25. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

Zehapen espedientea

Ezinezkoa izan da Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 135. artikuluak agintzen duen jakinarazpena egitea, hau da, Jesús María Alvarez Yaniz jaunari zehapena jartzeko Foru Aginduarena (63/02 zehapen espedientea), ehizaren arloan indarrean dauden arauak hausteagatik. Beraz, honen bidez beteko da aipatu Legearen 59.4. artikuluan xedaturikoa.

1447/2002 FORU AGINDUA, irailaren 19koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Jesús María Alvarez Yaniz jaunari (NANa: 16.526.675-W) zehapena jartzen diona, Basa Fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen aurkako arau-hauste bat egiteagatik.

Ikusirik 63/02 espedientea, otsailaren 15ean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako 415/2002 Foru Aginduaren bitartez hasia Jesús María Alvarez Yaniz jaunaren aurka (NANa: 16.526.675-W), Foruzaingoak 2002ko urtarrilaren 25ean egindako salaketa baten ondorioz, birigarroendako apeua zeramala ehizan aritzeagatik. Hiru zozo beltz eta zozo arrunt bat ere harrapatu zitzaizkion.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 135. artikuluan aurreikusitako jakinarazpena egitea ezinezkoa izan denez, Legearen 59.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, 2002ko abuztuaren 7ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman dira Jesús María Alvarez Yaniz jaunari zehapen espedientea irekitzeko Foru Agindua eta dagokion Karguen Plegua.

Alegazioak aurkeztu ahal izateko, Karguen pleguan finkatutako 15 eguneko epearen barrenean, salatuak idazkia aurkeztu du, eta bertan adierazi ez duela egin egozten zaiona: azaltzen du ehizagai ez diren ehizakirik ez zuela harrapatu eta apeurik ere ez zuela erabili. Bestetik, azaltzen du Karguen Pleguan tipifikaturiko arau-hauste arina preskribitu dela, izan ere, se hilabete igaro dira egitateak salatu zirenetik zehapen espedientearen hasieraren berri izan duen arte. Horregatik, eskatzen du zehapen espedientea artxibatu dadila edo, bestela, eskatutako froga egin dadila eta emaitzak bidal diezazkiotela, alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Alegazioak azterturik, honela baloratu dira: salatuak egitate horiek ukatu egiten ditu, baina inolako frogarik aurkeztu gabe, aginte agenteen salaketek duten egiazkotasun edo benekotasun presuntzioa indargabetzeko. Salaketaren egunean ehizan ez zegoela erakusteko froga bat ere ez du aurkeztu. Are gehiago, Foruzaingoaren salaketan berean azaltzen da salaketa jarri zitzaionean salatuak alegatu zuela ez zekiela apeurik erabiltzea debekatuta zegoenik. Horren indarrez, frogatutzat jotzen da salatuak Karguen pleguan tipifikaturiko arau-hausteak egin zituela, izan ere, Foruzaingoak aurkeztutako frogaren aurka (salaketa) ez du kontrako froga bakar bat ere aurkeztu gertatutakoaren inguruan arrazoizko dudaren bat dakarkeenik.

Hala ere, arau-hauste arinaren preskripzioaren inguruko alegazioa baietsi beharra dago. Egitate horiek 2002ko urtarrilaren 25ean gertatu ziren. Karguen pleguaren arabera, egitate horietan arau-hauste larri bat egin da, 2/1993 Foru Legearen 117.19 artikuluan tipifikatua, eta arau-hauste arin bat, Foru Lege horren 111.2 artikuluan tipifikatua. Foru Lege horren 115. artikuluan ezartzen da arau-hauste arinak sei hilabeteetan preskribituko direla. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasten da kontatzen. Interesatua jakinean dela zehapen prozedura hasteak eten egiten du preskripzio epea. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 135. artikuluan ezarritakoaren arabera jakinarazpena egitea ezinezkoa gertatu zelarik, 59.4 artikuluan ezarritakoa bete zen. Hortaz, interesatuak zehapen prozeduraren hasieraren berri izan zuen Foru Agindua eta Karguen Plegua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zirelarik. Zehazki, 2002ko abuztuaren 7an. Epeak aztertuta, ikusi da sei hilabete baino gehiago igaro direla. Beraz, arau-hauste arina preskribitu dela ondorioztatu da.

Proposaturiko probari dagokionez, hots, salaketa jarri zuen agenteak txostena egin dezala, interesatua salatu zuen unean gauzak nola gertatu ziren azaltzeko, zera adierazi beharra dago, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 80.3 artikulua aplikatuz, proba hori ez dela beharrezkoa, izan ere, lehen adierazi den bezala, alegazio-egileak ez du froga bat ere aurkeztu egiaztatzeko ez zela ehizan ari salaketan tipifikaturiko moduan. Horrenbestez, salaketan bildutako egitateak frogatutzat jotzen dira.

Lehen adierazitakoa kontuan hartuz, neurri batean onartzen dira Jesús María Alvarez Yaniz jaunak aurkeztutako alegazioak eta baliorik gabe uzten da arau-hauste arin bat egiteagatik proposaturiko isuna, preskribitu baita. Gainerakoan, Karguen Plegua argitaratu zen bezalaxe gelditzen da.

Nafarroako Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 98. artikuluak xedatzen duenarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Jesús María Alvarez Yaniz jaunari (NANa: 16.526.675-W) 300,51 euroko isuna jartzea eta ehiza-baimena edo hura eskuratzeko debekua ezartzea, bi urterako, egindako arau-haustearengatik, Nafarroako basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeko 122 artikuluko b) letran adierazitakoarekin bat, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Foru Lege bereko 106. artikuluan ezarritakoaren arabera erabaki litekeen murrizketa.

Pertsona desgaituak bere baimena utzi beharko du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ehiza eta Arrantza Atalean (Alondegi kaleko 1, 1. solairua) edo, bestela, bere etxetik hurbilen duen Guardia Zibilaren Kuarteleko Komandantzian. Desgaitzealdia zehapena administrazio bidean irmo izaten den egunaren biharamunean hasiko da.

2. Aipatu Foru Lege horren 106. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, isuna % 30 murriztuko da, betiere ondoko beharkizun hauek betetzen badira:

a) Isunaren gainerako zatia gehienez 15 egun balioduneko epean ordaintzea, Foru Agindu hau jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Arau-hausleak ordaintzea, osorik, aurreko idatz-zatian adierazi den epean, egotzi zaizkion kalte edo gaitzetatik heldu diren kalte-ordainak, hala nola tresna, arma edo animaliak berreskuratzeko diru-kopurua.

c) Arau-hausleak idatziz adieraztea ezarri zaion zehapenarekin eta eskatzen zaion kalte-ordainarekin ados dagoela eta espres egiten diola uko epe horretan inpugnazio-ekintzak burutzeko eskubideari.

Isunaren kopurua gutxitzearekin ados egonez gero, interesatuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura, hain zuzen Administrazio Kontrolaren Atalera joan beharko du (Alondegi kalea 1, 2. solairua). Han, ordain-gutuna emanen diote, orain bidaltzen denaren ordez, baita murrizpena lortzeko gainerako agiriak ere.

3. Isuna edozein banketxe edo aurrezki kutxatan ordaintzen ahal du, ordain-gutun ofizialaren bidez, Foru Agindu hau administrazio bidean irmoa egiten den egunaren biharamunean hasi eta hamabost egun igaro baino lehen. Epe hori igarota, premiamendu bidez kobratuko da.

4. Hartutako tresnak Iruñeko Guardia Zibilaren Armen Bahikuntza Atalean daude. Arau-hausleak berreskuratu ahalko ditu, isuna eta erreskateko 18,03 euro ordaindu eta gero, Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 103.3.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta hura aldatzen duen 4/1999 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedaturikoarekin bat.

6. Foru Agindu honen berri emanen zaie espedientatuari, salatzaileari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari eta Kontrol Administratiboaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren hemeretzian._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A0213723