15. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2003ko urtarrilaren 20koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, ureztalurretan mahats landaketa edo birlandaketa berriak debekatzen dituena.

Nafarroako Foru Komunitatea eginahalak egiten ari da etengabe bere lurraldean mahastigintzaren eta ardogintzaren jarduera antolatzeko.

Mahastigintza eta ardogintzaren produkzioa arrazionalizatu, produkzio horretan sobrakinak izan ez eta mahatsaren eta egindako ardoaren kalitate handiagoa ziurtatzeko asmotan, beharrezko jotzen da mahats landaketa eta birlandaketa berriak debekatzea gaur egun Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskalean ureztalurraren kalifikazioa duten nekazaritzako lurzatietan.

Hala ere, debeku hori ez da erabatekoa izan behar, batetik, presioko ureztapen mugatuko gaur egungo sistemek landarearen eta haren fruituen garapena bermatzen baitute sobera ur erabili gabe eta, bestetik, hain baliabide natural eta baliotsua den uraren erabilpen arrazionalagoa eta ekologikoagoa ziurtatzen baita. Halaber, landaketa edo birlandaketa berrietarako baimena ematen ahal da, arestian aipatutako Erregistro Fiskalean ureztalurren kalifikazioa izan arren, ohiko baldintza klimatikoengatik mahastiaren hazkuntza aldian ureztatzeko urik ez duten lurzatietan. Izan ere, ureztapen mota hau oso mugatua da eta ezin du izan eragin negatiborik mahatsen eta aterako den ardoaren kalitatean.

Kontseiluak, 1999ko maiatzaren 19ko 1493/1999 EE Erregelamenduaren bidez, Europako Batasuneko mahatsondo eta ardoaren merkatuaren antolamendua ezarri zuen eta kide diren Estatuei ahalmena ematen die, baldintza ekologikoak hala eskatuz gero, mahastigintza eta ardogintzako alderdi batean ureztatzeko baimena emateko. Praktika hori bat dator Erregelamenduaren VI. eranskinaren C.2 atalean eskatzen denarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Debekatu egiten dira mahats landaketa eta birlandaketa berriak Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskalean ureztalurraren kalifikazioa duten nekazaritzako lurzatietan.

2. artikulua. 1. Nafarroako Mahastigintza eta Enologi Estazioak (EVENA), 1. artikuluan xedatutakoa deusetan galarazi gabe, baimena amaten ahalko du, banan banan, interesatuak hala eskaturik eta behar diren baldintzak paraturik, aurreko artikuluan aipatzen diren lurzatietan mahats landaketa edo birlandaketa egiteko baimena, honako baldintzak beterik:

a) Arauteriaren arabera, presioko ureztapen mugatuko sistema bat instalatu bada.

b) Ohiko baldintza klimatikoengatik, batez ere, lurzatiek mahatsaren kimuak ateraz geroztik mahats uzta bildu arteko aldian ureztatzeko urik ez bada.

2. Gainera, urezta lurretan landaketa edo birlandaketa justifikatzeko baldintza ekologiko edo tekniko nahikoak biltzen ez direla baderitzo, EVENAk baimena ukatzen ahal du.

3. artikulua. Foru Agindu honetan ezarritakoak ez ditu baztertzen, inola ere, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean aplikagarri diren jatorrizko deituren erregelamenduek xedatzen ahal dituzten neurri hertsiagoak.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko urtarrilaren hogeian._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0300668