54. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

129/2003 FORU AGINDUA, martxoaren 18koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, "Teknologia Berriak eta Hezkuntza" Programako proiektuetarako deialdia baimendu eta horretarako lehiaketa publikoko arauak onesten dituena.

O I N A R R I A K

Lehena.-Deialdia egiten da, 2003-2004 ikasturtean, Unibertsitatetik kanpoko ikasmailak irakasten dituzten Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko ikastetxe publikoetan "Teknologia Berriak eta Hezkuntza" Programako proiektuak garatzeko.

Bigarrena.-Deialdi honen xede diren proiektuak bi modalitate hauetako batean sartuko dira: ikas-materialak sortzea edo ikus-entzunezko baliabideak sortzea.

A) Ikas materialak sortzea.

Hezkuntza arloko edo izaera orokorreko aplikazio eta programa informatikoen erabilera eta ustiapen didaktikoa bultzatzeko jarduerak prestatzea; argitalpen eta aldizkari digitalak, web-orri didaktikoak eta bideo edo disko euskarriko ikas-materialak egitea, erabili beharreko tresnen ahalmena aprobetxatzeko (aurkezpen programak, web-a editatzeko programak, web-aren diseinu eta animazio programak, egile programak, edizio digital ez-lineala, eta abar).

B) Ikus-entzunezko baliabideak.

Ikus-entzunezko baliabideak eskolako curriculumean sartzea; irakasleak zuzenean inplikatuko dira lan horretan, produkzioko eta produkzio ondorengo fase guztietan.

Hirugarrena._A modalitatearen garapena. Ikas-materialak sortzea.

1. Helburuak. Ikastetxeetan berean diseinatu eta planifikatutako ikas-materialen prestaketa sustatzea. Lehentasuna izanen dute tresna berrien erabileran izaera berritzailea dutenek eta ikastetxean dauden baliabideak aprobetxatzen dituztenek.

2. Garapena. Proiektuan behinik behin ondoko alderdi hauek garatu beharko dira:

_Ikastetxean teknologia berriak aplikatzeko egiten diren jardueren memoria, halakorik egiten bada.

_Proiektuaren bidez lortu nahi diren helburuak.

_Proiektuaren deskribapena, alderdi interesgarrienen zehaztapena eta haien denboralizazioa; proiektua egiteko aurrez ikusi den lan plana zein den zehatz-mehatz agertuko da.

_Prestatu beharreko materialen deskribapena:

-Materialak curriculumeko zein arlotan eta mailatan txertatzen diren.

-Materialek lantzen dituzten gaiak.

-Proiektua denboran nola garatuko den (zirriborroa).

-Gelan egin beharreko jardueren deskripzio laburra.

-Lana gainerako jarduera arruntetan nola txertatuko den.

_Erabili asmo diren baliabideak.

_Proiektua egiteko prestakuntzaren eta horniduraren arloan zer behar dauden ahalik eta gehien zehaztea.

3. Lantaldearen konpromisoak. Behin Proiektua bukaturik (2004ko ekainaren 15a baino lehenago), Koordinatzaileak bere geografi eremuko ILZn utziko ditu prestatutako materialak eta azken txostena, euskarri informatikoan eta paperean. Horietan behinik behin ondoko datu hauek agertuko dira:

_Proiektuaren garapena.

_Prestatutako materialen deskribapena.

_Egindako jarduera eta esperientziak.

_Lan taldeak jardueraren garapenari eta emaitzei buruz egindako balorazioa.

_Proiektuan parte hartu duten irakasleen zerrenda. Bereiziko dira "parte-hartzaileak" eta "koordinatzailea". Guztietan agertuko dira izen-deiturak (NANean agertu bezala) eta NAN zenbakia.

_Materiala Nafarroako Gobernuaren jabetzapean geldituko da eta hura erabiltzen ahalko du, betiere zer taldek egin duen aipatuta. Hortaz, Proiektuari loturik prestatzen diren material guztietan honako hauek agertu beharko dira nabarmen: "Nafarroako Gobernua-Hezkuntza eta Kultura Departamentua" eta "Hezkuntzako Teknologia Berrien Programa" logotipoak (PNTEren web-orrian eskura daude), eta "Teknologia Berriak eta Hezkuntza Proiektuetarako 2003-2004 Deialdia" testua.

Laugarrena._B modalitatearen garapena. Ikus-entzunezko baliabideak.

1. Helburuak.

Talde bat sortzea (ahal bada, diziplina artekoa), ikastetxeak berak diseinatu eta planifikatutako proiektuak sustatzeko eta ikus-entzunezko hizkuntza curriculumean txerta dadin bultzatzeko, eta horretarako ikus-entzunezko lanak prestatzea.

2. Garapena.

_Proiektuak proposaturiko helburuarekin zerikusirik duten gaien gainekoak izanen dira. irudi eta edizio digitala, ikus-entzunezko hizkuntza, ikus-entzunezko tresnak curriculumaren garapenean erabiltzea eta abar.

_Proiektuaren eskabidean aurreikusiriko lan plana zehaztu beharko da, argi eta garbi, gutxienez ere kontu hauek bilduko dituena:

-Ikus-entzunezko baliabideak aplikatu eta curriculumean sartzeko eginiko jardueren memoria, halakorik bada.

-Esperientziaren bidez lortu nahi diren helburuak.

-Aukeraturiko proiektuaren azalpena, konturik interesgarrienak, epeak eta prestatu beharreko materialak azalduz.

-Erabili asmo diren baliabideak.

-Proiektua egin ahal izateko, prestakuntzaren eta horniduraren arloetan dauden beharrak, halakorik bada.

3. Lantaldearen konpromisoak. Behin Proiektua bukaturik (2004ko ekainaren 15a baino lehenago), Koordinatzaileak bere geografi eremuko ILZn utziko ditu prestatutako materialak eta azken txostena, euskarri informatikoan eta paperean. Horietan behinik behin ondoko datu hauek agertuko dira:

_Proiektuaren garapenari buruzko memoria.

_Egindako jarduera eta esperientziak.

_Prestaturiko materialen azalpena.

_Lan taldeak jardueraren garapenari eta emaitzei buruz egindako balorazioa.

_Proiektuan parte hartu duten irakasleen zerrenda. Bereiziko dira "parte-hartzaileak" eta "koordinatzailea". Guztietan agertuko dira izen-deiturak (NANean agertu bezala) eta NAN zenbakia.

_Materialak Nafarroako Gobernuaren jabetzapean geldituko dira eta haiek erabiltzen ahalko ditu, betiere zer taldek egin dituen aipatuta. Hortaz, Proiektuari loturik prestatzen diren material guztietan honako hauek agertu beharko dira nabarmen: "Nafarroako Gobernua-Hezkuntza eta Kultura Departamentua" eta "Hezkuntzako Teknologia Berrien Programa" logotipoak (PNTEren web-orrian eskura daude), eta "Teknologia Berriak eta Hezkuntza Proiektuetarako 2003-2004 Deialdia" testua.

Bosgarrena._Hezkuntza eta Kultura Departamentuak bi modalitate horietan hautatzen dituen proiektuetarako egiten duen ekarpena. Proiektuen ezaugarrien arabera, proiektu horiek garatzeko ondoko laguntza izanen da:

1. Aholkularitza.

_Teknologia Berrietako aholkulari bat esleituko zaio Proiektuaren jarraipenaz arduratzeko. Horrez gainera, proiektu jakin batzuetan, Arlo edo Mailako beste aholkulari batzuek ere parte hartzen ahalko dute.

2. Prestakuntza.

Irakasleen Hobekuntzako Atalak eta Teknologia Berrien Atalak behar diren prestakuntza jarduerak antolatuko dituzte deialdi honetan aukeraturiko proiektuak garatuko dituzten irakasleendako.

_Jarduera horiek ikastetxean berean, urrutiko hezkuntzaren bidez edo dagokion ILZn eginen dira, aukeratzen den proiektuaren beharren eta ezaugarrien arabera.

_Batzordearen iritziz, 2003-2004 ikasturteko Prestakuntza Planean sarturiko jardueren antzekoak diren prestakuntza jarduerarik ez da antolatuko.

_Jarduera horiek antolatu eta egiaztatuko dira irakasleendako prestakuntza jardueren gaineko arautegi orokorraren arabera.

3. Laguntzen zenbatekoa.

_Bederatzigarren oinarrian aipatzen den Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen baliabide ekonomikoak eta/edo materialak eskainiko dira, bai aurkezten diren beharrei aurre egiteko nola Proiektua egin ahala sortzen diren beharrak asetzeko.

_Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ikastetxearen esku utziko duen materiala, maileguan (Proiektua egiten den bitartean edo tarte jakin baterako) edo gordailuan lagako dio.

_Ikastetxeari gordailu gisa utziriko materiala bertatik eramaten ahalko du Hezkuntza eta Kultura Departamentuak proiektuaren azkeneko ebaluazioa txarra bada edo helburu horretarako erabiltzen ez bada, edo Departamentuak berak justifikaturiko beste arrazoi batzuengatik.

Seigarrena._1. Proiektuak koordinatzaile bat edukiko du, ahal bada, ikastetxean behin betiko destinoa duen norbait izanen dena. Hona hemen haren eginkizunak:

_Esperientziaren garapena koordinatu eta dinamizatzea.

_Lan-taldearen bilkurak koordinatzea.

_Lan plana, ikasturtearen bukaerako memoriak eta barne ebaluazioak eta proiektuari loturiko jarraipen txostenak prestatzeaz arduratzea, beharrezkoa denean.

_Materialaz eta ekipoen erabilera egokiaz arduratzea.

_Kasuan kasuko eskualdeko teknologia berrietarako aholkulari-irakaslearekin eta Araubide Bereziko Irakaskuntza eta Teknologia Berrien Zerbitzuko langileekin bidezkotzat jotzen dituen harremanak izatea.

2. Teknologia Berrien Aholkulari batek hautatzen diren proiektuen segimendua eginen du. Urtarrilean, aholkulariak lehenengo txostena eginen du proiektuaren egoeraz. Halaber, ekainaren 30a baino lehen aholkulariak azken txostena prestatuko du, eginiko jarraipena, garaturiko prozesuaz duen balorazioa eta lorturiko emaitzak bilduko dituena. Bi txosten horiek ILZen Unitate Teknikora igorriko dira; azkeneko txostenarekin batera, prestaturiko materialak eta proiektuaren memoria aurkeztuko dira.

Zazpigarrena._1. Ikastetxeko zuzendariak eginen du deialdi honetan parte hartzeko eskabidea. Gainera, irakasleen klaustroak eskaera egitearen alde harturiko erabakia beharko da.

2. Zuzendariak eranskineko eskabidea beteko du eta oinarri honetako laugarren idatz-zatian aipatzen diren agiriekin batera aurkeztuko.

3. Ikastetxea zer eskualdetan dagoen, bertako Irakasleei Laguntzeko Zentroko Erregistroan aurkeztuko da eskabidea. Horretarako 30 egun naturaleko epea egonen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aurrera.

4. Eskabidearekin batera ondoko agiriak joanen dira:

a) Proiektua.

b) Ikastxeko zuzendariak luzaturiko ziurtagiria, deialdi honetan parte hartzeko eskabidearekin irakasleen klaustroa ados dagoela adieraziko duena.

c) Diskete bat, honako artxibategi hauek izanen dituena: Proiektua, Microsoft Word formatoan, eta "PNTE2003.xls" artxibategiko galdera-sorta behar bezala betea (www.pnte.cfnavarra.es/pnte web-orritik jaitsi daiteke edo Teknologia Berrien Aholkulariari eskatu).

Zortzigarrena.-ILZko pedagogi taldeak jasotzen den eskabide bakoitzari buruzko txostena eginen du. Txosten hori prestatzeko behar duen informazioa eskatzen ahalko dio Proiektuaren koordinatzaileari.

Bederatzigarrena._1. Deialdia Hezkuntza eta Kultura Departamentuak ebatziko du. Eskaerak aukeratzeko proposamena egiteko, batzorde bat osatuko da, kide hauek izanen dituena:

Batzordeburua:

_Teknologia Berrien atalburua.

Idazkaria:

_Hezkuntzari Aplikaturiko Teknologia Berrien Unitate Teknikoko burua.

Batzordekideak:

_Irakasleen Hobekuntzako atalburua edo haren ordezkaria.

_ILZen Unitateko Teknikoko burua.

_Hezkuntzari Aplikaturiko Teknologia Berrien Unitate Teknikoko aholkulari bat.

_Teknologia Berrien aholkulari bat, ILZen Unitate Teknikokoa.

2. Batzordeak kontu hauek baloratuko ditu eskaeretan:

_Zer ataletan aurkezten diren, horrexen helburuak eta berariazko baldintzak.

_Proiektu osoaren bideragarritasuna eta adierazitako lan ildoak.

_Kasuan kasuko Irakasleei Laguntzeko Zentroak luzaturiko txostena.

_Ikastetxeko ordutegian proiektuaz arduratuko den lan-taldearendako ordu batzuk uzteko konpromisoa, hala nola lan horretarako aukeratzen diren tokien baldintzak, horrelakorik baldin badago.

_Ikastetxearen eta haren eskualdearen ezaugarriak.

3. Eskatutako baldintzaren bat bete ezean edo eskabidea epez kanpo aurkeztuz gero, ikastetxea deialditik kanpora geldituko da.

4. Hautapen prozesuak dirauen bitartean elkarrizketak egiten ahalko dira, bai ILZetako aholkulariekin, egiten duten txostenaren inguruko kontuak zehazteko, bai proiektuetako aholkulariekin, proiektuaren edukiak argitzeko eta haiek abian jarri eta garatzeko beharrak aztertzeko.

5. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak jakinaraziko die ikastetxe eskatzaileei aurkezturiko eskaera onartu edo ukatu den.

Hamargarrena. 1. Bederatzigarren oinarrian aipaturiko batzordeak proiektuen azken ebaluazioa eginen du 2004ko irailean.

2. Batzordeak proiektuak ebaluatzeko orduan honako hauek hartuko ditu kontuan: koordinatzaileak aurkezten duen azken memoria eta proiektuari esleitutako Teknologia Berrietarako aholkulariak egiten duen txostena.

3. Ebaluazio Batzordeak beharrezkoa dela uste badu, proiektuaren koordinatzailea eta/edo aholkulari arduraduna ager dadila eska dezake; hitza izanen du baina botorik ez.

4. Proiektu bakoitzeko ebaluazioaren emaitza positiboa edo negatiboa izanen da. Positiboa denean, proiektuan parte hartu izana egiazta dezala eskatuko dio Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuak Hezkuntza eta Kultura Departamentuko idazkari teknikoari.

5. Aurreko puntuan aipaturiko egiaztagiriek proiektuaren ebaluazio positiboa adierazi eta datu hauek azalduko dituzte:

a) Egiaztagiriko titularraren izena, deiturak eta NANa.

b) Proiektuaren garapenean izandako postua: parte-hartzaile edo koordinatzaile.

c) Proiektuetarako deialdia egin duen Foru Agindua.

d) Proiektuaren modalitatea eta izenburua. Teknologia Berrietako eta Hezkuntzako Proiektua dela zehaztuko da.

e) Proiektua zein ikastetxetan egin den.

f) Jarduera zein ikasturtetan egin den.

Hamaikagarrena.-Deialdiaren eta oinarrien kontra gora jotzeko helegitea aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hemezortzian._Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

ERANSKINA

Eskabide eredua

"Teknologia Berriak eta Hezkuntza" Programako proiektuak

2003-2004 ikasturtea

1._Ikastetxearen identifikazioa:

Izena:

Helbidea: .................... Herria:

e-mail: ............... P.K.: ..................... Telefono zenbakia:

Zuzendaria (Izen-deiturak):

1._Proiektuaren identifikazioa:

Modalitatea:

A) Ikas materialak sortzea: f

B) Ikus-entzunezko baliabideak: f

Proiektuaren izenburua:

Koordinatzailea (Izen-deiturak):

Aipatu ikastetxearen izenean, 2003-2004 ikasturterako "Teknologia Berriak eta Hezkuntza" Programako proiektuen deialdian parte hartzea eskatzen dut, azaldutako proiektua garatu ahal izateko.

.............................(e)n, 2003ko .............aren ............(e)an.

(Ikastetxeko zigilua) Zuzendaria

Sinatua

ARAUBIDE BEREZIKO IRAKASKUNTZAREN ETA TEKNOLOGIA BERRIEN ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

PEDAGOGI BERRIKUNTZAKO ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

Iragarkiaren kodea: A0303105