25. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 26a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

24/2003 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 27koa, San Adriango "El Monte" eta "La Planilla" alderdietako lurzatiak berrantolatu eta ureztalur bihurtuz nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onesten duena.

San Adriango alkate-udalburuak, eremu horretako jabeen izenean, 1999ko maiatzaren 27an hango lurzatien berrantolamendua egitea eskatu zuen.

Nekazaritzako azpiegituretan esku hartzearen helburuak honako hauek dira: alde batetik, lurzatien berrantolamenduaren bitartez landalurrak antolatzea, nekazaritzako ustiapenek egitura eta tamaina egokia izan dezaten, eta bestetik, alderdi hori ureztalur bihurtzea eta ikuspegi energetiko eta kostuzkotik ahalik eta ureztapen-unitate egokienak sortzea.

Ingurumeneko zuzendari nagusiak apirilaren 30ean emandako 1108/2002 Ebazpenaren bidez, San Adriango "El Monte" alderdiko lurzatiak berrantolatu eta ureztatur bihurtzeko Proiektuari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin zen.

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Legeak ezartzen duen bezala, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeita zazpian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Onespena.

Nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onesten da, San Adriango "El Monte" eta "La Planilla" alderdietako lurzatien berrantolamenduaren eta ureztalur bihurtzearen bitartez.

2. artikulua. Onura publikoa eta presaz egin beharra.

Onura publikokotzat eta berehala egitekotzat deklaratzen da lurzatien berrantolamendua egin eta ureztalur bihurtzearen bitartez San Adrianen egin gogo den nekazaritzako azpiegituren gaineko esku-hartzea, bidezko diren ondasun eta eskubideen desjabetzapenak eta lurren okupazioa eta zortasun ezarpenak (aldi bateko nahiz iraunkorrak) egin daitezen.

3. artikulua. Eraldaketa nahitaez egin beharra.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 14. artikuluaren arabera, azpiegituretako esku-hartzea nahitaezkoa da, eta ukitutako titularren batek eraldaketari lotutako konpromisoak hartzen ez baditu, eremu ureztagarritik kanpoko berrantalomenduan sartzen ahalko da edo, bestela, desjabetzapenaren bidea aukeratu (esku-hartzearen aurreko balioa emanen zaio lurrari), bere lurra Lurren Fondoan sartuz, aipatu Foru Legearen 42.2.h eta 43.2.a artikuluen arabera.

4. artikulua. Egin gogo diren jarduketen azalpena.

Ega ibaiko ura ponpatu eta ur-emaria hidranteetaraino banatzeko behar diren lanak egitea aurreikusi da. Ur-emari horrek behar bezalako presioa izanen du, hau da, ureztatu beharreko unitateetan aspertsiozko eta tantakako ureztaketa jartzeko modukoa. Horrez gainera, aukeratutako ureztaketa-sistemaren arabera lurzatietan behar den ekipamendua ere eginen da, eta bide eta saneamendu sarea hobetuko.

Ureztatzeko uraren hartunea eta punpaketa Ega ibaitik eginen dira. Hortaz, linea elektriko bat eraman beharko da punpaketa estazioa hornitzeko.

5. artikulua. Ingurumen arloa.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiteko, Ingurumen zuzendari nagusiak apirilaren 30ean emandako 1108/2002 Ebazpenean ezarritako baldintzak bete behar dira eta, halaber, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa aldatu zuen Ingurumen zuzendari nagusiaren 2002ko azaroaren 15eko 2686 Ebazpenean ezarritakoak. Honako hauek dira funtsean: 92/43 Zuzentarauan agertzen diren habitatak ez ukitzea, Badina del Forcajoko sakonuneko maila freatikoari eustea, arkeologia eta ingurumen arloko segimendua egitea eta harrobien, makinen erabileraren, babestu beharreko eremuen seinaleztapen eta balizamenduaren eta landareztatze-lanen inguruan ohiz ezartzen diren baldintzak.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren azterlanean eta hori eguneratzeko eranskinean proposaturiko neurri zuzentzaileen arabera, eta Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 11. artikuluarekin bat, ureztapen lurrak eraldatu eta modernizatzeko kasuetan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak nekazaritzarako baliabide hidrikoak zuzen kudeatzeko jarduketen planean sartuko ditu Ureztatzaileen Komunitateak, eraldaketa edo modernizazioaren onuradunak baitira, dela Departamentuak berak zuzenean kudeatzen dituenetan, dela "Riegos de Navarra, S.A." kapital publikoko enpresaren bitartez, zehazki, Ureztatzaileari Aholkua Emateko Zerbitzuaren bitartez, kudeatzen dituenetan.

Ureztatzeko uraren kontrol handiagoa eramatearren, eta aipatu Foru Legearekin bat, lurzatia ekipatzeko gehieneko dirulaguntzak bakarrik emanen dira, bai ureztaldiak eta fertirrigazioa programatzeko prestakuntza teknikoa, bai kontsumoaren kontrola, egokiak baldin badira, eginen den Erregelamenduan ezarriko denaren arabera.

6. artikulua. Prozedura.

Eremu horretako lurzatiak berrantolatzeko ohiko prozedura erabiliko da, hots, Nekazaritako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko I. Tituluko IV. Kapituluan jasota dagoena.

7. artikulua. Esku-hartzearen lurraldea mugatzea.

Esku-hartzeak San Adriango udalerriko lur batzuk hartzen ditu, 735 hektarea inguru, "El Monte" eta "La Planilla" alderdietakoak hain zuzen. Bi alderdi horiek ez daude elkarrean ondoan.

Hona hemen "El Monte" alderdiko mugak:

Iparraldean: Andosillako mugapea eta "Cabizgordo" alderdian landu gabe dauden magalak.

Hegoaldean: Azagrako mugapea eta "Las Portillas" alderdia.

Ekialdean: Azagra eta Azkoiengo mugapeak eta "Las Portillas" alderdia.

Mendebaldean: Andosillako mugapea.

Hona "La Planilla" alderdiko mugak:

Iparraldean: "Las Portillas" alderdia.

Hegoaldean: "El Pontigón" sakana.

Ekialdean: "La Planilla" sakana.

Mendebaldean: Ega ibaia.

Perimetro horri Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 13.4 eta 17 a) artikuluetan xedatutakoaren araberako aldaketak eginen zaizkio.

8. artikulua. Ustiapenaren oinarrizko azaleraren mugak zehaztea.

San Adriango lehorreko ustiapen eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 225 eta 45 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. San Adriango lehorreko ustiapen eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 25 eta 5 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Ureztaketa lurrak lehorreko lur bihurtzeko faktorea 9koa izanen da.

9. artikulua. Laborantzako gutxieneko unitateak.

Laborantzako gutxieneko unitateen balioak honako hauek dira: 45 hektarea lehorreko lurretan eta 5 hektarea ureztaketa lurretan.

10. artikulua. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluak zehaztea.

Lurren Fondoko adjudikazio-hartzaileek ordaindu beharreko prezioa finkatzerakoan eta Nekazaritza Sozietateak eratzeko jartzen diren lurrak baloratzerakoan kontuan izanen den lurren balioa ezartzeko xedez, bai eta ustiapenaren oinarrizko azalerak ezarri eta nekazaritzako ustiapenak elkartzeko dirulaguntzak kalkulatzeko ere, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat, eremu horretan aplikatu beharreko moduluak azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretuaren 17.2 taulan ageri diren balioak izanen dira (Dekretu horren bidez zenbait ondasun higiezin baloratzeko prozedura onetsi zen). 17.2 taula honako honi buruzkoa da: "Landalurreko metro koadro baten balioa, eurotan, udalerriaren eta Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskalean duen sailkapenaren arabera". Balio horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako egiazko KPIak izaten duen gehikuntza portzentajearen arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Foru Dekretu hau betearazteko behar diren egintzak aurrera eramanen ditu.

Bigarrena._Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeita zazpian._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0301200