80. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

137/2003 FORU DEKRETUA, ekainaren 16koa, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 37. artikulua aldatzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateak eta Estatuak 1990eko uztailaren 31n sinaturiko Hitzarmen Ekonomikoaren 27. artikuluan esaten denez, oinarrizko printzipio eta funtsezko eta formazko arau berdinak beharko dira araubide fiskal arruntean eta Nafarroako foru araubidean, Balio Erantsiaren gaineko Zerga ordainarazteko unean.

Bestalde, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian, martxoaren 7ko 3/2002 Foru Legearen bidez onetsitako testuaren arabera, baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari behar adina arau behin-behineko agindu ditzan, Hitzarmen Ekonomikoa Zeharkako Zergapetzearen araubide berriari egokitzeko Erabakian ezarritakoa bete dadin.

Balio Erantsiaren gaineko Zerga arautzen duen Legearen aldaketa bat onetsi da araubide arruntean; hain zuzen ere, 100eko 4ko tasa aplikatuko zaio etxebizitzen erosketari, alokatzea beste xede sozialik ez duten entitateek eskuratzen dituztenean. Horrelako etxebizitzen merkatua bultzatzea da helburua, eta etxe kopuru handi samarra izatea erosteko ahalmen txikiko edo ertaineko jendeak errentan har ditzan.

Araubide arruntean egindako aldaketa bere egitea da Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legean egindako aldaketaren helburua.

Horregatik guztiagatik, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian adierazitakoarekin bat, beharrezkoa da Nafarroan behin-behinekoz aplikatuko den araua ematea, foru dekretu baten bidez, harik eta Parlamentuak onetsi arte. Bertara igorriko da, araua onartu eta ondoko hamar egunean.

Hori horrela, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko ekainaren hamaseian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._2003ko apirilaren 28tik indarra izan dezan, lerroalde bat gehitu zaio Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 37.Bi.1 artikuluko 6. idatz-zatiari, honako hau dioena:

"Araubide arrunteko Sozietateen gaineko Zerga arautzen duen Legearen VIII. tituluko III. kapituluan aurreikusitako araubide berezia aplikatzen duten entitateek erositako etxebizitzak, baldin eta errentamenduan ezarri ondoko errentei aipatu Legearen 68. quinque artikuluko 1. idatz-zatiko b) letran ezarritako hobaria aplikatzen ahal bazaie. Ondorio horrekin, inguruabar horren berri emanen dio entitate erosleak subjektu pasiboari eragiketa egin aurretik, erregelamendu bidez zehaztuko den moduan."

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek biltzen dituen arauak behin-behinekoak dira, Nafarroako Parlamentuak onetsi arte.

Iruñean, bi mila eta hiruko ekainaren hamaseian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: C3193756