23. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

4/2003 FORU LEGEA, otsailaren 14koa, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileendako neurriei buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEENDAKO NEURRIEI BURUZKO FORU LEGEA.

ZIOEN AZALPENA

Abuztuaren 30eko 251/1983 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginari ezarritako araubide juridikoak behartzen du funtzio publikoaren arloko zenbait xedapen foru lege mailako arauen bidez onestera.

Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen lan-baldintzei buruzko negoziazioak 2002ko apirilaren 15ean bukatu ziren. Egun horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen ordezkariek 2002 eta 2003. urteetarako Itun bat izenpetu zuten UGT, CCOO eta CEMSATSE sindikatuen ordezkariekin (azken horretakoekin, bakarrik lan-kontratupeko langileei zegokienez).

Itun horrek kontu batzuk biltzen ditu, arau bihurtu behar direnak. 20. idatz-zatiaren arabera, Administrazioak kasuan-kasuan behar duen maila emanen die arau horiei, formalki onetsi ondoren, indarra har dezaten.

Nafarroako Gobernuak 2002ko apirilaren 22ko bilkuran berretsi zuen 2002ko apirilaren 15eko Ituna, eta agindu zion Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari hura betearazteko behar diren neurri eta ekinbideak, legezkoak eta erregelamenduzkoak, har zitzala, haiek indar hartzeko kasuan-kasuan behar den organoak formalki onesteko.

Hori horrela, Itunak bi aurreikuspen biltzen ditu, Langileen Estatutuko aldaketa bana egitera behartzen dutenak. Bata funtzionarioek familiarendako laguntza hartu ahal izateko betebeharrei dagokie. Bestea, diziplina araubidean ezarririko hutsegite larrien zerrendari.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileei dagokienez, 2002 eta 2003. urteetarako Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen lan-baldintzei buruzko Itunak neurri batzuk sartu ditu, haien lansari-araubidea aldatzen dutenak. Lansari horiek erakunde autonomo horri atxikiriko langileen berariazko araubideari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean ageri dira. Horregatik beharrezkoa da lege hura Itun horretako aurreikuspenetara egokitzea.

Zehazki, neurri hauek hartu asmo dira: funtzionarioentzat ezarririko famili laguntza estatutupeko langileei ere ematea; lan-istripuaren edo lan-gaixotasunaren ondorioz aldi baterako ezgaiturik dauden langileei, lansari finkoak ez ezik, gauez, jaiegunetan eta guardietan eginiko txandakako lanagatik, ezgaitu baino lehenagoko hamabi hilabeteetan kobraturiko diruaren batezbestekoa pagatzea; eta A maila edo taldeko langileei gauez edo jaiegunetan eginiko txandakako lanaren ordaina pagatzea, baldin eta inguruabar horiek haien ohiko lanaldian gertatzen badira. Azkenik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko karrera profesionaleko sisteman aurreikusiriko ebaluazio batzordeei eman asmo zaie langileak hautatzeko epaimahaietako kideendako ezarritako ordaina, bakar-bakarrik beren lanalditik kanpo badihardute.

Azkenik, sindikatuen ordezkariekin izenpeturiko Itunean beste bi kontu sartu dira. Bi kontu horiek, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko artikuluak ukitzen ez badituzte ere, eginen badira, legezko gaitasuna behar dute, hala nola: funtzionario bihurtzeko beste prozesu bati ekitea, bai Foru Komunitateko administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, bai Nafarroako toki entitateetan, eta, aurrekontuetatik kanpo, lan-eskaintza publikoan foruzain lanpostuak sartzea.

I. KAPITULUA

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginean sarturiko aldaketak

1. artikulua. 50. artikuluko 1. idatz-zatiko c) letra honelaxe geldituko da:

c) Emantzipatu gabe dagoen seme-alaba adingabe bakoitzagatik: %3,00.

2. artikulua. 63. artikuluari m) letra erantsiko zaio; hauxe:

m) Sexu-jazarpena.

II. KAPITULUA

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikiriko langileen berariazko araubideari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean sarturiko aldaketak

3. artikulua. 10. artikuluko 5. idatz-zatia honelaxe geldituko da:

5. 100eko 45eko edo hortik goitiko berariazko osagarria kobratzen duten langileek gauez edo jaiegunetan eginiko txandakako lanaren ordainak hartzen ahalko dituzte, baina bakarrik inguruabar horiek ohiko lanaldiaren barruan gertatzen direnean; espresuki gelditzen dira kanpo bertan edo lokalizaturik egin beharreko guardiak.

Langile horiek ez dute behin ere izanen aparteko orduengatik kobratzeko eskubiderik.

4. artikulua. 13. artikuluko 2. idatz-zatiari beste lerrokada bat erantsiko zaio. Testu hau izanen du:

Txandakako lanik egiten ez duten langileei ordutegi horretan eginiko ordu bakoitzerako ezarritako ordaina pagatuko zaie, ohiko lanaldia egiten duten langileei izan ezik, horiek ez baitute behin ere ordain hori kobratuko.

5. artikulua. 20. artikuluak testu hau izanen du:

20. artikulua. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikiriko funtzionarioek eta estatutupeko langileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioentzat orokorki ezarririko famili laguntza kobratuko dute, haiendako ezarririko baldintzetan.

6. artikulua. 23. artikuluari beste lerrokada bat erantsiko zaio. Testu hau izanen du:

Karrera profesionaleko sisteman aurreikusiriko ebaluazio batzordeak osatzen dituzten langileek kobratuko dute langileak hautatzeko epaimahaietako kideendako aurreikusiriko ordaina, baldin eta beren ohiko lanalditik kanpo badihardute.

7. artikulua. Beste xedapen gehigarri bat eransten da. Testu hau izanen du:

Seigarrena._Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek, aldi baterako ezgaiturik badaude lan-istripu edo lan-gaixotasunaren ondorioz, aldian aldikoak ez diren lansariak ere kobratuko dituzte; hots, gauez lan egiteagatik, jaiegunetan lan egiteagatik eta/edo, hala bada, aldi baterako ezgaitasun egoerara pasatzean zeukaten lanpostuan egin beharreko guardialdiengatik kobratuko zituztenak. Horretarako, gaineratu beharreko kopurua izanen da aldi baterako ezgaitu baino lehenagoko hamabi hilabeteetan kontzeptu horiengatik izan zituzten lansari guztien batez bestekoa.

Baldin eta, edozein gorabehera dela eta, langileak aldi baterako ezgaitasun egoerara pasatzean zeukan lanpostuan aurreko hamabi hilabeteetan egiazki jardun ez badu, batez bestekoa kalkulatuko da kontuan hartuz aurreko lerrokadan aipatzen diren lansari aldian aldikoak ez direnak, lanpostu hartan lanean egiazki eman dituen hilabeteetakoak.

III. KAPITULUA

Langileendako beste neurri batzuk

8. artikulua. 1. Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari beste epe bat ireki dezan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko estatutupeko langileak eta lan-kontratupeko langile finkoak funtzionario bihur ahal daitezen, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutua aldatu eta Estatuko administraziotik transferitu beharreko langileak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartzea arautzen duen ekainaren 27ko 5/1990 Foru Legearen lehenengo xedapen gehigarrian, 1992rako Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko ekainaren 23ko 9/1992 Foru Legeko hirugarren xedapen gehigarrian eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileendako neurriei buruzko abenduaren 30eko 15/1993 Foru Legeko 4. artikuluan ezarritako baldintza beretan, eta hori garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

2. Neurri hauek garatzeko erregelamenduzko xedapenetan zehaztuko da ukituriko langileek bi hilabeteko aukera-epea izanen dutela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

9. artikulua. 1. Nafarroako toki entitateek beste prozesu bati ekiten ahalko diote beren zerbitzuko lan-kontratupeko langile finkoak funtzionario bihurtzeko, erregelamendu bidez zehazten den prozedurarekin bat.

2. Erregelamenduzko garapen horretan zehaztuko da toki entitateek bi hilabeteko epea izanen dutela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera, erabakitzeko beren zerbitzuko lan-kontratupeko langile finkoei funtzionario bihurtzen uzteko prozesuari ekinen diotenentz. Prozesu horri ekitea erabakiz gero, ukituriko langileek epe bera izanen dute aukeratzeko.

10. artikulua. Nafarroako Gobernuak 2003. urterako lan-eskaintza publikoan gehienez ere 50 lanpostu sartuko ditu foruzain izateko, aurrekontuetatik kanpo.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Foru lege honetan lansariei buruz aipatzen diren neurriak, atzerako eraginaz, 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetu egiten dira foru lege honetan xedaturikoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENBIZIKOA

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta hiruko otsailaren hamalauan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0301663