15. ALDIZKARIA - 2003ko otsailaren 3a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

T U T E R A

Tuterako Castel Ruiz Kultur Etxeko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Tuterako Castel Ruiz Kultur Etxeko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea.

1.2. Lanpostua D mailakoa baita, maila horri dagozkion lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bitartez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz. Izendatua gertatzen denak Tuterako Castel Ruiz Kultur Etxean langileei buruz indarrean diren xedapenek, bai eta Plantilla Organikoak ere, ezarritako eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu.

1.3. Izendatzen den izangaiak Tuterako udalerrian bizi beharko du eta, hartara, bertan ezarriko du bizilekua.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.5. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du hautatua lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aitzina, bere ondorio guztiekin. Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko kide bihurtuko da eta alta emanen zaio, abenduaren 30eko 13/1993 Foru Legeak ezarri bezala.

2._Eginkizunak.

_Oro har, instalazioak begiratu eta zaintzea, langelak ireki eta ixtea, akats eta matxuren berri ematea, mantentze-lanak egin daitezen, eta langela nahiz instalazioetan ordena egokia izan dadin arduratzea.

_Apaindurak, horma-iduriak eta gainerako apaingarriak jartzea.

_Altzariak eta tresnak tokiz aldatzen laguntzea.

_Erakusketen muntaketan eta Kultur Etxean programatzen diren gainerako jardueretako zereginetan laguntzea.

_Bere maila eta kategoriaren barnean manatzen zaizkion gainerako guztiak.

3._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Nazionalitate espainiarra izatea edo Europar Batasuneko beste edozein estatutakoa, edo Europar Batasunak egin eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera izaten ahal diren estatuetakoa.

b) Adinez nagusi izatea.

c) Eskola-Graduatuko titulua edo Lanbide Heziketako Lehen Mailako titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, ez eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ere.

3.2. Probak gainditu ondoren lanpostua eskuratzen duen izangaiak egiaztatu beharko du betetzen dituela aipatutako betebeharrak, 4. oinarrian ezarritakoa salbu, deialdi honen 9.4 oinarrian esaten den eran eta epean, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean betetzen dituela ulertuko da, baita oposizioan zehar ere, izendapena arte.

4._Eskabideak

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Tuterako Castel Ruiz Kultur Etxean edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio, eta bertan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.3. Minusbaliotasunen bat dutenek, ariketak egiteko, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Horrelakoetan, eskabidean adierazi beharko dute zein minusbaliotasun duten eta zein den eskatutako egokitzapena, eta eskabideari erantsi erakunde eskudunek minusbaliotasunari buruz egindako egiaztagiria.

5._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Castel Ruiz Kultur Etxeko buruak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du.

5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barruan, erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta dagokiena ebatzitakoan, buruak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

6._Epaimahaia.

6.1. Ondoko kideek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Castel Ruiz Kultur Etxeko Gobernu Batzordeko burua.

Ordezkoa: Castel Ruiz Kultur Etxeko buruordeak edo buruak eskuordetutako pertsona.

Mahaikidea: Luis Segura Casado jauna.

Ordezkoa: Jesús Zubieta Mozaz jauna.

Mahaikidea: Jesús Tobajas Lainez jauna.

Ordezkoa: José Luis Rota jauna.

Mahaikidea: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, hark hautatua.

Ordezkoa: Tuterako Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, hark hautatua.

Mahaikide idazkaria: Arancha Jiménez Del Val andrea, administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Julia Carrascosa andrea, administrari-ofiziala.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Organo kolegiatu horren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da kide hauek biltzea: mahaiburua eta mahaikide idazkaria edo horien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

6.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7._Oposizioaren nondik norakoak.

7.1. Oposizioa hasiko da deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik bi hilabete igarotzen direnean.

7.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean adieraziko da oposizioko probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren.

Ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, egoki denean jarri ere, gainerako proben iragarkiak, betiere erregelamenduaren arabera.

7.3. Oposizioaren balorazio osoa 100 puntukoa izanen da.

8._Oposizioa.

8.1. Ondoko ariketa hauek egin beharko dira oposizioaldian:

_Lehenbiziko ariketa:

a) Epaimahaiak prestatutako testu baten zuzenketa ortografikoa egin beharko da.

Testua zuzentzeko, gehienez ere 30 minutu beharko dira.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere, 20 puntukoa izanen da eta 10 puntu beharko dira gainditzeko.

0,50 puntu kenduko dira ortografi zein azentuazio akats bakoitzeko, eta 0,25 puntu gainerako puntuazio akats bakoitzeko.

b) Matematikako 10 problema ebaztea, eskola graduatuaren mailakoak (oinarrizko erregelak _batuketa, kenketa, biderkaketa, zatiketa_ ehunekoak, interes bakuna, ....), bakoitzari 2 punturainoko kalifikazioa emanda, eta beharrezkoa izanik 10 puntu gutxienez ateratzea ariketa gainditzeko. Proba honetan, gehienez ere, 20 puntu lor daitezke. Proba hau egiteko ezin izanen da kalkulagailurik erabili.

Honako b) atal honek gehienez ere 90 minutu iraunen du.

_Bigarren ariketa: zerrendako gaiekin zerikusia duten hamar galdera labur erantzun beharko dira. (II. eranskina).

Probarako ordubete bat izanen da gehienez ere.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere, 30 puntukoa izanen da eta 15 puntu beharko dira gainditzeko.

_Hirugarren ariketa: egin beharko dira bi ariketa praktiko, lanpostuaren eginkizunetan sartzen diren lan batzuk egiteko behar den jakintza eta trebetasunarekin zerikusia dutenak.

Ariketa hau egiteko oposiziogile bakoitzak gehienez ere ordubete bat izanen du.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere, 30 puntukoa izanen da eta 15 puntu beharko dira gainditzeko.

8.2. Epaimahaikide bakoitzak banaka puntuatuko ditu ariketak. Kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da kasuko ariketaren emaitza.

8.3. Ariketa bakoitza amaiturik eta hamar eguneko epean, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Tuterako Castel Ruiz Kultur Etxeko iragarki oholean, izangaien eta dagozkien kalifikazioen zerrenda, bai eta, halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua ere, hura hasi baino 48 ordu lehenago gutxienez.

8.4. Probak plika itxien sistema erabiliz eginen dira eta bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute probetara. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9._Oposizioaldia gainditzen dutenen zerrenda.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondoren eta guztien batura eginik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Tuterako Castel Ruiz Kultur Etxeko iragarki oholean eta azken ariketa egin den lekuan, gainditu duten izangaien zerrenda, ariketetan lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

9.2. Epaimahaiak Castel Ruiz Kultur Etxeko buruari igorriko dio puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Oposizioaldia gainditu duten gainerako izangaiak ere deitzen ahalko dituzte, ordezkapenak egiteko, lortutako puntuazioaren ordenari jarraikiz.

9.4. Izendapen proposamena jakinarazi ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak ondoko agiriak eraman beharko ditu Castel Ruiz Kultur Etxera:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdiaren 3. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

e) Zin egitea edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

9.4.1. Izangairen batek minusbaliotasuna duela alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek egindako egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, minusbaliotasun hori lanpostuan aritzeko eragozpen ez dela frogatzeko.

9.4.2. Aipatutako agiri hori ezarritako epean aurkezten ez badu, ezin izanen dute izendatu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, batere ukatu gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna.

9.5. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Castel Ruiz Kultur Etxeko buruak hartuko du puntuazioen zerrenda, 9.1. atalean aipatzen den hori, eta hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua. Gero, izangai horrekin ere aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10._Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Castel Ruiz Kultur Etxeko buruak ebazpen bidez izendatuko du aurreko atalean xedatutakoa betetzen duen izangaia.

10.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.3. Izangai izendatuak, hilabeteko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko, izendapenaren jakinarazpenetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan salbu, Tuterako Castel Ruiz Kultur Etxeko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu.

11._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Castel Ruiz Kultur Etxeko Gobernu Batzordeari zuzendua, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi ondoko hilabetean.

Tuteran, bi mila eta biko azaroaren hogeita batean.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..............., adinez nagusi; NAN zenbakia: ............., jaioteguna eta tokia: .................., helbidea (herria, kalea, zenbakia, solairua): .................., posta kodea: ........., telefonoa: .............., zugana jotzen dut eta ............

Azaltzen dut:

_Tuterako Castel Ruiz Kultur Etxeko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, oposizio bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

_Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisikorik ez dudala.

_Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

_Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

_Deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa badudala.

_Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Badudala minusbaliotasun bat eta, horregatik, orri erantsian zehazten den egokitzapena eskatzen dudala, bertan aipatzen diren arrazoiengatik. (Beste orri batean, minusbaliotasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

Ez dudala minusbaliotasunik.

(X paratu behar den lekuan).

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat eman eta, beraz, Tuterako Castel Ruiz Kultur Etxeko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, oposizio bidez betetzeko deialdian onar nazazula eskatzen dudala.

Tuteran, 200...(e)ko ...........aren ............(e)an.

(Izenpea)

II. ERANSKINA

1. gaia._Lan jakin bat (iturgintza, zurgintza edo elektrizitatekoa) egiteko eman beharreko pausuak, instalazioek behar dituzten mantentze-lanetarako.

2. gaia._Iturgintzari buruz jakin beharreko oinarrizkoak. Ur ihes txiki bat konpontzeko behar diren material eta/edo erremintak.

3. gaia._Zurgintzari buruz jakin beharreko oinarrizkoak. Sarrailak, eskutokiak edo gontzak aldatzeko behar diren material eta/edo erremintak.

4. gaia._Elektrizitateari buruz jakin beharreko oinarrizkoak. Instalazio elektriko arrunt bateko elementuak (etengailuak, konmutadoreak, entxufeak eta fusibleak) konpontzeko edo aldatzeko behar diren material eta/edo erremintak.

5. gaia._Erakusketa bat muntatzeko kontuan hartu beharreko alderdiak eta material eta/edo erremintak.

Iragarkiaren kodea: A0213682