54. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

67/2003 FORU DEKRETUA, apirilaren 7koa, urriaren 1eko 276/2001 Foru Dekretua aldatzen duena. Horren bidez finantzazio eta laguntza neurri batzuk hartu ziren etxebizitza gaietako ekintza babesgarrietarako, bizileku eraikinak sustatzeko, ikuskapen eta kontrolerako eta Nafarroako babes ofizialeko etxebizitzen prezio araubidea eta deskalifikazio bideak finkatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa prezio mugatuko etxebizitzak sustatzeko ahaleginak egiten ari da, diru-sarrera moderatuak dituzten pertsonen eskuragai jartzeko. Alabaina, halako etxebizitza batzuk deskalifikatu eta salgai jartzen direnez, ahalegin horien eragingarritasuna apaltzen da.

Etxebizitzak deskalifikatuz gero, laguntza publikoak itzuli behar dira. Horrek, kontabilitatearen ondorioetarako, garai bateko aurrekontuetako kontsignazioak konpentsatzen ditu, baina ez babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko baldintzak sortzeko Administrazioak kudeaketa arloan egindako ahalegina.

Horiek horrela, ikusi da etxebizitzak bukatzen direnetik borondatezko deskalifikazioa eskatu ahal izan arte 12 urteko epea ez dela nahikoa. Administrazioak kudeaketa eta ekonomia aldetik egiten duen ahaleginari etekinak ateratzeko, babes ofizialeko etxebizitzek denbora gehiago egon behar dute araubide horren pean, hots, 20 urte. 20 urte horietan, Nafarroako Gobernuak erosteko lehentasun eskubidea izanen du babes ofizialeko etxebizitza horien gainean. Horrela, epe horretan prezio mugatuko etxebizitzen merkatua aski handia izanen da eta horrek etxebizitzen sektoreko prezioak apaltzen lagunduko du.

Koherentzia eta administrazio ekonomia helburu, 2003ko apirilaren 1etik aurrera behin-behineko kalifikazioa eskatzen duten babes ofizialeko etxebizitza berriak araubide horren pean egoteko epea eta haiek deskalifikatu ahal izateko eskatzen dena berdin-berdinak izanen dira, hots, 20 urtekoa.

Hiri errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legearen lehenbiziko xedapen gehigarriak, 7. idatz-zatian, errentamenduan dauden babes ofizialeko etxebizitzen inguruko araubide berariazkoa diktatzeko ahalmena aitortzen die arlo horretako eskumena duten autonomi erkidegoei. Ahalmen hori erabiliz, errentamendurako kalifikatzen diren babes ofizialeko etxebizitzak araubide horren pean egoteko epeak berdintzen dira, izan ere, aurreko sistemaren arabera (xedapen horren beraren 1. zenbakian), mailegu kualifikatu bat sinatuz gero, deskalifikazio epea laburragoa zen (15 urtekoa, ez 25 urtekoa), eta horrek mailegu kualifikatuak eskatzera bultzatzen zuen jendea, are beharrezkoa ez zutenean ere, zertarako eta araubide horren pean egoteko aldia murrizteko. Horrek baliabide publikoentzako kostu gehigarri bat zekarren, bidegabeki.

Bestalde, irailaren 30eko 204/2002 Foru Dekretuaren bidez, jarduketa babesgarrietarako laguntzak jaso ahal izateko eskatzen diren familiaren gutxieneko diru-sarrerak aldatu ziren: erosten den etxebizitzaren prezioaren zazpirena zen lehenago, zortzirena orain. Horrenbestez, proportzio berean jaitsi behar dira araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzen jabe izateko eskatzen diren gutxieneko diru-sarrerak, horrelako etxebizitzak eros-ahalmen txikia duten pertsonentzat baitira.

Foru Dekretu honen proiektua Nafarroako Kontseiluaren osoko bilkurara igorri da, irizpena eman dezan.

Horrenbestez, Nafarroako Kontseiluak 2003ko martxoaren 26an aldeko irizpena eman ondoren, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko apirilaren zazpian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Lehenengo artikulua. Urriaren 1eko 276/2001 Foru Dekretuko 144. artikuluko a) idatz-zatiari lerrokada hau eranstea:

"_Behin-behineko kalifikazioa 2003ko maiatzaren 15etik aurrera eskatzen duten etxebizitzetarako: 20 urte behin betiko kalifikaziotik aurrera, edo 15 urte behin betiko kalifikaziotik aurrera baldin eta 73. artikulutik 79.era bitartekoetan finkatutako alokairurako araubide orokorraren pean dauden etxebizitzak badira edo 108. artikulutik 111.era bitartean ezarrita dagoen araubide orokorraren pean badaude."

Bigarren artikulua. Urriaren 1eko 276/2001 Foru Dekretuaren 145. artikuluko 1. zenbakiaren testua honela geldituko da:

"1._2003ko maiatzaren 15etik aurrera behin-behineko kalifikazioa eskatzen duten babes ofizialeko etxebizitzak ezin izanen dira deskalifikatu harik eta babes ofizialeko araubidearen pean egoteko legezko epea, hots, 144. artikuluan adierazitakoa, bukatu arte, salbuespenik gabe".

Behin-behineko kalifikazioa egun hori baino lehen eskatua duten etxebizitzetan zilegi izanen da deskalifikatzea, etxebizitzako jabeak eskatuta, baldin eta behin betiko kalifikaziotik gutxienez hamabi urte igaro baldin badira, artikulu honetan eta 99. artikuluan ezarritako salbuespen kasuak izan ezik.

Hirugarren artikulua. Urriaren 1eko 276/2001 Foru Dekretuaren 21. artikuluko a) idatz-zatiaren testua honela geldituko da:

"a) Hartzaileen famili dirusarrera ponderatuak lanbide arteko gutxieneko soldata halako 2,5etik beherakoak badira eta, saleroste eta adjudikatze kasuetan, famili dirusarrerak erosten edo adjudikazioan hartzen duten etxebizitzaren prezio edo balioaren zortzirena baino gehiagokoak badira. Prezio edo balio hori kalkulatzeko ez dira kontuan hartuko erantsitako lokalak, eta Foru Dekretu honetako 27. artikuluan xedatu bezalako etxebizitza-aurrezkiko kontua dagoenean, kendu eginen da kontu horren zenbatekoa, eranskinik gabeko etxebizitzaren prezioaren % 10 goiko muga dela eta kenduko ere dira hirigintza planeamendua betearaztetik heldu diren kalte-ordainak, planeamenduak behartuta laguntza-hartzailea bere lehengo etxebizitza utzi beharrean gertatzen bada."

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Foru Dekretu honen lehen eta bigarren artikuluetan xedatua behin-behineko kalifikazioa 2003ko maiatzaren 15etik aurrera eskatzen duten babes ofizialeko etxebizitzen espedienteei aplikatuko zaizkie.

Bigarrena._Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko apirilaren zazpian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A0303876