119. ALDIZKARIA - 2004ko urriaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

868/2004 FORU AGINDUA, irailaren 20koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, egun dauden autobideei, autobiei eta errepide bikoiztuei eta Nafarroako Errepideen 2002-2009rako II. Plan Zuzentzailean aurreikusitakoei dagokienez, Nafarroako Errepide Sarearen izendegia eta katalogoa aldatzen dituena.

Azken urte hauetan aldaketa nabarmena gertatzen ari da Nafarroan edukiera handiko errepideen sarean: komunikazio ardatz estrategikoak garatu dira autobia berriak eginez, eta Iruñerriko ingurabideak bikoiztu eta aldatu egin dira, hori guztia Nafarroako Errepideen Plan Zuzentzaileak ezarritakoari jarraikiz.

Nafarroako edukiera handiko sarearen eraldaketak berarekin dakar errepide zaharrak ziren autobien edo errepide bikoiztuen izenak egokitu beharra, bai eta Nafarroako edukiera handiko sareko errepideei izen sistema homogeneoa jarri beharra ere.

Estatuan, autobia eta autobide berriak egiteko Espainian eman den bultzada ikusita, Sustapen Ministerioak, Estatuko Errepide Sarearen izendegia eta katalogoa aldatzen dituen irailaren 26ko 1231/2003 Errege Dekretua prestatu zuen.

Nafarroako Foru Komunitateak, AP-68 autobidea izan ezik bere lurraldeko gainerako errepide guztien sarea kudeatzeko eskumen osoa baitauka, egoki kontsideratzen du Nafarroako autobideen, autobien eta errepide bikoiztuen izen berriak paratzea, Estatuak edukiera handiko sare nazionalerako aurreikusitakoarekin batera, Espainia osoan koherentzia izateko Errepideen Sarearen izenetan, Nafarroako sarea bestearen jarraipena izan eta Errepideen Sarearen erabiltzaileei segurtasuna eta informazioa emateko formularik onena izan dadin.

Hori dela eta, Nafarroako errepideen sareko autobideen, autobien eta errepide bikoiztuen izen berriak jarriko dira, bat edo bi letrako kode bat ("AP" bidesariko autopistak, "A" autobiak eta bidesaririk gabeko autobideak, eta "PA" Iruñeko ingurabideak) eta bi digitoko zenbaki baten bitartez, zenbaki nazionalen osagarri.

Orobat, edukiera handiko errepide horiei izen berezi bana emanen zaie, edukiera handiko errepide bakoitzak Nafarroako lurraldean ibiltzen duen bideari loturik, erabiltzaileek aisa identifikatu ahal izateko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legaren 36.2. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Egun dauden autobideei, autobiei eta errepide bikoiztuei eta Nafarroako Errepideen 2002-2009rako II. Plan Zuzentzailean aurreikusitakoei dagokienez, Nafarroako Errepide Sarearen izendegia eta katalogoa aldatzea. Foru agindu honen eranskinean ezartzen dira eta aipatutako irizpideei lotzen zaizkie.

2. Nafarroako Errepideen Sareko autobideen, autobien eta errepide bikoiztuen izen berriak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak arian-arian jartzeko neurriak har ditzala xedatzea. Horrekin batera, Errepideen Sarean bide horiek aipatzen dituzten seinaleek bai eta kilometro mugarriek ere seinalizazio berria izanen dute, 2005eko ekainaren 30a baino lehen, Nafarroako Errepideen 2002-2009rako II. Plan Zuzentzaileak indarrean segitzea eta gauzatzea deusetan galarazi gabe.

3. Bidesaripeko autobideen edo autobien kontzesioa duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren sozietateek haien seinalizazioa foru agindu honek dioenari egokitzeko behar diren neurriak hartuko dituztela ezartzea.

4. Foru agindu honen berri ematea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Zainketa Zerbitzuari, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuari, Proiektu, Trenbide eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuari, Barne Zuzendaritza Nagusiari, Sustapen Ministerioari, Barne Ministerioari, Autopistas de Navarra, S.A. enpresari, Autovía del Camino, S.A. enpresari, Autopista Vasco-Aragonesa, S.A. enpresari, Aragoiko Diputazio Nagusiari, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Arabako Foru Aldundiari eta Errioxako Gobernuari.

5. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2004ko irailaren 20an._Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

ERANSKINA

NAFARROAKO ERREPIDEEN SAREKO AUTOBIDEEN, AUTOBIEN ETA ERREPIDE BIKOIZTUEN IZEN BERRIAK

Bidesaripeko autobidea

A-15 (Nafarroakoa) Tutera (AP-68) 0 Kp-Iruñeko Mendebaldeko ingurabidea (Noain) 83,0 Kp AP-15 Nafarroako Autobidea

A-15 (Nafarroakoa) Iruñeko Mendebaldeko ingurabidea (Berriozar) 96,0 Kp-Irurtzun 112,6 Kp AP-15 Nafarroako Autobidea

Herriz kanpoko autobiak

N-1 Arabako muga (Ziordia)-Gipuzkoako muga (Etxegarate) A-1 Iparraldeko autobia

N-240-A (Sakanakoa) Irurtzun-Altsasu A-10 sakanako autobia

N-111 Iruña-Errioxako muga A-12 Done Jakue Bideko autobia

A-15 (Iparraldekoa) Irurtzun-Gipuzkoako muga A-15 Leitzarango autobia

N-240 Noain-Zaragozako muga A-21 Pirinioko autobia

N-232 Castejon (AP-15)-Cortes (Zaragozako muga) A-68 Ebroko autobia

Iruñerriko herrigunearen inguruko autobia, autobidea eta errepide bikoiztuak

A-15 (Mendebaldeko ingurabidea) Mendebaldeko ingurabidea (Noain) 83,0 Kp-(Berriozar) 96,0 Kp A-15 Iruñaren Mendebaldeko ingurabidea

NA-30 (Iparraldeko ingurabidea) Arre-Ezkabako tunelak-Berriozar-Orkoien-Arazuri PA-30 Iruñeko ingurabidea

NA-32 (Ekialdeko ingurabidea) Noain-Uharte-Olloki-Arre PA-30 Iruñeko ingurabidea

NA-20/ N-240 Iruña-Cordovilla-Aireportua-Noain PA-31 Iruñaren Hegoaldeko sarrera eta Airep.

B-5 adarra - PA-32 Iruñaren Hego-ekialdeko sarrera

N-135 Iruñeko ingurabidea-Mendillorri PA-33 Iruñaren Ekialdeko sarrera

NA-20 eta N-240-A Iruñeko ingurabidea-Berriobeiti PA-34 Iruñaren Mendebaldeko sarrera

Iragarkiaren kodea: F0414472