80. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 27a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

NOAIN-ELORTZIBAR

Behin betiko onetsirik Noaingo Kultur Patronatuaren estatutuak eta Noaingo Kultur Etxe berriaren erregelamendua eta funtzionamenduari buruzko araudia

Noain-Elortzibarko Udalak, 2003ko martxoaren 4an egin osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen behin-behinean onestea Kultur Patronatuaren estatutuak eta Noaingo Kultur Etxe berriaren erregelamendua eta funtzionamenduari buruzko araudia.

Erabaki hori 2003ko 39. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 31n.

Jendaurreko aldia iraganik, erabakiaren aurkako erreklamazio edo alegaziorik aurkeztu ez denez, Noain-Elortzibarko Udalak, 2003ko maiatzaren 6ko bilkuran, behin betiko onestea erabaki du aho batez.

NOAIN-ELORTZIBARKO UDALEKO ETXE ZAHARRA KULTUR PATRONATUAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Izena eta eskumena

1. artikulua. Kulturaren alderdi guztiak zabaldu eta garatzen laguntzeko xedez, eta Noain-Elortzibarko bizilagun guztiek eskura izan dezaten ondasun hori, Etxe Zaharra Kultur Patronatua sortu da, Udaleko Kultur Zerbitzua kudeatzeko ardura izanen duen organoa, hain zuzen ere.

2. art. Udaleko Kultur Patronatua zerbitzuen arloko fundazio publiko gisa eratu da, Toki Araubideari buruzko Legearen 121.b artikuluak, Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 23.ak, hurrengoek, 30.ak eta hurrengoek eta Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduaren 180.ak xedatutakoaren itzalpean.

3. art. Udaleko Kultur Patronatua, beraz, udal izaerako kultur erakundea da eta badu bere nortasun juridikoa, indarra duen araudian eta estatutu hauetan Udalari ezartzen zaizkion kontrol eta zaintza eginkizunak ezertan ukatu gabe.

II. TITULUA

Patronatuaz eta araubide juridikoaz

4. art. Udaleko Kultur Patronatuaren ondareak honakoak bilduko ditu:

a) Edozein erakundek edo pertsona fisikok aurrerantzean Patronatuari ematen dizkion ondasunak.

b) Bere xedeak betetzeko eskuratzen dituen ondasunak, edozein motatakoak direla ere.

5. art. Kultur Patronatuak Noain-Elortzibarko Kultur Etxe berria izanen du egoitza (Errege kalea, 10). Eraikin hori eta barnean dituen altzariak erabiltzen utziko zaio, Udaleko Kultur Zerbitzuari dagozkion jarduerak egiteko erabiltzen dituen bitartean.

6. art. Udaleko Kultur Patronatuak ondoko finantzabideak izanen ditu:

a) Udalak, Nafarroako Gobernuak eta beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek ematen dizkioten dirulaguntzak.

b) Patronatuaren zerbitzuengatik biltzen diren tasak.

7. art. Urtero, erakunde eskudunek aurrekontua eginen dute. Urte naturalean izanen du indarra eta Patronatuaren araubide ekonomikoa zehaztuko du.

Aurrekontua urtero eginen da, abenduaren 1a baino lehen, eta Udalari aurkeztu beharko zaio onets dezan.

8. art. Halaber, urtero, lehenbiziko bi hilabete naturaletan, Patronatuaren ekitaldi amaitu berriko kontuak emanen dira. Horiek ere Udalari aurkeztuko zaizkio onets ditzan.

III. TITULUA

Gobernu eta administrazio organoez

I. KAPITULUA

9. art. Gobernu Batzordea. Batzorde batek gobernatuko du Patronatua. Kide hauek izanen ditu:

a) Batzordeburua: udalburua edo berak izendatzen duen zinegotzia.

b) Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako zinegotzi bana.

c) Legez eratuak izan eta Noain-Elortzibarren egoitza duten tokiko kultur taldeetako buruak edo ordezkariak, baldin eta talde horiek egiten dituzten jarduerek ez badute berez dirusarrerarik ez inolako mozkinik ematen, jardueran bertan egiten diren gastuei aurre egitekoak izan ezik.

d) Gainera, Batzordearen aholkulari gisa eta unean uneko arazo zehatzetarako, Batzordeak bere xedeak hobeki betetzeko egokitzat jotzen duen edozein talde, erakunde, elkarte edo pertsona fisiko deitu ahal izanen du. Hizpidearekin baina boto eskubiderik gabe arituko dira, aztertzeko ematen zaizkien gaietan soilik.

Batzordeko kide guztiak eskubide osokoak izanen dira.

Udaleko kultur teknikaria idazkari arituko da, hizpidearekin baina boto eskubiderik gabe.

10. art. Batzordeko buruak eginkizun hauek izanen ditu:

_Bilkura arruntetarako eta berezietarako deiak egitea eta haietan buru izatea.

_Batzordearen erabakiak betetzea eta betearaztea.

_Batzordearen edo Patronatuaren ordezkaria izatea era guztietako agintari, epaimahai, erakunde, korporazio, norbanako eta abarrekoen aurrean.

_Era guztietako egintza eta kontratuetan esku hartzea.

_Patronatuaren izenean sinatzea egintza juridiko edo administratiboetan.

_Zerbitzuak zaindu eta ikuskatzea.

_Bere izaerari dagozkion beste eskumenak.

11. art. Udalak Gobernu Batzordean dituen ordezkariak Udalarekin batera berrituko dira, eta kultur kolektibo eta taldeen ordezkariak, berriz, beren arau edo estatutuetan ezarritakoaren arabera berrituko dira.

II. KAPITULUA

Gobernu Batzordearen ahalmenez

12. art. Batzordeak mamituko du Patronatuaren nortasuna eta hortaz, gaitasuna izanen du:

a) Mota guztietako ondasunak eskuratu, besterendu, kargatu eta trukatzeko, Nafarroako Udal Administrazioaren erregelamenduko zehaztapenei loturik, eta aurrez Udalak onarturik.

b) Patronatuaren ondareko ondasunak administratzeko, Patronatuaren xedeetarako erabiliz.

c) Udalari izendapenak edo kontratuen deuseztapenak proposatzeko, arlo zibilean eta lan arloan indarra duten xedapenen arabera.

d) Mota guztietako herentzia, legatu eta dohaintzak onartzeko.

e) Patronatuaren kultur jardueren garapenean behar diren kontratuak egiteko, bere eskurantzen esparruan.

f) Patronatuaren ordezkaria izateko barneko nahiz kanpoko eginkizunetan, eta oro har, Patronatuaren helburuetarako egokia iruditzen zaion eran jarduteko.

g) Jardueren urteko plana onetsi eta Udalari aurkezteko, berrets dezan, eta hiru hilean behingo programa arruntak eta bereziak onesteko, halakorik egiten bada.

h) Udalari Patronatuaren aurrekontua onets dezala proposatzeko.

i) Ekitaldi bakoitzean urteko kontuak onesteko eta Udalari igortzeko onets ditzan.

III. KAPITULUA

Batzordearen bilkuren araubideaz

13. art. Gobernu Batzordeak bilkura eginen du bi hilean behin, gutxienez, eta batzordeburuak deialdia egin edo batzordekideen heren batek eskatzen duen aldi guztietan. Bilkurak baliozkoak izan daitezen, lehenbiziko deialdian kideen erdiak gehi bat bildu behar dira, eta bigarren deialdian, lau kide gutxienez, batzordeburua edo haren ordezkoa tartean dela.

14. art. Patronatuko Gobernu Batzordearen bilkuretara, taldeek Batzordean dituzten ordezkariez gain, taldeetako kide gehiago joan ahal izanen dira. Talde bakoitzeko bi pertsona joan daitezke gehienez ere.

15. art. Taldeen ordezkari ofizialek hizpidea eta boto eskubidea izanen dituzte Batzordearen bilkuretan. Gainerakoek hizpidea izanen dute baina boto eskubiderik ez.

16. art. Talde bakoitzak uneoro ordezkari ofizial bat izan behar du eta berari jakinaraziko zaizkio kontu ofizialak. Hala ere, Batzordearen bilkuretan taldeko edozein kide aritu ahal izanen da ordezkari ofizialaren ordez, aurretiaz idazkariari jakinarazten bazaio.

17. art. Zilegi izanen da Kultur Patronatuaren Batzordeko kideei kargua kentzea, zehapena dakarten arau-hausteak egiten badituzte.

18. art. Batzordeak hartzen dituen erabakiak baliozkoak izan daitezen, bilkuran diren batzordekideen gehiengo soilak onetsi beharko ditu.

19. art. Bilkura guztietan akta eginen da eta bilkurara joandako batzordekideek sinatu eginen dute.

IV. KAPITULUA

Kultur koordinatzaileaz

20. art. Gobernu Batzordeak kultur koordinatzaile bat eskatuko du eta Udalak kontratatu eginen du.

21. art. Kultur koordinatzaileak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Jardueren aldizkako programak egitea, baita urteko plana ere, eta haien gauzapena antolatzea, Gobernu Batzordeak xedatzen duenarekin bat.

b) Gobernu Batzordeko idazkari lanak egitea.

c) Gobernu Batzordeari aztertzeko aurkeztu behar zaizkion gaiak ordenatu eta prestatzea.

d) Patronatuaren aurrekontua prestatzea Batzordearekin batera, eta kontuak ematea horretarako ezarritako epeetan edo Batzordeak nahiz Udalak eskatzen dizkiotenetan.

e) Kontratatuta edo Patronatuari atxikita dauden langileak zuzendu, bultzatu edo koordinatzea.

f) Patronatuaren kontabilitatea gainbegiratzea eta behar denean, ordaindu eta kobratzeko baimenak ematea, Gobernu Batzordeko buruak ikus-onetsi ondoren.

g) Adituen Atalen batzarretara joan ahal izanen da, horrelakorik sortzen bada, eta eskatzen badiote, nahitaez joan beharko da.

h) Bere karguari dagozkion eginkizunak betetzea.

i) Halaber, Elortzibarko gainerako kontzejuei argibide eta aholkuak eman ahalko dizkie kultur gaien, programen eta deialdien gainean, herrietako jaien inguruko gaiak albora utzita.

j) Barne araubidea eta zerbitzuen zuzendaritza direla-eta Batzordeak berariaz ezartzen dizkion eginkizun guztiak.

k) Kultur koordinatzailea Kultur Etxeko zuzendari lanetan arituko da, eta Kultur Etxean egiten diren jardueren kudeaketaren eta jarraipenaren ardura izanen du.

V. KAPITULUA

Atalez

22. art. Jardueren mota edo garrantzia ikusirik Gobernu Batzordeak egokitzat jotzen duenean, Patronatuaren barnean atalak eratuko dira. Batzordekide bat izanen da ataleko buru eta bertan aurkezten diren proposamen guztien berri emanen dio Batzordeari.

IV. TITULUA

Udalaren babesaz

23. art. Patronatuak Udalari aurkeztu behar dizkio aurrekontua eta urteko kontuak, onets ditzan. Hurrenez hurren, urteko jardueren plana eta memoria erantsi behar die.

V. TITULUA

Xedapen orokorrak

24. art. Gobernu Batzordeak antolamenduari eta erabilerari buruzko araudia ezarriko du, eta bai Kultur Etxearen funtzionamendu onerako beharrezkotzat iruditzen zaizkion erregelamendu bereziak ere. Horretarako, Udalaren onespena jaso beharko du.

25. art. Gobernu Batzordeari dagokio estatutuak, antolamenduari eta erabilerari buruzko araudia eta Patronatuaren barne erregelamenduak interpretatzea. Egintza guztiak eta administrazioa ere Gobernu Batzordearen eskumenekoak izanen dira.

26. art. Edozein arrazoirengatik Patronatua iraungitzen bada, Udala haren oinordeko unibertsala izanen da.

27. art. Estatutu hauek aldatzeko egin beharreko tramitazioa onespenerako tramitazio bera izanen da.

28. art. Estatutu hauetan aurreikusi gabeko orotan, aplikatzekoak izanen dira Foru Komunitatean indarra duten lege eta erregelamenduak eta gainerako xedapen orokorrak.

29. art. Estatutu hauek, Araudia eta Erregelamendua zati batez edo osorik aldatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da Gobernu Batzordearen bilkura berezirako deia egitea, eta kendu edo aldatu nahi diren artikuluak zein diren adierazi beharko da deiaren iragarkian.

30. art. Patronatuko Gobernu Batzordeak aldaketak egitea erabaki ahal dezan, bilkurara joan eta boto eskubidea duten kideen bi herenen baiezko botoak beharko dira.

NOAINGO KULTUR ETXEA ETA HARI ATXIKITAKO GUNEAK ANTOLATU ETA ERABILTZEKO ARAUDIA

1. KAPITULUA

Definizioa

1. Noain-Elortzibarko Kultur Etxea Udalarena da eta Noain-Elortzibarko Udalari dagokio haren erabileraren ardura izatea. Kultur Etxe sortu berri honen helburu nagusia hauxe da: Noain-Elortzibarko bizilagunentzat gizarte eta kultur jardueretan parte hartzeko bidea eta erreferentzia gunea izatea.

2. Noain-Elortzibarko Udala, Etxe Zaharra Kultur Patronatuaren bitartez, organo hori Udaleko Kultur Zerbitzua kudeatzeko sortu baita, Kultur Etxearen barnean, inguruan eta hari atxikitako guneetan egiten diren jarduera, ikastaro, ikuskizun eta abarren antolaketaz, kudeaketaz eta jarraipenaz arduratuko da.

3. Kultur koordinatzailea Kultur Etxeko zuzendari lanetan arituko da, eta Kultur Etxean egiten diren jardueren kudeaketaren eta jarraipenaren ardura izanen du.

2. KAPITULUA

Ordutegia

4. Kultur Etxea irekita egoteko ohiko ordutegia honakoa izanen da urtean zehar:

_Urtarriletik ekainera eta irailetik abendura bitartean: zabalik egonen da astelehenetik ostiralera, goizeko 9:00etatik gaueko 22:30ak arte. Larunbat-igandeetan, ekitaldi edo ikuskizunen bat badago programaturik, jarduera hori egiteko irekiko da bakarrik.

_Uztailean itxita egonen da erabiltzaileentzat eta administrazio zerbitzuak soilik jarraituko du jardunean (opor egunetan izan ezik).

_Abuztuan zabalik egonen da 9:00etatik 14:00ak arte. Garai honetan ez da jarduerarik izanen barnealdean. Jarduera guztiak kanpoan antolatuko dira, eguraldi oneko sasoi aproposa delako.

5. Kultur Patronatuak, Kultur Etxeko zuzendariaren bitartez, ordutegia aldatu ahal izanen du, antolatzen diren jardueren beharren arabera, baldin eta eraikina kudeatzeko lehendik hartu diren konpromisoak moldatzeko modua badago, eta Udalari galera ekonomikorik edota Kultur Etxeko langileei eskubide murrizketarik jasanarazten ez bazaie.

3. KAPITULUA

Jarduerak

6. Kultur Etxean gehienbat kulturaren arloko jarduerak eginen dira. Halakotzat hartuko dira honako hauek:

_Sustapen soziokulturaleko ikastaroak herritar guztientzat.

_Ikastaro laburrak edo monografikoak.

_Antzerki programak ikasleentzat eta gazteentzat, herriko ikastetxeekin elkarlanean antolatuak.

_Musika programak, Udalaren Musika Eskolakoek antolatuak.

_Kultur Etxean bertan sortutako ikuskizunak: Dantzaren Nazioarteko Eguna, ikasturte amaierako jaialdia.

_Haurrentzako zinema zikloak.

_Helduentzako zinema zikloak eta zineforumak.

_Familientzako antzerkiak.

_Musika emanaldiak, musika zikloak, kontzertu didaktikoak eta familientzako kontzertuak.

_Hitzaldi zikloak.

_Ahozko kontaerak eta ipuin kontalarien saioak.

_Nafarroako antzerki talde amateur eta profesionalen estreinaldiak.

_Argazki, pintura, eskultura, zeramika eta abarren erakusketak urte osoan, herriko, Nafarroako eta beste toki batzuetako artistenak. Bisita gidatuak antolatuko dira ikasle taldeentzat eta bestelako talde antolatuentzat.

_Herriko talde artistikoen entseguetarako gelak (eskusoinua, txalaparta, txistua, antzerkia...).

_Arte plastikoetako gela herriko artista eta artezaleei utziko zaie, beren arte jarduerak egiteko erabil dezaten Udaleko Kultur Zerbitzuak erabiltzen ez duen bitartean.

_Liburuen aurkezpenak eta irakurketa dramatizatuak.

_Liburutegi, bideoteka eta hemeroteka zerbitzuak, Interneteko kontsultak, haurrentzako liburutegia, liburuak maileguan emateko zerbitzua, taldeentzako ikasketa gelak.

_Irakurzaletasuna sustatzeko kanpainak.

_Herriko elkarteek antolatzen dituzten bilerak eta interes soziokulturaleko ikastaroak egiteko aretoak.

_Antzeztokia erabiltzen utziko zaie herriko arte taldeei eta Komunitateko gainerakoei, zenbait kontraprestazioren truke.

_Antzeztokia edota erakusketa aretoa alokatuko zaie inguruko enpresei, beren stage edo aurkezpen ekitaldiak egiteko, diru kontraprestazioen truke (ordenantza baten bidez araututa), baldin eta Udalaren Kultur Zerbitzuari traba egiten ez bazaio, erabilera edo egin beharreko jarduerak oztopatuz.

_Ezkontza zibilak, erakusketa aretoan edo erabilera anitzeko geletan.

_Mitin politikoak, hauteskunde kanpainetan soilik.

_Guneak lagako zaizkie Udaleko gainerako zerbitzuei (Kirol Patronatua, Musika Patronatua, Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoa, Udala...) eta ingurualdeko erakunde publikoei (ikastetxea, institutua, haurtzaindegia, Osasun Etxea...), beren programa eta ekitaldi zehatzetarako.

_Guneak lagako zaizkie kultur erakunde publiko eta pribatuei, hitzarmenen bidez: Kirol eta Gazteriaren Institutua, Nafar Ateneoa, Vianako Printzea Erakundea, Nafarroako Museoa...

_Erabiltzaileei laguntzeko zerbitzua eta Udaleko kultur zerbitzuaren administrazioa.

7. Goian ageri diren jarduera guztiek Kultur Patronatuaren hasierako onespena beharko dute egin ahal izan daitezen.

8. Beste edozein jarduera, 6. puntuko ataletan agertzen ez bada, ez da lehentasunekotzat joko eta baimena eskatu beharko da, idatziz, Kultur Etxearen barruan hura egin ahal izateko. Artikulu honek dioena auzoen bilerei dagokie bereziki.

9. Berariaz Kultur Etxetik kanpora utzi dira bilera edo solasaldi publikoak, hauteskunde kanpainetan egiten direnak izan ezik. Horrelako jarduerak egiteko badira beste toki egoki batzuk udalerrian.

10. Udalak, Kultur Patronatuaren bitartez, zilegi izanen du Kultur Etxeko guneak alokatzea merkataritzako helburuetarako edota dirua irabazteko, betiere horretarako onetsitako ordenantzei eta tasei loturik.

4. KAPITULUA

Erabiltzaileak

11. Kultur Etxeko erabiltzailetzat hartuko dira Kultur Etxeko jardueretan parte hartzera joaten diren guztiak: ikusle, irakurle/ikasle, ikastaroetako parte-hartzaile eta gainerako jardueretako parte-hartzaileak.

12. Erabiltzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

_Ezarritako ordutegiak betetzea.

_Kultur Etxeko altzari eta gainerako elementuak zaintzea eta behar bezala erabiltzea.

_Kultur Etxeko azpiegitura behar bezala erabiltzea.

_Lokalaren ordena eta garbitasuna zaintzea.

_Kultur Etxeko langileen aginduei kasu egitea.

_Erretzaileen eta erretzen ez dutenen eremuak errespetatzea.

13. Lokalak behar ez den moduan erabiltzeagatik edota 12. puntuan ezarritakoa ez betetzeagatik zehapena ezarri ahal izanen da. Kultur Patronatuak ezarriko ditu zehapenak, eta aurretik Kultur Etxeko langileek txostena eginen diote betiere. Kultur Patronatuak arau-haustea kalifikatuko du eta dagokion zehapena ezarriko du.

14. Larriak ez diren arau-hausteen gaineko erabakiak Kultur Etxeko koordinatzaileak berak hartuko ditu, Kultur Patronatuko burua jakitun dela. Patronatuak eskubidea izanen du Kultur Etxeko instalazioetan gaizki portatzen diren pertsona guztiei kargu hartzeko eta are instalazioetatik kanpora bidaltzeko.

15. Instalazioak luzaroan erabiltzeko hitzarmen edo kontratua duten entitateek beren kide, osatzaile edo parte-hartzaileek instalazioak eta gainerako elementuak behar bezala erabil ditzaten begiratu beharko dute. Behar ez bezala edo arauz kontra erabiltzen badituzte, Patronatuak kargu hartu eta gastuen faktura ordainaraziko die entitateei, lehenbiziko neurri gisa.

16. Inguruabarrek eraginda eta aldi baterako, eta organo eskudunak horretarako baimena ematen duen aldi oro, erabiltzaileek Kultur Etxeko biltegiak erabiltzen ahalko dituzte, trasteak, tresneria guztia, eszenako materiala eta abar gordetzeko.

17. Ikus-entzunezko baliabideak Kultur Etxeko langile arduradunek erabiliko dituzte edo entitate antolatzaileak behar bezala kreditaturiko adituek, kultur koordinatzaileak bere adostasuna adierazi ondotik.

5. KAPITULUA

Kultur Etxeko guneak

18. Kultur Etxean hiru motatako guneak bereiz ditzakegu, ezaugarriei begiratuta:

A._Zerbitzu iraunkorrak.

_Administrazio arloa:

_Atezaintza.

_Administrazio zerbitzua.

_Kultur koordinatzailea.

B._Erabilera zehatzeko guneak:

_Ekitaldi aretoa.

_Liburutegia.

_Erakusketa aretoa.

C._Erabilera anitzeko guneak:

_1, 2 eta 3. gelak (sotoan).

_4. gela (lehen solairuan).

6. KAPITULUA

Kultur Etxeko guneen erabilera, haiek lagatzeko eta erabiltzeko irizpideak

19. Kultur Etxea Errege kaleko 10ean dago. Udaleko Kultur Zerbitzuaren egoitza da, eta beraz Noain-Elortzibarko Etxe Zaharra Kultur Patronatua da hura kudeatu behar duen organoa.

20. Kultur Patronatua arduratuko da Kultur Etxeko programazioaz eta bertako guneen erabileraz.

21. Entitate edo norbanakoek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Kultur Patronatuak antolatu edo babesten dituen jardueren erabileraren menpe.

22. Honako baldintza orokor hauek bete beharko dira Kultur Etxeko guneak lagatzeko:

_Eskaera 5 egun lehenago aurkeztuko da Kultur Etxeko bulegoan. Jardueraren nondik norakoak, iraupena, ordutegia eta ustez parte hartuko dutenen kopurua adieraziko dira.

_Kultur Etxean ezin izanen da erre horretarako berariaz markatutako tokietan baizik.

_Kultur Etxeko sarrerako informazio oholetan leku bat egonen da bakoitzak nahi duena adierazteko, eta leku hori erabiltzen dutenak gainerako pertsonak eta iritziak errespetatzen ahaleginduko dira.

_Geletako horma eta oholetan, berriz, jarduerei buruzko argibideak soilik jarriko dira, eta egunero garbi utziko dira, egunean zehar jarritako kartel eta objektu guztiak kenduz.

_Kultur Etxea erabiltzen duten norbanako, erakunde eta taldeek araudi honetako 12. artikuluan ezarritako baldintzak betetzeko hitza eman beharko dute.

_Esleipena egiteko orduan, lehentasuna izanen dute Noain-Elortzibarren sortu eta egoitza bertan duten kultur talde eta kolektiboak.

_Inguruabarrek eragiten dutenean, Kultur Patronatuak lankidetza hitzarmenak egin ahal izanen ditu norbanakoekin edo kultur eta arte taldeekin, Kultur Etxeko gune jakinak erabil ditzaten, batez ere antzeztokia.

23. Baldintza hauek bete beharko dira Kultur Etxeko zerbitzu iraunkorrak erabiltzeko:

_Administrazio, atezaintza eta kultur koordinazio arloetarako guneak Kultur Etxeko langileek bakarrik erabiliko dituzte. Bulegoa, idazgela eta atezaindegia ez zaizkio inori lagako.

24. Baldintza hauek bete beharko dira Kultur Etxeko liburutegia erabiltzeko:

_Liburutegi publikoa Nafarroako Gobernuko Liburutegien Sareak erregulatu eta arautuko du eta ez bestek.

_Nafarroako Gobernuak ezarriko ditu, Liburutegien Sarearen bitartez, liburutegiko zerbitzuak jendeari emateko ordutegia eta liburutegia ireki eta ixteko urteko egutegia.

25. Honako baldintza hauek bete beharko dira Kultur Etxeko erabilera anitzeko guneak herriko taldeei erabiltzen uzteko eta lagatzeko.

_Kultur Etxean eta berari atxikitako guneetan ez du egoitzarik izanen Noain-Elortzibarko ezein kolektibok, ezta Kultur Patronatura bildurik daudenek ere.

_Erabiltzaileek, norbanakoak ala taldeak izan, ez dute Kultur Etxeko eta berari atxikitako guneetako giltzarik izanen. Taldeek administrazio edo atezaintza zerbitzura jo beharko dute esleituta duten gela erabili ahal izateko, eta zerbitzu horrek ireki eta itxiko dizkie ateak, bai eta jarduerarako behar duten materiala eskuratu ere.

_Kultur Etxea erabiltzen duten taldeek, ikasturte bakoitzaren hasieran, beren jardueren eta ordutegien egutegia aurkeztuko dute, Kultur Etxeko guneak eta Etxe Zaharra Patronatuari atxikitako beste batzuk erabiltzeko. Ordutegi eta egutegi horiek Kultur Etxea ireki eta ixteko ordutegi eta egutegi orokorrei egokitu behar zaizkie.

_Horretarako, Kultur Patronatuak xedea ezarriko die Kultur Etxeko erabilera anitzeko guneei eta Kultur Etxeak atxikita dituen guneei. Erabilera anitzeko guneak dira jarduerak hurrenez hurren egiteko erabiltzen ahal direnak. Zehatz-mehatz, hauek dira erabilera anitzeko guneak: Kultur Etxeko 1, 2, 3 eta 4. gelak eta Kultur Etxe zaharreko 1 eta 2. gelak.

_Eskabideak jaso ahala, kultur koordinatzaileak guneak esleituko ditu, eskatzaileek azaltzen dizkioten beharrak, baliagarri dauden guneak eta egin nahi den jardueraren mota eta ezaugarriak kontuan izanik.

_Behin finkaturik ordutegiak, jarduerak eta horiek egiteko hartuko diren erabilera anitzeko guneak, baimena eskatuko beharko da, idatziz, Kultur Etxeko guneak beste edozein modutan erabiltzeko, eta hori egin beharko da jarduera hasi baino bi egun lehenago gutxienez, Kultur Etxean eskura egonen diren inprimakiak erabiliz.

_Kultur Patronatuak egokitzat jotzen badu, lokalen lagapena kendu ahal izanen zaie beren jardueratik etekinak ateratzen ari diren talde edo kolektiboei, kultur jardueran hasi berriak diren taldeei emateko. Era berean, eskatzen duten talde guztiei lagatzeko adina lokal ez badago, Kultur Patronatuak aintzat hartuko ditu ondoko alderdi hauek lokalen erabilera zeini lagako zaion erabakitzeko: lehendabizi, zein den Noain-Elortzibarko herrietan erroldatutako kide gehien dituen taldea. Bigarren, baina aurrekoari loturik, aintzat hartuko da eta taldea lehenesteko zio izanen da, laga zaizkion lokalak erabili eta gero taldeak kultur ekintza edo jarduerak antolatu izana edo halakoetan parte hartu izana, nolabait herriari edo ibarrari eskainiz lokala erabili duen bitartean egindako kultur lanaren emaitza. Lokala erabili eta gero talde batek ez badu parte hartu inongo kultur ekimenetan (grabazioak, kontzertuak...), lokala beste talde eskatzaile bati lagako zaio.

26. Honako baldintza hauek bete beharko dira Kultur Etxeko erabilera anitzeko guneak norbanakoei arte jardueretarako erabiltzen uzteko eta lagatzeko.

_Patronatuak, goiko ataletan ezarri diren arauak ezertan ukatu gabe, arte jardueretarako atondurik dauden guneak (1. gela _Arte plastikoetako gela_ eta 3. gela _Entsegu gela_) herriko norbanakoei laga ahal izanen dizkie, beren arte jarduerak egiteko.

_Gelak norbanakoei lagatzen zaizkienean beren arte jarduerak egiteko, betiere lagapena Udaleko kultur zerbitzuak programaturiko jarduerarik ez dagoen egun eta orduetarako izanen da, eta ez ditu eragotziko instalazioak garbitu eta mantentzeko lanak.

_Norbanakoek lagapena eskatu beharko dute Kultur Etxeko administrazio bulegoan eskabidea betez, eta onetsitako tasak ordaindu beharko dituzte, halakorik badago.

_Lagapena bi hilabeterako izanen da gehienez ere, baina berriztatu ahal izanen da, aurreko ataletan ezarritako baldintzak betetzen badira.

_Norbanakoek berek ekarri beharko dituzte beren jarduerak egiteko materialak.

_Besterik erabaki ezean, gunea lagatzeak ez du esan nahi Kultur Etxeak inolako materialik zaindu eta gorde behar duenik, ezta artelanik ez beste inolako elementurik ere.

_Lagapen hauen tratamendu ekonomikoa horretarako onetsitako ordenantzaren menpe egonen da.

27. Honako baldintza hauek beteko dira ekitaldi aretoa eta antzeztokia erabiltzen uzteko eta lagatzeko:

_Ekitaldi aretoa eta eszena edo antzeztokia Udaleko Kultur Zerbitzuak antolatutako jarduerak egiteko erabiliko dira nagusiki.

_Ekitaldi aretoaren edota antzeztokiaren erabilera entitateei eta abarrekoei lagatzeko, idatziz eskatu beharko da lagapena Kultur Etxeko administrazio bulegoetan, 10 egun lehenago, gutxienez.

_Entitate edo norbanakoek instalazioak erabiltzeko lagapenak beti egonen dira Kultur Patronatuak, Udalak edo haren erakunde autonomoek antolatu edo babesten dituzten jardueren erabileraren menpe.

_Kultur Patronatuak, kultura eta ekonomia aldetik Kultur Etxeari etekin hobea ateratzeko asmoz, kontratu edo hitzarmenak egiten ahalko ditu norbanakoekin, entitateekin edo arte taldeekin, noizbehinkako, etenik gabeko edota luzaroko erabilera lagatzeko eta arautzeko (adibidez, hiru hilabeterako, sei hilabeterako, denboraldirako, urtebeterako etab.).

_Horrelako lagapenak akordio idatzien bidez eginen dira eta egokitzat jotzen diren konpentsazio bideak zehaztuko dira.

_Betiere ahaleginak eginen dira ekitaldi aretoaren zati bat soilik (eszena) erabiltzeko, aldi berean beste kultur ekintza batzuk (proiekzioak, solasaldiak...) egin ahal daitezen.

_Kultur Patronatuak ezarriko ditu lagapen horien ordutegia eta baldintza teknikoak.

_Ondoko hauek entitate edo norbanako eskatzailearen kontura izanen dira: edozein tasa, kontribuzio edo zerga ordaintzea; egile eskubideak ordaintzea, behar izanez gero; administrazio baimenak lortzea, behar izanez gero; jarduera egiteko behar diren elementuak muntatu eta desmuntatzea, baldin eta antolatzailea Kultur Patronatua ez bada. Nolanahi ere, Kultur Etxeko langile arduradunen aginduak bete beharko dira une oro.

_Jarduera buruturik, entitate antolatzailea arduratuko da instalazioak erabiltzeko prest gera daitezen, jarduera hasi zenean zuten egoera berean. Instalazioaren ardura duten langileek ikus-onetsia eman beharko diete.

_Entitate antolatzaileen kontura da, instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen eta kalteak konpondu edo ordaintzea, edozein izan dela arrazoia edo zergatia. Horretarako, Kultur Patronatuak aurkeztuko dio likidazioa, non ez den bera zuzenean egin behar diren konponketen kargu egiten, Kultur Patronatuak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.

_Orokorrean, instalazioen barrenean ezin izanen da inongo publizitate eta propagandarik egin, Kultur Patronatuak kasu bakoitzean espreski baimentzen duena izan ezik.

_Inguruabarrek eraginda eta aldi baterako, eta organo eskudunak horretarako baimena ematen duen aldi oro, entitate, talde eta norbanako erabiltzaileek Kultur Etxeko biltegiak erabiltzen ahalko dituzte, trasteak, tresneria guztia, eszenako materiala eta abar gordetzeko.

_Ikus-entzunezko baliabideak Kultur Etxeko langile arduradunek erabiliko dituzte edo entitate antolatzaileak behar bezala kreditaturiko adituek, kultur koordinatzaileak bere adostasuna eman ondotik.

_Lagapen hauen tratamendu ekonomikoa horretarako onetsitako ordenantzaren menpe egonen da.

28. Baldintza hauek bete beharko dira Kultur Etxeko erakusketa aretoa erabiltzen uzteko eta lagatzeko:

_Kultur Patronatuak arte, kultura eta eskulan erakusketak edo herri osoarentzat interesgarriak direnak egiteko beste ezertarako ez du lagako Kultur Etxeko erakusketa aretoa.

_Erakusketa aretoa lagatzeko, Kultur Etxeko administrazio bulegoetan eskatu beharko da lagapena, bertan eskura egonen den inprimakia betez.

_Eskabideari honakoak erantsi beharko zaizkio:

_Historia profesionala.

_Egin diren erakusketen zerrenda.

_Jasotako sari eta aipamenen zerrenda.

_Prentsako kritikak.

_Aurreko erakusketen laginak edo katalogoen fotokopiak.

_Bost argazki, koloretan, 9x12 cm-koak gutxienez, edo bost diapositiba (erakutsiko diren obrenak).

_Eskabideak onartzeko, kontuan hartuko dira erakuslearen curriculum vitae-a, obraren kalitatea, originaltasuna, aretoko erakusketen programarekin ongi uztartzea eta abar.

_Kultur Patronatuak idatziz adieraziko dio eskatzaileari eskabidea onartu diotela, hala denean, eta erakusketa noiz egin dezakeen jakinaraziko dio aldi berean. Erakusketa noiz egin dezakeen jakinarazi ondoren, erakusleak 15 eguneko epea izanen du ados dagoela adierazteko, eta bestela ulertuko da uko egin diola erakusketa esandako egunetan egiteari.

_Oro har, erakusketek 10 eta 20 egun bitarteko iraupena izanen dute. Kalitatearen eta aretoko arduradunen irizpideen arabera erabakiko da zehatz-mehatz zenbat egun iraunen duten.

_Erakusketa ireki eta ixteko orduak jendaurrean jarriko dira eta aldez aurretik erakusleari jakinaraziko zaizkio.

_Garraioa eta asegurua: erakusgaiak garraiatzeko gastu guztiak erakuslearen kontura izanen dira, salbu eta Kultur Patronatuak besterik erabakitzen duenean, erakuslearen eta haren obraren interesa edota bestelako arrazoiak kontuan hartuta. Erakusleak, nahi izanez gero, obrak aseguratu ahalko ditu bere kontura.

_Zainketa: Kultur Patronatuak obrak zaindu eta begiratuko ditu, baina ez du erantzukizunik izanen istripu, lapurreta, sute, atentatu edo beste ezbeharren baten ondorioz obrak erabat edo hein batean hondatzen badira.

_Muntaketa: erakuslea bera arduratuko da erakusgaiak muntatu eta desmuntatzeaz, edo bestela berak izendatu eta behar bezala kreditaturiko konfiantzako pertsonaren bat, salbu eta Patronatuak besterik erabakitzen duenean. Dena den, Kultur Etxeko atezainaren laguntza izanen du. Aretoak dituen dekorazio elementuak ezin izanen dira aldatu, ezta hormetan kalte eragin dezaketen materialak erabili ere (iltzeak, txintxetak, itsasgarriak eta abar).

_Publizitatea: erakusleak erakusketari buruzko katalogoa edo txartela argitaratuko du. Kultur Patronatuak diru kopuru bat jarriko du horretarako laguntza gisa. Erakusleak aldez aurretik Kultur Patronatuari jakinarazi beharko dizkio katalogoaren ezaugarriak, maketa eta formatua. Noain-Elortzibarko Kultur Etxearen logotipoa katalogoan agerrarazi behar da. Kultur Patronatuak katalogo edo txartelak bidaltzen ahalko dizkie toki edo foru entitate, erakunde eta korporazio ofizialei eta kultur arlokoei. Norbanakoei bidaltzea erakuslearen kontura izanen da, bai eta banakako gonbitak bidaltzea ere. Kultur Patronatuak berak iragarriko du erakusketa herrian, bere kontura.

_Etenaldiak: erakusketaren bat, Kultur Patronatuarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, onartutako erakustaldiko egunen batean ireki gabe utzi beharra badago, ahal dela erakustaldia luzatu eginen da, aretoko jardueren programazioak bidea ematen badu.

_Aretoko gastuak: erakusketa aretoa doan lagako zaie artistei eta Kultur Patronatuak ez dio ezer kobratuko erakusleari zainketa, argia, garbiketa eta abarrekoak direla eta.

_Beste xedapen batzuk. Araudi honen aplikazioan sor litezkeen auzietan, erakusleak men eginen dio, beste edozeinen aurretik, Iruñeko auzitegi eta epaitegien jurisdikzio eta eskumenari. Aurreikusi gabeko orotan eta arau hauen interpretazioaren inguruko zalantza edo arazoetan, Noain-Elortzibarko Kultur Patronatuak esaten duena bete beharko da eta ezin izanen da haren erabakiaren aurka jo.

29. Honako xedapen gehigarri hauek beteko dira:

_Behin-behinean, Kultur Patronatuak foyer nagusia edo erakusketa aretoa erabili ahal izanen du ezkontzak egiteko, horretarako baimena eta kultur koordinatzailearen ikus-onetsia jaso ondoren.

_Hauteskunde kanpainetan ekitaldi politikoak Kultur Etxean egin ahal izanen dira, hauteskunde batzordeak erabakitzen duenaren arabera.

_Kultur Patronatuak egokitzat jotzen badu, eta Kultur Etxeari loturik, kultur jarduerak, proiekzioak eta erakusketak egin ahal izanen dira Kultur Etxeko sarrerako plazan.

_Erregelamendu hau osorik edo zati batean aldatzeko, beharrezkoa izanen da Gobernu Batzordearen bilkura berezirako deia egitea, eta iragarkian adierazi behar da zein artikulu kendu edo aldatu nahi diren. Patronatuko Gobernu Batzordeak aldaketak egitea erabaki ahal dezan, bilkurara joan eta boto eskubidea duten kideen bi herenen baiezko botoak beharko dira.

_Araudi honetan aurreikusi gabeko kasuak Patronatuko Gobernu Batzordeak ebatziko ditu.

Noain-Elortzibarren, bi mila eta hiruko maiatzaren zazpian. Alkate udalburua, Miguel Elizari Reta.

Iragarkiaren kodea: A0304886