42. ALDIZKARIA - 2003ko apirilaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

187/2003 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Hezkuntza zuzendari nagusiak emana, irakaskuntzako erdi eta goi mailetan 2002/2003 ikasturteari dagokion Beka eta Laguntzen Deialdi Orokorra behin-behinekoz ebazten duena.

Ikusirik Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendariak 2002/2003 ikasturteari dagokion Beka eta Laguntzen Deialdi Orokorraz, hau da, ekainaren 18ko 291/2002 Foru Aginduaren bidez onetsi eta 2002ko abuztuaren 30eko 105. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartaz, emandako behin-behineko ebazpenaren haritik aurkeztu duen txostena.

Ekainaren 18ko 291/2002 Foru Aginduaren 11.1 eta 14.1 arauak betez,

EBATZI DUT:

1. Erdi eta goi mailetan ikasketarako beka jasotzeko eskubidea hasiera batez onartzea, bidezko erreklamazioak galarazi gabe, I. eranskinean aipatzen diren ikasleei.

2. Foru Agindu honen II. eranskinean aipatzen diren ikasleen beka eskabideak, deialdiko baldintzak ez betetzeagatik, behin-behinekoz ukatzea, harik eta argibide osagarriak biltzeko lanak bukatu arte eta arauzko epe eta moduan aurkeztutako beka edo laguntza espedienteen berrikusketa eskabideak ebatzi arte. Jasotako eskabide eta agirien zuzentasuna egiaztatu ahala, bekak eman eta ordaindu eginen dira, hala badagokie.

3. Errenta tarte bakoitzagatiko zenbatekoak, bai eta ikasketa, garraio, jantoki eta bizitokirako beka edo laguntzen kontzeptuagatikoak eta laguntza bereziei dagozkienak ere, aipatu deialdiaren 10. arauan ezarritakoak izanen dira.

4. Onuradunei ordaindu beharreko zenbatekoa zehatza izanen da, Nafarroako Gobernutik dagokien laguntzari Hezkuntza eta Kultura Ministerioak edo Eusko Jaurlaritzak emandako bekaren zenbatekoa kenduta gelditzen dena, aipatu deialdiaren 10. arauan ezarritakoarekin bat etorriz.

5. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari behar diren kudeaketak egiteko baimena ematea, interesatuei eman edo ukatu zaizkien beka eta laguntzak jakinarazteko, behar diren administrazio egiaztapenak egiteko, Ekonomi eta Ogasun Departamentuan onuradunen alde ordainketa aginduak luzatzeko eta beka edo laguntza espedienteen berrikusketa eskabideei buruzko ebazpena emateko.

6. Aipatu deialdiaren 14. araua betetzearren, I. eta II. eranskinetan biltzen diren eskatzaileek esleipen irizpideak oker ezarri zaizkiela uste badute, edo laguntza jaso duen beste izangairen batek baino eskubide gehiago dutela iruditzen bazaie inguruabar ekonomiko eta akademikoengatik, beren beka edo laguntza espedientearen berrikusketa eskatzen ahal dute, hilabeteko epearen barnean, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina. Eskaria Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari zuzenduko zaio. Zerbitzu horrek, halaber, ofizioz berrikusi ahalko ditu, Beka eta Laguntzetarako 2002/2003 ikasturteko Deialdi Orokorrean aurreikusitakoaren arabera akats edo hutsen bat duten espedienteak.

Ebazpen hau onetsi eta argitaratu dela aditzera emateko eta I. eta II. eranskinak ondoko tokietan ikusgai egonen direla ohartarazteko Foru Komunitateko egunkarietan iragarki bat argitaratuko da.

_Nafarroako Gobernuko Jendearendako Argibide Bulegoa, Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña.

_Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoa, Santo Domingo kalea, z.g., Iruña.

7. 2002/2003 ikasturteko Deialdi Orokorrari dagozkion beka eta laguntzen kanpaina 2003ko irailaren 30ean bukatuko da behin betikoz. Espediente edo erreklamazioren bat geroago ebazten bada, 2003/2004 ikasturteko bekekin batera ordainduko da.

8. Ekonomi eta Ogasun Departamentuari eskatzea Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuaren txostena jaso ondoren behar diren libramenduak luza ditzan, 2003. urtera luzatutako 2002ko aurrekontuko "Irakaskuntza ertainetarako eta goi mailakoetarako beka eta laguntzak" izeneko 41620-4800-425100 kontusailaren kargura.

9. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta eranskinak Ebazpen honen 6. idatz-zatian aipatutako bulegoetan jendaurrean jartzea.

10. Ebazpen hau igortzea Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Ikasketetarako Laguntzen Atalera, Beka Bulegora eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

Iruñean, bi mila eta hiruko martxoaren hamazazpian._Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

Iragarkiaren kodea: A0303156