128. ALDIZKARIA - 2003ko urriaren 6a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

U K A R

Zirkulazioaren udal ordenantza behin betikoz onetsirik

Bi mila eta hiruko martxoaren hogeita zortziko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen Zirkulazioaren udal ordenantza. Udaleko iragarki oholean eta, uztailaren 7an, 2003ko 87. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarkiak paratu ondotik, espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egunean. Epea joan den abuztuaren hamahiruan bukaturik, inork ez du alegazio, iradokizun edo erreklamaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betikoz onetsirik gelditu da. Hona hemen testu osoa:

Ukarren, bi mila eta hiruko irailaren hamaikan. Alkatea, sinadura ulertezina.

ZIRKULAZIOAREN UDAL ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Toki entitateek autonomia dute berei dagozkien interesak kudeatzeko. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak eta haren Testu Bateginak ezartzen dutenez, hiri bideetan, ibilgailuen eta pertsonen trafikoaren antolamendua toki entitateen eskumena izanen da, estatuaren eta erkidego autonomoen legeriak ezartzen dituen mugen barnean erabiltzekoa bada ere eskumen hori. Zirkulazioaren arloan, eskumen hori agerian jartzen da ordenantza bat prestatuz, udalerriaren barnean zirkulazioari dagozkion alderdiak modu sistematikoan arautzeko.

Trafikoari, Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legeak, Martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, udalerrien eskutan uzten du, bere 7. artikuluan, hiri bideen erabilpena xedapen orokor baten bidez arautzeko ahalmena.

ATARIKO TITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Eskumena.

Ordenantza hau eman da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legeak pertsona eta ibilgailuen hiri bideetako trafikoaren arloan udalerriei aitortzen dizkieten eskumenak erabiliz.

2. art. Xedea.

Ordenantza honen xedea hiri bide eta zeharbideen erabilerak arautzea da, bertze administrazioekiko lankidetza edo eskuordetze formulekin bat, bateragarri eginez aparkalekuen banaketa bidezkoa erabiltzaile guztien artean ibilgailuen trafikoaren nahitaezko arintasunarekin eta oinezkoen karriken erabilpenarekin.

3. art. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremuak honako hauen titular eta erabiltzaileak behartzen ditu: Ukarren zirkulaziorako on diren hiri bide eta eremu publikoak, baita hiri artekoak ere haien gaineko eskumenak Udalari laga bazaizkio, eta, on ez izanagatik, guztiek erabiltzen dituzten bide eta eremuak eta, bertze araurik ezean, bide eta eremu pribatuak, erabiltzaile multzo zehaztugabe batek erabiltzen baditu.

Hauek hartzen dira bidearen erabiltzailetzat: oinezkoak, gidariak, bizikletariak eta bertze edozein pertsona, bidearen gainean hainbat motatako jarduerak, Udalaren baimena dutenak, egiten baditu edo bidea haietarako erabiltzen badu.

LEHEN TITULUA

Hiri barneko zirkulazioa

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

4. art. 1. Bideen erabiltzaileek zirkulazioari trabarik ez egiteko eta pertsonei arriskurik, kalterik edo beharrik gabeko trabarik eta ondasunei kalterik ez egiteko maneran jokatu behar dute.

Oinezkoak bertze ibiltarien joan-etorria ez trabatzeko edo ez zailtzeko maneran ibiliko dira espaloian barna.

2. Debeku da ibilgailuaren ateak irekita eramatea, erabat gelditu baino lehenago irekitzea eta horiek irekitzea edo handik jaistea lehenago egiaztatu ez bada bertze erabiltzaileendako arrisku edo trabarik ez dakarrela, bereziki bizikletariei dagokienez.

3. Bizikletek behar bezala homologaturiko isladatzaileak eraman beharko dituzte.

Bizikleta, motozikleta edo ziklomotorren gidariek espresuki debekatua dute ibilgailua abiaraztea edo harekin ibiltzea galtzadan gurpil bakarra bermatuta. Halaber, ziklomotor, bizikleta, patin, monopatin edo gisako tramankuluen erabiltzaileek debakatua dute ibiltzen ari diren ibilgailuei lotzea.

4. Bizikletak berendako errei erreserbatuetan ibiliko dira, eta horiek gurutzatzen dituzten oinezkoen lehentasuna errespetatuko dute. Bide erreserbaturik ez egoteagatik galtzadan ibiliz gero, eskuineko erreian eginen dute, berehala ezkerretara biratu behar izan ezik.

5. art. 1. Ordenantza honen xede diren bideetan obrak edo instalazioak egiteko edo edukiontziak, hiri altzariak edo bertze edozein elementu paratzeko, modu iraunkorrean nahiz behin-behinekoz, Udalaren aldez aurreko baimena beharko da eta arau honetan eta orokorrean aplikatzeko legeetan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Ez dira ordenantza honen xede diren bideetan ibiltzen ahalko erregelamenduz ezarri baino gehiagoko asots maila ateratzen duten ibilgailuak, ez gasak edo keak ezarritako mugez goiti jaurtitzen dituztenak, ezta berritzea baimendu gabeko heinean egin dutenak ere.

6. art. Debeku da bidera gauzak botatzea, edo bertan uztea edo abandonatzea, guztien zirkulazioari, gelditzeari edo aparkatzeari traba egiten badiote, haien erruz arriskutsu edo kaltegarri gertatzen bazaio, berari nahiz haien instalazioei, edo ibiltzeko, gelditzeko edo aparkatzeko behar diren baldintzak aldatzen badituzte hartan edo haren inguruan.

7. art. Ordenanta honek arautzen dituen hiriguneko bideetan, ibilgailuendako gehienez ere baimentzen den abiadura 20 km/ordua da, ukatu gabe udal agintaritzak, halako bide batzuetarako, haien ezaugarri bereziak ikusita, goragoko mugak ezarri ahal izatea.

8. art. Ibilgailuen gidariek, gidatzerakoan, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean eta hura garatzen duten Erregelamenduetan ezarritako arauei lotuko zaizkie.

Debeku da hamabi urte baino gutxiagoko haurrak ibilgailuaren aurreko jarlekuetan direla zirkulatzea, baldin eta behar bezala homologatutakoak diren bertzelako aparaturik ez badute. Halaber, debeku da hamabi urtetik beheitikoak ziklomotor edo motozikletetan bidaiari eramatea, haiek sidekarra izan ala ez, eta bide mota guztietan. Salbuespenez baimendurik egonen da zazpi urtetik goitikoak eramatea, betiere gidariak aita-amak, tutoreak edo beraiek baimendutako adinez nagusiren bat badira, kasko homologatua erabiltzen badute eta segurtasunaren gainean erregelamenduz ezarritako baldintza berariazkoak betetzen badira.

II. KAPITULUA

Seinaleak

9. art. 1. Hiri bideak seinalatzea udal agintaritzari dagokio. Alkatetzak edo zinegotzi eskuordeak aginduko dute kasu bakoitzean bidezko den seinalea paratzea, kentzea eta ordezkatzea.

2. Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude betebehar bat edo debeku bat ezartzen duten seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera beraiek doazen bideetan aurkitzen dituzten gainerako erregelamenduzko seinaleen mezuaren ariora.

10. art. Seinaleak paratu, kendu, lekualdatu edo aldatzeko, Udalaren aldez aurreko baimena beharko da. Baimenak zehaztuko du ezarri beharreko seinaleen kokalekua, modeloa eta handi-zabalak.

Udalak, behar bezala baimendu gabeko seinaleak edo indarrean dauden arauak betetzen ez dituztenak kenduko ditu berehala.

11. art. Aginduzko trafiko seinaleek, herriguneen sarreretan paratzen diren horiek, herrigune guztian izanen dute indarra, halako karrika tarteren baterako seinale berariazkoak ezarri ezik.

III. KAPITULUA

Geldiketa eta aparkatzea

1. SAILA

Geldiketa

12. art. Geldiketa da ibilgailu bat bi minutu baino gutiagoan ez mugitzea, gidaria kanporatu ahal izan gabe. Ez da geldiketatzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez gelditzea.

13. art. Geldiketa ibilgailuak zirkulazioa ez trabatzeko maneran eta bidearen gainerako erabiltzaileei arriskurik ez sortzeko maneran egin behar da, hura nola kokatzen den bereziki zainduz. Betiere, geldiketa eskuin aldeko espaloira hurbilduz egin beharko da, zirkulazioaren norabide berean, nahiz eta norabide bakarreko bideetan, ezker aldean ere egiten ahalko den. Bidaiariek espaloiko aldetik atera beharko dute autotik. Gidariak, jautsi nahi badu, bertze aldetik egiten ahalko du, betiere lehenago segurtatzen badu batere arriskurik gabe egin dezakeela.

14. art. Eremu eta bide publiko guztietan, geldiketa zirkulazioari ahalik eta traba gutien egiten zaion lekuan eginen da. Salbuespena izanen da bidaiariak eriak edo ezinduak direnean, edo larrialdiko zerbitzu publikoak edo zaborbilketakoak direnean .

Espaloirik gabeko karrika urbanizatuetan, gutienez ere metro bateko tartea utziko da fatxada hurbilenera.

15. art. Autobusek, hiriko nahiz hiriarteko lineatakoak nahiz irakaskuntzakoak izan, udal agintaritzak espresuki zehazten edo seinalatzen dituen geralekuetan baizik ezin izanen dituzte bidaiariak hartu edo utzi.

16. art. Debeku da kasu eta toki hauetan gelditzea:

a) Oinezkoen edo ibilgailuen joan-etorriari traba edo eragozpen larria sorrarazten diotenean.

b) Ibilgailu eta jendeen sarbide eta aterabideen ohiko erabilpena trabatzen denean.

c) Mugikortasun murriztua dutenendako espaloiko oketsetan.

d) Eta orobat Trafikoari buruzko Legean debeku diren guztietan.

2. SAILA

Aparkatzea

17. art. Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, betiere geldiketa zirkulazioak edo erregelamenduzko edozein baldintza bete beharrak ez badakarte.

18. art. Aparkatzea ibilgailuak zirkulazioa ez trabatzeko maneran eta bidearen gainerako erabiltzaileei arriskurik ez sortzeko maneran egin behar da, eta hura nola kokatzen den bereziki zainduko da, galtzadaren ertzetik ahalik eta hurbilen paratuz, zirkulazioaren norabidearen ariora, eta gidaria kanpoan dagoen bitartean abian jartzea eragotziz. Horretarako, gidariek behar bezalako aurreneurri aski hartuko dituzte eta ibilgailuaren lekualdatze batek sorraraz ditzakeen arau-hausteen erantzule izanen dira, hura berez edo hirugarrenen ekimenez abiatu bada, azken kasu honetan gogorkeria agerikoa izan ezik.

Aparkatzea gainerako erabiltzaileei gainontzeko leku librea hobeki erabiltzeko maneran eginen da.

19. art. Ibilgailuak ilaran, baterian edo erdibaterian aparkatzen ahalko dira.

Arau orokorra aparkatzea ilaran egitea izanen da. Arau honen salbuespena espresuki adierazi beharko da.

20. art. Salgai arriskutsuak eta pisu larriak garraiatzeko ibilgailuak:

a) Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek debeku dute, Udalak aldez aurretik baimena eman ez badu, hirigunearen barnean ibiltzea

b) 18.000 Kg baino gehiagoko BPG duten ibilgailuek debeku dute hiri bideetan ibiltzea. Hirigunea trabeskatzeko, dagokien baimena beharko dute.

c) Debeku da arras aipatu ibilgailuak udal mugape osoan aparkatzea.

21. art. Atoiak eta karabanak.

a) Karabanak eta atoiak aparkatzea ere debeku da, eta horretarako beharrezkoa izanen da udal organo eskudunaren baimen berariazkoa eskuratu eta lurzoruaren aprobetxamendu bereziaren prezio publikoa ordaintzea.

b) Halaberean, debeku da udal mugapearen barnean karabanetan bizitzea, horretarako gaitutako lekuetan izan ezik. Horiek, osasungarritasuna eta higienea bermatzeko aski baliabide izan beharko dute.

c) Bide publikoetan ezin izanen dira aparkatu ibilgailu motoretik bereizitako atoiak.

d) Nekazaritzako atoiei dagokienez, ahalik eta denbora gutien egon beharko dute eta gainerako erabiltzaileei gelditzen den gainerako espazioaren erabilerarik hoberena eta hartan ibiltzea uzteko maneran.

e) Hemendik aitzina, garraio handiko ibilgailu edo ibilgailu larri hauek Biurrungo bideko hegoaldean aparkatzen ahalko dira, "aldi baterako", herriarren sarreran baitago. Herriko sarrera leku egokia da, orobat, autobusek bidaiariak biltzeko.

22. art. Autobusak, kamioiak, atoiak eta karabanak aparkatzea

a) 6.000 Kg baino gehiagoko BPG duten ibilgailuek debeku dute udal mugapeko bide guztietan aparkatzea (nekazaritzako ibilgailuak salbu).

b) 21 bidaiari baino gehiagorendako tokia duten autobusek debeku dute udal mugapeko bide guztietan aparkatzea.

Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespeneko kasuetan, aldez aurretik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada (eskola eta kirol garraioa, kalez kaleko salmenta eta nekazaritzako ibilgailuak).

23. art. 1. Udal agintaritzak zamalanak egiteko eremuak ezartzen eta seinalatzen ahalko ditu. Edozein ibilgailuk erabiltzen ahalko ditu zamalanetarako eremuak, salgaien garraiorako badago edo, horretarako egon gabe ere, zamalanetan ari delarik gidaria barnean badago eta gehienez ere 60 minutuan badago, kasu justifikatuak izan ezik, horrelakoetan, zenbat behar den, hainbertze eta ez gehiagorik erabiliko baita.

2. Udalak araudi berezia ematen ahalko du zamalanetarako, honako hauei begiraturik: kokalekua, hurbiltasuna aparkatze arautua eta ordutegi mugatua duten eremuetatik edo erabilpen maiztasuna.

3. Eraikin berriak egiterakoan, obra lizentzien eskatzaileek obren barnean zamalanetarako aparkatzeko eremu bat dutela egiaztatu beharko dute.

Ahal dela, obretan aparkatzea erreserbatzeko eremuak eskatzailearen eskabide arrazoitua aurkeztuta emanen dira, frogatu beharko baitu, dagokion txosten teknikoaren bidez, aitzineko atalean aipatutako eremua erreserbatzea ezinezkoa dela. Udal agintaritzak, onetsitako dokumentazioa ikusirik, erabakiko du erreserba ematea egokia den edo zamalanak zer baldintzatan baimentzen den, izan ere egoera edo zerbitzu berezietarakoa (erregaia, aldaerak, noizean behinkako lanak eta salbuespenekoak) Alkatetzaren ebazpenaren bidez arautuko da. Ematen diren baimenetan hauek adieraziko dira: xedea, lekua, zabalera, egunak eta orduak, baita ibilgailuen gehieneko masa baimendua (G.M.B.).

BORZGARREN TITULUA

Erantzukizuna

24. art. 1. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean xedatutakoaren kontrako arau-hausteen gaineko erantzukizuna arau-hauste den egitatearen egileak izanen du.

18 urtez beheitiko baten egitateengatik erantzukizuna deklaratzen bada, haren aita-amek, tutoreek, abegi-egileek eta legezko edo izatezko zaindariek erantzunen dute solidarioki eta ordena horretan, beraiei ezarritako betebeharra ez betetzeagatik, berarekin baitakar adingabeei egozten zaien arau-hauste administratiboari aitzindu beharra.

Erantzukin solidarioa ezarritako isunaren ondoriozko diru erantzukizunari baizik ez dagokio; hura agintaritza zehapen-emaileak apaltzen ahalko du. Arau-hauste arinak badira, aitzineko lerroaldean agertzen diren pertsonen aldez aurreko adostasunez, zehapen ekonomikoaren ordez bertze neurri hezigarri batzuk ezar ditzake agintaritza zehapen-emaileak.

2. Ibilgailuen Erregistroan agertzen den titularra izanen da, betiere, ibilgailuaren dokumentazioari dagozkion arau-hausteen erantzulea, baita konserbazio egoerari dagozkionena, akatsek ibilgailuaren segurtasun egoerari eragiten diotenean, eta aldian behingo azterketei dagozkien arauak ez betetzearen ondoriozkoena ere.

3. Ibilgailuaren titularrak arau-haustearen erantzulea den gidaria nor den erran beharko du, behar bezala horren errekerimendua egiten bazaio, eta behar den prozedurako tramitean betebehar hori betetzen ez badu arrazoi justifikaturik gabe, diru zehapena ezarriko zaio arau-hauste larria egiteagatik, eta zenbatekorik handiena ezarriko zaio zehapen.

Modu berean erantzun beharko du ibilgailuaren titularrak hark identifikatu gidariari ezin zaionean salaketa jakinarazi, titular horri egozten ahal zaizkion arrazoiengatik.

SEIGARREN TITULUA

Zehapen prozedura

25. art. Alkatetza udalburutzaren eskumena izanen da, edo berak eskuordetzen ahal duen zinegotziarena, ordenantza honen aginduak urratzeagatik zehapenak ezartzea.

26. art. Udaltzainen salaketek, bideko zirkulazioaren zaintza eta kontrol lanetan ari direnean, froga balioa izanen dute, deusetan ukatu gabe salatutako egitateen gainean ekarri ahala frogak ekartzeko betebeharra, eta deusetan ukatu gabe, halaberean, salatuek beren defentsarako ekartzen edo izendatzen ahal dituzten frogak.

27. art. 19/2001 Legean aurreikusitako arau-hausteen preskripzio epea hiru hilabete da arau-hauste arinetarako, sei hilabete arau-hauste oso arrietarako, eta urte bat arau-hauste larrietarako eta Lege horren 67.2 artikuluan aurreikusten diren arau-hausteetarako.

Preskripzio epea egitateak gertatzen diren egunetik hasten da kontatzen. Preskripzioa etenen da administrazioaren edozein jarduketagatik, salatuak horren berri badu edo salatua nor den edo non bizi den jakitea helburua badu eta, zein dependentziatan sortzen den, hortik kanpoko proiekzioarekin egiten bada. 19/2001 Legearen 78. artikuluan ezarritakoari jarraikiz egiten den jakinarazpenak ere etenen du preskripzioa. Aldiz, jarraipena izanen du prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

Zehapenen preskripzio epea urte bete izanen da, dagokion zehapena ezartzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik hasita.

Interesatua jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iraganen da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

28. art. 19/2001 Legean aurreikusitako arau-hausteen preskripzio epea hiru hilabete da arau-hauste arinetarako, sei hilabete arau-hauste oso arrietarako, eta urte bat arau-hauste larrietarako eta Lege horren 67.2 artikuluan aurreikusten diren arau-hausteetarako.

Preskripzio epea egitateak gertatzen diren egunetik hasten da kontatzen. Preskripzioa etenen da administrazioaren edozein jarduketagatik, salatuak horren berri badu edo salatua nor den edo non bizi den jakitea helburua badu eta, zein dependentziatan sortzen den, hortik kanpoko proiekzioarekin egiten bada. 19/2001 Legearen 78. artikuluan ezarritakoari jarraikiz egiten den jakinarazpenak ere etenen du preskripzioa. Aldiz, jarraipena izanen du prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

Zehapenen preskripzio epea urte bete izanen da, dagokion zehapena ezartzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik hasita.

Interesatua jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iraganen da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

29. art. Ordenantza honek xedatutakoaren kontra egin litezkeen arau-hausteak 19/2001 Legean aurreikusten diren isunen bidez zehatuko dira: arau-hauste arinengatik zehapena 91 eurorainoko isuna izaten ahalko da, larriengatik 92tik 301 euro bitarteko zehapena, eta oso larriengatik 302 eurotik 602 euro bitartekoa.

AZKEN XEDAPENA

Bigarrena._Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: A0308948