54. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

69/2003 FORU DEKRETUA, apirilaren 7koa, Haur eta Gazteen Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa aldatzen duena.

Hortz-haginetako eritasunek osasun problema izaten segitzen dute Foru Komunitatean beren eragin fisiko, sozial eta psikologikoagatik. Kontuan hartzekoa da, gainera, eritasun horiek aise menperatzen ahal direla prebentzio-neurrien bitartez.

Azkeneko hamarkadan hobera egin du haurren aho-hortzetako osasunak, baina, halere, eritasun horien prebalentzia handia da oraindik Foru Komunitatean: 1997an Nafarroako eskoletako umeei aho-hortzetako osasunaz egin zitzaien ikerketa epidemiologikoak dioenez 6 urteko haurren %36,40k eta 14 urtekoen %49,20k dituzte edo izan dituzte txantxarrak. Hortz-haginetako txantxarraren prebalentziak zein intzidentziak goranzko joera du adinean gora egin ahala.

Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programa otsailaren 7ko 58/1991 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen eta sendotua eta errotua dago hamabi urtez funtzionatu eta gero. Behin betiko hortz-haginetako txantxarrak 6 urtetik 18ra bitartean hasten direnez, beharrezkotzat jotzen da hortz-haginetako osasun laguntza oinarrizkoa ziurtatzea, gutxienez, sei urtez behin betiko bigarren hagina atera eta gero (horixe baita hortz-haginetako txantxarraren erasoaldiaren gailurra). Horrela, bada, Nafarroako Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Sistema hobetzea da helburua, eta, azken batean, gure herritarren aho-hortzetako osasunaren maila hobetzea.

Horregatik guztiagatik eta argitasun eta segurtasun juridikoa izate aldera, arau honek 58/1991 Foru Dekretua indargabetzen du eta arautze oso eta homogeneoa ezartzen du laguntza programak bere barnean hartzen dituen aspektu guztiak biltzeko, aurreko laguntza programa martxan izan den denboran izandako esperientziak erakutsita.

Hori horrela, Osasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko apirilaren zazpiko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Osaunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak, Haur eta Gazteen Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programaren bitartez, hortz-haginetako osasun laguntza oinarrizkoa ziurtatuko die, dohainik, Nafarroan bizi diren 6 urtetik 18ra bitarteko haur eta gazte guztiei, betiere 1988ko urtarrilaren 1etik aurrera jaioak badira. Osasun laguntza umeak sei urte egiten dituen urteko urtarrilaren batean hasiko da eta 18 urte betetzen dituen urteko abenduaren 31n bukatuko.

2. artikulua. Haur eta Gazteen Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programan direnei aho-hortzetako prestazio hauek onartzen zaizkie:

1. Ahoko osasun egoera diagnostikatzeko azterketa.

2. Higieneari eta dietari buruzko osasun jarraibideak.

3. Behin betiko haginetako artekak ixtea.

4. Behin betiko hortz-haginak butxatzea.

5. Behin betiko hortz-haginen mamiaren tratamendua.

6. Behin-behineko eta behin betiko hortz-haginak ateratzea.

7. Osasun Departamentuak erabakitzen duen terapia periodontala.

8. Aho-hortzetako larrialdien tratamendua.

9. Behin betiko ebakortz eta letaginen malformazio eta traumatismoen tratamentua.

10. Fluor topikoaren aplikazio profesionala.

11. Osasun Departamentuak erabakitzen dituen tratamendu protesikoak.

12. Ahoko kirurgia tratamenduak, Osasun Departamentuak erabakitzen dituenak.

3. artikulua. Honako prestazio hauek Haur eta Gazteen Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programatik kanpo gelditzen dira:

1. Ortodontzia lana, bai diagnosian bai tratamenduan.

2. Behin-behineko hortz-haginen zaintzea, salbu eta azterketa diagnostikoa, erauzketa ez ortodontzikoak eta larrialdiak.

3. Korden exodontzia, salbu eta Osasun Departamentuak erabakitzen dituenak.

4. Kanpo gelditzen dira, orobat, Haurren Aho-hortzetako Osasun Laguntzaren Programatik bazterturiko prestazioak egiteko edo egiteagatiko ebakuntzak.

4. artikulua. Zerbitzuen hornidura eta ordaintzeko sistema:

1. Foru Dekretu honek aipatzen dituen pertsonek hauengana jotzen ahal dute atentzioa hartzeko: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko odontologo edo mediku estomatologoengana edo sektore pribatukoengana, baldin eta horretarako aurretik hitzamena egina baldin badute.

2. Hitzarturiko zerbitzuak ordaintzeko bi modu izanen dira, hartzen den prestazioaren arabera:

a) Ordainketa pertsona bakoitzeko.

Urtean pertsona bakoitzeko diru kopuru jakin bat kobratze aldera (tarifa buruko), dentistak haurrak edo gazteak aho-hortzetako osasunari dagokionez dituen beharrak aseko ditu, betiere Foru Dekretu honetako 2. artikuluko lehenbiziko 8 puntuen artekoak.

b) Ordainketa zerbitzuko edo hortz-haginetako interbentzio bakoitzeko:

Foru Dekretu honetako 2. artikuluko 9.etik 12.era bitarteko tratamenduak banaka ordainduko dira, egintza medikoari dagokion lansariaren arabera, non eta ez dagoen hirugarren pertsonarik tratamendu horiek bere gain hartzera behartua dagoenik.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa._Lehenbiziko artikuluan aipatzen den hortz-haginetako laguntza egutegi honen arabera ezarriko da:

_2004. urtean, 6 urtetik 16ra bitarte betetzen dituzten haur eta gazteak.

_2005. urtean, 6 urtetik 17ra bitarte betetzen dituzten haur eta gazteak.

_2006. urtean, 6 urtetik 18ra bitarte betetzen dituzten haur eta gazteak.

Bigarrena._Otsailaren 7ko 58/1991 Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritakoari jarraikiz gaituriko fakultatiboek hitzarmenean sinatu zuten bezalaxe segituko dute lanean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira Foru Dekretu honetan xedatuari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, bereziki otsailaren 7ko 58/1991 Foru Dekretua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Bigarrena._Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren zazpian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A0303878