76. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

128/2003 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 27koa, "Muetz-Estenotz bidea" izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzapena egiteko, presakoa dela adierazten duena.

Gesalazko Udalak, 2002ko abenduaren 14ko bilkuran harturiko Erabakiaren bidez, hasiera eman zion "Muetz-Estenotz bidea" izeneko proiektuko desjabetzapen prozedurari, proiektuaren onura publikoa eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupatu beharra aitortuz eta deklaratuz.

Ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean egoteko aginduzko epea bukatu da. Alegaziorik aurkeztu ez denez, Gesalazko Ibarreko Udalak, 2003ko martxoaren 17ko Erabakiaren bidez, behin betikoz onetsi zituen aipatu proiektua eta ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda.

Presakoa deklara dadila eskatzeak badu funtsa, beharrezkoa baita bideak aurtengo udako hilabeteetan egitea, alorretan uzta bildu ondoren, laboreei kalterik ez egiteko eta uzta biltzeko behar diren produktu guztien garraioaren gastuaren igoera handia murrizteko. Bestetik, esan beharra dago Muzkiko eta Arzozko belar eta larre enkanteak 2003. urtean eta 2004ko udaberrian egin behar direla, eta bidea aurretik egin ezean, gutxiago aprobetxatuko liratekeela, irispide txarra baitago gaur egun azienda Andimendiko udako larreetara eramateko.

Nafarroako Gobernuak, Gesalazko Udalak alegatutako arrazoiak ikusirik, bidezkotzat jo du desjabetzapenak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako eskumenak erabiliz, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko maiatzaren hogeita seiko bilkuran hartu zuen erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, "Muetz-Estenotz" izeneko proiektuak ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren hogeita seian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: C3161492