54. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

81/2003 FORU DEKRETUA, apirilaren 14koa, elkarlanean erabiltzeko makinak eta tresnak erosteko laguntzetarako eskabideak aurkezteko bi hilabeteko epea ezartzen duena.

Abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamendua onetsi zen.

Foru Dekretu horren 17. artikuluak elkarlanean erabiltzeko makinak eta tresnak erosteko laguntzak arautzen ditu. Xedapen horren 5.a) zenbakiak eskabideak urtean urteko lehenbiziko hiru hilabeteetan eskatuko direla ezartzen du.

Foru Dekretua 2003ko otsailaren 28ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (26. zenbakia) argitaratu eta indarra biharamunean hartu baitzuen, laguntzak eskatzeko epea hilabete bakar batera murriztu da. Egoera hau zuzendu eta, interesatuek eskabideak aurkeztu ahal izateko, benetako hiru hilabeteko epea eman nahian, egoki kontsideratu da bi hilabeteko epe berri bat ezartzea.

Horiek horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko apirilaren hamalauan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._2003. urterako, bi hilabeteko epe berria ezartzen da, Foru Dekretu honek indarra hartzen duenetik kontaturik, elkarlanean erabiltzeko makinak eta tresnak erosteko laguntzetarako eskabideak aurkezteko. Laguntzak Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearendako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamenduaren 17. artikuluak arautzen ditu.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren hamalauan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0304202