15. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko abenduaren 4koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Caparroson bioerregaiak ekoizteko planta bat ezartzea" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Energía Hidroeléctrica de Navarra, S.A.k sustatua, onesten duena.

I._Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak, 2002ko uztailaren 22an egindako bilkuran, "Caparroson bioerregaiak ekoizteko planta bat ezartzea" izeneko proiektua, Energía Hidroeléctrica de Navarra, S.A.k sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea erabaki zuen, bai eta espedientea jendaurrean jartzea ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean agindu bezala. Erabaki hori 2002ko 99. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 16an.

Proiektuan ageri da bioerregaiak ekoizteko bi planta eraikiko direla: bat bioetanolekoa eta bestea biodieselekoa.

Urtean 12 milioi litro Etanol (Bioetanol) ekoiztea da Bioetanol plantaren helburua, artoak, gariak eta garagarrak daukaten almidoitik aterata.

Biodiesel plantak, hasieran, urtean 35.000 tona ekoizteko ahalmena izanen du, eta bigarren fase batean horren doblea.

Zenbait kokaleku aztertu ondoren, azkenik bi plantak ezartzeko eta gero batean handitzeko eremu bat hautatu da, 425.025 m²-ko azalera duena, Caparrosoko udalerrian, herrigunetik 3,5 km-tara, Saso izeneko alderdian, trenbidearekin muga egiten duela eta N-121 Iruña-Zaragoza errepidetik hurbil.

II._Aurkeztutako alegazioak.

Jendaurreko aldi horretan alegazio idazki bat aurkeztu da. Haren edukia eta erantzuna ondoren azaltzen dira.

II.1. Javier Berazaluce Minondo jaunak, "Desarrollo de Energías Renovables, S.A." (Dersa) merkataritzako konpainiaren eta "Desarrollo de Energías Renovables de Navarra, S.A." (Derna) merkataritzako konpainiaren izenean eta haiek ordezkatuz.

Edukia:

"Desarrollo de Energías Renovables S.A." merkataritzako konpainiak adierazi du, garraio sarearen operatzaileak (Red Eléctrica Españolak) emandako argibideak kontuan harturik, ST. Orkoien-ST. La Serna izeneko 220 kw-ko linea gisa identifikatutako garraio sareak ez duela ahalmen fisikorik hara bideratu nahi diren parke eoliko guztiek sortutako energia ebakuatzeko.

Alegatzaileak uste du bere Konpainiak linea hori erabiltzeko lehentasunezko eskubidea duela, izan ere "lotune instalaziorako" administrazio baimena lortzeko eskaera aurkeztu zuen egunean bera zen subjektu ekoizletzat har zitekeen bakarra (linea erabiltzeko eskubidea barne), berak bakarrik baitzuen sistemaren operadoreak onartutako sarrera-kontzesioa eta bera bakarrik baitzen subjektu ekoizlea, Nafarroako Gobernuak onespena emana zielako energia ekoizteko instalazioei (parke eolikoak). Alegatzaileak lehentasunezko eskubide hori errebindikatu du, Nafarroako Gobernuari zuzendutako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuta 2002ko otsailaren 4ko Erabakiaren kontra; Erabaki horren bidez onetsi zen "Nafarroan energia eolikoa ekoizteko azpiegituren UPSa berraztertu eta aldatzea" izeneko espedientea, EHN-k sustatua; errekurtsoaren bidez eskatzen da Vedadillo eta Moncayeloko parke eolikoen onespena deusezta dadila, parke horiek ekoitzitako energia linea berera (220 linea, ST Orkoien-ST La Serna) bideratzeko asmoa dagoela eta.

Egoera horretan UPS bat tramitatu da eta horretan azaltzen da beroa eta elektrizitatea ekoizteko kogenerazio planta bat; halaber, sortutako energia aipatu den 220 kw-ko lineara bideratzeko asmoa. DERNAk adierazi du energia ekoizteko instalazioa ezin dela bideragarritzat jo, garraio sare horrek ez duelako ebakuaziorako ahalmenik.

Hori horrela, eskatu du UPS hori ez dadila onetsi biokarburanteak ekoizteko prozesuari lotutako kogenerazio plantari dagokionean, ez eta ebakuaziorako 66 kv-ko linea elektrikoari dagokionean ere.

Erantzuna:

Ebakuazioari dagokionez, alegatzailearen asmoa da ebakuaziorako dituen xedeak lehentasunezko eskubide bihurtzea, baina hori ez du antolamendu juridikoak babesten, eta, bestalde, sarearen ahalmenak aldi baterako murrizketak izateagatik ez da bideraezin bihurtzen ebakuazioa, sektore elektrikoaren antolamenduak mekanismoak jartzen baititu ekoizleek garraio sareak erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko. Hala, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu, hornitu eta instalazioak baimentzeko prozedura arautzen duenak, honako hau ezartzen du:

"52. artikulua. 1. Garraio sarea erabiltzeko eskubidea izanen dute ekoizleek, autoekoizleek, banatzaileek,... 3. Ekoizleek sarea erabiltzeko mugak ezartzean oinarri izanen da Espainiako sistema elektrikoan sare ahalmenaren erreserbarik ez izatea; lotunea aurretik egiteak ez dakar sarea erabiltzeko lehentasunik.

Alegazio honek biltzen ditu Nafarroako Gobernuari zuzendutako berraztertze errekurtsoan (2002ko otsailaren 4ko Erabakiaren kontrakoan) adierazi eta huts egin duten xedeak. Aipatu Erabakiaren bidez onetsi egin zen "Nafarroan energia eolikoa ekoizteko azpiegituren UPSa berraztertu eta aldatzeko dokumentazio osagarria" izeneko espedientea, Energía Hidroeléctrica de Navarra, S.A.k sustatua. Aipatu den berraztertze errekurtsoa ezetsi egin zuen Nafarroako Gobernuak, 2002ko irailaren 16an.

Alegatzaileari adierazten zaio, orobat, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial batean proposatzen den ebakuaziorako aukera eta sarea erabiltzeko aldi baterako murrizketa izatea UPSaren erregulaziotik kanpoko gaiak direla eta, beraz, ez dutela onespena eragozteko indarrik. Horiek horrela, ebakuazioari buruzko arazoek ez zuten galarazi DERSAren UPS eolikoa eta beste sustatzaile batzuen UPSak onestea, alde batera utzita ebakuaziorako ahalmena eta, hala denean, sarea erabiltzeko aldi baterako murrizketak.

Bestalde, hautatu den soluzio teknikoa _kogenerazio planta baten bidez energia termikoaren eta elektrikoaren eskaerari erantzutea, energia elektriko soberakina sarera bideratuz_ energia eraginkortasunari modu ezin hobean erantzuten diona da, eta horixe da egungo Energia Planen oinarrizko helburua, bai Europako Batasunean, bai Estatuan, bai autonomia erkidegoetan; horri esker, modu erabakigarrian laguntzen zaio energia iturri berriztagarriak dibertsifikatzeko xedeari eta hidrokarburo fosilak biokarburanteez ordeztekoari, horiek erabiliz elementu kutsatzaile gutxiago isurtzen baitira, eta ezinbestekoa baita hori Kiotoko Protokoloko konpromisoak betetzeko.

Azkenik, Bioetanoleko plantaren ezarpena (horri lotzen zaio auzitan jarri den kogeneraziokoa) Biodieselekoaren ondoren egitea aurreikusi da; biak aldi berean tramitatu dira UPS gisa, Lurraldearen Antolamenduaren eta Ingurumenaren babesaren arloan berme handiagoa izateko. Denbora tarte horretan, jarduketak planifikatu eta hasi ahalko dira sarea indartzeko, horrela konpondu ahalko baitira gaur egun sarea erabiltzeko aldi baterako izaten diren murrizketak (esate baterako, "Elektrizitate eta Gas Sektoreen Plangintza. Garraio sareak 2002-2011", Ministroen Kontseiluak 2002ko irailaren 13an onetsia, zeinek Ipar Aldeko garraio sarea garatzeko xedea baitu, besteak beste).

Hortaz, ezetsi egin da alegazioa.

III._Gobernuaren 2002ko uztailaren 22ko Erabakian ezarritako zehaztapenei buruz.

Proiektu hau Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzen duen Gobernuaren Erabakiak sustatzaileari adierazten dio, halaber, espediente hau ebatzi baino lehen aurkeztu behar duela Sustapen Ministerioko Trenbide Garraioko Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren txostena, Trenbide eta Aireportuetako Azpiegituren Zerbitzuak egindako txostenean aipatzen dena, Abiadura Handiko Trenak izanen duen trazadurari buruzko soluzioei dagokienez.

2002ko urriaren 25ean, sustatzaileak Departamentu honetan aurkeztu du Trenbide Azpiegituretako Plan eta Proiektuen zuzendariorde nagusiak gai honen inguruan egindako idazki baten kopia; amaieran jakinarazten du bi proiektuen arteko bideragarritasuna aztertu dela eta erredaktatzen ari diren Informazio Azterketaren egungo garapenean ez dela bien arteko ukipenik ageri.

Beste alde batetik, aipatu den Gobernuaren Erabakiak departamentuen txostenen ondoriozko zenbait zehaztapen biltzen du; instalazioen exekuzio proiektuei buruzkoak direnez, bidezkoa da Erabaki honetan biltzea.

Erabaki horretako ingurumen atalean adierazten da Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren tramitean onets daitezkeela instalazioak, nahiz eta behin betiko ezarpenerako baldintza izanen den jarduera sailkatuaren lizentzia eskuratzea, haren tramitean eginen baita Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa.

Linea elektrikoari dagokionez, baimena emateko 229/1993 Foru Dekretuan ezarritako tramitea bete beharko da. Dekretu horren bidez, landa ingurunean egitekoak diren obren plan eta proiektuek Ingurumenean duten Eraginari buruzko Azterketak arautzen dira.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko azaroaren 13an emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu den alegazioa ebaztea Erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. Caparroson bioerregaiak ekoizteko planta baten ezarpenari buruzko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Energía Hidroeléctrica de Navarra, S.A.k sustatua, onestea, zehaztapen hauek barne direla:

_Instalazioei buruz egiten diren Eraikuntza Proiektuetan azalduko da ukitzen diren bide publikoak berriz jarriko direla.

_Instalazioen eraikuntza proiektuek azalduko dute beharrezkoak diren berrezartzeak eginen direla 118/733 KPan aurreikusitako gaineko pasabideraino (Trenbideko pasaguneak kentzeko plana), harekin bat eginen duen altxonbideari jarraipena emateko.

_Altxonbidearen trazadura aldatzeko, planten kokalekuko lurrak gurutzatzen baititu, Nafarroako Abelbideei buruzko Foru Legeak agintzen duenaren arabera jokatuko da.

_N-121 errepidetik hasita eginen diren sarbideen proiektua Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan aurkeztu beharko da, onets dadin.

_Udalez gaindiko Proiektu Sektorialean proposatu den jarraipen arkeologikoa, plantetan beretan ez ezik, proiektuak eskatzen dituen azpiegitura guztietan ere eginen da.

_Energia elektrikoa ebakuatzeko linearen proiektuak, eta bioetanol plantaren barnean egin asmo den kogenerazio plantarako gasbidearenak, uztailaren 19ko 229/1993 Foru Dekretuaren arabera tramitatuko dira (Landa ingurunean egin beharreko obren plan eta proiektuek Ingurumenean duten eraginaren azterketak arautzen dituen Foru Dekretua).

_Instalazioen behin betiko ezarpenaren baldintza izanen da jarduera sailkaturako behar den baimena izatea; haren tramitean Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa eginen da.

Hartarako, behar bezalako proiektu teknikoa aurkeztu beharko du, zeinek, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean aipatu alderdiak garatu ez ezik, Gobernuaren 2002ko uztailaren 22ko Erabakiaren azalpen zatiko "Ingurumenaren gaineko gogoetak" atalean aipatu alderdien justifikazio zehatza ere barne hartuko baitu (aipatu Erabakiaren bidez, proiektu hau Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu da).

_Nolanahi ere, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoengandik, dela proiektuan aurreikusten diren ekintzetarako, (ubidetik ura hartzea plantetarako, eta zerbitzuak urez hornitzea, ubidera ur beltzak botatzea, trenbideko apartalekua, gas hartunea eta abar), eta bai egin asmo diren instalazio eta azpiegiturak gauzatzeak ukitu ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez.

3. Aditzera ematea Erabaki honen kontra zilegi dela, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzea Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluek agintzen dutenaren arabera; edo, bestela, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan inpugnatzea, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluak agintzen duenaren arabera.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Caparroso, Erriberri, Martzilla, Azkoien, Faltzes, Murillo el Cuende, Pitillas, Beire eta San Martin Unxeko udalei, enpresa sustatzaileari eta alegatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko abenduaren lauan._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0213234