15. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko abenduaren 4koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, abeltzainei beren abeltegien saneamendu-hutsaldiagatik laguntza bat ematen dien martxoaren 2ko Foru Agindua aldatzen duena.

2001eko martxoaren 2ko Foru Aginduaren bitartez, baldintzak paratu ziren abeltegi baten saneamendu-hutsaldiagatik laguntza jaso ahal izateko, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak erabakita, abereen osasuna dela medio hala egitea derrigorrezkoa denean.

Onuradun izateko ezarritako betebeharrek kanpoan uzten dituzte arazo larriak dituzten ustiategi txikiak. Arazo horiek egiturazkoak, osasun mailakoak, azpiegiturazkoak edo titularraren ondorengotzari buruzkoak izaten dira. Hortaz beharrezkoa da betebeharrak zuzentzea egoera horietan dauden abeltzainek laguntza ekonomiko horrekin sustagarria izan dezaten saneamendu-hutsaldia egiteko eta abeltzaintzatik gelditzeko.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernu eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra._Abeltzainei beren abeltegien saneamendu-hutsaldiagatik laguntza bat ematen dien martxoaren 2ko Foru Aginduaren 1. artikuluaren 1. zenbakiari ondoko idatz-zatia gehitzen zaio:

"Halaber, laguntza hauen onuradun izan daitezke, Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezkotzat joak ez badira ere, abeltegi horietako titularrak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Abeltzaintzako ustiategiak azienda larriko hogei buru baino gutxiago izatea.

b) Abeltzaintzatik behin betikoz gelditzea.

c) Berrogeita hamabost urtetik goiti izatea eta erretiraturik egotea".

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta, atzera eraginez, 2002ko uztailaren 1etik aitzina aplikatuko da.

Iruñean, bi mila eta biko abenduaren lauan._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0213497