50. ALDIZKARIA - 2004ko apirilaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

79/2004 FORU AGINDUA, apirilaren 1ekoa, Hezkuntza kontseilariak emana, helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei (euskaltegi eta gau-eskola pribatuei) 2004. urtean laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Euskara Zerbitzuak aurkeztutako txostena ikusirik, non adierazten baita helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei 2004. urtean laguntzak arautzeko deialdia onetsi eta argiraratzeko beharra.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluko c) eta d) idatz-zatietan ematen zaizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei (euskaltegi eta gau-eskola pribatuei) 2004. urtean laguntzak emateko foru agindu hau onestea.

2. 528.957 euroko gastua baimentzea, deialdi honetatik heldu direnak ordaintzeko. Gastuak 2004ko gastuen aurrekontuko "Gau-eskolendako dirulaguntzak" izeneko 421001-41400-4810-422900 kontusailaren kargura pagatuko dira.

3. Foru agindu hau eta I. eranskina, deialdiko oinarriak biltzen baititu, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua ematea.

4. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontuhartzaile delegatuari, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Euskara Zerbitzuari, Helduak Euskalduntzeko Bulegoari eta Euskara Zerbitzuko Administrazio Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2004ko azaroaren 1ean._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

I. ERANSKINA

Helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei (euskaltegi eta gau-eskola pribatuei) 2004. urtean laguntzak emateko deialdiaren oinarriak

Lehen oinarria

Nafarroako Foru Komunitateko euskaltegi eta gau-eskola pribatuek Hezkuntza eta Kultura Departamentuak 2004. urterako (2003-2004 ikasturteko azken bi hiruhilekoak eta uda, eta 2004-2005 ikasturteko lehen hiruhilekoa barne) emanen dituen laguntzak eskuratu nahi izanez gero, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezartzen direnak. Horretaz gain, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduko 3. artikuluan ezarritako baldintzak. Erregelamendu horrek helduendako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei laguntzak nola eman arautu zuen.

b) Identifikazio fiskalerako kodea izatea.

c) Euskalduntze-taldeak 10 eta 20 ikasle bitartekoak izanen dira.

Bigarren oinarria

Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzak jaso nahi dituzten entitateek hurrengo agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Gobernuko erregistro orokorrean edo Hezkuntza Departamentuko erregistroan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz:

a) Urteko aurrekontua, honako kontusail hauek zehaztuta: langileria, Gizarte Segurantza eta funtzionamendua.

b) Ikasturteko plangintza orokorra, zeinetan zehaztuko baitira: ikasle taldeak, hasierarako eta amaierarako aurrez ikusi diren ikasketa mailen arabera sailkatuak eta, horietako bakoitzean, izena eman dutenen kopurua.

c) Eskola egutegia: ikasturtea noiz hasi eta bukatuko den, eta irakastegunak eta asteko eskola ordutegia zein izanen diren. Barnetegietan, ikastaldi bakoitzean zenbat irakastegun izanen den adierazi beharko da.

d) Irakasleen eta irakasle ez diren langileen zerrenda (alfabetoaren araberako hurrenkeran), datu hauek barne:

_Izen-deiturak (NANeko grafia berarekin), jaioteguna, helbidea, telefonoa eta titulazioa.

_Irakasle bakoitzaren asteko eskola edo lan orduak, irakasten dituen ikastaro eta mailak, eta ikastaroez gain egiten dituen bestelako lanak.

Irakasle horien titulu akademikoen eta euskara tituluen fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira.

e) Ikasleen zerrenda, alfabetoaren araberako hurrenkeran eta NANaren grafiekin. Bertan agertuko dira: ikasle bakoitzaren adina, helbidea, nortasun-agiria, taldea eta maila. Horrez gainera, urteko edo hiruhileroko ordainagiriaren edo izen-ematearen kopia edo fotokopia ere aurkeztu beharko da. Hiruhileroko dirulaguntzak jaso nahi badira, agiri horiek ezinbestean aurkeztu beharko dira.

f) Ondasun eta materialen inbentarioa, bai eta ikastetxeko planoa ere.

g) Ikastetxeko zuzendariak edo arduradunak sinaturiko zinpeko aitorpena (Euskara Zerbitzuak behar denean haien eskura jarriko duena). Aitorpen horretan egiaztatuko da aurkezten diren datuak eta dokumentazioa egiazkoak direla.

h) Lehen oinarrian eskatzen diren beharkizunak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa.

i) Euskaltegiko edo gau-eskolako Zuzendaritzak foru agindu honetako II., III. eta IV. eranskinetako fitxak beteko dituzte. Bigarren oinarri honetako b), c) eta e) ataletako datuak, berriz, euskarri informatikoan aurkeztuko dira.

j) Kasua bada, beste entitate publikoetatik jasotako dirulaguntzen frogagiriak.

Hirugarren oinarria

1. Dirulaguntzaren eskaera, aurreko oinarrian eskatutako dokumentazioa eta, kasua bada, haien gaurkotzea, eta Euskara Zerbitzuak behar denean banatuko dituen fitxak (bigarren oinarriko b), c) eta e) ataletan aipatu datuak biltzen dituztenak) ondoko epe hauetan aurkeztuko dira:

_Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 egun naturaleko epean, 2003-2004 ikasturteko bigarren hiruhilekoari dagozkion dirulaguntzetarako.

_Maiatzaren 7a baino lehenago, 2003-2004 ikasturteko hirugarren hiruhilekoari dagozkion dirulaguntzetarako.

_Irailaren 17a baino lehen, 2004ko udaldiari dagozkion dirulaguntzetarako.

_Urriaren 29a baino lehenago, 2004-2005 ikasturteko lehen hiruhilekoari dagozkion dirulaguntzetarako.

2. Dokumentazio osatu gabeak, Administrazioak jakinarazi eta biharamunetik, 7 eguneko epean osatuko dira.

Ezarritako epeetatik kanpo ez da eskabiderik onartuko.

3. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak hilabeteko epean ebatziko ditu Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak, eskaera eta behar den dokumentazioa aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

Laugarren oinarria

1. Dirulaguntzak jaso ahal izateko, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eman "Transferentzia bidezko Ordainketa" inprimakia bete beharko da, eta gainerako agiriekin batera aurkeztu.

2. 2004/2005 ikasturteko lehenbiziko hiruhilekoko dirulaguntzak ordaintzeko ezinbesteko baldintza izanen da irakasleen Gizarte Segurantzaren kotizazioko TC1 eta TC2ren fotokopiak aurkeztea 2004ko abenduaren 7a baino lehen.

3. 2004/2005 ikasturteko bigarren hiruhilekoari, hirugarren hiruhilekoari eta udaldiari dagozkien dirulaguntzak ordainduko dira, entitate onuradunek Gizarte Segurantzako beharkizunak bete dituztela frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu ondoren.

Bosgarren oinarria

1. Deialdi honetako dirulaguntzak ordainduko dira apirilean, ekainean, irailean eta abenduan, aurreko oinarrian ezarri dokumentazioa aurkeztu eta gero.

2. Talderen baten ezaugarrietan aldaketaren bat gertatzen bada (dela taldea desagertu delako, dela irakaslez aldatu delako...), 15 eguneko epean jakinarazi beharko zaio Euskara Zerbitzuari. Hala eginen ez balitz, dirulaguntza kenduko litzateke.

3. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, bai eta dirulaguntzak pagatzeari ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/97 Foru Legeko 21. artikuluan adierazitakoari jarraituko zaio.

Seigarren oinarria

2004. urteko dirulaguntzak ondoko ikastaro mota hauen arabera emanen dira:

a) Arruntak: astean, gutxienez, 4 ordukoak.

b) Barnetegiak: ikastaldi bakoitzeko gutxienez 90 ordukoak.

Zazpigarren oinarria

2004. urteko laguntzetarako erreferentzia moduluak (2003-2004 ikasturteko azken bi hiruhilekoak eta uda, eta 2004-2005 ikasturteko lehen hiruhilekoa barne) ondoko hauek dira:

_Araubide arrunta: 0,95 euro ikasle eta orduko.

_"Barnetegi" araubidea: 6,5 euro ikasle/eguna.

Zortzigarren oinarria

Matrikula edo izen-emate eskubideak direla eta, ikasleei gehienez ere diru kopuru hau eskatzen ahal zaie:

_4 orduko ikastaroak: 24 euro/hilabetea.

_Astean 4 ordutik gorako ikastaroak: 6 euro orduko hilabetean.

_Barnetegiak: 170 euro 90 orduko ikastaroko, eta iraupen luzeagoko ikastaroetan, 19 euroko osagarria 10 eskola orduko.

Bederatzigarren oinarria

Aipatu dirulaguntzak ordainduko dira harik eta Aurrekontuen Legeak horretarako ezartzen duen aurrekontu-saila bukatu arte. Moduluak aplikatuta 2004-2005 ikasturteko lehen hiruhilekoari dagozkion dirulaguntzak ordaintzeko nahikoa dirurik ez bada, dagoena dirulaguntzaren xede diren eskola-orduen artean hainbanatuko da. Era berean, 2004-2005 ikasturteko lehen hiruhilekoari dagozkion laguntzak ordaindu ondoren erabili gabeko dirua gelditzen bada, soberakin hori onuradunen artean hainbanatuko da. Hainbanaketa horren emaitza beste entitate batzuetatik hartutako laguntzen arabera aldatzen ahalko da.

Hamargarren oinarria

Dirulaguntza jasotzen duten ikastegietako ikasleen ebaluazioa etengabekoa izanen da. Ikasturtearen hasieran eta bukaeran ikaslearen maila zein den jakiteko probak eginen dira eta horiek ikasturtean zehar gorde eta azken ebaluazioaren aktan bilduko dira.

Horrez gainera, ikastegiak ikaslearen ebaluazio erregistroaren fitxa izanen du eta horretan idatziko dira etengabeko ebaluazioaren edo eskola bertaratzearen datuak.

Maiatzaren 19ko 161/1988 Foru Dekretuko 6. eta 8. artikuluak aplikatuta, Administrazioak noiznahi eska ditzake fitxa horiek eta kontabilitateko agiriak, pedagogiakoak edo bestelakoak.

Hamaikagarren oinarria

Deialdi honen kontra, eta bere oinarrien eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau argitaratu edo aurkatu nahi den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F0405538