59. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

157/2003 FORU AGINDUA, apirilaren 7koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira "ikasketa artistikoetan ikastetxe nazional nahiz atzerrikoetan sakontzen laguntzeko deialdia" arautzen duten oinarriak, eta baimena ematen da laguntza horiek emateko aurreikusitako gastua egiteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, 2003ko martxoaren 20ko txostenean, "ikasketa artistikoetan ikastetxe nazional nahiz atzerrikoetan sakontzen laguntzeko" deialdiaren oinarriak eta laguntza horiek emateko aurreikusitako 90.884 euroko gastua onestea proposatu du. Txostenean, halaber, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko baimena eskatu du.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2.c) eta d) ataletan emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onestea.

2. Deialdiaren bidez laguntzak emateko 90.884 euroko gastua egiteko baimena ematea. Gastua 2003. urtera luzatutako 2002ko aurrekontuaren 42110-4800-425100 kontusailaren kargura eginen da ("prestakuntza artistikorako laguntzak" izeneko kontusaila).

3. Foru agindua eta deialdiaren oinarriak, zeinak I. eranskinean ageri baitira, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko helegitea jartzen ahal da argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu honen berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Administrazio Orokorreko Bulegoari, zuzendaritza nagusi horretan Ogasun Departamentuak duen kontu-hartzaile delegatuari, Kultur Ekintza Zerbitzuari, Kultur Jardueren Atalari, Idazkaritza Teknikoari eta interesatuei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren zazpian._Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

I. ERANSKINA

Ikasketa artistikoetan ikastetxe nazional nahiz atzerrikoetan sakontzen laguntzeko deialdia

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, ikasketa artistikoetan ikastetxe nazional zein atzerrikoetan sakontzeko gehienez hamar beka berezitarako deialdi hau plazaratu du, nafarren prestakuntza artistikoa hobetzeko asmoz. Hona hemen beken xedeak: 2 arte plastikoetarako, 2 ikus-entzunezko arteetarako, 3 antzezte arteetarako eta 3 musikarako. Deialdiaren oinarriak hauek dira

O I N A R R I A K

1._Xedea.

1.1. Deialdi honetan arautzen diren beken xedea da nafarrek ikasketa artistikoetan sakontzea, ikastetxe nazional nahiz atzerrikoetan, irakaskuntzaren mailak deialdi honekin eskuratu nahi den helburua bermatzen badu.

1.2. Hezkuntza Ministerioaren edo Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren beken deialdi orokorraren xede izan daitezkeen eskabideak bazterturik geldituko dira.

2._Betebeharrak.

2.1. Nafarroan erroldatua egotea 2001eko urtarrilaren lehena baino lehenagotik eta horri eustea bekak irauten duen bitartean. Hori egiaztatzeko errolda-agiria aurkeztu behar da.

2.2. Beka zein ikasketa zabaltzeko eskatzen den, haiexen izaerari dagokion goi mailako ikasketa-titulu ofizialaren jabe izatea.

2.3. Denbora berean beste bekaren baten onuradun ez izatea.

2.4. Atzerriko prestakuntza programa bat proposatzen denean, Hizkuntza Eskola Ofizialak luzatutako ziurtagiriaren jabe izan beharra dago, oinarrizko zikloarena alegia, edo legez baliokidea den beste bat, ikastetxea dagoen herriko hizkuntzarena edo zentroak ikastaroa ongi aprobetxatzeko eskatzen duen hizkuntzarena.

3._Iraupena.

Beka hauek 2003-2004 ikasturterako ematen dira.

4._Laguntzen zenbatekoa.

4.1. Administrazioak joan-etorri, matrikula eta egonaldia eta aseguru-poliza kontzeptuen arabera erabakiko du bekaren diru kopurua. Matrikula deritzon kontzeptua kostuaren % 100 emanen da, baina gehienez 4.000 euro.

4.2. Bekadunak matrikularen gastuetarako dirulaguntza jasoko du, gastu horiek justifikatu ondoren, eta behin baizik ez, joan-etorriei dagokien gastuaren % 100 (ohiko bizilekutik bekaren xede diren ikasketak eginen dituen ikastetxerako bidaia).

4.3. Egonaldiagatik eta ikasketak egiazki egiten dituen bitartean, bekadunak aurrekontu onartuaren % 100 jasoko du (gehienez 720 euro hilabetean ikasketak Espainian egiten baditu, eta 900 euro, aldiz, atzerrian egiten baditu).

4.4. Bekadunak egonaldiagatiko laguntza lau hilabetetik behin jasoko du, hilabete horietarako dirua aurreratu eginen zaio, ikastetxeak edo irakasleak egiaztatzen badu ikasleak ikastaroa behar bezala hasi eta segitzen duela.

4.5. Bekadunak, aseguru-polizaren gastuetarako emandako diru kopurua jasoko du, haiek justifikatu ondoren. Gehienez ere 60 euro jasoko ditu 10.1 puntuan aurreikusitako egoeran baldin badago, eta gehienez 540 euro 10.2 puntuan aurreikusitakoa aplikatzekoa baldin bada.

4.6. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, salbuespen gisa, bekak ordaintzeko modu bereziak hartuko ditu kontuan, kasuaren inguruabarrek horretarako bide ematen dutenean.

5._Eskabideak nola egin.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea 2003ko maiatzaren 12an hasiko da eta ekainaren 13an bukatuko.

5.2. Eskatzaileek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dituzte eskabideak edo Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren Erregistroan, Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean ezarritakoa galarazi gabe.

5.3. Eskabidearekin batera dokumentazio hau bidaliko da:

5.3.1. Beka-eskabidea, Kultur Ekintza Zerbitzuan eskura daitekeena (Kultur Jardueren Atala, Santo Domingo kalea, 8).

5.3.2. Nafarroan erroldatua egotea 2001eko urtarrilaren lehena baino lehenagotik. Udalaren errolda-agiria aurkeztu behar da, alta hartutako eguna adierazten duena.

5.3.3. Ikasketak zabaltzeko programak dauzkan laguntza edo dirulaguntzak espreski adieraziko ditu edo, halakorik ezean, adierazi beharko du ez duela bat ere. Halaber, lehenagotik laguntzarik eskatu baldin bada eta deialdi honetako eskabidea aurkeztutako momentuan oraindik erabaki gabe baldin bada, hori ere zehazki adierazi beharko da.

5.3.4. Ikasketen ziurtagiri zehatz eta osoa (jatorrizkoa edo bestela horren fotokopia konpultsatua), lortu zituen kalifikazioak eta noiz atera zituen adierazten duena.

5.3.5. Curriculum vitae, baloratzeko alegatzen diren merezimenduen ziurtagiriak dakartzana.

5.3.6. Memoria bat (beka-eskabidearekin batera banatuko den ereduaren araberakoa), gehienez ere bost orrialdekoa, egin beharreko ikasketa-programa deskribatzen duena, ikasturte eta ikasgaiak (lehen urtekoak bederen), hasiera eta bukaera datak, baita eskatzaileak interesgarritzat jotzen dituen datuak adieraziz. Ikastetxearen programari buruzko dokumentazio ofiziala erantsiko zaio (liburuxkak, argitaratutako inprimakiak, etab.).

5.3.7. Eskatu duen programan onartua izan dela frogatzen duen dokumentazioa, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua. Deialdi honek emandako epean dokumentazio hori bere esku ez badu, onarpen-eskaeraren kopia bidaliko du eta, beka ematen bazaio, behin-behinekoz emanen zaio ikastaroa hasi dela frogatzen duen dokumentazioa aurtengo azaroaren hogeia baino lehen aurkeztearen baldintzapean.

5.3.8. Gastuen aurrekontu xehekatua, 10. oinarrian ezarritakoaren arabera. Egonaldia, bidaia, matrikula eta aseguru-poliza.

5.3.9. Behar den hizkuntza jakitearen ziurtagiria, 2.4. puntuan ezarrita dagoen bezala. Herri hartako hizkuntza ez bada, ikastetxearen egiaztagiria, ikasketak beste hizkuntza batean egiten direla dioena.

5.3.10. Eskatzaileak bere zerga eginbeharrak eguneraturik dituela frogatzeko agiria, 2002. urteari dagokiona, organo eskudunak emana.

5.3.11. Eskatzailearen lan egoeraren berri ematen duen aitorpena.

5.3.12. Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

5.3.13 Bost minutuko bideo grabazio bat, zeinetan eskatzaileak beka zein espezializazio artistikorako eskatzen duen, horren inguruko interpretazio edo aurkezpena eginen baitu. Arte plastikoen arloan aski izanen da argazki-dosier bat aurkeztea.

5.3.14. Vianako Printzea Erakundea-Kultur Zuzendaritza Nagusiari zuzendutako idazkia, bertan beka ematen bazaio 9. puntuko atal guztietan aurreikusitako baldintza guztiak betetzeko konpromisoa adierazten duena.

5.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta hamar eguneko epea emanen du 2. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioan izaten diren akatsak zuzentzeko. Ebazpen hori ekainaren hemeretzian eta hogeian egonen da ikusgai Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko iragarki-oholean. Akatsak zuzentzeko epea ekainaren hogeita batean hasiko da.

6._Esleipena.

6.1. Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du. Zerrenda 2003ko uztailaren lauan jarriko da jendaurrean Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko iragarki-oholean.

6.2. Batzorde batek -Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko zuzendaria buru duena eta honexek izendatutako kideek osatua (Kultur Jardueren atalburua, atal horretako funtzionario edo teknikari bat eta bost aditu, bat arlo bakoitzekoa: arte plastikoak, ikus-entzunezko arteak, musika, dantza eta antzerkia), eskatzaileen merezimenduak baloratuko ditu, batik bat ondoko irizpideei jarraituz:

6.2.1. Eskatzailearen merezimendu akademikoak (laburpen-taula honetako baremoak hartuta erreferentzia gisa). Gehienez ere 15 puntu lortuko dira. Eskatutako bekaren bidez sakondu nahi diren ikasketak baizik ez dira baloratuko.

Espediente akademikoan aplika daitekeen batez besteko aritmetikoa lortzeko puntuazioa:

Nahikoa: 1.

Oso ongi: 2.

Bikain: 3.

Ohorezko matrikula: 4.

1,50 baino gutxiago 5 puntu.

1,5etik 2,00ra bitarte: 10 puntu.

2,01etik 2,50era bitarte: 12,5 puntu.

2,51tik goiti: 15 puntu.

6.2.2. Gradua lortzeko sari berezia(k). Gehienez ere 10 puntu.

6.2.3. Izangaiaren curriculum vitae-a: sariak, sariketak, erakusketak, lehiaketak, antzezpenak, ikastaroak, e.a. Gehienez ere 15 puntu, honela banatuta: 3 puntu bitarte gutxienez 10 ordukoak diren ikastaroak izanez gero, eta 12 puntu bitarte gainerako kontzeptuengatik).

6.2.4. Izangaiaren adina (erreferentzia gisa, aurtengo urriaren 1ean, laburpen taulako baremoak hartuta). Gehienez ere 10 puntuko balorazioa emanen da.

21 urte 10 puntu 18 urte 10 puntu

22 urte 9 puntu 19 urte 9 puntu

23 urte 8 puntu 20 urte 8 puntu

24 urte 7 puntu 21 urte 7 puntu

25 urte 6 puntu 22 urte 6 puntu

26 urte 5 puntu 23 urte 5 puntu

27 urte 4 puntu 24 urte 4 puntu

28 eta 29 urte 3 puntu 25 urte 2 puntu

30 urte 2 puntu 25 urte baino gehiago 0 puntu

30 urte baino gehiago 0 puntu

6.2.5. Ikasketa programaren kalitate eta interes artistikoa, eta hautatutako ikastetxearen kualifikazioa. Gehienez ere 20 puntu, honela banatuta: 10 puntu bitarte ikasketa programagatik eta 10 puntu bitarte ikastetxe hautatuaren kualifikazioagatik, ikastetxearen garrantzi akademiko eta artistikoaren arabera.

6.2.6. Ikasketak sakontzeko programa nola egokitzen zaion Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari esleitutako eginkizunei (baloratuko da, esate baterako, modalitate artistiko horretan espezialistak behar izatea eta Nafarroarako duen garrantzi artistiko eta kulturala). Gehienez ere 10 puntu emanen dira.

6.2.7. Proba baten emaitza: elkarrizketa edo entzunaldia material lagungarriarekin. Izangaia elkarrizketa edo entzunaldira aurkezten ez bada bazterturik geldituko da, arrazoia edozein izanik ere. Balorazioa: gehienez ere 20 puntu, honela banatuta: izangaiaren sormenerako gaitasuna, aurkezten den laguntza materialaren arabera _bideoa edo argazki bidezko dossierra_ 10 puntu <itarte, eta izangaiak elkarrizketan edo aurrez aurreko entzunaldian erakusten duen sormenerako gaitasuna, 10 puntu bitarte.

6.3. Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea Erakundeak eskaturik, kanpoko adituen iritzia eskatzen ahal du aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

6.4. 6.2.7. atalean aipatzen diren entzunaldiak eta/edo elkarrizketak uztailaren 15ean hasiko dira, goizeko 10etan, eta uztailaren 15ean eta 16an eginen dira, ondoko lekuotan: arte plastikoetako, ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako espezialitateak Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren egoitzan, eta antzerkia eta dantza espezialitateak Nafarroako Gobernuaren "Pablo Sarasate" Goi Mailako Musika Kontserbatorioan.

6.5. Batzordeak bekak esleitzeko proposamenak bidaliko dizkio Hezkuntza eta Kultura Departamentuari. Espezialitateren batean, izangairik ez izateagatik, bekak eman gabe gelditzen badira, Batzordeak beste arlo artistiko bati ematea proposatzen ahalko du. Deialdiaren ebazpena Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren foru aginduz emanen da, probak egin eta hilabeteko epean.

7._Laguntzak berritzeko aukera.

7.1. Laguntzak berritu ahal izateko deialdiari eta, osagarri moduan, 7. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

7.2. Interesatuek eskaturik, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ematen dituen laguntzak berritzen ahalko ditu, hasita dauzkaten ikasketen hurrengo ikasturteetarako, 6.2. atalean aipatzen den batzordeak ikasketak ongi aprobetxatu direla frogatu eta baloratuz gero.

7.3. Horretarako, egindako lana aztertuko du batzordeak. Beharrezkoa da, beraz, dokumentazio hau aurkeztea:

7.3.1. Laguntza berritzeko eskabidea. Eskabide orria Kultur Ekintza Zerbitzuan eskura daiteke (Kultur Jardueren Atala, Santo Domingo kalea, 8).

7.3.2. Aurrekontua.

7.3.3. Egindako ikastaroari buruzko ziurtagiri akademikoa, ikasleak kurtsoa gainditu duen ala ez adierazten duena kalifikazioaz gain.

7.3.4. Egindako jarduera artistikoari buruzko memoria. Memoriaren barrenean dokumentazio guztia eta ikastaroa aprobetxatu duela egiaztatzen duen materiala sartuko dira.

7.3.5. Hurrengo kurtsoko programari buruzko memoria. Bertan gaiak, ordu-kopurua eta eskolen egutegia aipatuko dira.

7.3.6. Hurrengo kurtsoan onartua izana egiaztatzen duen agiria.

7.3.7. Soldatarik edo bestelako bekarik ez izatearen aitorpena. Eskatzailearen lan-bizitzaren agiria eta eskatzailearen edo eskatzailea sarturik egon den familiaren 2002. urteko errenta aitorpena.

7.4. Bekak berritzeko eskabideak aurkezteko epea uztailaren hamaikan bukatuko da, arratsaldeko bietan.

7.5. Batzordeak eskaera bakoitzari buruzko balorazio orokor bat eta bekak berritzeko proposamenak bidaliko dizkio Hezkuntza eta Kultura Departamentuari. Proposamena 6.5. atalean aipatzen den foru aginduaren bidez onetsiko da.

7.6. Ezin izanen da, inola ere, bekarik segidan bitan baino gehiagotan berritu.

7.7. Batzordearen ustez, eskatzaileak emandako dokumentazioan ez badago behar bezain argi kurtsoa gainditu duen ala ez, elkarrizketak egin litezke egoera zein den argitzeko.

8._Gorabeherak.

8.1. Interesatuak soldatarik jasotzen badu, ezin izanen ditu jaso beka hauetan diren hilabeteko dirulaguntzak.

8.2. Eskatzaileek beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako beste dirulaguntzarik lortzen badute jarduera bererako, alda liteke dirulaguntzaren kopurua, baldin eta jasotako guztiek batera diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen badute.

8.3. Dokumentu honetan aipatzen diren beharkizunak betetzen ez badira, beka galdu eginen da. Datuak aldatu edo iruzurrak egiteak bildutako dirua itzultzera behartuko du gainera, hortik etor daitekeen erantzukizun zibil penala deusetan baztertu gabe.

9._Betebeharrak.

9.1. Beka izateak Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren hedapen artistikoen programetan parte hartzeko konpromisoa ekarriko dio onuradunari, bi aldeak ados daudela, eta parte-hartze horrek ikasketen bilakaeraren egokian oztoporik sortzen ez badu.

9.2. Onuradunak prest egon behar du Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak egiten ari den ikasketen aldizkako kontrola egin diezaion. Eskatzen zaionean aipatu ikasketen probetxamendua probatu behar du.

9.3. Behin ikasketak burututa, bekadunek Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira egindako ikasketei dagokion ziurtagiria eta ikasketen memoria bidali beharko dituzte.

9.4. Beka hauek sustatzen dituzten ikasketak zabaltzeko aldia bukaturik, onuradunek Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Departamentuak antolatzen duen kontzertu, erakusketa edo antzezpen batean parte hartuko dute.

10._Osasun laguntza.

10.1. Laguntza hauek biltzen dituzten bekadun guztiak babesturik egonen dira istripu fisikoetarako aseguru poliza baten bitartez.

10.2. Atzerrian ikasten duten bekadunek, ezin badute Gizarte Segurantzaren edo honen baliokidearen babesa ikasten duten herrialdera hedatu, bidaiako laguntzaren aseguru poliza sinatuko dute. Aseguru honek gastu medikoak eta ospitalekoak hartzen ditu ikasketa garaian gaixotu, istripua izan, sorterriratu edo hilez gero.

11._Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 27. eta 28. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa izanen da.

12._Helegiteak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko helegitea jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: A0303964