71. ALDIZKARIA - 2003ko ekainaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

124/2003 FORU DEKRETUA, maiatzaren 19koa, ondoko proiektuko lanek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena: "Pirinioen hegoaldeko autobia, Iruña-Jaca-Huesca: I. tartea: Noain-Elo".

Sustapen Ministerioak 2000-2007rako (muga 2010) ezarri duen Garraio Azpiegituren Plan Zuzentzailean ahalmen handiko bideen eskema ageri da, eta hor sartzen da Jaca eta Iruña N-240 errepideari segituz lotzeko bidea egitea. Horrekin batera, Huesca (Nueno)-Sabiñánigo-Jaca-Somport lotzeko bidea, N-330 errepideari segituz.

Bestalde, Nafarroako Errepideen 2002-2009rako II. Plan Zuzentzailean ere azaltzen da ekintza hori, Foru Komunitateari dagokion tartean.

Abenduaren 27an Herri Lan zuzendari nagusiak emandako 1099/2002 Ebazpenaren bidez, teknikoki onetsi zen "Pirinioen hegoaldeko autobia, Iruña-Jaca-Huesca, I. tartea: Noain-Elo" proiektua, eta maiatzaren 2ko 310/2002 Ebazpenaren bidez onetsi zen behin betikoz.

A-15 eta N-240 lotzen diren tokiaren inguruan hasten dira obrak, eta aipatu lotunea berritzeko proiektuarekin lotzen.

Trazaduraren lehenengo zatia oraingo N-240aren parez pare dago; errepide hori zerbitzu bide gisa geldituko da, inguruko finketan sartzeko, herriak elkarren artean lotzeko eta bizikletak eta nekazaritzako ibilgailuak ibiltzeko. Dorre inguruan zertxobait bereizten da N-240tik, lotunea kokatu ahal izateko. Gero, N-240ra hurbiltzen da berriz, Zuluetako sarbidearen ingurura iritsi arte; han hegoalderantz gurutzatzen du, bertan dauden eraikinak saihesteko. Alde hartan oraingo N-240 errepidea berrezarri eta autobiaren zerbitzu bideari jarraipena emanen zaio horrela.

Trazadurak Elortz herria hegoaldetik inguratzen du; oraingo errepidearekin gurutzatzeko tokian Elortzeko lotunea proiektatu da, eta handik eginen da etorkizuneko industrialdearen sarbideekin izan beharreko lotunea.

Elortzen ekialdean autobiaren trazadura N-240 errepidearen iparraldean ageri da berriro, eta handik parez pare segituko du tartea bukatu arte. Bidegurutzean errepidea gaineko pasabide baten bitartez berrezarriko da, jarraipena izan dezan.

Arrizabalaga-Urrotz errepidearekin (NA-2340) gurutzatzen den tokira iritsitakoan, trazadurak iparralderantz jotzen du zertxobait, aipatu errepidearekin izan beharreko lotunea kokatu ahal izateko. Lotune horri esker N-240 errepidearekin ere lotu ahalko da puntu horretan.

Ondoren bidezubia proiektatu beharko da Untziti ibaiaren inguruan. Alde hartan Nafarroako Ubidea eraikitzen ari dira orain, eta autobiarekin gurutzatzen den tokian aurreikusi da sifoi bat egitea, gurutzatzea arazorik gabe egin ahal izateko.

Azkenik, 8+891 k.p.an, oraingo errepidearen gaineko behin-behineko lotunea eginen da. Pirinioen hegoaldeko autobiaren hurrengo tarteak egiten diren arte. Lotunea pasatutakoan, biribilgune-erdi bat dago N-240an, autobiaren bi aldeetako zerbitzu bideei sarbidea emateko.

Oro har, proiektatu den trazadura oraingo N-240 errepidearen parez pare dago, alboan; errepide hori zerbitzu bide moduan geldituko da. Inguruko finketarako sarbidea orain bezalakoa izanen da. Finketarako sarbidea bermatzeko _errepidetik abiatutako sarrera moztuta geldituko da autobiaren ondorioz_ beste zerbitzu bide bat proiektatu da, autobiaren parez pare, N-240aren kontrako aldean. Zerbitzu bide horiek elkarren artean lotuta egonen dira, lurralde permeabilitate egokiari aukera emanez, maila ezberdinetako pasabideen bitartez eta haien arteko loturak eginez.

Hobetu nahi den errepideak jasaten duen zirkulazioaren sarriak, alde batetik, eta bidearentzat ekarriko duen onurak bestetik, lanak ahalik eta lasterren egitea komenentzia nabarmentzen dute; beraz, beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko tramiteak arindu ahal izateko, beharrezkoa da ondasun eta eskubide ukituen okupazioa presakotzat jotzea, hori guztia Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko maiatzaren hemeretziko bilkuran hartu zuen erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Ondoko proiektuko lanek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea: "Pirinioen hegoaldeko autobia, Iruña-Jaca-Huesca: I. tartea: Noain-Elo".

2. artikulua. Ondasun eta eskubide ukituak eskuratzeko kalkulatu den gastua (desjabetzapeneko laguntza teknikoa barne) 1.800.000 eurokoa izatea, honela banatuta: 400.000 euro 2002tik 2003ra luzatutako aurrekontuko "Azpiegituretarako lurren desjabetzapena" izeneko 611000-61340-6001-513400 kontusailaren kargura; 100.000 euro 2004ko aurrekontuan dagokion kontusailaren kargura; eta gainerakoa, 1.300.000 euro, 2005ko aurrekontuan dagokion kontusailaren kargura.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren hemeretzian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: C3153087