizioa.

Aurreko artikuluan ezarritakoa zehazteko hona hemen terraza eta mahaitxoen definizioa: ostalaritzako jarduera nagusiren batean aritzeko udal baimena izanik, jarduera horren aldi bateko osagarritako erabiltzen diren behin-behineko mahai eta aulkiak eta muntadurak, finko nahiz mugigarriak.

4. art. Aldez aurretik lizentzia lortu beharra.

Eremu publikoko muntadura horiek erabilera komun bereziaren sailkapen juridikoa dute, eta baliatu ahal izateko udal lizentzia lortu beharko da aldez aurretik, betiere ordenantza honetan aurreikusitakoari jarraikiz.

5. art. Aldez aurretik lizentziaren beharrik ez.

Ondoren zehazturiko kasuetan ez da aplikatuko lizentzia lortzeko ordenantzak ezarri duen behar hori, 3. artikuluan definituriko muntadurak izanagatik ere.

a) Udal kontzesio administratibo baten babespeko jardueren osagarri direnean, jabari publikoko edo ondareko ondasunetan jarriak daudelako.

b) Aldi baterako jarduerak, jai herrikoietako ekitaldietan burutuak, betiere udal organo eskudunak ezarritako egutegiaren eta baldintzen arabera.

6. art. Muntadurak baimenduko diren guneen ezaugarriak.

Terrazak eta mahaitxoak paratzeko lizentzia ematen ahalko da jabari publiko nahiz pribatuko eta erabilera publikoko ondasunak diren guneetan.

7. art. Lizentzia ukatzeko arrazoiak.

Udal organo eskudunak mahaitxoak, terrazak eta elementu osagarriak ez baimentzeko aukera izanen du baldin eta interes publikoak, ibilbideak, kokapenak, bidearen segurtasunak, herri lanek edo bertzelako inguruabarrek hala eskatzen badute.

8. art. Ibilgailuendako karriken espaloietako muntadurak.

Muntaduren luzera ez da izanen jarduera nagusiaren establezimenduak hartzen duen fatxada baino luzeagoa, mugakideen baimen idatzia dagoenean izan ezik. Aldameneko etxe eta lokaletarako sarbiderik badela bermatu beharko da.

9. art. Oinezkoendako karriketako muntadurak.

Lizentziak ematerakoan kontuan hartuko dira bai ibilgailuek bai oinezkoek ibiltzeko dituzten beharrak.

10. art. Plaza eta eremu libreetako muntadurak.

Plaza eta gune libreetan mahaitxoak eta terrazak paratzeko eskabideak kasuan kasuko berezitasunei begira ebatziko dira, baina betiere muga orokor hauen arabera:

a) Gehieneko luzera jarraia ez da izanen plaza edo eremu libre osoaren erdia baino handiagoa.

b) Muntaduraren gehieneko zabalera ez da izanen plaza edo eremu libre osoaren herena baino handiagoa.

c) Etxebizitza eta lokaletarako sarbidea badela bermatu beharko da.

11. art. Lizentzia eskaera.

1. Interesatuak, artikulu honetan adierazitako agiriekin batera, eskabidea aurkeztu beharko du erregistro orokorrean, Alkateari zuzendua eta honako datuak zehaztuz:

a) Eskatzailearen izen-abizenak.

b) Helbidea, telefonoa eta nortasun agiri nazionala.

c) Jardueraren izena eta kokalekua.

d) Jardueraren datuak (jarduera ekonomikoen gaineko zerga, I.F.K.a, etab.).

2. Eskabidearekin batean, interesatuak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Jardueran aritzeko udal baimenaren egiaztagiria (paratzeko eta/edo irekitzeko lizentzia).

b) Aldameneko lokalek emandako baimenaren egiaztagirak, halakorik behar denean.

c) Kokalekuaren planoa, 1:100 eskalan gutxienez ere, eta muntadurak hartzen duen azalera ongi erakusten duena.

12. art. Ebazpena.

1. Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa nahiz juridikoa egin ondoren, udal organo eskudunak ebazpena emanen du, legez ezarritako epeetan eman ere.

2. Lizentziaren agirian muntaduraren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola hartuko duten azalera, mahai eta aulki kopurua, kontzesioaren indarraldia eta beharrezko juzgatzen diren gainerako alderdiak.

3. Eskatzaileak ez badu ordaintzen jabari publikoa okupatzeagatik dagokion prezio publikoa edo ordenantza honen arabera paratutako isunen zenbatekoa, lizentzia ukatzen ahalko da.

13. art. Lizentziaren baldintzak.

1. Lizentziak eman direla ulertuko da beti, jabetza eskubidea salbu eta hirugarrenen kalterik gabe. Onuradunak, bai lokalean bai terraza eta mahaiek okupatutako eremu publikoaren zatian jardueran arituz, erantzukizun zibil nahiz penalen bat hartuko balu, ezin izanen luke lizentzia erabili hura gainetik kentzeko edo txikiagotzeko.

2. Udal lizentzia prekarioa izanen da beti, eta behar den udal organoak muntadura eremu publikotik kentzeko agintzen ahalko du trafikoko edo hirigintzako inguruabarrek nahiz interes orokorreko bertzelakoek hala eskatzen dutenean. Horrelakoetan muntadura baimenduen titularrak bere kontura hartuko ditu gastuak, eta ez du kalte ordainik jasotzeko eskubiderik izanen.

14. art. Prezio publikoa eta fidantza.

Lizentziaren titularrak dagokion prezio publikoa ordainduko dio Udalari, Ordenantza fiskalak ezarritako zenbatekoan eta moduan. Prezio hori 15 eguneko epean ordainduko da, lizentzia eman dela jakinarazten denetik, eta titularrak ezin izanen du muntadura paratu ordainketa egin baino lehen. Epe hori ordainketa egin gabe amaitzen bada baimena iraungiko da; hortaz, interesatuak bertze lizentzia bat eskatu beharko du muntadura paratu ahal izateko.

15. art. Muntaduraren baldintzak.

Titularra, lizentzia eskuratutakoan, udal zerbitzu teknikoekin harremanetan jarriko da, eta zerbitzuok tokian bertan zehaztuko dute okupazio baimenduaren gehieneko azalera.

16. art. Denboraldia.

1. Terrazak eta mahaitxoak maiatzetik urrira bitarteko denboraldian baizik ez dira baimenduko. Hala ere, denboraldia luzatzen ahalko da, behar bezalako arrazoiak daudenean.

2. Lizentzia eman daiteke, aurreko zenbakian zehaztu denboraldiko hilabete baterako, batzuetarako edo denboraldi osorako.

17. art. Ordutegia.

1. Jarduera nagusiak duen ordutegi baimendua gorabehera, mahaitxoak edo terrazak erabiltzeko ordutegia 9,30etatik 24,00etara bitartekoa izanen da, eta ordubete gehiago ortziral, larunbat eta jai bezperetan.

2. Udal organo eskudunak, ez ohiko kasuetan, ordutegi malguagoa baimentzen ahalko du muntadurak biltzeko, udalerri osorako edo halako eremu jakin baterako baimendu ere, herriko bestetan eta garrantzi bereziko bertzelako egunetan.

18. art. Muntadurak biltzea.

1. Aurreko artikuluan ezarri ordutegia bukatutakoan, muntaduraren titularrak baimenduriko material guztia bilduko du, 20 minutu beranduago ez baita inola ere eremu publikoan egonen.

2. Baimenduriko materiala bildutakoan, lizentziaren titularraren ardura izanen da okupaturiko eremua behar bezain garbi uztea.

19. art. Muntaduraren titularraren betebeharrak.

1. Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikaziotik heldu direnak gorabehera, muntaduraren titularrak okupaturiko lurzoru baimendua, muntadura bera eta elementu osagarriak segurtasun osokoak direla eta garbi-garbiak nahiz apain-apainak daudela begiratu beharko du beti, eta horretarako paperontziak, hautsontziak, etab. jarriko ditu.

2. Debeku da kanpoko barrak, bozgorailuak edo musika makinak paratzea.

3. Muntaduraren titularrak auzoek lasaitasunerako duten eskubidea errespetatzen dela begiratuko du; hortaz, ez du muntaduran onartuko ez zalapartarik, ez liskarrik ez eta inolako asotsik ere, batik bat 23:00etatik aitzina.

20. art. Arau-hausteak.

1. Honakoak dira arau-hauste arinak:

a) Auzoak gogaitzea.

b) Terrazak edo mahaitxoak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez edukitzea.

c) Terrazak edo mahaitxoak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez uztea muntadura kendu ondotik.

d) Lizentziak baimendutako tokiaz bertzerik okupatzea.

e) Lizentzian zehaztu gabeko mahai-aulki kopurua edo bertzelako zerak paratzea.

f) Musika gailuak edo bozgorailuak paratzea.

g) Ordenantza honetako ordutegia ez betetzea.

h) Lizentziaren bertzelako baldintzak edo ordenantza honetan bildutako bertzelako aginduak ez betetzea.

2. Arau-hauste larritzat joko da bi arau-hauste arin baino gehiago egitea denboraldi berean.

21. art. Zehapenak.

1. Zehapen arinak 5.000 pezeta (30,05 euro) bitarteko isunekin zehatzen ahalko dira. Arau-haustearen larritasunaren arabera mailakatuko da isuna.

2. Arau-hauste larriak lizentzia baliogabetuz zehatzen ahalko dira, eta ondorioz, muntadura berehalakoan kenaraziz.

3. Aitzineko atalean aurreikusi bezala lizentzia baliogabetuz gero, establezimendua desgaiturik geldituko da ordenantza honek arauturiko baimenak lortzeko, bi urteko epean gehienez ere.

22. art. Udal lizentziarik gabeko muntadurak.

1. Udal organo eskudunak, interesatuari entzunaldia eman ondotik, berehalakoan kentzen ahalko ditu lizentziarik gabeko terrazak eta mahaitxoak, ordenantzaren 6. artikuluan aipatu guneetan paratuak alegia, eta udal biltegietan gordeko ditu; hori guztia arauzko zehapenak ezartzeaz gain.

2. Zehapen espedientea tramitatu aitzin, muntadura osoa kentzeaz gain, ondoko zehapenak paratzen ahalko dira:

a) Isuna, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren araberako diru kopurukoa.

b) Establezimendua desgaitzea ordenantza honek arauturiko baimenak lortzeko, bi urteko epean gehienez ere.

23. art. Ordezko betearazpena.

Muntaduraren erantzuleak men egiten ez badio eremu publikoan paratuak kentzeko udal aginduari, betiere ordenantza honetan bildutako kasuak direnean, Udalak berak kenduko ditu eta udal biltegietan altxatuko. Jabeak handik eraman ahal izateko, behar diren tasak ordaindu beharko ditu.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantzak ondorioak sorraraziko ditu testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutakoan.

TARIFEN ERANSKINA

I.1. Mahaiak, kadirak eta mahaitxoak:

_6 euro/m² urtean

4._LOS ARCOSEN ENPLEGUA ETA INBERTSIOA SUSTATZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Xedea

Ordenantza honen xedea da Los Arcosko Udalak herrian inbertsioa eta enplegua sustatzeko ematen dituen laguntzak arautzea.

Orokorrean, hiru laguntza mota ezarri dira:

a) Industriako inbertsio eta muntaduretarako laguntzak

b) Nekazaritza eta abeltzaintzako inbertsio eta muntaduretarako laguntzak

c) Lanpostuak sortzeko laguntzak

d) Autoenplegurako laguntzak

I. KAPITULUA

Industriako inbertsio eta muntaduretarako laguntzak

1. artikulua. Baldintzak.

Baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiek eska ditzakete laguntza hauek:

1. Jarduera baterako beharrezkoak diren aktibo material finkoetan inbertsio bat gauzatu izana edo gauzatzeko asmoa izatea.

2. Los Arcosko Udalean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren erregistroan inskribaturik egotea edo inskribatzea, inbertsioaaren eskariaren egunean.

3. Gizarte Segurantzaren Araubidean kideturik egotea.

4. Udalarekin bere betebeharrak eguneraturik izatea, baita Nafarroako zerga eta tributuen aldetik eta Gizarte Segurantzarekin izan ditzakeen gainerako betebeharrak ere.

5. Inbertsioa zer ondasunetan egiten den, haien jabe edo errentari behar du izan enpresak edo partikularrak, eta zuzenean egin beharko du haren kudeaketa, leasing eragiketetan izan ezik, horrelakoak geroago arautzen baitira.

2. art. Inbertsio lagunduak.

Laguntza hauek eskuratu ahal izateko, aktibo material finkoetan eginiko inbertsiotzat hartuko da:

_Industriarako lurrak erostea.

_Industrietako eraikinak egitea edo zaharberritzea, proiektua ikus-onetsia badute.

_Makineria eta muntadurak.

_Industriarako ibilgailuak.

_Beharrezko diren bertzelako inbertsioak.

_Ordezko makineria eta ekipoak, betiere hasieran erosi zirenetik ordezkoak erosi arte zazpi urte gutienez iragan badira; traktoreen kasuan, epeak hamar urtekoa behar du izan.

_Kapitulu honen barreneko aktibo materialetan egindako errentamendu finantzarioko edo leasing eragiketak, errentamendurako itundutako epea amortizatu ondoren, beti ere enpresa edo partikularra errentamenduaren ondasunen jabe bihurtzen bada.

Inbertsioak urte bat baino gehiagorako izaten ahal dira, gehienez ere hiru urtetarako.

3. art. Baztertuak.

Laguntza hauetatik at daude ondoko kontzeptuetan egindako gastuak:

_Ordezko makineria edo ekipoaak erostea, horrelakotzat harturik jadanik diruz lagundutakoak ordezkatzeko direnak jarduera berberarako, beti ere arestiko artikuluan zehaztutako epeak iragan ez badira.

_Bertako langileak edo jatorri bereko materialak.

_Sozietatearen kapital gisa egiten diren ondasun ekarpenak.

_Proiektuen gastuak, bideragarritasun azterlanak, etab., beti ere inbertsioaren % 10 gainditzen badute.

_Aurretik arautegi honetako bertze kontzeptu batengatik dirulaguntza jasoa duten inbertsioak.

4. art. Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzen zenbatekoa izanen da, aurrekontuko kontsignazioen mugetan, obren exekuzio materialaren aurrekontuaren % 2, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa.

Laguntza honela ordainduko da:

_% 25, Los Arcosko Udalak laguntza emateko ebazpena ematearekin.

_% 50, obraren % 50 egitearekin; horretarako obra ziurtagiriak aurkeztu behar dira edo, bertzenaz, inbertsioaren % 50en gastuen frogagiriak.

_% 25, obrak eta inbertsioak bukatzean, obra akaberako ziurtagiria edo behar diren ordainagiriak aurkeztuta.

5. art. Betebeharrak.

Inbertsioengatik laguntza hartu duten onuradunek mantendu beharko dituzte diruz lagungutako aktibo materialak gutienez ere bortz urteko epean, dirulaguntza ematen den egunetik hasita, edo bertzenaz haien erabilgarritasun epean, laburragoa balute; hortaz, ezin izanen dituzte ez saldu, ez eta errentan eman edota laga ere, gisako bertze batzuekin ordezkatu ezik.

II. KAPITULUA

Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenak

6. art. Kontzeptua.

Nekazaritza edo abeltzaintzako ustiapentzat hartuko da da nekazaritzako edo/eta abeltzaintzako ekoizpenerako diren ondasun eta eskubideen multzoa, ustiapenerako unitate tekniko-ekonomikoa osatzen badute.

Atal honen barrenean diruz lagunduko dira:

1. Ustiapenean dauden muntadura eta eraikinak erosteko, berritzeko eta egokitzeko inbertsioak.

Ez da dirulaguntzarik emanen aziendarik erosteko.

2. Landetxeak: landetxe izateko etxebizitzak zaharberritzea, beti ere Nafarroako Gobernuaren Turismo Zerbitzuaren adostasun txostena baldin badute, eta famili unitatearen nekazaritza edo abeltzaintzako jarduera nagusiaren osagarri gisa badira.

Laguntza hauetan ez dira sartuko establezimenduaren funtzionamendurako behar diren tresneria eta lanabesak.

7. art. Laguntzen betebeharrak.

Laguntza hauek hartu ahal izateko, ari diren nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiapenen titularrek, edo landetxeak paratzeko nahiz zaharberritzeko inbertsioak egiten dituztenek, ondoko baldintzak bete behar dituzte:

_Los Arcosko erroldan gutienez urtebete lehenagotik sartua izatea edo Los Arcosen urtean gutienez bederatzi hilabetez bizitzea.

_Jardueran aritzeko behar diren aktibo materialetan inbertsioa egina izatea.

_Udalarekin bere betebeharrak eguneraturik izatea, baita Nafarroako zerga eta tributuen aldetik eta Gizarte Segurantzarekin izan ditzakeen gainerako betebeharrak ere.

_Ustiapeneko titularra edo sozietateko titularkide izatea.

_Ustiapenaren jabea edo errentaria izatea gutienez zortzi urte lehenagotik.

_Pertsona fisikoa bada, ustiapenetik heldu den errentaren zatia titularraren errentaren % 50 baino tikiagoa ez izatea. Ez dira horrelakotzat hartuko euren konturako nahiz bertzeen konturako irabazpidea dutenak, urteko orduen kontaketan nekazaritzakoak ez diren jardueretan 960 ordutik goiti aritzen badira.

_Pertsona juridikoa bada, bazkideetatik % 50 baino gehiagok nekazaritza/abeltzaintza izatea lanbide nagusia.

_Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide berezian norberaren konturako kidea izatea edo Gizarte Segurantzako Autonomoen Araubide Orokorrean, nekazaritzako jardueragatik.

_Landetxeendako laguntzak hartzeko eskabideei dagokienez, izaera hori duen establezimendu bakar bat izan daiteke onuradun, titularra landetxe bat baino gehiagoren jabe/errentaria bada.

8. art. Laguntzak kalkulatzea.

Laguntzak emanen dira gastu egiaztatuetarako, zenbateko hauetan:

_Egin beharreko obren exekuzio materialaren aurrekontuaren % 2.

9. art. Baztertuak.

Laguntza hauetatik at geldituko dira ordenantza honetako 3. artikuluan biltzen diren inbertsioak.

10. art. Betebeharrak.

Laguntza hauen onuradunek mantendu beharko dituzte diruz lagundutako inbertsioak hurrengo bortz urteko epean edo bertzenaz, haien erabilgarritasun epean zehar, laburragoa balute; hortaz, ezin izanen dituzte ez saldu, ez eta errentan eman edota laga ere, gisako bertze batzuekin ordezkatu ezik.

Hobekuntza Planean jasotako inbertsioak beren baldintza berberetan mantendu beharko dira, gutienez dagokion Planak indarra duen bitartean.

III. KAPITULUA

Lanpostuak sortzeko laguntzak

11. art. Kontzeptua.

Lanpostua sortu dela ulertuko da plantillako langile finkoen kopuruaren igoera gertatzen denean, kontratazio berriak egin aitzineko hamabi hilabeteetako banaz-bertzeko kopuruarekin alderatuz.

12. art. Sartzen diren kontratazioak.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke enpresak nahiz partikularrak, baldin eta sozietatearen helbidea Los Arcosen badute eta mugagabeko kontratuko lanpostuak, lanaldi osokoak, sortzen badituzte, eta lanpostu horietan langabezian dauden langileak kontratatzen badituzte, hurrengo artikuluetan ezartzen diren baldintzetan.

13. art. Langileek bete beharreko baldintzak.

Laguntza honetarako eskakizuna egiten bada, kontratatuko diren langileek honako baldintzak bete behar dituzte:

1. INEMeko bulegoetan enplegu eskariaren egile gisa agertzea.

14. art. Baztertuak.

Ez da diruz lagunduko ondoko hauen kontratazioa: enpresariaren ezkontidea edo haren aurretiko nahiz ondorengoak eta gainerako ahaideak, odolkidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko lehenbiziko graduraino.

15. art. Laguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzen zenbatekoa izanen da, aurrekontuko kontsignazioen mugen barrenean, urte bat baino gehiagorako eta gehienez ere 4 urtetan:

10 lanpostu baino gehiago:

_1.er urtean, J.E.Z.ren % 10.

_2. urtean, J.E.Z.ren % 45.

_3.er urtean, J.E.Z.ren % 60.

_4. urtean, J.E.Z.ren % 60.

5/10 lanpostu:

_1.er urtean, J.E.Z.ren % 8.

_2. urtean, J.E.Z.ren % 25.

_3.er urtean, J.E.Z.ren % 30.

_4. urtean, J.E.Z.ren % 35.

5 lanpostu baino gutiago:

_1.er urtean, J.E.Z.ren % 5.

_2. urtean, J.E.Z.ren % 15.

_3.er urtean, J.E.Z.ren % 20.

_4. urtean, J.E.Z.ren % 20.

Laguntzak honela ordainduko dira:

_% 100, urte naturalaren 2. seihilekoan; horretarako kontratuen eta Gizarte Segurantzako kidetzen kopia aurkeztu behar da.

16. art. Betebeharrak.

Kontratazioen laguntzak jaso dituzten onuradunek mantendu beharko dute bortz urtez gutienez langile finkoen kopurua, nola lanaldi osokoak hala lanaldi partzialekoak, diruz lagundutako kontratazioak egin baino hilabete bat lehenago zegoena, baita aurreko hamabi hilabeteetako banaz-bertzeko kopuruarena, beti ere diruz lagundutako kontratazioez gain.

Langile bat kontratatzeko laguntza jaso baldin bada eta langile horrek enpresa onuraduna utziko balu kontratuaren bortz urteko iraupena bete baino lehen, enpresak bertze langile batekin ordezkatu beharko luke, kontratuko ezaugarri berberekin eta laguntzak hartzeko baldintza berberetan, eta hori guztia gehienez ere bi hilabeteko epean langileak enpresa uzten duenetik.

17. art. Egoera bereziak.

Enpresan ondoko egoerarik gertatzen bada: jarduera utzi, ordainketa etendura, lan etendura sei hilabetetik gorakoa, porrota, krisi espedientea, enplegu edo lanorduen erregularizazioa, enpresaren helbidea aldatzea, etab, orduan jakinarazi beharko zaio Los Arcosko Udalari, eta honek emandako laguntza ukatu edo murrizten ahal du, beti ere aldaketa horiek gertatzen badira dirulaguntza emateko jakinarazpenetik hurrengo bortz urteen barrenean.

18. art. Aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntza hauek eskuratu ahal izateko, ohiko dokumentazioaz gain eskabideari honakoak gehitu beharko zaizkio:

1. Lan-kontratuaren kopia, INEMek ikus-onetsia.

2. Langilearen eta enpresaren Gizarte Segurantzako kidetzearen kopia.

3. Kontratazioa zein urtetan egiten den, urte hartako Kotizazio Buletinen (Tc) kopia.

4. Sozietatea bada, bazkideen zerrenda izenduna, eta hala balitz, Autonomoen Gizarte Segurantzako azken hiru ordainagirien kopia eta sozietate anonimoa. eratzeko estatutuena.

5. Aipatutako bortz urteko epea iragan arte, enpresa beharturik dago aurkeztera seihilekoan behin Tc motako Kotizazio Buletinen kopia konpultsatuak, urteari dagozkionak, dirubilketa bulegoak zigilatuak.

5._AGIRIAK LUZATU ETA IZAPIDATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. art. Alderdi batek eskaturik, udal administrazioak edo udal agintariek beren eskumeneko agiriak luzatzeagatik sortu udal jarduerak eratzen du zergapeko egintza.

Ordaindu beharra

3. art. Ordaindu beharra sortzen da norberaren intereserako, udal administrazioak edo udal agintariek euren eskumenekoak diren edo izan behar duten edozein agiri luzatzea eskatze hutsarekin.

Subjektu pasiboa

4. art. Udal administrazioak edo udal agintariek ematen dituzten edo beren eskumenekoak dituzten agiriak eskatu, sorrarazi edo haien onura jasotzen duten pertsona natural nahiz juridikoak dira subjektu pasiboak.

Tarifak

5. art. Ordenantza honetako tarifak I. eranskinean agertzen dira.

Kudeaketa eta dirubilketa arauak

6. art. 1. Tasa sortutzat hartuko da agiria Udalaren erregistro orokorrean aurkezten denean eta udal bulegoetan ordenantzapeko eskabiderik ez agiririk ez da hartuko, ez eta tramitatuko ere aldez aurretik ez bada ordainketa egin.

2. Udal zigiluaren itzulketa behar duen agiririk ez da luzatuko, agiria ematen duen funtzionarioak betekizun hori bete ez badu.

Aurrekariak bilatzeko eskaera orok tasa sortuko du, emaitza negatiboa bada ere.

7. art. Udal administrazioaren agiri eta berri emateen Sarrera eta Irteera Erregistro Orokorraren ardura duten funtzionarioek emanen dituzten udal zigiludun agiri guztiak zenbatuko dituzte eta Udal Diruzaintzan egunero dirusarrerak, dagozkien likidazioekin eginen dituzte.

Arau-hausteak eta zehapenak

8. art. Udal administrazioaren agiri eta berri emateen Sarrera eta Irteera Erregistroaren ardura duten udal funtzionarioak eta Udal Diruzaintzako arduradunak izanen dira iruzurraren erantzule. Iruzurra indarra duten xedapenetan ezarritako eran zigortuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Ordenantza Fiskal Orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

I. ERANSKINA

Agiriak luzatu eta izapidatzeko tasak

Ziurtagiriak: 1,56 euro.

Fotokopiak: 0,16 euro.

Planoen kopiak: 0,63 euro.

Arma txartelak: 3,13 euro.

Plastifikazioak: 1,56 euro.

Konpultsak (2 orri bitarte): 0,63 euro.

Konpultsak (2 orritik goiti): 1,26 euro.

Katastroko orrien kopia: 1,50 euro.

Posta elektronikoko zerbitzua: 1,50 euro.

6._ORDENANTZA FISKALA, INGURUMENA BABESTEKO JARDUERA SAILKATUEN ETA JARDUERA KALTEGABEEN KONTROLAREN ARLOAN BAIMENAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen eta jarduera kaltegabeen arloan baimenak emateko tasen ordainarazpena (jarduerarako lizentzia eta irekitzeko lizentzia, jardueraren eskualdaketa, etab.) honen babesean ezarri da: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea -martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatua-, lehen titulua, IV. kapitulua, 7. saila, 100. artikulua.

Ordainarazpenaren xedea

2. art. Ordainarazpenaren xede dira honako kasu hauetan ematen diren lizentziak:

a) Establezimenduak aldi baterako paratzea, bestetan, ferietan edo merkatuetan.

b) Jarduerarako lizentzia.

c) Jarduerarako lizentziaren berrikuspena.

d) Irekitzeko lizentziak.

e) Irekitzeko lizentzien aldaketa (jarduera tokiz aldatzea lokal batetik bertzera. Aldaketak jardueran, ez izena, ez titularra, ez lokala aldatu gabe ere. Jarduera handitzea, etab.)

f) Eskualdaketak, izenaren edo enpresaren helbidearen aldaketa eta titular aldaketak, bertan garatzen den jarduera aldatu edo handitu gabe.

Hau hartuko da negoziorako lokaltzat edo industria edo merkataritzako establezimendutzat:

a) Ohiko jarduera merkataritza duen establezimendua. Ohikotasun hori suposatutzat joko da Merkataritzaren Kodeko 3. artikuluan aipatzen diren kasuetan edo, bertzenaz, jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaindu behar denean abiarazitako jardueraren trafikoaren xede diren egintzak edo kontratuak egiteko.

b) Industri, merkataritza edo irakaskuntza jarduera batean aritzen dena, establezimendua irekita egonda.

c) Xede nagusia etxebizitza izan gabe ere bizitegi izan daitezkeen eraikin, eta bereziki xede hau duena, jendearendako irekia egon ala ez:

_Jarduera ekonomikoetan aritzea.

_Edozein mota edo jitetako industrian edo negozioan aritzea.

_Ikuskizun publikoak.

_Biltegiak.

_Bulegoak, despatxoak edo estudioak, jendearendako irekiak, bertan artegintzan, lanbideren batean edo irakaskuntzan irabazi asmoz aritzen badira.

Zergapeko egintza

3. art. Zergapeko egintza establezimenduak ireki, eskuz aldatu edo titularra aldatzeko lizentziak eman aurretik eskuratu beharreko jarduera tekniko eta administratiboen ondorioa da, nahitaez eduki behar baitituzte ingurumenaren kontrolerako edo jarduera kaltegabeetarako jarduera sailkatuen titularrek.

Ordaindu beharra

4. art. Zerga ordaindu beharra ondokoetatik sortzen da:

a) Jarduerarako edo irekitzeko behar den lizentzia ematen den unean.

b) Ordenantza honen 2. artikuluan ezartzen diren goiti-beheitietariko bat gertatzen denetik.

Establezimendua lizentzia eskuratu gabe irekitzen baldin bada, tasa sortuko da establezimenduak behar diren baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko udal jarduera egiten denean. Hori guztia, establezimendua irekitzeko baimena eman edo, irekiera baimendu ezina balitz, hura ixteko dekretatzeko ireki litekeen administrazio espedientea ezertan ukatu gabe.

Zerga ordaindu beharra, behin sortuta, ez da aldatuko eskatutako lizentzia ukatuagatik ere edo establezimenduaren baldintzak aldatzeko baldintzapean emanagatik ere, ezta behin lizentzia emanda eskatzaileak horri uko edo atzera egiteagatik ere.

Subjektu pasiboa

5. art. Jardueran aritzeko jarduerarako lizentzia edo irekitzeko lizentzia noren alde ematen den, noren alde, orobat, lizentziaren eskualdaketa edo titulartasun aldaketa, haiexek ordaindu beharko dituzte ordenantza honetan ezartzen diren tasak, pertsona natural edo juridikoak izan.

Tasa hauetako subjektu pasiboak dira, pertsona fisiko edo juridikoak eta bertze entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko edo ondare bereizi bat eratzen badute eta ordenantza honetan aipatzen diren establezimenduetako bat ustiatzen badute.

6. art. Zergadunen ordezkoak izanen dira establezimendu edo lokal horien jabeak, eta horiek, horrela behar bada, egiten den edo egiteko asmo den jardueraren titularrei pasatzen ahalko dizkiete kuotak.

7. art. 1. Honelakoaetan ez da tasa ordaindu beharko, baina dagokien lizentzia eskuratu beharko da:

a) Behin-behineko larrialdi batek bultzaturiko lekualdaketak, lokaletan obrak egin behar izateagatik, betiere behar diren lizentziak eskuratu badira.

b) Nahitaezko eraispenek, behera etortzeek eta suteek beharturiko lekualdaketak edo agindu eta xedapen ofizialak betez egin behar direnak.

c) Titularraren aldaketak "mortis causa" ondorengotzagatik, hura senar-emazteen artean izan edo aurretikoen nahiz ondokoen artean izan, betiere kausatzaileari lizentzia eman zitzaionetik hogeita hamar urte iragan ez badira.

d) Sozietate ez anonimoen helbide sozialaren aldaketa, kideren bat hiltzeagatik.

e) Senar-emazteen arteko eskualdaketak.

2. Aurreko zenbakiko a) atalak ezarri bezala ordaindu beharrik ez izatea jatorrizko lokala berriz ere irekitzen denean ere gertatuko da, hura moldatu edo berreraikitakoan.

3. b) atalari dagokionez, jatorrizko lokalarengatik ere ez da ordaindu beharko, hura berreraikitakoan, ezta horren ordezko lokal berriarengatik ere, betiere titularrak kalte-ordainik batere jaso ez badu jatorrizko lokaletik ateratzeagatik.

4. Aurreko bi zenbakietan ezarri bezala ordaindu beharrik ez izateko, bietarako baldintzak izanen dira berriz ere irekitzen den lokalak jatorrizkoaren azalera bera edo tikiagoa izatea eta bere hartan jarduera bera egitea.

Tarifak

8. art. 1. Tarifak arau honen eranskinean agertzen dira.

9. art. Tokia ikuskatu aitzin, interesatuak eskatutako lizentzia hartzeari espresuki uko egiten badio, tarifak % 80 jaitsiko dira.

Salbuespenak

10. art. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

Kudeaketa arauak

11. art. Jarduerarako lizentzia eta irekitzeko lizentzia erdiesteko interesa dutenek behar den eskabidea aurkeztuko dute Herriko Etxean, lokalean egin beharreko jarduera(k) eta tokia zehazten dituela, eta horiekin batera honako hauetan eskatzen diren agiriak: Ingurumena babesteko Jarduera Sailkatuei buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legea, Ingurumena kudeatzeko neurri administratiboei buruzko martxoaren 2ko 1/1999 Foru Legeak aldatu baitzuen, otsailaren 15eko 32/1990 Erregelamendua, urriaren 22ko 304/2001 Foru Dekretua, eta dagozkien udal ordenantzak.

12. art. Lizentzia eman eta tasaren likidazioa onetsia dela, interesatuak zenbatekoa ordaindu beharko du, jakinarazpena jasotzen duenetik aitzina borondatezko kobrantza aldiaren barrenean; bertzenaz, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.

13. art. Emandako lizentziek balioa galduko dute Ingurumena babesteko Jarduera Sailkatuei buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legean ezarritako epe eta arauen arabera, eta hori gertatuz gero, jardueran ari nahi duten interesatuek lizentzia berria eskatu beharko dute eta tasa oso-osorik berriz ordaindu.

14. art. Titulartasuna aldatu edo eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu. Lizentzia egiaztatzen duen titulua titular berriaren alde luzatzeak dagokion tasa galdatzea eraginen du.

Arau-hausteak eta zehapenak

15. art. Arau-hauste berezi hauek larritzat hartuko dira:

a) Lokalak irekitzea jarduerarako eta irekitzeko behar den lizentzia erdietsi gabe.

b) Baimenak eskuratzeko behar diren datuak gezurrezkoak izatea.

Bertzelako arau-hausteetarako, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

16. art. Zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorra (108. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 1998-9-9koa) eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legea aplikatuko dira.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea._Jarduera sailkatuak

_Jarduerarako lizentzia eta irekitzeko lizentziaren berrikuspena: 210 euro.

_Irekitzeko lizentzia eta irekitzeko lizentziaren aldaketa: 360 euro.

_Jardueraren eskualdaketa edo titularraren aldaketa: 300 euro.

II. epigrafea._Jarduera kaltegabeak

_Irekitzeko lizentzia: 150 euro.

_Jardueraren eskualdaketa: 240 euro.

III. epigrafea._Instalazioak eta lokalak berriz irekitzeko baimena, egiaztatu behar izaten diren obra garrantzitsuak egin ondotik

_Jarduera sailkatuen lokalen kasuan: 200 euro.

_Jarduera kaltegabeen lokalen kasuan: 150 euro.

7._LOS ARCOSKO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 4, 25 eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 12.100 artikuluan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza Los Arcosko Udalari dagozkio, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean esleiturik dauzkaketen legezko eskumenak.

2. art. Administrazioak, zuzendaritzak eta zainketak ahalmen hauek dakartzate beraiekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. art. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du eta bere eginbehar hori ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. art. Hilerrian behar adina hilobi huts izanen dira, udalerriko biztanleen erroldaren arabera, edo haiek egiteko behar adina lur, bederen.

5. art. Ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.

6. art. Hilotzak hobitik atera daitezke, hilerrian bertan leku batetik bertzera aldatzeko nahiz bertze hilerri batera eramateko.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz. Ehorzketak ondoko baldintzetan egin daitezke, betiere heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik sortzen ez badu:

_Nitxoetan ehortzitako hilotzak: zinkezko hilkutxarik gabe badaude, bi urte iragan beharko dira, gutienez, ehorzketa egunetik.

Zinkezko hilkutxan badaude, atera eta lekuz aldatzen ahal dira, nahi denean.

_Lurpean ehortzitako hilotzak: zinkezko hilkutxan badaude, atera eta lekuz aldatzen ahal dira, nahi denean; zinkezko hilkutxarik gabe badaude, bortz urte iragan beharko dira, bederen, handik atera baino lehen.

Horiek baino denbora laburragoko epeetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen, epaile batek manatu ezean.

7. art. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura eginen ditu. Alkatetzari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

8. art. Bertze hilerri batetik ekarritako hilotzak ehorzteko, ez da lur berria okupatuko. Gutienez ere 10 urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bertzenaz, hezurtegira eramanen dira.

9. art. Hilotz baltsamatuak atera eta lekualdatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko litzateke ongi kontserbaturik ez balego.

10. art. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

11. art. Ordenantza honetan arauturiko zerbitzuak emateko udal tasak ordaindu eta gero, hilerriko lur guztiak erabiliko dira lurpeko lagun bakarreko hilobietarako, hamar urteko epean, kostu bidez, ehorzteko erabileraren kontzesio administratiboaren bidez. Dena den, leku guti izateagatik beharrean egonez gero, legeak agintzen duen gutienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak.

12. art. Hilerriko lurra ehorzteko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez bertzerako.

Ehorzketa gaurko ilaren ordenari jarraikiz eginen da, hilerriaren arduradunak horretarako prestatzen duen hobian. Haren luze-zabalak 2,10 metro bider 0,80 metro izanen dira.

Hilarriek lerrokaturik egon behar dute eta haien luze-zabalak, gehienez ere, 2,20 metro bider 0,90 metro izanen dira.

13. art. Hobien kokaera, lurrerauzketa gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izanen dira.

14. art. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

15. art. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere amai daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

16. art. Epeak: Nitxoen kontzesio eskubideek 20 urte iraunen dute, eta bertze horrenbertzeko aldietan luza daitezke.

Nitxoak esleitzeko, segitu beharko zaio Udalak ezartzen duen okupazio ordena logiko eta hurrenez hurrenekoari.

II. KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzu egiteagatik

17. art. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak egitea da:

a) Ehorzketak.

b) Hilobitik ateratzea.

c) Nitxoak alokatzea

18. art. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisiko, juridiko edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

19. art. Zerga-oinarria ordenantza honen tasen tarifen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

20. art. Ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzkin nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketalekuak behar bezain mugaturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik goitiko lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.

21. art. Hilerri honetako bertze hilobi batzuetatik atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkinak bertze hilerritatik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

22. art. 17. artikuluan aurreikusten diren zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak egin baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

23. art. Arau-hausteak: Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokionez, Nafarroako Toki Ogasunen Erregelamenduan ezarritakoari segituko zaio.

24. art. Indarraldia: Ordenantza honek indar hartuko du Nafarroako Toki Ogasunen Erregelamenduan ezarritako tramiteak bete ondotik eta ondorioak 2003ko uztailaren 1etik aitzina eraginen ditu.

Ordenantza honetan aipatzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunen Erregelamenduan ezarritakoak aginduko du.

25. art. Indarrik gabe gelditzen dira, inolako balio eta eraginik gabe, ordenantza honen aurka jotzen duten lehengo udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

ERANSKINA

1. Hobitik ateratzea.

a) Los Arcosko Udalaren erroldan daudenak: salbuetsia.

b) Los Arcosko Udalaren erroldan ez daudenak: 156,3 euro.

2. Hilobitik ateratzea.

a) Erroldan daudenak nahiz ez daudenak: zerbitzuaren kostua.

3. Nitxoak alokatzea: 348,6 euro.

4. Nitxoak alokatzearen luzapena: 348,6 euro.

8._ORDENANTZA FISKALA, KIROL INSTALAZIOAK ERABILTZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen Lehenbiziko Tituluko III. Kapituluko 2. Ataleko 2. Azpiatalean xedatutakoari jarraikiz eta haren 28. artikuluan ageri den baimenaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.

2. art. Eskumena: instalazio honen funtzionamenduaren arauketa Los Arcosko Udalari dagokio.

2. art. Kirol instalazioak (igerilekuak eta kirol anitzetarako frontoia) erabiltzen dituzten pertsona naturalak daude behartuak ordainarazpen hauek ordaintzera.

3. art. Kirol instalazioen eremura sartuz hasten den erabilerarekin batean sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra.

4. art. Ordainarazpen honen oinarritzat hartuko dira pertsona naturalak edo zerbitzuen onuradun diren pertsona juridikoentzat gordetako plazak.

5. art. Eskubideak eskuratzeko tasa eranskinean agertzen diren tarifei lotuko zaie.

6. art. Ordenantza honetan arautzen den tasaren ordainketa egin beharra Udalak sarbidea edo baimena ematen duenean sortzen da, kirol instalazioetara sartzeko.

7. art. Instalazioen erabiltzaileek uneoro bete beharko dituzte portaera arauak eta instalazioa erabiltzekoak, udal kiroldegiaren barnean ikusgai baitaude horretarako.

8. art. Instalazioen ardura duten langileek sarrerak eskatu eta ez aurkezteak udal kiroldegiaren eremutik kanporatzea izan dezake zehapen.

9. art. Udalaren kirol instalazioetako eremuan sarrerarik edo erabiltzeko baimenik gabe sartzea iruzurtzat hartuko da.

10. art. Salbuespenak eta hobariak. Salbuespen hauek eginen dira ordainarazpen honi dagokionez:

Salbuespenak: minusbaliotasun fisiko edo psikikoak dituztenak.

Deskontuak: Familiarendako abonuak, 18 urte baino gutiagoko seme-alabak badituzte:

_3 kide: % 10 merkeago

_4 kide: % 20 merkeago

_5 kide: % 25 merkeago

_6 kide edo gehiago: % 30 merkeago

11. art. Bertzelako erabilerak. 1. Los Arcosko Udalaren kirol instalazioak jabari eta zerbitzu publikoko udal ondasunak dira, batez ere kirol jardueretan erabiltzekoak; tarteka, baina, inguruabarren bat dela medio, aipaturikoez bertzelako jardueratan erabiltzen ahalko dira.

2. Los Arcosko Udalak baimena ematen ahalko die eskatzen duten pertsona fisiko nahiz juridikoei, kirol instalazioak zorrozki kirol arlokoak ez diren edo irabazteko asmoa duten jardueretan erabiltzeko.

3. Antolatzaileak erantzukizun zibileko poliza kontratatuko du, egin beharreko jaurderaren ondoriozko edozein ustekaberi aurre egin ahal izateko.

4. Honako hauek antolatzailearen kontura dira:

_Finkatzen diren tasak eta fidantza ordaintzea, halakorik bada.

_Egile eskubideak ordaintzea, S.G.A.E.ri.

_Administrazioaren permiso eta baimenak.

_Jarduera gauzatzeko behar diren elementuak muntatu eta kentzea, antolaketa Udalarena ez denean, eta betiere, Udaleko langileek edozein momentutan ematen dituzten oharrei kasu egin beharko diete.

5. Entitate edo partikularrek erabiltzeko baimenen aurretik, lehentasuna izanen dute beti Udalak antolatu edo babesten dituzten ekitaldiek, instalazioen erabilerari dagokionez; horretarako, baimena eman aitzin, Kirol Batzordeak edo zinegotzi eskuordeak txosten bat eginen du, eta hartan adieraziko du instalazioa erabiltzeko aukerararik dagoen, eta kirolerako erabiltzearekin bateragarria den, eta zer jarduera egiten dituen ezinezko edo zail, baita zer-nolako baldintza orokorrak bete behar diren ere, instalazioa lagaz gero, gerorako kirolerako eta/edo eskoletarako egoera ezin hobean geldituko dela berma dadin.

6. Udal ebazpenaren berri izanda, Udalak eskatzaileari jakinaraziko dio.

7. Kasu bakoitzean fidantza bat paratuko da, ordaindu beharreko gastu guztiak eta gainerako ustekabekoak estaltzeko. Fidantza banku abalaren bidez formalizatzen ahalko da. Onetsitako baldintzak betetzen ez badira edo eskaeran azaltzen diren edukiak aldatuz gero, fidantza osorik edo haren parte bat ez itzultzea etor daiteke.

8. Eskabideak Los Arcosko Herriko Etxean tramitatuko dira, instalazioa erabili gogo den data baino hamar egun natural lehenago gutienez. Eskaeran honako dokumentu hauek sartu beharko dira:

a) Kasurako eskabide berezia, zuzen eta osorik betea.

b) Eskatzailearen eta/edo entitate antolatzailearen N.A.N./I.F.Z.

c) Egin gogo den ekitaldia deskribatzen duen memoria, gutxienez ere honako hauek aurkezturik:

_Iragarkietako kartelaren kopia (behin betikorik ez bada, haren zirriborroarena).

_Gehienez ere espero diren ikusleen kopurua.

_Aurreikusten diren baliabide osagarriak (osasun eta ordena zerbitzuak, ostatua, etab.).

_Ekitaldian nork hartuko duen parte eta edukiak (taldeak edo bakarlariak).

_Gehienez ere salgai jarriko diren txartelak eta jendearendako prezioa.

_Txartelen salmentatik edo bertzela (zozketak, dohaintzak, ostatua, etab.) espero diren dirusarrerak.

_Bertzelakoak, eskatzaileek zehaztuko dituztenak.

9. Entitate antolatzaile guztiek beren gain hartuko dituzte eskatzen ahal zaizkien erantzukizun zibil, penal, administratibo zein laneko zergei buruzkoak, edo edozein tankeratakoak, eta beren esku geldituko dira oso-osorik beren erantzukizun horien ondoriozko kalte eta galeren ordainak, Udala horietatik erabat salbu geldituko baita.

10. Entitate antolatzailea behartua dago agintaritzari eta eskudun erakundeei beharrezko diren baimen guztiak eskatzera, egin nahi duen ekitaldirako.

11. Udalak ez du inongo erantzukizunik izanen jendeak egiten dituen gauzengatik; izan ere, entitate antolatzailearena bertze inorena ez baita izanen erantzukizun hori.

12. Ekitaldia amaitzean, entitate antolatzailea arduratuko da instalazioak erabiltzeko ongi geldi daitezen, ekitaldia hasi aurretik zeuden egoera berean, eta instalazioez arduratzen diren langileek ikus-onespena eman beharko diete.

13. Entitate antolatzaileen kontura da, instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen eta kalteak konpondu edo ordaintzea, edozein izan dela arrazoia edo zergatia. Horretarako, Udalak aurkeztuko dio likidazioa, non ez den bera zuzenean egin behar diren konponketen kargu egiten, Udalak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.

14. Udaleko zerbitzu teknikoek edozein momentutan ikuskatzen ahalko dituzte jarduera egiteko instalazio osagarriak muntatu eta kentzeko lanak, eta entitate antolatzaileek horren gainean egiten dizkieten ohar eta jarraibide guztiak onartu eta bete beharko dituzte.

15. Orokorrean, instalazioen barrenean ezin izanen da inongo publizitate eta propagandarik egin, Udalak kasu bakoitzean espresuki baimentzen duena izan ezik, baimendutako ekitaldiaren babeslei buruzkoa.

16. Udalak badu jendeari kargu hartzeko eskubidea, horrelako tokietan behar den jokabidea agertzen ez badute, bai eta halakoak instalazioetatik egoztekoa ere.

17. Los Arcosko Udalak ebatziko ditu erregelamendu honetan aurreikusten ez diren kasuak, eta zalantzazkoak izan daitezkeen artikuluen kasuan ere, berak emanen du azken interpretazioa.

18. Ezarritako kuotak ordaintzetik salbuetsirik egonen dira jarduera hauek:

a) Los Arcosko Udalak eta bere Patronatuak antolatzen dituenak.

b) Sozietatearen egoitza legeztatua Los Arcosen duten entitateek, kultura, hezkuntza, kirol, gizarte edo aisia arlokoek, antolatzen dituztenak, baldin eta egin gogo diren ekitaldiak kobratu gabe egiten badira; hala ez bada aplikatuko zaizkie kirol instalazioak erabiltzeko tarifa orokorrak, erran nahi baita, kirol xederik ez duten eta irabazteko asmoa duten ekitaldietarakoak.

Udalak espresuki onartu behar du irabazteko asmorik eza, gertatzen den aldiro.

ERANSKINA

Igerilekuak:

_Denboraldiko abonuak:

14 urtetik goiti: 29,7 euro

5etik 13 urte arte: 16,9 euro.

_Abonu partzialak, 30 egunekoak:

14 urtetik goitikoak: 22,5 euro.

5etik 13 urte arte: 12 euro.

_Abonu partzialak, 7 egunekoak:

14 urtetik goitikoak: 7,8 euro.

5etik 13 urte arte: 5,2 euro.

_Abonu partzialak, 7 egunekoak, elkarren segidakoak izan gabe:

14 urtetik goitikoak: 13,2 euro.

5etik 13 urte arte: 8,8 euro.

_Sarrerak, astelehenetik igandera:

14 urtetik goitikoak: 2,5 euro.

5etik 13 urte arte: 1,6 euro.-5 urtetik beheitikoak: dohainik.

_Familiarendako abonuak, 18 urte baino gutiagoko seme-alabak badituzte:

_3 kide: % 10 merkeago

_4 kide: % 20 merkeago

_5 kide: % 25 merkeago

_6 kide edo gehiago: % 30 merkeago

_Salbuetsirik: minusbaliotasun fisiko edo psikikoak dituztenak.

Pilotaleku-kiroldegia:

_Eguneko sarrera 3 euro.

Alokairua, zorrozki kiroletarako ez diren jardueretarako edo irabazteko asmoa dutenetarako: 300,50 euro.

Iragarkiaren kodea: L0402520