23. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

7/2003 FORU AGINDUA, urtarrilaren 16koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuko Zergadunari Laguntza Emateko Atalari atxikirik Laguntza Teknikoaren Unitatea sortzen duena.

Zergadunari Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuan Ogasuneko kudeatzaile lanpostu berriak sortu eta bete direnez, gaur egun zerga desberdinen subjektu pasiboei laguntza integrala eskaintzeko aukera dago, laguntza hori antolamendu-unitate bakarrean zentralizatuko baita. Horrek aurrerakada handia dakar Zerbitzuak eskaintzen dituen prestazioetan, orain arte zergen gaineko kontsulta teknikoei erantzutea zerga desberdinak kudeatzen dituzten atalen zeregina zelako.

Zergapekoari eskaintzen zaion zerbitzua gero eta hobea eta eraginkorragoa izan dadin, beharrezkoa da Iruñeko bulegoan lanean ari diren langile tekniko guztiak unitate berrian elkartzea, horrela hobeki antolatu eta banatuko baita laguntza mota guztien ardura, laguntza hori elkarrizketa bidez egin edo telefonoz edo posta elektronikoz egin. Unitate honi Ogasuneko kudeatzaileak atxikituko zaizkio, zortzi hain zuzen, eta horiek Iruñeko bulegoari egiten zaizkion kontsultei erantzunen diete (10.000tik gora).

Bestetik, teknologia berriek eskaintzen dituzten bideetatik ailegatzen den laguntza-eskaeren multzoa ikusita, beharrezkoa da unitate honen bitartez Nafarroako Zerga Ogasunaren web-gunearen edukia etengabe gaurkotzea eta posta elektronikoaren bidezko kontsulta teknikoei erantzuna ematea. Lan horietarako, premiarik baldin badago, zerga desberdinak kudeatzen dituzten atalei laguntza eskatuko zaie.

Irailaren 13ko 353/1999 Foru Dekretuko 49. artikuluan ezarritakoarekin bat (horren arabera Ekonomi eta Ogasun kontseilariari dagokio Nafarroako Zerga Ogasunaren egitura organikoa garatzeko ahalmena),

AGINDU DUT:

1. Laguntza Teknikoaren Unitate Administratiboa sortu da, Zergadunari Laguntza Emateko Atalari atxikia. Eginkizun hauek izanen ditu:

Zergapekoari elkarrizketa bidez eta telefonoz ematen zaizkion laguntza eta argibideak, Nafarroako Ogasunaren esku dauden tributuen ordainarazpenei buruzko kontsulta eta erreklamazioei dagokienez, Zeharkako Tributuen Zerbitzuaren eta Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuaren laguntzarekin.

Nafarroako Zerga Ogasunari posta elektronikoaren bidez egiten zaizkion kontsulta tekniko-tributarioei erantzutea, Zeharkako Tributuen Zerbitzuaren eta Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuaren laguntzarekin.

Nafarroako Zerga Ogasunaren web-gunearen etengabeko gaurkotze-lana.

Zergadunari Laguntza eta Argibidea Emateko Ataleko eta Lurraldeetako Bulegoetako langileei aholku teknikoa ematea, eta haien prestakuntza etengabean laguntzea.

Zeharkako Tributuen Zerbitzuak eta Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuak dituzten atalekin koordinatzea irizpideak bateratu eta prozedurak zehazteko.

Indarra duten xedapenetan esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak edo Zergadunari Laguntza eta Argibidea Emateko Zerbitzuko zuzendariak ematen dizkionak.

Iruñean, bi mila eta hiruko urtarrilaren hamaseian._Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: A0301000