59. ALDIZKARIA - 2003ko maiatzaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

91/2003 FORU DEKRETUA, apirilaren 28koa, azaroaren 20ko 361/2000 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru Dekretu horrek inbertsioa eta enplegua sustatzeko laguntzetarako araubide berria ezartzen du.

Azaroaren 20ko 361/2000 Dekretuaren aplikazio esparrua manufaktura industriara eta horri laguntza ematen dioten zerbitzuetara mugatzen da batik bat, eta ez da iristen beste jarduera sektore batzuetara, hala nola energia produkziora.

Nafarroako Foru Komunitateak, bere industri politikaren esparruan, energia berriztagarriak aprobetxatzeko xedea du, horrela energia arloan menpekotasun gutxiago izateko eta garapen jasangarria lortzen laguntzeko.

Alde horretatik, uste da energia eolikoaren ezarpenak garapen nahikoa izan duela eta, beraz, ez dela beharrezkoa horrelako instalazioen sustapen handiagoa egitea; aitzitik, badira beste hornidura iturri batzuk, hala nola eguzki energia edo biomasa, eta horietan egiten diren inbertsioak gehiago sustatu behar dira, ez baitute berez behar besteko erakargarritasunik.

Kontuan hartu behar da, estatuek erregioetarako ematen dituzten laguntzei buruz Europako Batasunaren Zuzentarauetan adierazitakoaren arabera (EEAO, 98-03-10), beste jarduera sektore batzuk ez direla erregioetarako laguntzetatik kanpo uzten, ez badira behintzat EBaren berariazko arauen mende daudenak eta batasuneko zuzentarau multisektorialek arautzen dituztenak; hori horrela, eguzki energia eta biomasa aprobetxatzeko instalazioetan egiten diren inbertsio proiektuak sartzen ahal dira erregioetarako laguntzen araubidean.

Aipatu Foru Dekretuan egin nahi diren aldaketak Europako Batzordeari jakinarazi zaizkio eta, hark, aztertu ondoren, eragozpenik ez jartzea erabaki du.

Foru Dekretu proiektu hau Nafarroako Kontseiluari ere jakinarazi zaio, irizpena eman dezan, dagokion Foru Lege Arau-emaileko 16.1.f) artikuluan ezarritakoaren arabera. 2003ko martxoaren 11n, kontsulta organo horrek bere irizpena eman du eta hutsune batzuk daudela ohartarazi; behin betiko proiektuan zuzendu dira hutsune horiek.

Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko apirilaren hogeita zortziko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Aldatu egin da azaroaren 20ko 361/2000 Foru Dekretuaren 2. artikuluko 1. puntua. Horren arabera, eguzki energia eta biomasa aprobetxatzeko instalazioetan egiten diren inbertsio proiektuak sartzen ahal dira aurreikusitako laguntzen araubidean.

2. artikulua. Eguzki energia eta biomasa aprobetxatzeko instalazioetan egiten diren inbertsio proiektuek Foru Dekretu honetan ezarritako laguntzetara jotzen badute, ezin izanen dute Estatuak ingurumena babesteko ematen duen laguntzarik jaso.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Inbertsiorako zuzenean ematen den laguntzaren alternatiba gisa, eguzki energia eta biomasa aprobetxatzeko instalazioetan egiten diren inbertsio proiektuek inbertsioengatiko kenkari berezietara jotzen ahal dute (inbertsioengatiko kenkarien araubide berezia aplikatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 288/1988 Foru Dekretuaren arabera), baldin eta inbertsioa eta enplegua sustatzeko laguntzetarako araubide berria ezartzen duen azaroaren 20ko 361/2000 Foru Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Kenkari horrek, halaber, Foru Dekretu honen 2. artikuluan ezarritako bateraezintasuna izanen du.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Eguzki energia edo biomasa aprobetxatzeko instalazioetan egiten diren inbertsio proiektuak 2001eko urtarrilaren 1etik Foru Dekretu honek indarra hartu bitartean abiatu badira, dekretuan ageri diren laguntza edo kenkarietara biltzen ahal dira, baldin eta dekretuak indarra hartu eta hilabeteko epean aurkezten bada eskabidea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Indarrik gabe gelditu dira Foru Dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Bigarrena._Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren hogeita zortzian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: C3125567