144. ALDIZKARIA - 2003ko azaroaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

84/2003 FORU AGINDUA, urriaren 29koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, "Pro libertate" azterlan eta ikerlan bilduma sortzen duena.

Nafarroako Gobernuak, uztailaren 28ko 267/2003 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua (NAPI) izeneko erakunde autonomoaren estatutu berriak onetsi ditu. Foru dekretu horretako 3. artikuluko 2. idatz-zatiak Institutuari ematen dizkion eskumenen artean eskuarki Nafarroako Administrazio Publikoei interesatzen zaizkien kontuen gainean azterlan eta argitalpenak egitea eta Administrazioko prozedurak hobetu eta gaurkotzeko ikerlan eta azterlanak sustatzea dira aipatzekoak.

Administrazio Publikoei buruzko gai eta kontuak zabaltzea xede duten argitalpenen sail sistematizatu eta antolatu bat bultzatzearren, komenigarritzat jo da kudeaketa eta sektore publikoari buruzko gaien bilduma sortzea, bai Nafarroari, bai eskualde zabalagoei dagokienez, informazio eta jakintza oro unibertsala baita.

Institutuari esleitu zaio bilduma hau kudeatzea, haren estatutuetan xedaturikoarekin bat, haien aurrekontuen bizkar, entitate edo partikularrekin lankidetza tekniko edo finantzariorako ezartzen ahal dituen moduak deusetan galarazi gabe.

Jarduera publikoari buruzko jakintza zabaltzeko bilduma bat nahitaez goi mailako balore batzuen babes eta sustapenari lotu behar zaio, balore horiek izan behar baitute haren helmuga eta haren edukiaren muga bera ere. Horregatik, argitalpen sail honen xedea, lehenengo eta behin, aginte publikoen ekintzarako funtsa osatzen duten baloreak zabaltzeko tresnatako balio izatea da, hala nola, askatasuna, berdintasuna, justizia, pluralismoa, demokrazia, elkartasuna, tolerantzia, giza duintasuna, humanismoa eta giza eskubideen errespetua. Bigarrenik, aurreko baloreei loturik, mendebaleko gizarteen konstituzionalismo demokratikoaren ezaugarriak zabaltzea. Eta hirugarrenik, Nafarroak bere historiaren arabera eta Nafarroako herriak modu aktibo batean defendatu duelako bere duen foru araubidea zabaltzea.

Hain zuzen ere, balore eta printzipio hauek denak nabarmentzeko, bidezkotzat jo da bilduma honi "pro libertate" latinezko izena ematea. Izan ere, alde batetik, legeriak aitortzen dituen funtsezko eskubideetan jardutean herritarren askatasunerako arauak ahalik eta modu zabalenean eta onuragarrienean interpretatzeari dagokio. Bestetik, Obanosko Kapareen entzute handiko goiburuaren hasiera da. Goiburu hori askatasunen defentsari dagokio erregeen agintekeriaren aurrean eta Nafarroako Diputazioko Jauregiko gibeleko aldean dago irarririk.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluko 2. idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Pro libertate" argitalpen bilduma sortzen da, eskuarki eta zabaltasunez Nafarroako Administrazio Publikoei interesatzen zaizkien kontuei buruzko argitalpen eta azterlanak zabaltzeko.

2. Nafarroako Administrazio Publikoen Institutuari (NAPIri) dagokio, Nafarroako Administrazio Publikoen Modernizazio eta Azterlanetarako Zerbitzuaren bidez, bildumaz arduratzea.

3. Foru agindu hau betetzean sortzen diren gastuak 2003rako luzaturiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Liburuak eta argitalpenak argitaratzeko gastuak" izeneko 04000-0300-2400-122200 kontusailari egotziko zaizkio.

4. Foru agindu hau Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari eta Toki Administrazioko Departamentuko Protokolo eta Argitalpen Zerbitzuari jakinaraztea.

5. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, bi mila eta hiruko urriaren hogeita bederatzian._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: C3347608