136. ALDIZKARIA - 2004ko azaroaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nafarroako Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile izateko 12 lanpostu oposizio bidez betetzeko.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak urriaren 25ean emandako 2443/2004 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Nafarroako Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen 12 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi da.

1._Arau orokorrak.

1.1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta betetzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera deialdi hau. Bere xedea da Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaileen 12 lanpostu oposizio bidez betetzea. Lanpostuak Iruñean aritzeko dira eta txanda hauetan banatzen dira:

_6 txanda irekian.

_6 igoera txandan.

1.2. Hauek dira eskaintzen diren lanpostuak:

_3 Ekonomia eta Ogasun Departamentuan. Plantilla zenbakiak: 3842, 6926 eta 6927.

_9 Nafarroako Zerga Ogasunean. Plantilla zenbakiak: 1097, 1132, 1232, 6758, 6762, 6768, 6773, 6818 eta 6822.

1.3. Lanpostu hutsak hautatzeko egintzan, deialdiaren 8. oinarrian aipatzen baita, aurreko lanpostuak, sarrera prozedura honen aurretik ebatziko den derrigorrezko lekualdatze lehiaketan ere sartu direnak, lehiaketaren ondotik libre gelditzen direnekin edo zerbitzuaren beharren arabera zehaztuko diren lanpostuekin ordeztuko dira.

1.4. Hauta-probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik bete gabe gelditzen bada igoera txandako lanpostu hutsen bat, txanda irekikoei gehituko zaie.

Igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostuak eskuratzen ez dituztenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko aukera izanen dute, aurreko lerroaldean adierazitako moduan, deialdiko 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko ezartzen den epea bukatzen denean 2.2. atalean ezarritako eskakizun berariazkoak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiek.

1.5. Izendapenarekin batera pertsona izendatu horiek nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarri diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.6. Lanpostuek B mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.7. Izangaiak, hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden izangaiek bertan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.8. Izendatutako izangaiek lanlekua duten herrian bertan bizi beharko dute, eta hori betetzeko udalerri horretan finkatuko dute beren bizilekua. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute.

1.9. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epearen barrenean (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusi izatea.

c) Unibertsitateko Diplomatu, Ingeniari Tekniko edo Arkitekto Tekniko titulua edo titulu baliokidea edukitzea, edo aipatu titulua eskuratzeko baldintza guztiak betetzea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, edo Lizentziatura, Ingeniaritza edo Arkitekturako lehen hiru kurtsoak osorik gaindituak izatea.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, ez eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizirik ere.

2.2. Igoera txandako izangaiek, aurreko atalean aipatu diren baldintzez gain, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita deialdi honetako 7.2. oinarrian agiriak aurkezteko epeak iraun bitartean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostuen maila berean edo baxuagoan egotea.

c) Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua egiaztatzea.

Nafarroako Administrazio Publikoetan lan egiten duten langileen Estatutuaren xedapen gehigarrietatik zortzigarrenean ezarri dena aplikatuz, igoera txandan esku hartzeko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko langileek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko Foru Legearen 40.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideek ere parte hartzen ahalko dute igoera txandan, betiere egiaztatzen badute kidego horietan zortzi urtez eman dituztela zerbitzuak.

2.3. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdi honen 7.2 oinarrian aurreikusitako epe eta moduan, 3.4. oinarrian xedatutakoa izan ezik.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, Iruña) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozeinetatik, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean. Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako ereduari lotuko zaizkio. Eredua Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan eskuratu ahalko da (Karlos III.aren etorbidea, 2, ataria) edo interneteko www.navarra.es helbidean, dela deialdia argitaratu zen aldizkari ofizialetik abiatuta, dela Zerbitzuen Katalogoan, Lan Publikoaren atalean, deialdiaren aipamenetik abiatuta. Eskaera-orrian, izangaiek adierazi beharko dute, eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako, deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.2. Elbarritasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako elbarritasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera elbarriak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala beterik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 18 euro sartu izanaren frogagiria erantsi beharko zaio, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko.

Tasatik salbuetsirik daude:

a) %33ko edo gehiagoko elbarritasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonak, jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez.

b) Hauta-proben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egin den bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako den dirusarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Hilero lanbide arteko gutxieneko lansaritik gorako errentarik ez duela interesatuaren errentaren adierazpenaren bidez frogatuko da. Argibide Bulegoan adierazpenaren eredua emanen da. Interneten, lehen aipatu den webgunean ere aurkitzen ahal da, deialditik beretik.

3.4. Deialdian igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den beste Nafarroako Administrazio Publiko bateko langile finkoak badira, instantziari gehitu beharko diote, lehengoaz gain, 2.2. idatz-zatian jasotzen diren eskakizunak betetzen direla frogatzen duen agiria.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

_Mahaiburua: Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea.

Ordezkoa: José Javier Zabaleta Zúñiga jauna, Nafarroako Zerga Ogasuneko Arauen Garapen eta Fiskalitaterako Zerbitzuko zuzendaria.

_Mahaikidea: María Jesús Erdozáin Rodríguez andrea, Ogasuneko teknikaria, Nafarroako Zerga Ogasunari atxikia.

Ordezkoa: Fernando García Villorejo jauna, Ogasuneko teknikaria, Nafarroako Zerga Ogasunari atxikia.

_Mahaikidea: María Inés Esnaola Ripa andrea, Nafarroako Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea, Nafarroako Zerga Ogasunari atxikia.

Ordezkoa: Celia de Vicente Semberoiz andrea, Nafarroako Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea, Nafarroako Zerga Ogasunari atxikia.

_Mahaikidea: Nafarroako Zerga Ogasuneko Langileen Batzordeko ordezkari bat, batzordeak izendatua.

Ordezkoa: Nafarroako Zerga Ogasuneko Langileen Batzordeko ordezkari bat, batzordeak izendatua.

_Mahaikide idazkaria: José Ignacio del Villar Cruz jauna, Nafarroako Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea, Nafarroako Zerga Ogasunari atxikia.

Ordezkoa: Sergio Osés Amézqueta jauna, Nafarroako Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailea, Nafarroako Zerga Ogasunari atxikia.

Epaimahaia hautapen-probak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoan aritzera mugatuko dira eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6._Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2005eko otsailean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen Ebazpenean berean finkatuko dira lehenbiziko proba hasteko tokia, eguna eta ordua. Ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu gainerako proben iragarkiak, betiere erregelamenduaren arabera.

6.2. Ondoko ariketak egin beharko dira oposizioaldian:

Lehen ariketa: Deialdi honetako eranskinaren programan dagoen Kontabilitate gaien gainean epaimahaiak proposatuko dituen galderak jorratu eta erantzun beharko dira.

Ariketa hau egiteko bost ordu izanen dira gehienez.

Bigarren ariketa: Lehenbiziko ariketa gainditu duten izangaiek bigarren hau egin beharko dute. Deialdiaren eranskinean ageri den Zuzenbide Zibila, Merkataritzakoa, Administratiboa eta Ekonomia zerrendatik zozketa bidez ateratako bi gai idatziz garatu beharko dira; gai bat 1.tik 23.era bitartekoen artetik aterako da, biak barne, eta bestea 24.etik 54.ra bitartekoen artetik, biak barne.

Bigarren ariketako bi gaiak garatzeko lau ordu izanen dira gehienez.

Hirugarren ariketa: Bigarren ariketa gainditzen dutenek hirugarrena eginen dute. Finantzen eta Zergen Zuzenbideko gai bat, zozketaz ateratakoa, idatziz garatuko da, eta epaiamahaiak Nafarroako Zergen Zuzenbidearen inguruan egindako hamabost galdera erantzun beharko dira. Gai hauek ere deialdiaren eranskinean daude.

Ariketa hau egiteko bost ordu izanen dira gehienez.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 60 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

Lehen ariketa: 20 puntu bitarte.

Bigarren ariketa: 20 puntu bitarte. Gai bakoitzean gehienez 10 puntuko puntuazioa ematen ahal da.

Hirugarren ariketa: 20 puntu bitarte. Hala gaiak nola hamabost galderek gehienez ere 10 puntu.

6.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Ariketa bakoitzari esleitu zaion puntuazioaren erdia lortzen ez duten oposiziogileek kanpoan geratuko dira. Nolanahi ere eta ariketa guztietan, bazterturik geldituko da edozein gai edo ariketatan 0 puntuko kalifikazioa duen izangaia.

6.5. Ariketak zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

6.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Horretara Nortasun Agiri Nazionala, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat alboan dutela joan beharko dute izangaiek. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez haien nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.7. Hautapen probak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7._Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Oposizioko azkeneko probaren kalifikazioa emanik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako puntuazioaren araberakoa, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketak egin diren lekukoan. Gero, deialdia egin duen organoari igorriko dio probak puntuaziorik altuenarekin gainditu dituzten izangaien aldeko izendapen proposamena eta gainditu dutenen zerrenda, espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Berdinketa izanez gero, lehen ariketan puntuazio altuagoa erdietsi duenaren alde jokatuko da. Hori eginda, berdinketak oraindik jarraitzen badu, kontuan hartuko da ariketetan eskuratutako puntuazioa, haien ordenari jarraikiz.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren 2 fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak emandako txostena, interesatuak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena edo aitorpen irmoa.

Izangaiek nazionalitate espainiarra ez badute, zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela adierazteko.

e) Zin egite edo promesa, Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela dioena.

f) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkion gainerako agiriak.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoek, gainera, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarrei buruzkoa.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiak:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionarioa izateko, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dituen agiriak.

7.2.3. Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu edo kontratatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.

7.4. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak gainditzen dutenen zerrendan, 7.1 atalekoan, hurrengo datozen izangaiekin beteko ditu hutsuneak, eta haiekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8._Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Aurreko oinarrian xedatu dena betetzen duten lehiatzaileek Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak hartarako jartzen dien epean aditzera eman beharko dute eskaintzen zaizkien lanpostuetatik zein hautatzen duten. Aukeratu beharreko lanpostuak hasieran deitutakoak izanen dira, edo beste batzuk, zerbitzuaren beharrei jarraikiz horiek aldatzea erabakitzen bada.

8.2. Hautapen probak igoera txandaren bidez gainditzen dituzten izangaiek, edozein kasutan, lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostu hutsak betetzerakoan, txanda horretakoak ez diren izangaien aurretik.

8.3. 100eko 33ko edo gehiagoko minusbaliotasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak aukeratzeko, txanda irekiko izangaien aurretik.

Izangai elbarririk bada, eta horrek eragina badu lanpostu bat edo bestea hautatzeko, aukeratzen hasi aurretik, elbarritasunarekin hobekien egokitzen direnak esleituko zaizkie, horren gaineko txostenaren arabera.

9._Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, Ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu, Nafarroako Ogasuneko kudeatzaile eta ikertzaile laguntzailearen panpostua betetzeko. Ebazpen horren bidez lanpostuen esleipena ere eginen da.

9.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izangai izendatuek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epean eta behar bezain ongi arrazoitutako kasuetan izan ezik, izangairen batek ez baldin badu lanpostua bere egiten, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.4. Izangairen bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 7.4. atalak agintzen duen moduan.

9.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aurretik hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, lanpostu horiek esleituko zaizkie.

10._Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta aplikazio egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.

Iruñean, 2004ko urriaren 25ean._Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Alberto Andérez González.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .........................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionala (edo balio bereko beste agiriren bat): ...................... sorteguna: ......................, sorterria: ....................., (............. ......) nazionalitatea: ...................., helbidea: ........................ (kalea, zenbakia), ............. herria, ............. probintzia, ............... posta kodea, eta ....... telefonoa (........... laneko telefonoa) duena,

Zure aurrean agertu eta adierazten dut:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko ........... izateko .............lanpostu ........... bidez betetzeko deialdian ondoko txandan parte hartzeko onar dezatela eskatzen duela (deialdia ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an):

f Txanda irekia

f Igoera txanda*

f Ezgaituentzako txanda murriztua*

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez duela.

Ez dela diziplina-espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez dela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe dela.

Azterketa eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi duela, edo erantsitako agirien bidez frogatzen duela tasa ordaintzetik salbuetsita dagoela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guztiak betetzen dituela.

f Ezgaitasuna dudala eta, beraz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatutako egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

f Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

f Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten duela*

f Euskara maila neurtzeko proba egitea eskatzen duela*

Horrenbestez,

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko ......... izateko .... lanpostu ............ bidez betetzeko deialdian onar dezaten eskatzen du.

Iruñean, .......(e)ko ............aren ...........(e)an.

(Sinadura)

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

(*) Bidezkoa denean bakarrik.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehenbiziko ariketa Kontabilitateko ariketa praktikoa

_Finantzen kontabilitatea.

_Kontabilitateko plan orokorra.

_Sozietateen kontabilitatea.

_Kontabilitate analitikoa.

_Finantza egoeren azterketa.

Bigarren ariketa Zuzenbide Zibila, Merkataritza Zuzenbidea, Zuzenbide Administratiboa, Ekonomia

1. gaia_Zuzenbidearen iturriak Espainiako sistema juridiko positiboan. Kode Zibila eta legeria osagarria. Nafarroako Zuzenbide zibilaren iturriak. Foru Zuzenbide Pribatuari buruzko Konpilazioa edo Nafarroako Foru Berria: edukiaren gaineko ezagupen orokorra. Arau juridikoen aplikazioa. Eraginkortasun orokorra. Denborari eta espazioari dagozkien mugak.

2. gaia._Pertsonaren kontzeptua. Pertsona natural eta juridikoak. Nortasuna sortu eta iraungitzea. Gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna. Gaitasuna Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean. Nazionalitatea eskuratzea eta galtzea. Nafar izaera zibil forala.

3. gaia._Ezkontzako araubide ekonomikoa: xedapen orokorrak. Motak. Familiako ondasunen araubidea Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arabera.

4. gaia.-Egoera zibila. Filiazioa: kontzeptua eta motak. Adopzioa. Guraso agintea. Emantzipazioa. Tutoretza.

5. gaia._Eskubide errealak: kontzeptua eta motak. Jabetza. Jabegoa eskuratu eta galtzeko moduak. Jabetza erregistroa.

6. gaia._Ondasuna. Usufruktoa. Mirabetza. Nafarroako Foru Zuzenbide Zibileko arau bereziak.

7. gaia._Bermeko eskubide errealak: hipoteka, bahitura eta eskualdaketarik gabeko bahitura. Berme errealak Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean.

8. gaia._Obligazioak: kontzeptua eta motak. Obligazioen iturriak. Proba. Amaiera. Denboraren eragina erlazio juridikoetan. Obligazioak Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean.

9. gaia._Kontratua: kontzeptua eta motak. Kontratuen aldaketa. Kontratuen eraketa, hobekuntza eta interpretazioa. Kontratuen eragingarritasun eza. Kontratuen interpretazioa eta forma.

10. gaia._Salerosketa: kontzeptua eta elementuak. Salerosketaren edukia. Errentamendu kontratua. Salerosketa eta errentamendua Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean.

11. gaia._Dohaintza: kontzeptua eta motak. Dohaintzaren elementuak. Eraginak. Dohaintzen errebokazioa eta murriztapena. "Inter vivos" dohaintza Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean.

12. gaia._"Mortis causa" oinordetza: kontzeptua eta motak. Jaraunspena: kontzeptua eta egoerak. Jaraunspena onartzea. jaraunsleak eta legatudunak. Gehiagotzeko eskubidea. Testamentuzko oinordetza: kontzeptua eta testamentu motak. Nahitaezko oinordetza. Testamenturik gabeko oinordetza.

13. gaia._Oinordetza Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilean. Legezko araubidea, disposizio askatasuna. Mugak. Legezko oinordetza: kontzeptua. Oinordetza jaiotetxeko ondasunetan eta jaiotetxekoak ez direnetan. "Mortis causa" dohaintzak. Oinordetzako itun edo kontratuak.

14. gaia._Merkataritzako kontabilitatea. Kontabilitate formala: nahitaezko liburuak, liburuetan datuak jarri eta gordetzea. Liburuak erakutsi eta haien berri ematea. Kontabilitate materiala: urteko kontuak. Kontuen egiaztapena, auditoria eta gordailatzea.

15. gaia._Merkataritza enpresa. Banakako enpresaburua: gaitasuna eta debekuak. Froga, merkatari egoera eskuratu eta galtzea. Ezkontza eta merkataritzan jarduteko ahalmena. Atzerriko merkataria.

16. gaia._Merkataritza sozietateak. kontzeptua eta sailkapena. Eratzeko betebeharrak. Sozietate irregularra. Sozietateen nazionalitatea. Sozietate zibilak eta komanditazko sozietateak. Erantzukizun mugatuko sozietatea: Bere araubide juridikoaren ezaugarri nagusiak.

17. gaia._Sozietate Anonimoa: concepto y caracteres. Fundazioa. Sozietatearen eskritura eta estatutuak. Akzioak eta obligazioak. Sozietate anonimoen organoak.

18. gaia._Merkataritza-sozietateen desegitea. Likidazioa eta zatiketa. Eraldatu, bat-egite eta bereiztea.

19. gaia._Lehiaketa: aurrekontu objektiboa eta subjektiboa. Lehiaketaren deklarazio autoa. Hartzekodun, kreditu eta kontratuen gaineko ondorioak. Lehiaketaren masa. Hitzarmena: kontzeptua eta ondorioak. Lehiaketa bukatzeko zergatikoak. Lehiaketaren kailifikazioa.

20. gaia._Baloreak: kontzeptua eta sailkapena. Zuzeneko tituluak, agindurako tituluak, eramailearen tituluak eta tradizio-tituluak. Kanbio letra: kontzeptua eta betebehar formalak. Endosua. Onarpena. Letraren ordainketa.

21. gaia._Merkataritzako betebeharrak: ezaugarri orokorrak. Merkataritza kontratuak: kontzeptua eta motak. Merkataritza kontratuen burutzapena, forma eta proba. Merkataritza kontratuen ezaugarri ekonomikoak aldatzearen ondorioak. Preskripzioa Merkataritza Zuzenbidean.

22. gaia._Merkataritzako salerosketa. Garraioko kontratua. Aseguru kontratua.

23. gaia._Merkataritzako Erregistroa. Bankuetako kontratuak: kontzeptua eta sailkapena.

24. gaia._Europako Batasuna: sistema instituzionala. Batasuneko zuzenbidea: iturriak, ezaugarriak eta aplikazioa. Europako Zuzenbidearen eta kide diren estatuen antolamendu juridikoaren arteko loturak.

25. gaia._Espainiako 1978ko Konstituzioa: ezaugarriak eta egitura. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua. Botere Judiziala. Auzitegi Konstituzionala. Konstituzioaren erreforma.

26. gaia._Estatuko lurralde antolaketa. Komunitate Autonomoak: egitura eta eskumenak. Nafarroako Foru Komunitatea: ahalmenak eta eskumenak.

27. gaia._Administrazio Zuzenbidearen iturriak. Konstituzioa. Legea. Legearen indarra duten gobernuaren xedapenak. Erregelamendua: kontzeptua, ezaugarriak eta motak. Erregelamenduen mugak. Legez kanpoko erregelamenduak.

28. gaia._Administrazio publikoaren kontzeptua. Entitate publikoen motak. Zerbitzu publikoak kudeatzeko moduak. Zuzeneko kudeaketa. Zeharkako kudeaketa: kontzesio administratiboa.

29. gaia._Ahalmen administratiboak. Kontzeptua eta motak. Administrazio egintzak: kontzeptua eta ezaugarriak Administrazio egintzen sailkapenak. Legezkotasunaren printzipioa. Administrazioaren autotutela.

30. gaia._Administrazio egintzaren osagaiak: subjektua, objektua, xedea eta forma. Administrazioaren egintzen motibazioa eta jakinarazpena. Administrazioaren isiltasuna. Egintza politikoak edo Gobernuaren egintzak.

31. gaia._Administrazio egintzaren eraginkortasuna. Administrazioaren egintzak betearazteko ahalmena. Administrazioaren egintzen balioa eta baliorik eza. Administrazioaren egintzen atzera botatzea eta ofizioz indarrik gabe uztea.

32. gaia._Kontratu administratiboak: ezaugarriak. Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuen araubide juridikoa.

33. gaia._Administrazio Publikoen ondarezko erantzukizuna: jatorria eta bilakaera. Aurrekontuak. Erantzukizunezko egintza. Erakuntzizuna, errakuntza judiziala dela-eta eta Justizia Administrazioaren okerrek funtzionamendua dela-eta. Administrazioaren funtzionarioen eta agenteen erantzukizuna.

34. gaia._Prozedura administratiboa: kontzeptua eta helburuak. Printzipio orokorrak eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen aplikazio esparrua. Guztiendako Administrazio Prozeduraren ezaugarriak, osagaiak eta aldiak. Prozedura berezien funtsezko ezaugarriak.

35. gaia._Errekurtso administratiboak. kontzeptua eta motak. Errekurtsoen tramitazio orokorra.

36._Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa: izaera, hedadura eta mugak. Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren organoak. Administrazioarekiko auzien prozesuak dituen parteak. Gaitasuna, legimimazioa eta defentsa. Administrazioarekio auzi-errekurtsoa jarri aurreko tramiteak. Administrazioarekiko auzien prozeduaren alderdi nagusiak. Epaien aurkako errekurtsoak.

37. gaia._Nafarroako Foru araubidea. Nafarroa Gaztelan sartu aurretik eta ondoren. 1841eko Lege Itundua: aurrekariak, izaera juridikoa eta edukia. Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa: izaera, egitura eta edukia.

38.gaia._Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: aurrekariak. Parlamentarien hautapena, onurabideak eta estatutua. Antolaketa eta funtzionamendua. Eginkizunak: gehien bat legegintzakoa.

39. gaia._Nafarroako Gobernua edo Foru Diputazioa: aurrekariak. Antolaketa, funtzionamendua eta eskumenak. Kideak. Nafarroako Gobernua eta Administrazioa. Funtzionamendurako arau orokorrak. Nafarroako Administrazio Auzitegia: aurrekariak, antolaketa eta eskumenak.

40. gaia._Nafarroako Toki Administrazioa. Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa. Funtzionamendua. Prozedura. Ondasunak.

41. gaia._Jarduera ekonomikoa. Sistema ekonomikoak. Jarduera ekonomikoaren antolamendu motak. Sistema ekonomiko baten eginkizunak.

42. gaia._Errenta nazionala: kontzeptua eta kalkulatzeko metodoak. Kontabilitate nazionala. Izaera eta xedeak. Input-output azterketa. Harreman sektorialak.

43. gaia._Dirua: diruaren kontzeptua eta eginkizunak. Diru eskari eta eskaintza. Korritu tasaren eraketa.

44. gaia._Sistema finantzarioa. Banku Zentrala. Merkataritzako bankuak. Beste bitarteko finantzario batzuk.

45. gaia._Nazioarteko merkataritza. Formulazio teorikoak. Babes arantzelarioa. Ordainketa balantza: kontzeptua eta egitura. Kanbio tasa. Ordainketen balantzaren oreka.

46. gaia._Eskariaren teoria. Erabilgarritasun kontzeptua. Indiferentzia kurbak. Kontsumitzailearen oreka. Eskariaren kurbak.

47. gaia._Produkzioaren teoria. Produkzioko eginkizunak. Produktibitatea. Produkzioaren oreka. Produkzioaren kostuak. Kontzeptua eta motak. Kostu eginkizunak. Eskaintzaren kurba. Enpresaren oreka.

48. gaia._Merkatua: kontzeptua eta motak. Lehia libreko merkatuak eta monopoliozkoak. Prezioaren eraketa. Beste merkatu batzuen azterketa: lehia monopolistikoa eta oligopolioa.

49. gaia._Produkzio prozesua. Produkzioaren kostuak. Kostuaren egitura. Produkzioaren kostuak ezartzen dituen osagai nagusiak. Azpiproduktuen kostua.

50. gaia._Enpresa erakunde gisa. Esparru instituzionala. Kontzeptua. Errealitate ekonomikoa eta ingurua. Enpresa motak eta sailkapen irizpideak. Enpresaren helburuak. Zuzendu eta kudeatzeko sistemak.

51. gaia._Merkataritzako fondoa: Esanahi ekonomikoa. Baloratzeko teknika. Abian den enpresaren balorazioa.

52. gaia._Enpresaren egitura finkoaren finantzaketa. Autofinantzaketa. Amortizazio fondoen eginkizun finantzarioa. Amortizazio finantzarioak edo kapitalekoak deitzen direnak. Amortizazio teknikoen eta amortizazio finantzarioen arteko oreka.

53. gaia._Enpresako errentaren aldaketak: arrazoien azkerketa. Espero den errentagarritasunaren eta izandakoaren arteko alderaketa. Errentagarritasuna, bere neurria. Enpresaren errentagarritasuna eta bertan inbertitutako kapitalaren korritua.

54. gaia._Azterketa finantzarioa. Finantziazio iturrien egitura. Oreka finantzarioa. Kontrol finantzarioa.

Hirugarren ariketa Lehen zatia: Finantzen eta Zergen Zuzenbidea

1. gaia._Finantza-zuzenbidea: kontzeptua, autonomia eta edukia. Ogasun publikoa Espainiako Konstituzioan.

2. gaia._Aurrekontu-zuzenbidea: kontzeptua eta edukia. Aurrekontuei buruzko Lege Orokorra. Estatuko Aurrekontu Orokorrak. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legeak gai hauek nola arautzen dituen. Nafarroako Kontu Orokorrak.

3. gaia._Gastu publikoa egiteko prozedura orokorra. Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zorren iraungipena. Gastu publikoa egiteko prozedura bereziak. Nafarroako Ogasun Publikoaren betebeharrak.

4. gaia._Finantza-jarduera publikoaren kontrola: kontzeptua, motak eta esparrua. Kontrol organoak: Kontuen Auzitegia. Comptos Ganbera. Kontu-hartzailetza Nafarroan.

5. gaia._Finantza-zuzenbidea: kontzeptua eta edukia. Iturriak. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra: printzipio orokorrak eta zergapekoen eskubide orokorrak.

6. gaia._Nafarroako zerga arauen aplikazioa eta interpretazioa. Denbora-esparrua eta toki-esparrua. Legearen kontrako iruzurra. Analogia Finantza-zuzenbidean. Simulazioa.

7. gaia._Tributuak Nafarroan: kontzeptua, helburuak eta motak. Harreman juridiko-tributarioa. Zergapeko egintza. Loturarik eza nahiz salbuespena. Salbuespen subjektiboak eta objektiboak. Sortzapena. Preskripzioa.

8. gaia._Tributudunak: motak. Eskubideak eta bermeak. Subjektu pasiboak. Zergadunak. Ondorengoak. Erantzule solidarioak eta subsidiarioak. Bestelako tributudunak. Jarduteko gaitasuna. Ordezkaritza. Helbide fiskala.

9. gaia_Zerga oinarria: kontzeptua eta zehaztu edo kalkulatzeko araubideak. Likidazio oinarria. Balioen egiaztapena. Karga-tasa. Zerga-kuota. Tributu-zorra.

10. gaia._Tributuen kudeaketa Nafarroan (I). Kontzeptua eta ezaugarriak. Tributudunei informazioa eta laguntza ematea. Zergei buruzko kontsulta. Tributuen kudeaketarako entitate laguntzaileak. Identifikazio fiskalerako zenbakia. Zentsuaren kudeaketa. Fakturazio betebeharra. Hirugarren pertsonekiko eragiketen urteko aitorpena.

11. gaia._Tributuen kudeaketa Nafarroan (II). Tributuen kudeaketaren prozedura. Hasiera. Tributu aitorpena. Autolikidazioak. Salaketa publikoa. Tributu Administrazioari laguntzeko beharra. Ebazteko beharra eta epeak. Entzunaldia eta alegazioak. Jakinarazpenak. Froga.

12. gaia._Tributuen kudeaketa Nafarroan (III). Egiaztatzeko eta ikertzeko jarduketak. Egiaztapen laburtua. Tributuaren arloko likidazioak: izaera, motak eta jakinarazpena. Okerreko diru-sarrerren itzulketa. Autolikidazioen zuzenketa eta zergetan eragina duten egintzen inpugnazioa eta konturako atxikipen eta sarrerena.

13. gaia._Zergak biltzeko prozedura Nafarroan (I). ezaugarriak eta legezko araubidea. Nafarroako Ogasun Publikoaren dirubilketa organoak Zorren iraungipena: ordaintzea eta beste bide batzuk. Ordaintzera beharturik daudenak. Tributu zorraren bermeak. Gerorapenak eta zatikako ordainketak.

14. gaia._Zergak biltzeko prozedura Nafarroan (II). Dirubilketa derrigorrezko aldian. Premiamendu prozedura. Prozeduraren ezaugarriak. Faseak: hasiera, ondasun eta eskubideen bahitura, besterentzea eta prozeduraren bukaera. Hirugarrengotzak. Erantzule eta oinordekoentzako prozedurak.

15. gaia._Zergak ikuskatzeko prozedura Nafarroan (I). Tributuen ikuskapena: eginkizunak, antolaketa, eskubideak eta betebeharrak. Ahalmenak. Jarduketa motak. Zergen arloan garrantzitsua den informazioa lortzeko jarduketak. Informazio eta aholkurako jarduketak.

16. gaia._Zergak ikuskatzeko prozedura Nafarroan (II). Egiaztatzeko eta ikertzeko jarduketak. Jarduketen tokia eta denbora. Prozeduraren hasiera, garapena eta bukaera. Ikuskapen jardueraren agiriak. Zehapenak ezartzea.

17. gaia._Arau-hausteak eta zehapenak Zergei buruzko Zuzenbide nafarrean. Ogasun publikoaren kontrako delituak.

18. gaia._Bide administrazioko berrikuspena, Nafarroako Zerga Administrazioak agindutako egintzen kasuan: berrikuspeneko prozedura bereziak. Baliabideak: arau orokorrak. Berraztertzeko errekurtsoa. Inpugnazio ekonomiko-administratiboak.

Bigarren zatia: Nafarroako Zergen Zuzenbidea

1. gaia._1841eko Lege Itunduaren xedapenak Ogasunaren arloan. Hitzarmen ekonomikoaren eta Itun ekonomikoaren arteko desberdintasunak. Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoen historia laburra. Nafarroako Foru Eraentza Hobetu eta Berrezartzeari buruzko Lege Organikoaren arlo horretako xedapenak.

2. gaia._1990eko uztailaren 31ko Hitzarmen Ekonomikoa, 2003ko urtarrilaren 22ko Eguneratze Akordioaren arabera (I). Xedapen orokorrak. Tributu-harmonizazioa. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Ondarearen gaineko Zerga. Egoitzagabeen gaineko zerga. Oinordekotzaren eta Dohaintzen gaineko Zerga.

3. gaia._1990ko Hitzarmen Ekonomikoa, 2003ko uztailaren 31ko Eguneratze Akordioaren arabera (II). Sozietateen gaineko Zerga eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Eragiketak zein tokitan egiten diren. Kudeaketa. Ikuskapena.

4. gaia._1990ko Hitzarmen Ekonomikoa, 2003ko urtarrilaren 22ko Eguneratze Akordioaren (III.a) arabera. Zerga bereziak. Zenbait hidrokarburoren txikikazko salmenten gaineko zerga. Aseguruetako primen gaineko zerga. Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga. Jokoaren gaineko tributuak. Tasak. Toki Ogasunak.

5. gaia._1990ko Hitzarmen Ekonomikoa, 2003ko urtarrilaren 22ko Eguneratze Akordioaren (IV.a) arabera. Arbitraje Batzordea. Diru aportazioa. Batzorde Koordinatzailea.

6. gaia._Ekonomia eta Ogasun Departamentua: eginkizunak eta egitura. Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoa: egitura eta edukia.

7. gaia._Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (I): Zergapeko egintza. Subjektu pasiboa. Dirusarrera eta gastuen aldi bateko egozketa.

8. gaia._Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (II): Zerga-oinarria: Lanaren, kapitalaren, enpresa jardueren eta lanbide jardueren etekinak, ondarea handitu eta murriztea. Errentak egoztea, nazioarteko gardentasun fiskala eta Inbertsio Kolektiboko Erakundeak. Errenta motak, integrazioa eta konpentsazioa.

9. gaia._Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (III): Zergaldia eta zergaren sortzapena. Tributu zorra. Likidazio oinarria: kuota osoa, likidoa eta diferentziala. Taldeko tributazioa. Atxikipenak eta konturako beste ordainketa batzuk. Zergaren kudeaketa.

10. gaia._Egoitzagabeen errentaren gaineko zerga: ezaugarriak, helburua eta aplikazio eremua. Elementu pertsonalak. Zergarekiko lotura. Establezimendu iraunkorren bitartez eskuratutako errentak. Establezimendu iraunkorrik gabe eskuratutako errentak. Erakunde ez-egoiliarren ondasun higiezinen gaineko karga-tasa bereziak. Beste xedapen batzuk.

11. gaia._Ondarearen gaineko Zerga. Zergapeko egintza. Subjektu pasiboa. Ondareko elementuen atribuzioa eta egozketa. Zerga-oinarria. Likidazio oinarria. Sortzapena. Zerga zorra. Zergaren kudeaketa.

12. gaia._Sozietateen gaineko Zerga (I). Zergapeko egintza. Subjektu pasiboa. Zerga-oinarria: Zergaldia eta zergaren sortzapena. Dirusarrera eta gastuen aldi bateko egozketa.

13. gaia._Sozietateen gaineko Zerga (II). Tributu-zorra. Hobariak eta kenkariak. Ordainketa zatikatua. Zergaren kudeaketa.

14. gaia._Sozietateen gaineko Zerga (III). Zerga araubide bereziak: Ondare sozietateen araubidea. Salbuespen partziala duten entitateen araubidea. Etxebizitzak errentan ematea jardueratzat duten entitateak. Zerga-bateratzerako erregimena. Bat-egiteak, zatiketak, aktiboen ekarpenak eta baloreen trukea. Beste araubide berezi batzuk: aipamena eta oinarrizko ezaugarriak.

15. gaia._Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Xedapen orokorrak. Zergagaia. Salbuespenak. Subjektu pasibo eta erantzuleak. Zerga-oinarria. Likidazio oinarria. Tributu-zorra. Sorrarazpena eta preskripzioa. Arau bereziak.

16. gaia._Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga (I). Kostu bidezko ondare eskualdaketak: zerga gaia, elementu pertsonalak eta zerga oinarriak eta zerga zorrak zehaztea. Kasu bereziak.

17. gaia._Ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga (II). Sozietate eragiketak. zerga gaia, elementu pertsonalak eta zerga oinarriak zehaztea. Egintza Juridiko Dokumentatuak: tributazioa. Denetarako xedapenak.

18. gaia._Balio Erantsiaren gaineko Zerga (I). Zergagaiaren zehaztapena: ondasun-emate eta zerbitzu-emateak. Europako Batasunaren barneko ondare-eskuraketak. Salbuespenak. Sortzapena. Zerga oinarria.

19. gaia._Balio Erantsiaren gaineko Zerga (II). Subjektu pasiboak. Zerga-tasak. Kenkariak eta itzulketak.

20. gaia._Balio Erantsiaren gaineko Zerga (III). Araubide bereziak. Subjektu pasiboen betebeharrak. Zergaren kudeaketa.

21. gaia._Zerga Bereziak. zerga gaiak, elementu pertsonalak eta zerga zorra zehaztea. Aseguruetako primen gaineko zerga.

22. gaia._Tasa fiskalak: kontzeptua, aplikazio esparrua, zergagaia, subjektu pasiboa, erantzuleak, sortzapena, kudeaketa eta likidazioa. Ezarritako tasa nagusiak. Prezio publikoak.

23. gaia._Nafarroako Toki Ogasunen tributuak. Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren eta Lurraren gaineko kontribuzioaren azterketa berezia.

Iragarkiaren kodea: F0416381