23. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

1/2003 FORU LEGEA, otsailaren 14koa, Nafarroako Foru Komunitateak "Club Atlético Osasunari" abal bat ematekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAK "CLUB ATLÉTICO OSASUNARI" ABAL BAT EMATEKOA.

ZIOEN AZALPENA

Espainiako Konstituzioak, I. Tituluko Hirugarren Kapituluko 43. artikuluko 3. idatz-zatian aipatzen diren politika sozial eta ekonomikoko printzipio zuzentzaileen artean, honakoa adierazten du: "botere publikoek osasunerako hezkuntza, gorputz hezkuntza eta kirola bultzatuko dute. Halaber, aisialdia zuzentasunez erabiltzeko erraztasunak emanen dituzte".

Nafarroako Foru Komunitateak erabateko eskumena du kirola sustatu eta aisialdia zuzentasunez erabiltzeko, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluko 14. idatz-zatiaren arabera. Eskumen hori Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea onestean erabili zuen.

Ezin ukatuzkoa da kirola, bere agerpen guztietan, eta bereziki ikuskizuna den aldetik, jendetza handiendako gertaera bat dela; eta, gizarteko ekitaldien artetik, jendea mugiarazi eta erakartzeko ahalmenik handienetarikoa du.

Kirolen barruan nabarmena da "Club Atlético Osasunaren" jarduera. Talde honek erro sendoak ditu Nafarroako Foru Komunitatean. Kirola bultzatzen du, bereziki gazteen artean, eta horrekin batera, ikuskizuna den aldetik, hemengo zerbitzuen sektorearendako dirusarrera handiak sortzen ditu.

Hori dela eta, futbol-elkarte haren egoera finantzarioaren zaila ikusirik, Nafarroako Gobernuak komenigarritzat jo du gizarte eta ekonomiarendako onura hura babestu eta piztea. Horretarako proposatu du Osasunari Nafarroako Foru Komunitatearen abal bat ematea, klub hark sinaturiko kredituak bermatzeko.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legeak xedatzen duenez, legeetan aurreikusiriko kasuetan, Foru Komunitateak pertsona fisiko edo juridikoek, publikoek edo pribatuek Espainian zein atzerrian hitzartzen dituzten kredituen ondoriozko obligazioak bermatzen ahal ditu, behar den abala emanez. 81. artikuluak xedatzen duenez, abalen guztizko zenbatekoak ezin gaindituko du Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru legeak aurrekontualdi bakoitzerako ezartzen duen muga eta, Nafarroako Gorteek espresuki baimentzen dutenean izan ezik, pertsona fisiko edo juridiko bat ere ezin izanen da foru lege hartan baimenduriko mugaren ehuneko 5etik goiti egiten duten abalen onuradun.

Kasu honetan, "Club Atlético Osasunaren" jarduera Nafarroako Foru Komunitatearendako interesgarritzat jotzen denez, bidezko da abala foru lege honetako artikuluetan adierazten diren baldintzetan ematea.

1. artikulua. "Club Atlético Osasunari", G31080179 IFZ duenari, Nafarroako Foru Komunitatearen abal bat ematen zaio, gehienez ere 18.030.363,13 eurokoa. Abal horren xedea da futbol _elkarte horrek dituen zorrak berfinantzatu edo ordaintzeko kreditu_ edo mailegu-eragiketak bermatzea. Zor horien kontzeptuak 2002ko ekainaren 30eko egoera-balantze auditatuan eta auditoretzak 2002ko uztailaren 23an eman txostenean aipatzen dira. Bakoitzaren zenbatekoak foru lege hau betetzean zehaztuko dira. Hortik kanpo gelditzen dira dieta, ordezkaritzaren gastu eta kiroletik kanpoko gastuengatik sorturiko zorrak.

2. artikulua. 1. Baimenduriko abalak entitate hartzekodunari bermatuko dio entitate zordunak hitzarturiko kreditu edo maileguen unean uneko zorraren saldo osoa itzuli beharra beteko dela.

2. Muga egunean edozein zenbateko ordaindu gabe badago, hartzekodunak esku izanen du obligazio osoaren muga eguna eta bermatzaileari hura betetzea eskatzeko eguna aurreratzea premiatzeko, adieraziriko gehieneko mugarekin.

3. Nafarroako Foru Komunitateak solidarioki abalatuko ditu "Club Atlético Osasunak" harturiko obligazioak, bermaturiko kreditu edo maileguen ondorioz, eta Nafarroako Foru Berriko 525. Legean aipatzen den eskusio-eskubideari uko eginez.

3. artikulua. Fidantzak gehienez ere hamazazpi urteko epea izanen du, ezaldia barne, kasua bada. Entitate abalatuak harturiko dirua entitate hartzekodunari osorik itzultzean bukatuko dira epe horretako ondorio guztiak.

4. artikulua. Entitate abalatuak aski den bermea ezarri beharko du Nafarroako Foru Komunitatearen alde, zuzenbideak onartzen duen edozein baliabide erabilirik, kostuak eta gastuak barne. Gaur egun aski izan ez baledi, geroko ondasunekin aurre eginen lioke bermaturiko obligazioari.

5. artikulua. Baimentzen den abalaren xede diren kreditu edo maileguak 2003ko aurrekontualdiaren barruan formalizatu beharko dira.

6. artikulua. Entitate abalatuak, hitzartzen duen kreditu edo maileguaren bidez, lehenengo eta behin, Nafarroako edozein administrazio publikorekin dituen zorrak kitatu beharko ditu.

7. artikulua. 1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak mailegua ematen duen kreditu entitateari argibide zehatzak eskatzen ahalko dizkio mailegua hartzen duen entitateak Nafarroako Foru Komunitateak abalaturiko kreditu edo maileguaren ondoriozko betebeharrak betetzeari buruz.

2. Entitate hartzekoduna espresuki beharturik dago modu fede-emailean jakinaraztera kreditua hartu duen entitateak pagatu ez izana, 30 egun naturaleko epean, kreditu edo mailegu kontratuan kapital eta korritu hitzartuak amortizatzeko kuota bakoitza pagatzeko ezarririko epea bukatu eta biharamunetik hasita zenbatuta. Betebehar hau bete ezik, Nafarroako Gobernua betebehar guztietatik salbuetsiko da jakinarazteke dagoen zor kitatugabearen zenbatekoari dagokionez.

8. artikulua. Entitate abalatuak erraztasunak emanen dizkio Ekonomia eta Ogasun Departamentuari ikuskatu eta kontrolatzeko. Departamentuak egiaztatu beharko ditu abalaturiko kreditu edo maileguko kontratuaren bidez finantzaturiko eragiketak egin egin direla eta errenta direla, baita entitate abalatuak kaudimena duela ere. Horretarako, bidezkotzat jotzen dituen agiriak begiratzen ahalko ditu.

Helburu horrekin, entitate hark, hiru hilabetean behin, aldez aurretik ordainketen egutegi bat igorriko du, eta aipaturiko departamentuak auditatu beharko du eta harekiko adostasuna adierazi.

9. artikulua. Diruzaintzako abala baimendu eta formalizatzeko gastu eta zerga guztiak entitate abalatuaren ez besteren kontu izanen dira.

10. artikulua. Ematen den abalak ez du inolako komisiorik sortuko Nafarroako Foru Komunitatearen alde.

11. artikulua. Kreditu kontratuko klausulek Nafarroako Foru Komunitateari foru lege honen bidez baimendurik ez dauden eginbeharrak ezartzen badizkiote, emaniko abala bertan behera utziko da.

12. artikulua. Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko abenduaren 29ko 19/2000 Foru Legeko 16. artikuluan ezarririko muga 12.020.242,09 eurotik (2.000 milioi pezetatik) 30.050.605,22 euro arte (5.000 milioi pezeta arte) handitzen da.

13. artikulua. Abala otsailaren 16ko 49/1989 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat formalizatuko da. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitatearen abalak emateko prozedura arautu zen.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENBIZIKOA

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari Foru Lege hau betearazteko behar diren xedapen eta ebazpen guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta hiruko otsailaren hamalauan._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: a0301660