59. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

37/2003 FORU AGINDUA, apirilaren 9koa, Osasun kontseilariak emana, legionellaz kutsatzeko arriskua duten instalazioetan higiene eta osasuneko mantentze lanak egiten dituzten langileen prestakuntza ikastaroak homologatzeko prozedura arautzen duena.

Uztailaren 27ko 909/2001 Errege Dekretuak higiene eta osasuneko irizpideak ezartzen ditu legionelosiaren aurkako aurreneurriei eta kontrolari buruz. Dekretu horren 14. artikuluak dioenez, legionellaz kutsatzeko arriskua duten instalazioetan higiene eta osasuneko mantentze lanak egiten dituzten langileek ikastaroak egin behar dituzte, Osasun eta Kontsumo Ministerioak berariaz homologatzen dituenak.

Duela gutxi, otsailaren 7ko SCO/317/2003 Aginduaren bidez, Osasun eta Kontsumo Ministerioak langileen prestakuntzarako ikastaro horiek homologatzeko prozedurak eta bete behar dituzten gutxieneko baldintzak ezarri ditu.

Osasun eta Kontsumo Ministerioko Osasun Publikoaren zuzendari nagusiak, 2003ko martxoaren 21eko erabakiaren bidez, Nafarroan eginen diren ikastaroen gutxieneko edukia homologatu du, goian aipatu aginduaren hirugarren puntuan aurreikusi bezala. Horrenbestez beharrezkoa da prozedura arautzea, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean horrelako prestakuntza jarduerak egin nahi dituzten entitateei ikastaroak egiteko baimena emateko.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan prestakuntzako zenbait jarduera egin nahi dituzten entitateei ikastaroak egiteko baimena emateko modua arautzea, otsailaren 7ko SCO/317/2003 Aginduan ezarritakoari jarraituz, horren bidez arautzen baitira uztailaren 27ko 909/2001 Errege Dekretuan aipatutako instalazioetan higiene eta osasuneko mantentze lanak egiten dituzten langileen prestakuntza ikastaroak homologatzeko prozedurak.

2. artikulua. Prestakuntza entitateak.

Foru agindu honi dagokionez, prestakuntza entitateak pertsona fisiko edo juridikoak dira, publikoak nahiz pribatuak, uztailaren 27ko 909/2001 Errege Dekretuan aipatzen diren instalazioetan higiene eta osasuneko mantentze lanak egiten dituzten langileentzat prestakuntza jarduerak antolatu nahi dituztenak.

3. artikulua. Prestakuntza entitateen gutxieneko baldintzak eta betebeharrak.

Nafarroako Foru Komunitatean prestakuntza entitateek gutxieneko baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Irakasle lizentziadun edo diplomadunak izatea, eranskinean dagoen programako gaietan adituak, prestakuntza eta esperientzia egiaztatuak dituztenak, irakasle horiek eman beharko baitute prestakuntza.

2. Prestakuntza jarduerak egiteko behar diren baliabideak izatea, eta ebaluazio bide egokiak ere bai, emandako prestakuntzaren eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko.

3. Osasun Publikoaren Institutuari, ikastaroa amaitu eta zazpi eguneko epean, ebaluazio proba gainditu duten ikasleen zerrenda ematea, argi adieraztea ikastaroa zein egunetan eta non egin den, eta ikastaroa gainditu duten ikasleen izenak, bi deiturak eta nortasun agirien zenbakiak eranstea.

4. artikulua. Ikastaroen baldintzak.

Ikastaroen edukia, gutxienez ere, I. eranskinean dagoen programa izanen da.

5. artikulua. Baimena ematea eta elkarren ikastaroen onarpena.

1. Osasun Publikoaren Zerbitzuko zuzendaritzari dagokio ikastaroak egiteko baimena ematea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan prestakuntza jarduerak egin nahi dituzten entitateei, eta bai elkarren ikastaroen onarpena ere, beste autonomia erkidego batzuek edo Ceutako eta Melillako hiriek baimendutako ikastaroei dagokienez.

Horretarako, 3. artikuluko gutxieneko baldintzak betetzen dituzten prestakuntza entitateek Osasun Publikoaren Institutuari eskaera aurkeztu behar diote, II. eranskineko ereduari jarraituz egina, eta agiri hauek erantsi behar dituzte:

a) Irakasleen zerrenda: izenak, tituluak eta esperientzia.

b) Memoria, honako atalekin: Egin nahi duten prestakuntza programaren eduki zehatza, iraupena (teoria eta praktika orduen kopuruak), ikastaro bakoitzean gehienez parte har dezaketen ikasleen kopurua, metodologia, material didaktikoa, ebaluatzeko metodoak, prestakuntzaren ziurtagiriaren eredua, tokia, praktiketan bisitatuko diren arriskuko instalazioak eta praktikak egiteko erabiliko diren materialak.

c) Beste autonomia erkidego batzuek emandako baimenen kopiak, hala behar denean.

Baimena lortzeko bete behar izan ziren baldintzetan edozein aldaketa gertatuz gero, Osasun Publikoaren Zerbitzuko zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio.

Osasun Publikoaren Zerbitzuko zuzendaritzak baimena baliorik gabe utzi ahal izanen du, foru agindu hau betetzen ez bada.

2. Ikastaro baterako baimena lortuz gero, prestakuntza entitateak nahi adina aldiz eman ahal izanen du ikastaro hori, baina 15 egun lehenago gutxienez, Osasun Publikoaren Institutuari jakinarazi beharko dizkio ikastaroa egiteko eguna, ordua eta tokia. Jakinarazpen horrekin batera ziurtagiria aurkeztuko du, hasierako baimena lortzeko bete behar izan zituen baldintzak ez direla aldatu frogatzeko.

6. artikulua. Erregistroa.

Baimendutako ikastaroen erregistroa sortuko da, Osasun Publikoaren Institutuari atxikia. Erregistro publikoa izanen da.

7. artikulua. Prestakuntzaren kreditazioa.

Baimendutako ikastaroak ematen dituzten entitateek, ebaluazio probak egin ondoren, ikastaroa aprobetxatu izanaren ziurtagiri bana emanen diete ikastaroan izena emanda parte hartu eta probak gainditu dituzten ikasleei. Ziurtagirian datu hauek sartuko dira, gutxienez:

_Prestakuntza eman duen entitatea identifikatzeko datuak, eta sustatzailearenak, halakorik badago.

_Ikastaroaren izena.

_Baimenaren data, ikastaroak Nafarroako erregistroan duen zenbakia, eta baimenari buruzko ebazpen administratiboaren aipamena.

_Prestakuntza ikastaroaren data, iraupena, eta ordu teorikoen eta ordu praktikoen kopuruak.

_Ebaluazio probak gainditu dituen ikaslearen izena, bi deiturak eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia.

_Ziurtagiria non eta noiz eman den.

_Prestakuntza entitatearen legezko ordezkariaren sinadura eta entitatearen zigilua.

Prestakuntzaren ziurtagiriak bost urteko indarraldia izanen du, gehienez ere. Ziurtagiria berriztatzeko, eranskineko gaietan gertatutako aurrerapen zientifiko-teknikoetara moldatzeko saioa egin beharko da, gutxienez hamar ordukoa. Besteak beste, osasun publikoari eta lan osasunari buruzko legeen berrikuntzak ikasiko dira, puntu kritikoak identifikatuko dira eta kontrol programak prestatuko dira.

8. artikulua. Ikuskapena, zainketa eta zehatzeko araubidea.

Osasun Publikoaren Zerbitzuari dagokio, bere organo teknikoen bitartez, foru agindu honen aplikazio eremuko jarduerak zaindu eta ikuskatzea.

Foru agindu honen xedapenak urratzen dituztenek zehatuak izanen dira Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legean eta osasunaren eremuko zehapen prozedura arautzen duen urtarrilaren 22ko 48/1996 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituz.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru agindu honek indarra hartu arte legionellaren aurkako berrikuspen, garbiketa eta desinfekzio lanak egiten dituzten enpresek sei hilabeteko epea izanen dute, honako honek indarra hartzen duenetik, beren langileei prestakuntza emateko, foru agindu honi jarraituz baimendutako ikastaroen bitartez.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren bederatzian._Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

I. ERANSKINA

Legionellaz kutsatzeko arriskua duten instalazioetan higiene eta osasuneko mantentze lanetan aritzen diren langileek Nafarroan eginen dituzten prestakuntza ikastaroen gutxieneko programa.

1. Legionelosiak osasunerako duen garrantzia (hiru ordu).

Agentearen biologia eta ekologia.

Eritasunaren kate epidemiologikoa.

Zainketa epidemiologikorako sistemak.

Arriskua duten instalazioak.

2. Legeen eremua (1) (hiru ordu).

Legionelosiaren aurkako aurreneurriei dagokienez, langileen prestakuntza eguneratua barne dela, enpresek duten erantzukizunaren oinarri juridiko nagusiak.

Legionelosiaren aurkako aurreneurriei eta kontrolari buruzko arauak, substantzia eta prestakin arriskutsuei buruzkoak, giza kontsumorako urari buruzkoak, pestizida eta biozidei buruzkoak, eraikinetako bero instalazioei eta lantegietako isuriei buruzkoak.

3. Garbitu eta desinfektatzeko arau orokorrak (hiru ordu).

Uraren kimikaren gaineko ezaguera orokorrak.

Ongi garbitu eta desinfektatzeko jokabide egokia.

Produktu motak: desinfektagarriak, inkrustazioaren aurkakoak, herdoilaren aurkakoak, neutralizatzaileak etab.

Produktuen erregistroa. Desinfektagarri baimenduak.

Beste desinfekzio mota batzuk: fisikoak eta fisikokimikoak.

4. Osasun publikoa eta lan osasuna (bi ordu).

Araudia.

Produktu kimikoak erabiltzearen arriskuak.

Produktu kimikoak erabiltzeak osasunari egiten ahal dizkion kalteak.

Aurreneurriak.

5. 909/2001 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartzen diren arriskuko instalazioak (lau ordu).

Diseinua, funtzionamendua eta ereduak.

Mantendu eta tratatzeko programa.

Laginak hartzea.

Analisien bidezko kontrolak.

6. Puntu kritikoak identifikatzea. Kontrol programak prestatzea (bi ordu).

7. Praktikak (zazpi ordu).

Instalazioak ikusteko bisitak.

Laginak hartzea eta neurketak in situ egitea.

Produktu kimikoen etiketen esanahia.

Produktuen disoluzioak prestatzea kontzentrazio desberdinekin.

Mantentze lanen erregistro-orriak betetzea.

8. Ebaluazioa.

Ikastaroko gaiei buruzko proba idatzia (ordubete).

(1) Legeria:

909/2001 Errege Dekretua, uztailaren 27koa, legionelosiaren aurkako aurreneurriei eta kontrolari buruzko higiene eta osasuneko irizpideak ezartzen dituena, eta 298/2001 Foru Dekretua, urriaren 15ekoa, Nafarroan 909/2001 Errege Dekretua aplikatzeko arauak ematen dituena.

363/1995 Errege Dekretua, substantzia berrien sarrera jakinarazi eta substantzia arriskutsuak sailkatu, ontziratu eta etiketatzeko erregelamendua onesten duena, eta 255/2003 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, prestakin arriskutsuak sailkatu, ontziratu eta etiketatzeko erregelamendua onesten duena.

140/2003 Errege Dekretua, otsailaren 7koa, giza kontsumorako uraren kalitateari buruzko irizpideak ezartzen dituena osasunari dagokionez.

3349/1983 Errege Dekretua, azaroaren 30ekoa, pestizidak fabrikatu, merkaturatu eta erabiltzeko osasun-arau teknikoak onesten dituena; 50/1996 Foru Dekretua, Izurrien aurkako Establezimendu eta Zerbitzuen Erregistro Ofizialeko inskripzioa eta jardunbidea arautzen dituena, eta 1054/2002 Errege Dekretua, urriaren 11koa, biozidak erregistratu, baimendu eta merkaturatzeko ebaluazio prozesua arautzen duena.

1751/1998 Errege Dekretua, uztailaren 31koa, Eraikinetako Bero Instalazioei buruzko Erregelamendua (RITE) eta haren Jarraibide Tekniko Osagarriak (ITE) onetsi eta Eraikinetako Bero Instalazioetarako Aholku Batzordea sortzen duena, eta 3099/1977 Errege Dekretua, irailaren 8koa, Hotz Planta eta Instalazioetarako Segurtasun Erregelamendua onesten duena.

55/1990 Foru Dekretua, martxoaren 15ekoa, kolektore publikoetara isurtzeko mugak ezartzen dituena, eta 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Urari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

Beste lege batzuk, ikastaroa egiten denean aplikagarriak direnak.

II. ERANSKINA

Eskabidearen eredua, uztailaren 27ko 909/2001 Errege Dekretuan aipatzen diren instalazioetan higiene eta osasuneko mantentze lanak egiten dituzten langileentzako prestakuntza ikastaroetarako baimena eskatzeko.

A._Prestakuntza entitatea identifikatzeko datuak.

Izena edo sozietate izena ....................................., IFZ edo IFK .................., helbidea ..........................., zenbakia ....., herria .........., posta kodea ......., probintzia ............, telefonoa ........, faxa ......., E-maila ............

B._Legezko ordezkariaren edo titularraren datuak.

Izena edo sozietate izena ....................................., IFZ edo IFK .................., helbidea ..........................., zenbakia ....., herria .........., posta kodea ......., probintzia ............, telefonoa ........, faxa ......., E-maila ............

C._Nafarroan ikastaroa zenbat aldiz egiteko asmoa dagoen:

DATA TOKIA IKASLEEN KP.

D._Entitateari dagoeneko baimena eman dioten autonomia erkidegoak.

E._Eransten dituen agiriak.

_Irakasleen izenak, tituluak eta esperientzia.

_Memoria.

_Beste autonomia erkidego batzuek emandako baimenen kopiak (hala behar denean).

(Legezko ordezkariaren edo titularraren sinadura)

(Entitatearen zigilua)

Iragarkiaren kodea: C3103834