59. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

415/2003 EBAZPENA, apirilaren 7koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreak emana, Unibertsitate honetako Administrazio Kudeaketako Eskalako lanpostu huts bat betetzeko hautaprobetarako deia egiten duena.

Abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen 19. artikuluan eta martxoaren 10eko 364/95 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, azken horrek onetsi baitzuen Estatuaren Administrazio Orokorraren Zerbitzuan Langileak Sartzeko eta Estatuaren Administrazio Orokorreko Funtzionario Zibilen Lanpostuak Hornitzeko eta Sustapena egiteko Erregelamendua, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio Kudeaketako Eskalan sartzeko hautaprobetarako deia egitea.

Langileen Kudeaketa Ataleko Buruaren txostena ikusirik, zeinean baieztatzen baita ezen, Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluak onetsi duen Lanpostuen Zerrendaren arabera, badagoela B taldeko lanpostu huts bat, aurrekontu-kontusaila badaukana eta Unibertsitateak 2002 urterako onetsi duen Lan Eskaintza Publikoan ezartzen denaren arabera bete beharrekoa dena.

Kontuhartzaileak egindako txostena ikusirik.

Unibertsitateko Kudeatzaileak proposaturik.

Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 20. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, aipatu legeko 2.2 e) artikuluarekin loturik, eta Unibertsitateko Estatutuetako 40. eta 41. artikuluek ezartzen dutenaren arabera,

EBATZI DUT:

Lehena._Hautaprobetarako deia egitea, Unibertsitateko Administrazio Kudeaketako Eskalan lanpostu huts 1 betetzeko.

Bigarrena._Deialdia arautuko duten oinarriak, Ebazpen honekin batera doazenak, onestea.

Hirugarrena._Sortzen den gastua honako kontusail hauei egotziko zaie: AZLen Oinarrizko Lansariak, AZLen Lansari Osagarriak eta 2003 ekitaldiko gastuen aurrekontuko I. kapituluko Gizarte Segurantza kontusailei.

Laugarrena._Ebazpen hau, baita dagokion iragarkia ere, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

Bosgarrena._Ebazpen honek, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 6.4. artikuluak ezartzen duenaren arabera, administrazio bidea agortzen du, eta nahi bada, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke Errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarren kasuan, biak ere, Ebazpen hau jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren zazpian._Errektorea, Antonio Pérez Prados.

O I N A R R I A K

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Unibertsitate honetako Administrazio Kudeaketako Eskalan karrerako funtzionario izateko lanpostu huts bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Deialdi honek aipatzen duen eskalako lanpostu huts gehiago geldituko balitz Unibertsitatean, huts horiei dagozkien lanpostuak eta 1.1. atalean eskainitakoa metatu ahal izango dira, Unibertsitateko Errektoreak emandako ebazpenaren bidez. Hori oposizio-aldiaren azken ariketa egin baino lehen gertatuko da, eta baimena emango da lanpostu horiek deialdi honen helburu diren hautaprobetan betetzeko.

1.3. Hautaprobak egiteko honako arau hauetan xedatuari jarraituko zaio: Funtzio Publikoa Eraberritzeari buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legea, martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretua, Unibertsitateko Estatutuak eta deialdi honetan dauden arauak.

2._Izangaiek bete beharrekoak.

2.1. Hautaprobetan onartuak izateko izangaiek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako eta Europar Batasuneko estatuetako edo aipatu nazioarteko itunetan onartutako estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartu ahal izango dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hemezortzi urte beteta eta hirurogeita bost egin gabe izatea.

c) Unibertsitateko Diplomadun titulua, Ingeniari Teknikoarena, Arkitekto Teknikoarena edo baliokidea edukitzea, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulua edukitzeko moduan egotea. Abuztuaren 2ko 30/1984 Legeko bosgarren xedapen iragankorrak ezartzen duenarekin bat etorriz, lizentziaturako hiru ikasturte osorik gainditu izana Unibertsitateko Diplomadunaren baliokidetzat hartuko da.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria.

d) Egin beharko dituen eginkizunak egiten galarazten dion gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea.

Espainiako hiritartasuna ez dutenek frogatu egin beharko dute funtzio publikoan sartzea galarazten dien diziplinako zehapenik edo zigor kondenarik ez dutela.

2.2. Aurreko arauetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta karrerako funtzionarioaren jabetza hartu arte beteko dira.

3._Eskaerak.

3.1. Hautaproba hauetan parte hartu nahi dutenek IV. Eranskinean argitara emandako eskabidean asmo hori jakinaraziko dute. Eskabidearekin batera hauek aurkeztuko dira:

a) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo haren hiritartasuna eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokidearen fotokopia.

b) Deialdian eskatutako tituluaren kopia egiaztatua edo eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria.

c) Azterketa egiteko eskubideak ordaindu direla erakusten duen bankuaren agiria, 3.5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

3.2. % 33eko edo hortik gorako ezgaitasuna duten lehiatzaileek denbora edo baliabideen egokitzapena behar badute ariketak egin ahal izateko, eskabidearen 8) atalean adierazi beharko dute zein egokitzapen eskatzen duten. Atal hau betetzen ez bada, ulertuko da oposizio-aldiko ariketak egiteko ez dutela inolako egokitzapenik behar.

3.3. Euskararen ezagutzari buruzko borondatezko proba, lehiaketa-aldikoa, egin nahi duten lehiatzaileek eskabideak horretarako duen atalean adieraziko dute esaldi honekin: "Hizkuntzari buruzko proba borondatezkoa". Hautaprobetara onartua izateko eskabidean jasota ez badago, ez da onartuko eskaerarik borondatezko proba hori egiteko.

3.4. Deialdian parte hartu ahal izateko eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Administrazio eta Kudeaketa Eraikina. Beheko solairua. Arrosadiko Campusa, 31006 Iruñea), Beheko solairua. edo, bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Administrazio Publikoen Eraentza Juridiko eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 38.4 artikuluak aurreikusten dituen moduetako baten bidez, hogei egun naturaleko epean, deialdi hau Estatuko Aldizkari Ofizialean-BOEn argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektore jaunari bidaliko zaizkio.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

3.5. Azterketa-eskubideak izateko 18 euro ordainduko dira, eta Nafarroako Kutxako 2054.02.14.72.3000019010 zenbakiko kontu korrontean sartuko dira, "Hautaprobak-Administrazio Kudeaketako Atala" identifikazioa emanda.

Azterketako eskubideak ordaintzeak ez du inoiz ere ordeztuko eskabidea epearen barnean, modu egokian eta 3.4. oinarrian aipatutako organoaren aurrean aurkeztearen tramitea.

Tasak ordaintzetik salbuetsita egongo dira:

a) % 33ko edo gehiagoko ezgaitasuna dutenak, hori egiaztatzen badute.

b) Hautaproben deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean egin aurretik hilabetez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon direnak. Salbuetsita egoteko baldintza izango da kasuko epean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana, eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeko uko egin ez izana, justifikaturiko arrazoirik ez badago. Hori egiaztatzeko dagokion Enplegu Bulegoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez badu, tasa ez ordaintzeagatik izangaia baztertua izango da.

3.6. Izangaiek aurkeztutako agiriak berreskuratu ahal izango dituzte, berariaz eskatzen badute, izendapena egiten duen Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik aurrera. Aipatu egunetik aurrera, eta urtebeteko epearen barruan, agiriak bereganatzen ez dituztenek uko egiten diote agiriak berreskuratzeari, eta hortaz, horretarako eskubidea galduko dute.

4._Izangaiak onartzea.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreak ebazpena emango du, gehienez hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dena. Horretan onartu eta baztertuen zerrenda onetsitzat emango da, bigarren kasuan baztertzearen zergatia azalduko delarik, eta, gainera, lehen ariketa noiz eta non izango den jakinaraziko da.

4.2. Baztertuek hamar eguneko epea edukiko dute baztertuta gelditzeko egin duten akatsa konpontzeko, Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Onartu eta baztertuen zerrenda behin betikoz onesten duen ebazpenaren aurka, administrazio bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektorearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hori argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi- errekurtsoa maila bereko Nafarroako Auzitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

4.3. Azterketako eskubideen zenbatekoa ofizioz itzuliko zaie soilik hautaprobetatik behin betikoz baztertuak izan direnei.

5._Epaimahaia.

5.1. Hautaprobak kalifikatuko dituen Epaimahaia deialdi honetako II. Eranskinean datorrena da.

5.2. Epaimahaiko kideek ezin izango dute jardun, eta halaxe jakinaraziko diote Errektoreari, Eraentza Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 28. Artikuluak ezartzen dituen gorabeherak gertatzen direnean, edo eta deialdi hau argitaratu eta lehenagoko bost urteetan hautaprobetarako izangaiak prestatzeko lanak egin badituzte.

Halaber, izangaiek Epaimahaiko kideak errefusatu ahalko dituzte, oinarri hauetan aipatzen diren inguruabarrak gertatzen direnean.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen, deialdia egiten duten agintariek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dute Ebazpen bat, zeinak izendatuko baititu 5.2 oinarrian aipatzen diren arrazoietakoren batengatik epaimahaiko kide izaera galdu duten kideen ordezkoak.

5.4. Epaimahaiburuak hala deiturik, Epaimahaia eratuko da, eta han egongo dira, gutxienez, Epaimahaiburua, Idazkaria eta kideen erdiak, gutxienez, titularrak edo ordezkoak. Bilera horretan Epaimahaiak hautaprobak behar bezala egin ahal izateko beharrezkoak diren erabaki guztiak hartuko ditu.

5.5. Hautaprobak egin bitartean arautegi hau interpretatzeak eta aplikatzeak sorraraz ditzaketen zalantzak Epaimahaiak garbituko ditu, eta hautaprobak aurrera egin ahala arautegian aurreikusten ez diren eta sor litezkeen auziak ebazteko neurriak hartuko.

Epaimahaiaren jardunak, uneoro, Eraentza Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko Legeak ezartzen duenaren arabera gauzatuko da.

5.6. Epaimahaiak erabaki lezake bere lanetan laguntzaile bereziak sartzea, egoki jotzen dituen ariketetan, laguntzaile hauen eginbeharra beren berezitasun teknikoen alorrera mugatuko delarik. Laguntzaile hauen izendapena Unibertsitateko Errektoreari jakinarazi beharko zaio.

5.7. Epaimahai kalifikatzaileak neurri egokiak hartuko ditu hau beharrezkoa den kasuetan, elbarritasun edo ezintasunak dituzten izangaiek gainontzeko izangaien baldintza berberak eduki ditzaten ariketak egiteko orduan, 3.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

5.8. Epaimahaiburuak egoki jotzen dituen neurriak hartuko ditu oposizio aldian idatziz egingo diren eta irakurri behar ez diren ariketak zuzen daitezela izangaiak nortzuk diren jakin gabe.

5.9. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, Epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa Eraikina izango da.

5.10. Epaimahaiak bigarren kategoria edukiko du, maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuak zerbitzu-arrazoiengatiko kalte- ordainei buruz ezartzen duenaren arabera.

5.11. Epaimahaiak ezin izango du inoiz aldarrikatu deitu diren lanpostuak baino izangai gehiagok gainditu dituztela hautaprobak. Ezarritakoaren kontra doan edozein proposamen erabat deuseza izango da, martxoaren 10eko 364/95 Errege Dekretuak onetsitako Estatuko Administrazioaren Zerbitzuan Langileak Sartzeko Erregelamenduaren 25.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5.12. Hautaprobak bukatzen direnean, Epaimahaiak zerrenda ordenatu bat prestatuko du, "Kontratazio eta izendapen-zerrendak prestatzeko eta kudeatzeko prozedura arautzen duen Erabakia" izenekoak ezartzen dituen irizpideen arabera, zeinean lanposturik lortu ez duten izangaiak agertuko baitira, hala badagokio behin-behineko funtzionario izendatu ahal izateko, edo aldi baterako kontratatu ahal izateko, baldin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko langile-beharrak hala eskatzen badu. Aipatu zerrenda hori Giza Baliabideen Zerbitzura bidaliko da, eta zerbitzu honek Administrazio eta Kudeaketa Eraikineko iragarki-oholean argitaratuko du.

6._Hautatze prozesua.

Izangaiak hautatzeko prozesuak honako aldi hauek edukiko ditu:

A) Oposizioa:

A.1._Lehenengo ariketa. Bi proba izango ditu:

Epaimahaiak erabaki dezake ariketa saio batean edo gehiagotan egitea, baita probetako bakoitza deialdi bereizietan egitea ere.

Lehenengo proba:

Aukera anitzeko galderak dituen test baten galderei idatziz erantzun beharko zaie. Testak erantzun zuzen bakarreko galderak izango ditu, eta deialdi honen I. Eranskinean dauden gaiei buruzkoa izango da.

Lehen ariketa egiteko denbora ezin izango da 90 ordu baino luzeagoa izan.

Bigarren proba:

Deialdi honetako I Eranskinean agertzen den programako hiru gai idatziz garatzea. Izangaiek epaimahaiak zoriz ateratzen dituen bi gaietako bat aukeratuko dute, gaien programa osatzen duten zati bakoitzetik.

Bigarren ariketa egiteko denbora ezin izango da lau ordu baino luzeagoa izan.

Izangai bakoitzak irakurriko du proba hau Epaimahaiaren aurrean, jendaurreko ekitaldian.

Irakurtzen ari den bitartean, epaimahai kalifikatzaileko kideek galderak egin ahal izango dizkiote lehiatzaileari garatu dituen gaien gorabeherei buruzkoak.

A.2._Bigarren ariketa:

Epaimahaiak proposatuko dituen bi kasu praktiko edo gehiago ebatzi beharko dituzte izangaiek, programan agertzen diren gaiekin loturikoak, baita deitu den lanpostuari datxezkion eginbeharrekin loturik ere.

Bigarren ariketa egiteko denbora ezin izango da lau ordu baino luzeagoa izan.

Izangai bakoitzak irakurriko du ariketa hau Epaimahaiaren aurrean, jendaurreko ekitaldian.

Irakurtzen ari den bitartean, epaimahai kalifikatzaileko kideek galderak egin ahal izango dizkiote lehiatzaileari egindako kasu praktikoekin zerikusirik duten gaiei buruz.

A.3._Hirugarren ariketa:

Hainbat proba psikotekniko egin beharko dira, deitutako lanpostuei datxezkien eginbeharretan aritzeko izangaiek duten egokimena neurtu ahal izateko. Nafarroako Gobernuko Administrazio Publikoko Institutuak duen Psikologia Aplikatuko Zerbitzuak egingo du proba hori, erakunde horrek ezarriko dituen saioetan.

A.4._Oposizioko ariketak balioesteko modua:

Lehenengo ariketa:

Lehenengo proba: 0tik 10era puntu emango zaizkio, eta gutxienez ere 5 puntu beharko dira gainditzeko. Proba honetan huts egindako erantzunak modu negatiboan balioetsi ahal izango dira, probak hasi baino lehenago epaimahaiak erabakiko duten proportzioan.

Bigarren proba: Gai bakoitzari 0tik 10era puntu emango zaizkio, eta beharrezkoa izango da proba hau gainditzeko, gutxienez 4 puntu izatea gai bakoitzean, betiere, izangaiak probaren balioespen osoan, 15eko gutxienezko puntuazioa erdiesten badu.

Izangai bakoitzak bi probetako bakoitzean erdietsitako puntuazioen batura izango da lehenengo ariketako puntuazio osoa.

Bigarren ariketa:

0tik 30era puntu emango zaizkio, eta gutxienez ere 15 puntu beharko dira gainditzeko.

Hirugarren ariketa:

Ariketa honen kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izango da. "Gai" kalifikazioa erdiesten dutenek bakarrik gaindituko dute ariketa.

B) Lehiaketa:

Ondoren zehazten den baremoaren arabera izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak balioetsiko dira. Lehiaketa aldiko atal bakoitzari dagozkion merezimenduak batu, eta erdietsitako puntuazioa inoiz ere ez da izango 30 puntu baino gehiagokoa. Horretan erdietsitako puntuazioa oposizio aldia bukatutakoan argitaratuko da, eta bi aldietako puntuazioen batura izango den behin betiko puntuazioa argitara eman aurretik.

Oposizio aldia gainditu duten izangai guztiek agiriaren bidez frogatu beharko dituzte alegatutako merezimendu guztiak, oposizio aldiko emaitzak jakinarazi eta hamar egun naturalen epean, dela jatorrizko agiriaren bidez, dela administratiboki egiaztaturiko kopien bidez, deialdi honetan ezartzen den baremoaren arabera.

Merezimenduak balioesteko kontuan hartuko dira, bakarrik, 3.2 oinarriak aipatzen duen eskaerak aurkezteko epera arte lortu direnak, egun hori eta gero lortutakoak baliogabeak direlarik.

Lehiaketa aldiko B.1. puntuaren a) eta b) merezimenduak egiaztatzeko, izangaiek emandako zerbitzuen egiaztagiriaren jatorrizkoa edo fotokopia egiaztatua aurkeztu beharko dute, zerbitzua non eman duten, erakunde horretako langileen unitateak egina.

Lehiaketa aldiaren B.2.1 eta B.2.2 puntuen merezimenduak eta B.3.1, B.3.2. eta B.3.3 puntuetakoak egiaztatzeko, izangaiek alegatzen dituzten titulazio eta ikastaroen fotokopia eta jatorrizkoa aurkeztu beharko dituzte.

B.1._Merezimendu profesionalak: honako merezimendu hauek balioetsiko dira, eta atal honetako gehienezko puntuazioa 16,5 puntukoa izango da:

a) Eskaerak aurkezteko epea bukatzean unibertsitate publikoetan zerbitzu ematen egindako hilabete bakoitzeko, deialdiko lanpostuei dagozkien eginkizun antzekoetan, 0,35 puntu. Gehienez ere, bost urte hartuko dira kontuan.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzean unibertsitate publikoa ez den edozein administrazio, erakunde edo erakunde publikotan zerbitzu ematen egindako hilabete bakoitzeko, deialdiko lanpostuei dagozkien eginkizun antzekoetan, 0,15 puntu. Gehienez ere, bost urte hartuko dira kontuan.

B.2._Euskara eta beste hainbat hizkuntzari buruzko ezagutza: honako merezimendu hauek balioetsiko dira, eta atal honetako gehienezko puntuazioa 9 puntukoa izango da:

B.2.1._Euskara:

a) Euskara Gaitasun Agiria (EGA) edo titulazio ofizial baliokidea edukitzeagatik, 6,75 puntu.

b) Euskarazko Oinarrizko Zikloaren ziurtagiri ofiziala edo titulu ofizial baliokidea edukitzeagatik, 4,5 puntu. Bateraezina izango dira balioespen hau eta aurreko atalak aipatzen duen merezimenduarena.

c) a) eta b) atalek aipatzen dituzten titulazioak egiaztatzeko moduan ez dauden izangaiek, nahi izanez gero, daukaten euskara maila balioesteko proba egin ahal izango dute. Proba hori borondatezkoa eta merezimenduzkoa izango da eta 0tik 2,7ra bitarteko puntuazioa izango du. Proba hau 7.6. oinarrian ezarritakoari jarraituz egingo da.

B.2.2._Beste hizkuntza batzuk:

a) Europar Batasuneko edozein hizkuntza ofizialen Gaitasun Agiria, Hizkuntza Eskola Ofizialek ematen dutena, edukitzeagatik edo, bestela, titulazio ofizial baliokide eta homologatua, 4,95 puntu hizkuntza bakoitzagatik.

b) Europar Batasuneko edozein hizkuntza ofizialen Oinarrizko Zikloaren Ziurtagiri Ofiziala, Hizkuntza Eskola Ofizialek ematen dutena, edukitzeagatik edo, bestela, titulu ofizial baliokide eta homologatua, 3,15 puntu hizkuntza bakoitzagatik.

B.3._Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 4,5 puntu emango zaie.

B.3.1._Beste titulazio batzuk edukitzeagatik, betiere, izangaiek ez badituzte alegatu 2 1 c) oinarrian eskatutakoa betetzeko, gehienez ere, 2 puntu emango zaizkie, eskala honen arabera:

a) Unibertsitate lizentziadunaren tituluren bat edo baliokidea edukitzeagatik, 2 puntu.

b) Unibertsitate diplomatudunaren tituluren bat edo baliokidea edukitzeagatik, puntu 1.

B.3.2._Erakunde eta instituzio publikoek antolatutako ikastaroak egin dituztenean, izangaiei 0,1 puntu emango zaizkie 10 prestakuntza ordu-tarte bakoitzeko, eta balioetsiko zaien gehienezko puntuazioa puntu batekoa izango da egindako ikastaro bakoitzeko; atal honetako gehienezko puntuazioa ez da 2,5 puntu baino gehiagokoa izango.

Deialdiaren xedea den lanpostuaren funtzioekin loturiko gaiekin zerikusirik duten ikastaroak balioetsiko dira bakarrik.

B.3.3._ISBN duten argitalpen ofizialengatik, kultur arlokoak edo kulturaren kudeaketarekin loturikoak, gehienez ere 2 puntu.

7._Ariketak egiteko modua.

7.1. Oposizio aldiko lehen ariketa 2003ko irailetik aurrera egingo da.

7.2. Oposizio aldiko hiru ariketetako probak baztergarriak izango dira; baztertu egingo dituzte bakoitzean eskatutako gutxienezko puntuazioa erdiesten ez duten lehiatzaileak.

Izangaiak ez badu gainditzen lehenengo ariketak dauzkan probetako lehendabizikoan eskatutako gutxienezko puntuazioa, epaimahaiak ez dio kalifikazioa emango bigarrenean edo hurrengoetan.

Halaber, oposizio aldiko ariketetako bakoitza baztergarria izango da; baztertu egingo dute ariketa horietako bakoitzean eskatzen den gutxienezko puntuazioa erdietsi ez duen izangaia.

7.3. Epaimahaiko kideek noiznahi eska diezaiekete izangaiei nortasuna egiazta dezatela.

7.4. Izangaiak oposizio aldiko ariketa egiteko deituko dituzte, deialdi bakarrean, eta agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira, ezinbesteko kasuetan salbu, beti ere Epaimahaiaren aurrean justifikatu eta honek justifikazioa onartu eta gero.

Izangaiak deitzeko ordena alfabetikoari jarraituko zaio, Administrazio Publikorako Estatuko Idazkaritzak urtero egiten duen zozketaren ondoren ateratzen den letratik hasita.

7.5. Hautaproben edozein unetan, Epaimahaiak jakiten badu izangaietakoren batek ez dituela deialdi honetan eskatzen diren betebeharreko guztiak, eta interesdunari entzun ondoren, Unibertsitateko Errektoreari proposatu beharko dio izangai hori baztertzeko, eta esan beharko dio, halaber, zein zehazgabetasun edo faltsukeria jarri dituen izangaiak hautaprobetara onartua izateko eskaeran, horrek bere ondorioak sor ditzan.

7.6. Euskararen ezaguera neurtzeko borondatezko proba, lehiaketa aldiko B.2.1 c) atalak aipatzen duena, oposizio aldiaren ondoren egingo da. Egin ahal izateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiaren laguntza eskatuko da. Proba egiteko eguna eta ordua ezarriko dituen deialdia Unibertsitateko Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean jarriko da. Proba osoa euskaraz egingo da, eta atal hauek izango ditu:

a) Proba idatzia, gramatika edukiak eta adierazpen idatzia balioetsiko dituena.

b) Ahozko proba, ulermena eta mintzamena neurtuko dituena.

8._Gainditu dutenen zerrenda.

8.1. Lehenengo ariketa eta hurrengoak bukatu eta gero, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda jarriko du, ariketa egin den tokian eta Administrazio eta Kudeaketa Eraikineko iragarki-oholean, bakoitzak erdietsi duen puntuazioaren arabera sailkaturik eta nortasun agiri nazionala adierazita duela. Zerrenda horretan jakinaraziko da, baita ere, oposizio aldiko hurrengo ariketa non, noiz eta zer ordutan egingo den, egin aurretik, gutxienez ere, 24 ordu lehenago.

8.2. Oposizio aldia bukaturik, epaimahaiak oposizio aldia gainditu duten izangaien zerrenda ariketa egin den tokian eta Administrazio eta Kudeaketa Eraikineko iragarki-oholean jarriko du, bakoitzak erdietsi duen behin betiko puntuazioaren arabera sailkaturik, ariketa bakoitzean erdietsitakoak batu eta gero, eta nortasun agiri nazionala adieraziz.

8.3. Epaimahaiak izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko du, lortu duten behin betiko postuaren arabera antolatuta, oposizio aldian eta lehiaketa aldian lortu dituzten puntuazioak batu eta gero.

Hautaproben azken emaitzan gertatzen diren berdinketak ebazteko, lehen ariketan puntuaziorik altuena lortu duenaren alde egingo da; berdinketak segitzen badu, bigarren ariketan puntuaziorik altuena lortu duenaren alde egingo da, eta hala ere berdinketak irauten badu, lehiaketa aldian puntuazio handiena duenaren alde ebatziko da.

8.4. Epaimahaiak jendaurrean jakinaraziko du hautaprobak gainditu dituztelako aldarria, eta oposizio aldian eta lehiaketa aldian lortu dituzten puntuak batuz, punturik gehien lortu duten izangaiak karrerako funtzionario izendatzeko proposamena bidaliko dio Unibertsitateko Errektoreari, eta hauen kopurua ez da eskaintzen diren lanpostuen kopurua baino handiagoa izango, deialdi honetako 5.11 oinarriak ezartzen duenarekin bat etorriz.

9._Agiriak aurkeztea eta funtzionarioak izendatzea.

9.1. Hautaprobak gainditu dituzten izangaien zerrendak 8.3 oinarriak aipatutako tokietan jendaurrean jarri, eta biharamunetik kontatzen hasita, hogei egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Unibertsitateko Erregistro Orokorrean:

a) Zinpeko aitorpena edo hitz ematen duen agiria adierazteko diziplina espediente baten ondorioz lehiatzailea ez dagoela bereizita inongo administrazio publikotik, eta ez dagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko. Hori egiteko eredua deialdi honen III. Eranskinean dago.

b) Ziurtagiri mediko ofiziala, osasun gaietan eskumena duen Zuzendaritza Probintzialak edo Kontseilaritza/Sailak, dagokionak, emana, lanpostuko eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela adierazten duena.

9.2. Ezinbesteko kasuak alde batera utzita, ezarri den epearen barnean agiriak aurkezten ez dituztenak, edo agiriak aztertzearen ondorioz, 2.1 oinarrian aipatzen diren betebeharretakoren bat betetzen ez dutenak, ezin izendatuko dituzte funtzionario, eta bere jardun guztiak deuseztatu egingo dira, hasierako eskaeran faltsukeriatan ibiltzeagatik eduki lezaketen erantzukizuna galarazi gabe.

Lehengo atalean aurreikusten den kasuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreak hutsunea beteko du 8.3 atalak aipatzen duen gainditu dutenen zerrendan ondoren dagoenarekin, eta horrekin aurreko ataletan aipatu den moduan jokatuko da.

9.3. Deialdia egin duen aginteak, Epaimahai kalifikatzaileak hala proposaturik, karrerako funtzionarioak izendatuko ditu, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den ebazpenaren bidez.

10._Azken araua.

Deialdi honen aurka, bere oinarrien aurka eta horiek aplikatzearen ondorioz zein Epaimahaiaren jardunaren ondorioz gertatzen diren administrazio-egintzen aurka, behar diren errekurtsoak jar daitezke, azaroaren 26ko 30/1992 Adminisitrazio Publikoen Eraentza Juridiko eta Guztientzako Prozedura Administratiboari buruzko Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuak, ezartzen duen kasu eta moduan.

Halaber, Unibertsitateak epaimahaiaren erabakiak berraztertu ahal izango ditu, Administrazio Publikoen Eraentza Juridikoari eta Guztientzako Prozedura Administratiboari buruzko 30/1992 Legeak aurreikusten duenaren arabera.

I. ERANSKINA

Hautaproben programa

LEHENENGO ATALA ATAL OROKORRA

Administrazio zuzenbide orokorra

1._1978ko Espainiako Konstituzioa. egitura eta edukia. Konstituzioaren printzipioak eta goi balioak. Oinarrizko eskubideak eta beroriek bermatzea. Politika sozial eta ekonomikoaren printzipioak.

2._1978ko Espainiako Konstituzioa. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Administrazioa. Botere judiziala Konstituzioan. Estatuaren lurralde-antolamendua: Auzitegi Konstituzionala. Konstituzioa berritzea.

3._Europako Batasuna. Europako Erkidegoko zuzenbidea: Jatorrizko Zuzenbidea. Zuzenbide deribatua: Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europako Batasuneko politikak.

4._Europako Batasuna. Erakundeak: Kontseilua, Parlamentua, Batzordea, Justizia Epaitegia eta Kontuen Epaitegia. Europan sartzeak Espainiako Estatuaren antolamenduan eduki duen eragina.

5._Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa: egitura eta edukia. Nafarroako Parlamentua edo Nafarroako Gorteak. Gobernua edo Foru Diputazioa. Kontuen Ganbera. Nafarroako Kontseilua. Nafarroako Foru Erkidegoko Arartekoa.

6._Administrazio Zuzenbidearen iturriak. Kontzeptua eta motak. Konstituzioa, funtsezko Legea. Iturrien hierarkia. Lege organikoak eta lege arruntak. Botere Exekutiboaren lege- indarreko xedapenak. Erregelamendua: kontzeptu, klase eta mugak. Ohitura. Zuzenbidearen printzipio orokorrak. Nazioarteko Itunak. Europako Zuzenbide Komunitarioa

7._Administrazio egintza. kontzeptu, klase eta elementuak. Administrazio egintzen eraginkortasuna eta balioa. Arrazoitzea eta jakinaraztea. Berrikuspena, deuseztapena eta ezeztapena.

8._Administrazio prozeduraren arautzea, Administrazio Publikoen Eraentza Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legean, azaroaren 26koan. Edukia eta aplikatzeko eremua. Administrazio prozeduraren printzipio orokorrak.

9._Administrazio prozeduraren aldiak

10._Administrazio prozeduraren subjektuak. Denbora administrazio prozeduran. Terminoak eta epeak. Epeak zenbatzea eta aldatzea. Prozeduraren bukaera. Bukaera arrunta. Administrazioaren isiltasuna.

11._Administrazio prozedura administrazio errekurtsoaren bidean. Motak eta gaur egungo arauak. Gora jotzeko errekurtsoa, aukerako berraztertzeko errekurtsoa eta berrikusteko aparteko errekurtsoa.

12._Administrazio Publikoen zerbitzuetako funtzionarioak. Araubide juridikoa. Abuztuaren 2ko 30/1984 Legea. Garapeneko xedapenak.

13._Administrazio Publikoen zerbitzuetako funtzionarioak. Funtzionario motak: Karrerako funtzionarioak, behin-behineko funtzionarioak eta enpleguko funtzionarioak.

14._Funtzionario publikoak hautatzeko modua. Lanpostuak betetzea Funtzio Publikoan. Karrera administratiboa. Prestakuntza eta hobekuntza.

15._Funtzionarioen administrazio egoerak.

16._Funtzionarioen eskubideak eta betebeharrak. Funtzionario publikoen bateraezintasuna. Zehapen-araubidea.

17._Administrazio Publikoen zerbitzuetako lan kontratupeko langileak. Horren araubide juridikoa. Administrazio Publikoko hitzarmen kolektiboak eta lan-baldintzak zehaztea.

18._Aurrekontua. Kontzeptua eta motak. Aurrekontuen urteoroko legeak. Estatuaren aurrekontua. Ezaugarriak eta egitura. Aurrekontuetako kredituak. Aurrekontu-zikloa. Urte anintzetako gastuak.

19._Hasierako kredituak aldatzea. Kreditu-transferentziak. Aparteko kredituak. Kreditu gehigarriak. Kreditu-zabalpenak. Kreditu-inkorporazioak. Kreditu-sortzapenak. Aurrekontu- aplikazioak xehatzea.

20._Kontabilitate Publikoko Plan Orokorra. Xedeak, helburuak, aplikazio eremua eta ezaugarriak. Baloratzeko irizpideak

21._Gastuaren eta ordainketaren ordenamendua. Erakunde eskudunak. Prozeduraren aldiak. Gastuak eta ordainketak betearaztean zerikusia duten agiri kontableak.

22._Ondasunak eta zerbitzuak erosteko gastuak. Transferentzia-gastuak: Arruntak eta kapitalekoak. Inbertsio-gastuak. Ordainketak: Kontzeptua eta sailkapena. Aurrekontuetako obligazioengatiko ordainketak. Ekitaldi itxietako ordainketak. Kutxa Finkoko aurrerapenak. "Justifikatu beharreko" ordainketak. Ordain-aginduen justifikazioa.

BIGARREN ATALA BERARIAZKO ATALA

Kultura-kudeaketa

1._Kultura-jardunen legezko testuingurua. Espainiako Konstituzioak, Foru Hobetzeari buruzko Lege Organikoak eta Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak kultura-jardunei buruz egindako aipamenak.

2._Jabego Intelektualari buruzko Legea. Ondare historiko- artistikoarekin loturiko gorabeherak.

3._Kulturaren arloan eskuduntzak dituzten erakunde publikoak, nazioartekoak, nazionalak, autonomikoak eta tokian tokikoak. Europako Batasuna eta kulturaren arloa.

4._Kultura eta kultura-garapena kontzeptuak. Kulturaren balioa.

5._Kultura-kudeaketa. Teknikak eta metodoak. Kultura- kudeaketari buruzko hiztegi berariazkoa.

6._Kultura-kudeaketa komunikazioaren teknologia berrien erronkaren aurrean. Interneten kultura-kudeaketarako dauden baliabideak.

7._Unibertsitateko kultura-kudeaketaren hedapena.

8._Kultura-produktuei aplikaturiko komunikazio teknikak.

9._Giza-baliabideak kultura-kudeaketan. Helburuaren araberako zuzendaritza parte-hartzailea. Kultura- kudeatzailearen profila.

10._Kultura-eragileak.

11._Kultura-programa. Prestaketa eta aldiak.

12._Musika, antzerki eta zine programazioa: kontzeptua, helburuak eta estrategiak.

13._Kultura-proiektuak: ebaluazioa. Kultura-proiektuen kudeaketa ekonomikoa: emaitzen azterketa.

14._Kultura-programazioa Espainiako Unibertsitate Publikoan.

15._Erakusketa: kontzeptua, tipologia eta muntaia-teknika. Egitea eta ebaluatzea.

16._Unibertsitateko kultura-politika.

17._Unibertsitate komunitatea: kultura-eskaerak eta erabilerak.

18._Unibertsitate zabalpena: kontzeptua, historia, edukia, helburuak.

19._Ikuskizunei buruzko polizia-arauak Nafarroako Foru Erkidegoan.

20._Unibertsitateko kultura-elkarteak: egoerak eta ikuspegiak.

21._Kulturaren finantzazioa. Finantzazio bide berriak.

22._Interes Orokorreko Jardunetan Parte Hartzeko Hobari Fiskalei eta Fundazioei buruzko Legea. Estatu mailako Fundazioei buruzko Erregelamendua.

HIRUGARREN ATALA

Unibertsitate antolamendu eta legeak

1._Espainiako hezkuntza sistema. Egitura eta ezaugarri orokorrak. Finantzazioa

2._Abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa.

3._Unibertsitatearen autonomia LOUn, Espainiako unibertsitateetako estatutuetan eta Konstituzio Epaitegiaren jurisprudentzian.

4._Unibertsitateen funtzioak, izaera, sorrera, aitortzea eta eraentza juridikoa.

5._Unibertsitateen egitura, gobernua eta ordezkaritza. Unibertsitate Koordinaziorako Kontseilua.

6._Unibertsitateko irakasleak. Irakaskidegoetako irakasleak: Araubide juridikoa (hautaketa, administrazio- egoerak, arduraldia, lansariak). Irakaskidegoetako lanpostuak betetzea.

7._Lan kontratupeko irakasleak: Araubide juridikoa.

8._Unibertsitateko ikastegiak: kontzeptua, motak, funtzioak. Araubide juridikoa. Sorrera, antolamendua eta funtzionamendua.

9._Unibertsitateko sailak: Kontzeptua eta funtzioak. Sorrera, aldaketa eta kentzea. Egitura eta funtzionamendua.

10._Administrazio eta zerbitzuetako langileak. Funtzionarioak: Hautaketa. Araubide juridikoa. Langile kontratatuak: Kontratatzeko modalitateak. Araubide juridikoa.

11._Unibertsitateko ikasketak eta titulazioak: lehen zikloko ikasketa eta titulazioak. Bigarren zikloko ikasketa eta titulazioak. Hirugarren zikloa eta graduondoko bestelako ikasketak. Ikasketen baliokidetzak eta egokitzapenak.

12._Unibertsitateko ikasleak. Unibertsitatean sartzea. Unibertsitatean irautea. Ikaslearen estatutua: Eskubideak eta betebeharrak. Unibertsitateko gobernuan parte hartzea. Bekak eta ikasketetarako laguntzak.

13._Unibertsitateko ikaslearen mugikortasuna. Nafarroako Unibertsitate Publikoko mugikortasun-programei buruzko aipamen berariazkoa.

14._Unibertsitateen finantza-erregimena eta erregimen ekonomikoa. Aurrekontua eta aurrekontu kudeaketa.

15._Nafarroako Unibertsitate Publikoa: sorrera, aro eratzailea, bilakaera eta gaurko egoera.

16._Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egitura. Sailak, Fakultateak / G.M.E.T. eta U.E., Unibertsitate Institutuak. Beste hainbat zentro.

17._Ikasketak eta irakaskuntzak Nafarroako Unibertsitate Publikoan: Arautegia.

18._Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak.

II. ERANSKINA

Hautaprobetarako epaimahaia

_Epaimahai titularra:

Epaimahaiburua: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen eta Unibertsitate Zabalpenerako Errektoreorde andrea.

Mahaikideak: Enrique Jaurrieta Linzoáin jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultur Ataleko Burua.

Nafarroako Gobernuak izendatu beharreko ordezkari bat.

Administrazio eta Zerbitzuetako Funtzionarioen Batzordeak izendatutako bi ordezkari.

_Epaimahai ordezkoa:

Epaimahaiburua: Idazkari Nagusia edo hark eskuordetutakoa.

Mahaikideak: Ricardo Pita Macaya jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Argitalpen Ataleko Burua.

Nafarroako Gobernuak izendatu beharreko ordezkari bat.

Administrazio eta Zerbitzuetako Funtzionarioen Batzordeak izendatutako bi ordezkari.

IV. ERANSKINA

Funtzionario izateko hautaprobetarako onarpen-eskaera

Iragarkiaren kodea: A0303972