116. ALDIZKARIA - 2003ko irailaren 10a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

AMESKOAKO LIMITACIONES MENDIKO BATZORDEA

Ordenantza orokorrak, "Limitaciones" hermendiko larreak, zuhaiztiak eta abar erabili eta zaintzeko Ameskoagoien eta Ameskoabarrengo Udalek ezarri dituztenak. Behin betiko onespena

Batzordeak, 2003ko martxoaren 14ko osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez, hasiera batez onetsi zuen "Limitaciones" hermendiko larreak, zuhaiztiak eta abar erabili eta zaintzeko Ameskoagoien eta Ameskoabarrengo Udalek ezartzen dituzten ordenantzak berrikusi, aldatu eta eguneratzea. Espedientea jendaurrean egon zen, herritarrek eta interesatuek espedientea aztertzeko eta bidezko juzgatzen zituzten erreklamazio, kexa edo oharrak aurkezteko aukera izan zezaten.

Jendaurreko epean alegaziorik egon ez dela ikusirik, Batzordeak, 2003ko maiatzaren 23ko osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez, behin betikoz onetsi ditu aipatu ordenantza horiek eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratzeko agindu du; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Ameskoan, bi mila eta hiruko maiatzaren hogeita hiruan. Batzordeko burua, Pablo García de Eulate García de Eulate.

ORDENANTZA OROKORRAK, "LIMITACIONES" HERMENDIKO LARREAK, ZUHAIZTIAK ETA ABAR ERABILI ETA ZAINTZEKO AMESKOAGOIEN ETA AMESKOABARRENGO UDALEK EZARRI DITUZTENAK

LEHEN TITULUA

Administrazio orokorra

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Ameskoako Limitaciones mendia, zabalera, jabetza duten herriak eta aprobetxamenduetarako eskubideak dituztenak

1. artikulua. Ameskoako Limitaciones mendia.

Ameskoako Limitaciones mendiko lurrek ondoko mugak dituzte: iparraldean, Urbasa izeneko mendia, Nafarroako Oihan Ondarea baita; hegoaldean, Ameskoako udal barrutiak, Limitaciones mendi horren mendikatea banatzen baitu; ekialdean, Ameskoabarrengo Ibarreko mendia; eta mendebaldean, Entziako mendilerroa (Araba).

Urbasarekin, Entziako mendilerroarekin (Araba) eta abarrekin dituen mugak ez daude inongo herriren edo partikularraren menpe. 57.688 erregu inguruko lurraldea da, eta Ameskoako jabetzakoa da antzin-antzinatik, hala erakusten baitu San Germango dukeak, Nafarroako Erregeorde eta Kapitain Nagusiak emaniko graziaren edukiak, Iruñean luzatu baitzuen 1665. urtean, eta baita Errege Ondarearekin 1852 urtean egindako transakzioak ere.

Ameskoako Limitaciones mendia herri ondarea izan da antzinatik, eta Nafarroako Erabilgarritasun Publikoko Mendien Katalogoan dago instribaturik, 235 zenbakia duela. Ameskoako bizilagunek dute Mendia aprobetxatu eta erabiltzeko eskubidea, betiere Batzorde Nagusiaren administrazioaren menean.

Limitaciones mendia ondasun besterenduezina, preskribaezina eta bahiezina da eta ez du inolako tributurik bere gain.

2. art. Herriak.

Ondoko herri hauek dute jabetza eta aprobetxamenduetarako eskubidea:

_Ameskoagoienen: Larragoa, Aranaratxe eta Eulate.

_Ameskoabarrenen: Ekala, San Martin, Barindao, Zudairi, Bakedao, Gollao, Urra eta Artatza.

Eraulek (Deierri) eta Etxabarrik (Allin) aprobetxamenduetarako eskubidea dute, bi herriek Ameskoekin sinaturiko itunen arabera (Nafarroako Errege Kontseiluak 1683ko urriaren 9an onetsi baitzituen), eta ondoren banan-banan sinaturiko beste bi akordioen arabera (Eraulekoa 1923ko abuztuaren 21ean onetsi baitzuen Foru Diputazioak, eta Etxabarrikoa, berriz, 1924ko maiatzaren 3an).

3. art. Bizilagunak.

Herri partzuerretako bizilagunek mendi horretako aprobetxamenduak erabiltzeko eskubidea dute, betiere Ordenantza hauei eta aipatu itunei jarraikiz eta lege, erregelamendu eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenekin bat.

Oro har, ondoko baldintzak bete beharko dira Ameskoako bizilaguna izateko eta Limitaciones mendiko aprobetxamenduetarako eskubidea edukitzeko:

_Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

_Ameskoako herriren bateko biztanleen udal erroldan inskribatua egotea gutxienez bortz urteko antzinatasunez, eta herri horietako batean benetan eta jarraian bizitzea urtean bederatzi hilabetez gutxienez.

Hala ere, bizilagunen batek baldintza horiek galdu baditu kanpoan bizi izan delako, eta ondoren Ameskoako herriren batera bizitzera itzultzen bada, berriz ere bizilaguntzat hartzeko eskubidea irabaziko du erroldatu eta bertan gelditu edo benetan bizi eta handik urtebete naturalera.

Era berean, bertze herriren bateko bizilagun batek Ameskoa hartzen badu bizilekutako ameskoako norbaitekin ezkondu edo haren bikote egonkorra bihurtu delako, urte berean eskuratuko du bizilagun izaera, betiere urte horretako martxoaren 31 baino lehen erroldatu eta elkarbizitzen hasten bada. Bestela, hurrengo urtean eskuratuko du bizilagun izaera.

Urtealdia urtarrilaren 1ean hasi eta urte bereko abenduaren 31n bukatzen da.

Norbait Ameskoan benetan bizi dela ulertuko da, urtean ezarritako gutxieneko epe horretan Ameskoako ohiko etxebizitzan ematen badu gaua.

Batzordeak baldintza hori barkatzen ahalko du ezinbertzeko arrazoiak tarteko direnean, hau da, ospitaleko egonaldiak edo lanari, heziketari edo prestakuntzari loturiko inguruabarrak direla bide, Ameskoan bolada batean bizitzea ezinezkoa denean. Horretarako, bizilagun horren familia unitateko gainerakoek Ameskoan bizi beharko dute etengabe eta bertako etxea etenik gabe izan beharko dute zabalik.

Zantzu nahikorik badelako uste baldin bada norbaitek ez duela bizitzeari buruzko baldintza betetzen, kontrolatzeko bitarteko eraginkor bat ezarri ahalko zaio, aldian-aldian Egoiliarren Liburuan sinatzera behartuz.

_Betebehar fiskalak eguneraturik izatea, bai Ameskoako Limitaciones mendiko Batzordearekin dituenak bai Ameskoako ezein udalerri nahiz kontzejurekin dituenak

BIGARREN KAPITULUA

Limitaciones mendiaren gobernamendua eta administrazioa

4. art. Kudeaketa eta administrazioa.

Ameskoako Limitaciones mendiko Batzordearen esku daude Limitaciones mendiaren kudeaketa nahiz administrazioa.

5. art. Batzordearen izaera juridikoa.

Ameskoako Limitaciones mendiko Batzordea da Ameskoagoiengo eta Ameskoabarrengo komunitatearen ordezkari; Nafarroako Foru Berriko 43. Legeak xedatutakoari jarraikiz, zuzenbide publikoko entitate administratiboa den aldetik, nortasun juridiko osoa du bere helburu nahiz eginkizunak betetzeko, betiere Ameskoako Udal eta Kontzejuena deusetan galarazi gabe; hori guztia, mendetako jatorriaren arabera eta Nafarroako foru araubide publiko nahiz pribatuarekin bat.

6. art. Egoitza.

Batzordearen egoitza Ameskoabarrengo Herriko Etxean dago, Zudairin. Batzordeak egoitza aldatu ahalko du, eskubideko kideen gehiengo osoak hartutako erabakiaren bidez.

7. art. Armarria.

Ameskoako Limitaciones mendiko Batzordearen armarrian pago bat ageri da, zirkulu obalatu batek inguratua.

8. art. Osaketa.

Ameskoako Limitaciones mMendiko Batzordea Ameskoabarrengo (Ameskoabarrengo Udaleko) udal ordezkari guztiek osatzen dute eta, proportzio berean, Ameskoagoiengo (Aranaratxeko, Eulateko eta Larragoako Udaletako) udal ordezkariek. Nola nahi den ere, Udal guztietako alkateak hartuko dira batzordeko kidetzat.

Kideren bat hil edo kargua utziz gero, Udalek haren ordezkoa izendatu beharko dute, hura hil edo kargua utzi eta bi hilabeteko epean beranduenez.

Art. 9. Karguaren iraupena eta Batzordearen eraketa.

Batzordekide karguaren iraupena izanen da Udal kideetako hautetsiendako ezarritako hori bera, hala xedatzen baitu Hauteskundeetako Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoak eta Toki Araubideari buruzko araudiak.

Udal Korporazio berriak eratu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean egin beharko da Batzordea eratzeko biltzarra. Epe horretan ezin izanen da erabakirik hartu baldin eta legearen arabera gehiengo kualifikatua behar bada horretarako.

10. art. Lehendakaritza eta Lehendariordetza.

Udaletako alkateak txandaka arituko dira lehendakari lanetan Batzordean. Urtebeteko txandak eginen dituzte, honela:

_Urte bikoitietan, Ameskoagoiengo hiru alkateetako bat izanen da lehendakari, hau da, egun egiten den gisara.

_Urte bakoitietan, Ameskoabarrengo alkatea izanen da lehendakari.

Martxoko bilkura arruntean gauzatuko da kargu aldaketa, aurreko lehendaritza-txandari dagokion ekitaldi ekonomikoari buruzko kontuen espedientea edo likidazioa Batzodearen osoko bilkuran aurkeztu ondoren.

Aurreko urtean lehenkaritza zein udalaren esku egon, udal hartako alkatea izanen da Batzordeko lehendakariordea. Lehendakariordeak lehendakariaren ordez arituko da hura kanpoan, gaixorik edo eginkizunetan aritzeko ezindurik dagoenean, bai eta kargua hutsik geratzen bada ere.

11. art. Batzordearen helburuak.

Batzorde Nagusiak Ameskoako Komunitatearen interes publikoa du helburu, hortaz, kudeaketak eta administrazioak ondoko xedeak betetzera bideratuko dira bereziki:

_Ondarea babestu eta gordetzea, eta behar diren neurriak nahiz ekimenak baliatuko ditu ondare hori zaindu, mugatu, eduki eta berreskuratzeko.

_Bere ondasun eta eskubideak antolatu, artatu eta hobetzea.

_Limitaciones mendian usadiozkoak diren erabilerak eta aprobetxamenduak babestu eta sustatzea, bidezko arauak ezarriz horretarako.

_Ondare arkitektonikoa nahiz kulturala zaindu eta lehengoratzea.

_Natur ondarea zaindu eta lehengoratzea.

_Basogintza arloko jarduerak programatu eta betearaztea, Limitaciones mendiaren kudeaketa eta garapen iraunkorra lortzeari begira eta betiere bere eskumenen esparruan. Mendia antolatzeko prozesuan lagunduko du, eta oihangintza, hots, baso-ekoizpena sustatuko du, landa garapenerako aukera ekonomikoa eta eragilea den heinean; eta sustatuko ditu, orobat, basogintzari buruko prestakuntza, informazioa eta ikerketa esparruak, bai eta mendiaren erabilera anitzak ere, bertako aniztasun biologikoa eta hainbat alorretan dituen erabilerak (aisia, hezkuntza, kultura, paisaia eta ingurumena) zaintzearren.

_Ameskoako garapen sozio-ekonomikoa eta kulturala helburu duten ekintzak sustatzea nahiz haietan parte hartzea, edo ekintza horiek, bere kasa nahiz bestelako entitate zein partikularrekin batera, abiaraztea, biztanleen kopurua eta enplegua egonkortzen laguntzeko.

_Laguntza edo dirulaguntzak sustatzea, bai eta laguntza tekniko-administratiboak ere, bai Ameskoako udal nahiz kontzejuendako bai bertako herritarrendako ere.

12. art. Batzordearen eskumenak eta eskurantzak

Limitaciones mendiko Batzordeak ordenantza hauetan zehaztutako eskumenak eta eskurantzak izanen ditu bere helburuak betetzeko, bai eta antolamendu juridikoak aitortutako gainerako guztiak ere.

Helburuaren eginkizunak:

_Limitaciones mendiko lurren mugapea onestea.

_Batzordearen kontra abiarazten diren prozeduretan, defentsarako zernahi ekintza zibil, administratibo eta judizial baliatu ahalko du, bai eskumenen arloko prozeduretan bai Ameskoako herritarrendako interesekoak direnetan. Batzorde Nagusia da herri partzuerren komunitatearen ordezkari judiziala eta judizioz kanpokoa, hari dagozkion ekintzak oro burutuko dituelarik horretarako.

_Ondasunen kalifikazio juridikoa aldatzea, neurri horren egokitasuna eta legezkotasuna frogatzeko espedientea beharko delarik aldez aurretik.

_Ondasun higiezinak eskuratu eta besterentzea, bai eta haiek erabili edo zamatzeko beste edozein ekintza burutzea ere.

_Higiezinez besteko ondasun eta eskubideak eskuratu eta besterentzea, bai eta haiek erabili edo zamatzeko beste edozein ekintza burutzea ere, baina betiere ondasunaren balioa Batzordearen aurrekontuko baliabide arrunten ehuneko bost baino handiagoa bada.

_Ondasunak eta eskubideak babestu, sustatu, artatu, administratu eta hobetzeko behar diren ekintzak onestea.

_Batzordearen ordenantza orokorrak onestea, bai eta ondoko guztiak ere: Limitaciones mendiko erabilerak eta aprobetxamenduak arautzen dituzten ordenantza partikularrak; mendia kudeatzeko planak, proiektuak eta gainerako bitartekoak, eta haien aldaketak, betiere beren eskumenen esparrukoak badira.

_Mendiaren antolamendurako proiektua berrestea, bai eta Limitaciones mendiko oihan aprobetxamenduetarako eta hobekuntzetarako urteko planak ere, berrikuspenak barne.

_Zerga bidezko baliabide berezkoak zehaztea, aurrekontuak eta haiek betetzeko oinarriak onetsi eta aldatzea, bere eskumenen barneko arloei dagozkien gastuak xedatzea eta kontuak onestea.

_Finantza edo kreditu eta berme eragiketak onestea, eta kita nahiz itxoiteak ematea.

_Obra eta Zerbitzuen proiektuak onestea.

_Batzordearen kontratu eta emakidetarako baldintzen pleguak onestea, eta kontratu eta emakida horiek esleitzea, haien zenbatekoa Batzordearen aurrekontuko baliabide arrunten ehuneko hamarra baino handiagoa denean edo urte anitzekoak badira. Lehendakariak ahalmena izanen du behar diren kontratuak gauzatzeko.

_Langileen plantilla eta lanpostuen zerrendea onestea; langile finko eta behin-behinekoen lansariak, kopurua eta araubidea finkatzea; langileak kontratatzeko oinarriak onestea eta langileak izendatzea; langileei dagozkien diziplinako neurriak eta zehatzekoak hartzea, eta langileak kargutik kendu eta bereiztea.

_Akordioak, erregelamenduak eta ordenantzak onetsi eta kudeatzea, Ameskoako herritarren aldeko edo bertako toki entitate administratiboen aldeko laguntza, dirulaguntza edo onurak arautzeko.

_Batzordearen ordenantza eta erregelamenduen kontrako arau-hauste larriak edo oso larriak zehatzea.

_Batzordeari egokitu beharreko gainerako guztiak, haiek onesteko gehiengo berezia behar delako, bai eta legeek haren esku utzitako gainerakoak ere.

13. art. Lehendakariaren eskumenak eta eskurantzak

Lehendakariak, bere eskumenen esparruan, ondoko eginkizunak ditu:

_Batzordearen gobernua eta administrazioa zuzentzea.

_Ameskoako Limitaciones mendiko Batzorde Nagusiaren ordezkari izatea, Batzordearekin zerikusia duten ekintza eta ekitaldi juridiko guztietan.

_Batzordearen osoko bilkuretarako deiak egin, haiek bertan behera utzi, haietan buru izan eta gaien zerrenda prestatzea. Kalitatezko botoa erabiliko du berdinketak ebazteko.

_Limitaciones mendian burutzen diren obra, lan eta jarduerak zuzendu, ikuskatu, kontrolatu nahiz bultzatzea, eta haietarako beharrezkoak diren laguntza teknikoak eskuratzea.

_Batzordearen ordenantzak, erregelamenduak eta erabakiak bete eta betearaztea.

_Batzordearen aurrekontu orokor eta bakarrerako proiektua prestatzea, idazkari-kontu hartzailearen laguntzaz; onetsitako aurrekontuaren araberako kudeaketa ekonomikoa bideratzea; bere eskumenen barnean diren gastuak baimendu eta xedatzea, bereziki aurrekontua betearazteko oinarrian aurreikusitakoak; ekitaldi ekonomiko guztietako ordainketak aztertu eta agintzea, dirusarrerak baimentzea eta eragiketen gaineko kontuak ematea.

_Langile guztien goi burua izatea eta lan eskaintza publikoa onestea, Batzordeak onetsitako aurrekontuarekin eta plantillarekin bat.

_Egintza judizial eta administratiboak burutzea, presa handiko kasuetan. Halakoetan, Batzordeari horren berri emanen zaio hurrengo bilkuran.

_Hondamendi edo ezbeharren bat dagoenean, edo Batzordearen ondasun nahiz eskubideetarako arrisku larria dagoenean, bere kasa eta bere erantzukizunpean, behar diren neurri egokiak hartu eta haien berri ematea berehala Batzarreari.

_Bere aginteari eginiko desobedientzia faltak zehatzea bai eta ordenantza nahiz erregelamenduen kontrako arau-hauste arinak ere.

_Higiezinez besteko ondasun eta eskubideak eskuratu eta besterentzea, bai eta haiek erabili edo zamatzeko beste edozein ekintza burutzea ere, baina betiere ondasunaren balioa Batzordearen aurrekontuko baliabide arrunten ehuneko bost baino handiagoa ez bada.

_Orotariko kontratazio eta emakidak, haien zenbatekoa Batzordearen aurrekontuko baliabide arrunten ehuneko hamar baino handiagoa ez bada.

_Lizentziak ematea, ordenantzek Batzordearen esku berariaz uzten dituen horiek izan ezik.

_Batzordearen erabakiak argitaratu, bete eta betearazteko agintzea. Batzordearen akta eta agirien egiaztagiriak sinatzea.

_Salmenten, errentamenduen eta horniduren enkante nahiz lehiaketetan buru izatea, bai eta obra nahiz zerbitzuen esleipen guztietan ere.

_Batzorde Nagusiaren eskumenari berariaz esleitu gabeko aferak ebaztea.

14. art. Batzorde Iraunkorra.

Batzorde iraunkorra eratu da, Batzordeari administrazio eginkizunetan laguntza, babesa eta aholkua emateko. Ameskoako udaletako lau alkateek osatuko dute organo hori, ondoko eginkizunak izanen baititu:

_Batzordeko lehendakaria laguntzea, hark dituen eginkizunetan.

_Batzordearen Kontratazio Mahai Iraunkorraren eginkizunak betetzea, behar den organoari kontratuak esleitzeko proposatuz.

_Batzordearen aurrekontu orokor eta bakarrerako proiektuari buruzko txostena egitea, bai eta ekitaldi ekonomiko ororen kontuen espedienteari buruzkoa ere.

_Batzordearen osoko bilkuraren erabakiaren menean jartzen den edozein aferari buruzko txostena egin ahalko du, egoki eta beharrezkoa juzgatzen badu.

Batzordeko lehendakaria izanen da batzorde iraunkorreko lehendakari, eta kalitatezko botoa erabiliko du berdinketak ebazteko.

Batzordeko idazkaria izanen da batzorde iraunkorreko idazkaria, hizpidea duela baina botorik gabe.

15. art. Batzordearen bilkuren araubidea.

Batzorde Nagusiak lau bilkura arrunt eginen ditu urtean, hiruhileko natural guztien azken hilabetean.

Orobat, bilkura bereziak egin ahalko ditu lehendakariak hala erabakita edo Batzordekideen herenak eskatuta. Azken kasu horretan, eskaera egin eta hurrengo bost egunetan egin beharko da bilkurarako deia, eta eskaera egiten denetik beranduenez ere hilabeteko epean egin beharko da bilkura hori.

Bilkurak Ameskoabarrengo Udalaren Herriko Etxean eginen dira, edo Aranaratxeko, Eulateko eta Larragoako Udaletako Herriko Etxeetan, betiere bertako alkateek hala eskatzen badute Batzordearen lehendakari lanak betetzeko egokitu zaielako.

Lehendakariak eginen ditu osoko bilkuretarako deiak, bilkura eginen den eguna baino bi egun baliodun lehenago gutxienez ere. Bilkura berezietarako, ordea, aski izanen da deia egun bat lehenago egiten bada ere.

Ezin izanen da bilkurarik ez hasi ez egin lehendakaria eta idazkaria edo haien legezko ordezkariak bertan izan gabe, ezta batzordekideen erdia baino gehiago bertaratu gabe ere. Bilkurak ateak itxita eginen dira.

Bilkura berezietan gai zerrendetako aferez baino ezin izanen da hitz egin. Hala ere, batzordekide guztiak bertan izanik, beste edozein gai landu ahalko da gehiengo osoak hala erabakitzen badu.

Prozedurari buruzko gaineko alderdiei dagokienez, Batzordearen bilkurak eginen dira Nafarroako toki entitateendako arau komunei jarraikiz.

16. art. Batzordearen erabakiak.

Batzorde arrunt nahiz berezietan hartu erabakiak aktetan jasoko dira, eta aktak, onetsi ondoren, idazkariaren eskumeneko akten liburura transkribatuko dira. Akten liburuak orri zenbatu nahiz zigilatuak izanen ditu. Lehendakariak orri guztiak sinatu beharko ditu, eta bilkuran izandako kideek, berriz, azken orria. Kideen boto partikularrak ere jasoko dira bertan, boto horiek eman dituztenek hala eskatzen badute.

Batzordearen akten liburuak eta Lehendakaritzaren ebazpenen liburuak orri mugikorrak izanen dituzte, Batzordeak onesten duen ereduari jarraikiz.

Batzorde Nagusiaren erabakiak bertaratutakoen gehiengo soilaz onetsiko dira. Lehendakariaren kalitatezko botoak ebatziko ditu berdinketak.

Batzordekideren bat edo batzuk bertan egon ez, gairen bati buruzko eztabaida hasi eta bozketa egiten bada, kanpoan egote horrek abstentzioaren balioa izanen du.

Hala ere, gehiengo kualifikatuak eskatuko dira zenbait erabaki zehatzetarako.

Hain zuzen ere, batzordekideen bi herenen gehiengoa beharko da ondoko erabakietarako:

_Batzordearen ordenantza orokorrak onetsi eta aldatzea.

_Herri ondasunen kalifikazioa aldatzea, haiek saldu edo trukatzeko.

Era berean, legezko batzordekideen gehiengo osoa beharko da ondokoetarako:

_Ondasun higiezinak kostu bidez eskuratzea eta besterentzea, bai eta haiek erabili edo zamatzeko beste edozein ekintza burutzea ere.

_Limitaciones mendiko erabilerak eta aprobetxamenduak arautzen dituzten ordenantza partikularrak onestea, bai eta mendia kudeatzeko planak, proiektuak nahiz gainerako bitartekoak eta haien aldaketak ere.

_Zerga bidezko baliabideak zehaztea eta Batzordearen aurrekontu orokor eta bakarra nahiz hura betearazteko oinarriak onestea nahiz aldatzea.

_Finantza edo kreditu eragiketak onestea, haien zenbatekoa Batzordearen baliabide arrunten ehuneko hamabost baino handiagoa bada.

_Bestelako entitate nahiz elkarterekiko lankidetza hitzarmenak onetsi eta aldatzea.

_Idazkari-kontu hartzailea izendatu eta kargutik kentzea.

_Legeak zehazturiko gainerako arloak.

Batzorde Nagusiaren egintza eta erabakiak berehala betearaztekoak izanen dira, ondoko kasuetan izan ezik: haiek eteteko legez ezarritako kasuetan; xedapen batek kontrakoa ezartzen duenean edo goragokoen baimena edo onespena behar denean .

Batzorde Nagusiak izapidatu edo ebatzi beharko ditu bere eskumeneko gaiei buruz jasotzen dituen eskaerak oro. Hala ere, ezetsitzat joko dira partikularrek edo entitateek aurkeztutako eskaera edo erreklamazioak baldin eta aurkeztu eta laurogeita hamar egun naturaleko epean ez bada ebazpenik jakinarazten. Interesatuek behar den administrazio-errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko dute ezespen horren aurka. Batzordeak isilbidezko ukoari buruzko egiaztagiria luzatu beharko du, hura eskatu eta beranduenez ere hamabost eguneko epean.

Erabaki eta ebazpenen jakinarazpena beranduenez ere hamar eguneko epean egin beharko da, eta bertan ondokoak zehaztu beharko dira: erabakia bera, osorik, haren aurka jartzen ahal diren errekurtsoak, zein agintaritzari zuzendu behar zaizkion eta horretarako dagoen epea.

Limitaciones mendiko gobernu batzordearen egintza eta erabakien aurka jotzeko, Nafarroako Toki Entitateen ebazpenen aurka oro har paratzen ahal diren errekurtso berberak jarri ahalko dira.

HIRUGARREN KAPITULUA

Batzordearen menpeko langileak

17. art. Batzordearen langileak.

Funtzionario publikoek eta langile kontratudunek, finko nahiz aldi baterakoek, osatuko dute Batzordearen zerbitzuko langileen taldea.

Limitaciones mendiaren interesak zaintzearren, eta behar bezala kudeatu nahiz administratu ahal izateko, Batzordeak langileen plantilla organikoa onetsiko du. Plantilla hori indarrean egonen da harik eta aldatzeko erabakia hartu arte.

18. art. Batzordearen idazkari-kontu hartzailea.

Batzordearen idazkaritza utziko da Ameskoabarrengo edo Ameskoagoiengo Udaletako idazkariren baten esku, Ameskoagoienak Aranaratxeko, Eulateko eta Larragoako Udalak biltzen dituela kontuan hartuz. Horiek horrela, izendatzen den pertsonak gaitua egon beharko du idazkari lanpostua betetzeko Nafarroako toki entitateetan.

Batzordeak nahi bezala aukeratu ahalko du idazkaria aurreko lerroaldean aipatu pertsonen artean. Izendatuak ez du enplegu edo iraunkortasunaren aldetik eskubiderik eskuratuko, eta Batzordearen beste funtzionario edo langileek jardunean ordezkatzen ahal dute eta haren lanak egin.

Batzordeak zehaztuko du zerbitzuen ordainetan zer esleipen ekonomiko osagarri dagokion, eta batzordearen fondoetatik ordainduko da diru hori.

Bestela, hau da, idazkari eginkizunak aurreikusi bezala betetzen ez badira, Batzordeak kargu hori betetzeko pertsona egokia kontratatu ahalko du, horretarako oinarriak eta deialdi publikoa onetsi ondoren. Pertsona horrek zuzenbideko lizentziatura izan beharko du eta lanpostu hori Nafarroako toki entitateetan betetzeko gaitua beharko du egon.

Batzordeak kontu hartzailearen lanpostua sortu ahalko du, Batzordearen berezko kargua izan dadin edo bestelako entitateekin partekatzeko.

Kontu hartzaile lanposturik ez badago, idazkari lanpostuaren betebeharren artean sartuko dira kargu horren berezko eginkizunak.

Batzordearen idazkaritzak honako eginkizunak izanen ditu:

_Batzorde Nagusiari informazioa eta aholkua ematea ordenantzak, erregelamenduak eta egungo antolamendu juridikoari buruz hartu beharreko ebazpenen gainean.

_Limitaciones mendiko gobernu organoek hartutako erabakien eta egintzen fede-emailea izatea.

_Batzordearen egoitzak eta zerbitzuak antolatu eta zuzentzea.

_Batzordearen postatrukeaz eta agiriez arduratuko da, baina lehendakariak jakin eta ebatzi ondoren.

_Batzorde Nagusiak eta batzorde iraunkorrak eginiko bilkuretara joan, eta aktak idatzi nahiz baimentzea, bai eta lehendakariaren ebazpenak ere.

_Behar diren ziurtagiriak luzatzea, lehendakariaren oniritzia duela. Kontu hartzailearen eginkizunak beteko ditu, hala behar denean.

_Txostena egin beharko du nahitaez, lehendariak edo batzordekideen herenak eskatzen dutenean, bai eta quorum berezia behar duten gaiei buruzko aferak jorratzen direnean ere.

_Udaleko idazkari karguak berezkoak dituen gainerako eginkizun guztiak edo Lehendakaritzak bere esku utzitakoak.

Kontu hartzaileak barne kontrol eta fiskalizazio eginkizunak beteko ditu, bai eta ekonomia, finantza, aurrekontu nahiz kontabilitate arloko aholkularitzari zein kudeaketari dagozkionak ere, betiere Nafarroako toki entitateendako ezarriak diren arauzko xedapenei jarraikiz.

19. art. Batzordearen gordailuzaina.

Batzorde Nagusiko ordezkari batek beteko ditu gordailuzainaren eginkizunak.

Diruzainak Batzordearen fondoak, baloreak eta efektuak erabili nahiz zainduko ditu, eskubideak kobratuko ditu eta obligazioak ordainduko. Horrez gain, bereak izanen ditu Nafarroako toki entitateendako arauetan xedatutako gainerako eskurantzak.

Batzordeak zehaztuko ditu gordailuzainaren balizko lansaria eta dagokion fidantzaren prestazioa, halakorik behar bada.

Batzordeak, orobat, diruzaintzako finantza-zerbitzuak itundu ahalko ditu kreditu eta aurrezki erakundeekin.

20. art. Batzordearen gainerako langileak.

Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen menpeko langileen zerbitzuak kontratatu ahalko ditu bere helburuak betetzearren, hala nola zaindariak eta gainerako enplegatuak, teknikariak eta behar dituen bestelako langileak.

Batzordeak zehaztuko ditu lanpostu horien kontratazio-araubidea, baldintzak, eginkizunak, lansariak eta gainerako alderdiak.

21. art. Langile komunak.

Batzordeak langile komunak kontratatu ahalko ditu halako jarduera, lan edo zerbitzu zehatzak burutzeko Ameskoa osoan, betiere Ameskoabarrengo, Aranaratxeko, Eulateko eta Larragoako Udalek Batzordea horretarako eskuordetzea erabakitzen badute aho batez.

LAUGARREN KAPITULUA

Batzordearen araubide ekonomikoa

22. art. Aurrekontu orokor eta bakarra.

Batzordeak aurrekontu orokorra eta bakarra osatuko du urtero, ekitaldi ekonomiko horretako gastu nahiz dirusarreren aurreikuspenak bilduko dituena, eta likidatuko dituen eskubideen estimazio benetakoen arabera eta aitortzen ahal dituen obligazioen arabera prestatua.

Aurrekontu orokorrean hura betearazteko oinarriak ere jaso ahalko dira.

Aurrekontua izapidatu nahiz onesteko eta haren egitura nahiz edukia finkatzeko, Nafarroako toki entitateei buruzko egungo araudiari jarraituko zaio.

Urte natural bakoitzeko abenduaren 31n itxi eta likidatuko da aurrekontua.

23. art. Dirusarrerak.

Ameskoako Limitaciones mendiaren Batzorde Nagusiak ondoko baliabide hauek izanen ditu:

_Berezko dirusarrerak edo zuzenbide pribatukoak.

_Herrilurretako aprobetxamenduak.

_Prezio publikoak.

_Isunak.

_Tasak

_Dirulaguntzak eta zuzenbide publikoko bestelako dirusarrerak.

_Kreditu eragiketak.

_Ameskoako Udal edo Kontzejuetako ekarpenak.

_Legez dagozkion bestelako dirusarrera guztiak.

24. art. Baliabideen aplikazioa.

Ondoko lehentasun ordenari jarraikiko zaio Batzordeak lortu baliabideak aplikatzerakoan:

1._Ameskoako Limitaciones mendia eta Batzordearen ondarea antolatu, mugatu, artatu, gorde, zaindu eta hobetzeko gastuen ordainketa.

2._Batzordeko langileen gastuen ordainketa, bai eta batzordekideen dieta eta komisioena ere.

3._Soberakorik bada, bi ibarren ordezkariak diren Udal eta Kontzejuen artean banatuko da, bizilagun kopuruaren araberako proportzio hertsian. Ordainketak egiteko defizita bada, aldiz, bi ibarrek proportzio berean lagunduko dute hura estaltzeko.

Hala ere, aipatu banaketa egin aurretik, Batzordeak badu ahalmena superabita ondoko helburuak betetzeari lotesteko:

_Industria arloko nahiz enplegua sustatzeko jarduerak finantzatu nahiz sustatzea, bai eta mota guztietako zerbitzuetarako direnak eta orotariko inbertsioak ere, Ameskoako bizilagunen interesekoak direla uste baldin badu, bi ibarren garapen sozio-ekonomiko eta kulturala bultzatzeko balio dutelako.

_Ameskoako Udal eta Kontzejuei laguntza eta dirulaguntzak ematea, interes sozial eta orokorreko zerbitzuetarako edo aferetarako.

_Ameskoarrei laguntza eta dirulaguntzak ematea, ibarrean benetan eta jarraian bizitzen geldi daitezen eta haien bizi-kalitatea hobetzeko.

Oro har, oinarrizko laguntza bat esleitu ahalko da 3. artikuluko baldintza betetzen duten ameskoar guztiendako, hots, Ibarrean benetan eta jarraian bizi direnendako. Laguntza banaka banatu ahalko da, edo familia unitateen bidez, hau da, familiako kideen kopuruaren arabera.

Era berean, bestelako laguntza edo dirulaguntzak ezarri ahalko dira, halako xede zehatz edo jakinetarako.

25. art. Zorrak eta dirubilketa.

Batzordearekin zorrak dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoek haiek ordaintzeko borondatezko epeak kitatu beharko dituzte. Halakorik egin ezean, dirubilketa premiamendu bidez eginen da obligazioa duenaren ondarearen gainean, indarra duen legeriari jarraikiz.

Ordainarazpenaren epea hasitakoan, kitatu gabeko zorraren 100eko 20ko errekargua ordaindu beharko da, bai eta zorrari dagozkion berandutza-interesak ere.

BIGARREN TITULUA

Ondare natural, historiko eta kulturalaren kudeaketa

BOSGARREN KAPITU LUA

Limitaciones mendiko eremuak eta balio naturalak

26. art. Aurrekariak.

Urbasa eta Andiako Parke Naturalari buruzko otsailaren 27ko 3/1997 Foru Legeak, lehenbiziko artikuluan, Ameskoako Limitaciones mendia sartzen du parkearen lur eremuaren baitan, eta, hortaz, babespeko gune natural horren zatia da.

Lege hori baino lehen, Urbasa eta Andiako Natur Baliabideak Antolatzeko Plana onetsi zen, uztailaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren bidez. Bertan, II. kapituluan, Limitaciones mendiarendako arautegi berariazkoa ezarri zen, ondoko printzipioak bermatze aldera:

a) Baliabideen erabilpen antolatua, espezieen eta ekosistemen aprobetxamendu orekatua, haien berreskurapena eta hobekuntza bermatzen dela.

b) Limitaciones mendiko natur ekosistemen eta paisaiaren barietatea, berezitasuna eta edertasuna gordetzea.

c) Funtsezko prozesu ekologikoak eta oinarrizko bizi sistemak kontserbatzea.

d) Limitaciones mendian dagoen aniztasun genetikoa gordetzea

Baliabideen Inbentarioa izeneko dokumentuan jaso dira arautegi horren oinarri teknikoak..

27. art. Helburuak.

Honako ordenantza hauen helburuak, garapen iraunkorraren printzipio nagusiekin bat, ondoko lege oinarrizkoen helburuetara egokituko dira beti: Naturguneak eta Basa Flora eta Fauna Zaintzeari buruzko martxoaren 27ko 4/1989 Legea; Nafarroako Naturguneei buruzko 9/1996 Foru Legea; Basa Fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko 2/1993 Foru Legea eta haiek ordeztu edo aldatzen dituzten gainerako xedapenak.

Urbasa eta Andiako Natur Baliabideak Antolatzeko Planean xedatutakoarekin bat, ondoko helburu orokorrak ezarri dira:

a) Antolatzekoa den naturguneko lur eremuko baliabideak eta ekosistemak zehaztu eta haien kontserbazio egoera zein den adieraztea.

b) Natur baliabideak kontserbatu, berreskuratu eta hobetzeko neurrien aplikazioa sustatzea, hala behar denean

c) Behar diren babes araubideak adieraztea.

d) Kontserbazio egoera ikusi ondoren ezarri beharreko mugapenak zehaztea.

e) Jarduera ekonomiko eta sozialen, publikoen eta pribatuen, politika sektorialen eta antolatzaileen irizpide orientagarriak ematea, adierazi diren galdakizunekin bat egitearren.

Horrez gain, ondoko helburu berariazkoak ezarri dira Ameskoako bizilagunen jarduera, erabilera eta aprobetxamenduetarako:

A) Jarduera tradizionalak sustatzea, natur baliabideak zaintzeko giltza diren heinean. Usadiozko erabilera eta aprobetxamendu horiek bateragarriak izanen dira ekoizpen gaitasuna mantentzearekin eta natur baliabideak zaintzearekin.

B) Herritarrak mendiaren alderdi kultural nahiz naturalei atxikitzea, bertako balio nagusiak ezagutzen eta baliatzen ikas dezaten., eta bermatu beharko dira bai ikerketa nahiz hezkuntza arloko jarduerak bai bisitarien erabilera publikoaren kontrola.

C) Garapen sozio-ekonomiko iraunkorra sustatzea lurraldeko eta eraginpeko eremuko norbanakoendako nahiz komunitateendako, prozesuan parte hartzen dutela bermatuz.

28. art. Eremuak.

Honako arautegi honi begira zenbait babes-maila ezarri da, kontuan hartuz zer neurritan diren berezi, urrakor eta bakan babestu beharreko elementuak. Aurreko artikuluan aipatu oinarrizko helburuak betetzen direla bermatzearren, eguneratu ahalko da oraingo eremuen banaketa hau.

1. Interes ekologikoko eremuak.

Eremu horiek babes berariazkoa merezi dute, haien baitako elementu eta prozesuen interes berezia gordetzeko baldintzarik hoberenak bermatuko dituen babesa, hain zuzen.

2. Erabilera bereziko eremuak.

Bertako elementu eta prozesu baliotsuak direla-eta, kudeaketa xehatua behar dute eremu horiek, bateragarri izan daitezen haien erabilera eta elementu nahiz prozesu horien kontserbazioa. Hor sartuko dira ere zabalera txikiko guneak, bertako ezaugarri bereziengatik edo intereseko halako elementuren baten ondoan egoteagatik egokiak suertatzen direnak hainbat xedetarako, hala nola aisia, kultur, hezkuntza nahiz ikerketa arloko helburuetarako, edo xede horietarako balio duten azpiegiturak jartzeko aproposak direnak.

3. Basogintzarako eremuak.

Gune horietako basoen ezaugarriak direla-eta, posible da haiek aprobetxatzea, eremua bestelako xedeetarako baliatzea eta bertako elementu natural nahiz kulturalak kontserbatzea. Eremu horien kudeaketak kasuan kasuko antolamendu proiektua izanen du oinarri.

4. Abeltzaintzarako eremuak.

Gune horietako larreen ezaugarriak direla-eta, posible da haiek aprobetxatzea, eremua bestelako xedeetarako baliatzea eta bertako elementu natural nahiz kulturalak kontserbatzea. Eremu horien kudeaketak kasuan kasuko antolamendu proiektua izanen du oinarri.

29. art. Interes ekologikoko eremuak.

1. Helburuak

a) Bertako balio natural eta kulturalen babesa, balio horiek oso bereziak, urrakorrak edo bakanak izateagatik murrizketa jakin batzuk behar dituztelako orain bezala gordeko direla bermatzearren.

b) Eremuaren kalitate berezkoarekin baterazinak diren jardueren kontrola, inguruaren hondamena saiheste aldera.

c) Jarduera zientifiko, kultural eta hezkuntza arlokoak burutzea, zaindu nahi diren intereseko elementuen ezagutza hobetuko dutenak.

2. Araudia.

Interes ekologikoko eremuetan, oro har, ondoko arauetan ezarritakoa aplikatuko da: Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 22. artikuluko 2. puntua, eta Nafarroako Erreserba Integralak Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileak onesten dituen 231/1998 Foru Dekretua, Urederraren iturburuko natur erreserba inguruko babes-eremuko jarduera eta erabilpenen araubideari dagokionez; edo arau horiek ordeztu, garatu edo aldatzen dituzten xedapenak.

30. art. Erabilera bereziko eremuak.

1. Helburuak.

a) Ondare naturala, paisajistikoa, paleontologikoa, arkeologikoa, historikoa eta etnografikoa babestea tratamendu apartekoa behar duten halako gune berezi, bakan edo ahuletan, edo behar bezala kontserbatu ez direnetan.

b) Neurri zehatzak proposatzea, ingurumenarendako arriskuak sortu edo inguruaren aldaketa funtsezko eta atzeraezinak ekartzen ahal dituzten jarduketak kontrolatzeko.

c) Guneak behar bezalako azpiegiturez hornitzea, zuzen erabili eta baliatzen direla segurtatzeko. Elementu eta prozesuak kontserbatzeko irizpideak izanen dira beti nagusi, bai eta jarduketen itzulgarritasuna ere.

d) Intereseko elementuen katalogoa sortzea, hitzartzen diren arauzko murrizketak haien gainean aplikatuko baitira.

c) Jarduera zientifiko, kultural eta hezkuntza arlokoak sustatzea, intereseko elementu eta prozesuak hobeki ezagutarazi eta berreskuratzeko.

2. Araudia.

Ondoko jarduerak debekatu dira:

a) Obrak egin, instalazioak paratu edo lurrak mugitzea, lan horiek funtsezko aldaketak sortarazten badituzte lurren eitean eta lur gaineko nahiz azpiko uren bideetan zein erregimenean, bereziki intereseko elementuetatik hurbilen dauden inguruetan.

b) Ibigailuen joan-etorriak, abeltzaintzarako, basogintzarako edo mendiaren kudeaketarako direnak izan ezik, eta betiere horretarako diren bideetan barna soilik.

c) Landare nahiz animalia exotikoak sartzea.

d) Kanpatzea eta sua jostetarako erabiltzea.

e) Tratamendu zoo eta fitosanitarioak aplikatzea, halako izurrite jakin baten aurka beharrezkoak direnak izan ezik, eta betiere egiaztaturik baldin badago tratamenduaren selektibitateak eta iraupenak ez dutela ingurunean funtsezko eraginik sortzen.

f) Landare-estaldura gune jakin batean kentzea, modu selektiboan izan ala ez, zuhaiztiak hobetu eta birsortzeko basogintzako tratamenduak egiten direnean izan ezik.

Horrez gain, ondoko arauak aplikatuko dira:

h) Basogintzako nahiz abeltzaintzako jarduerak, eremu berezietatik hurbil egiten direnean, kasuan kasuko eskakizunei egokituko zaizkie, babestu beharreko elementu edo prozesuaren babes-araubidearen arabera.

i) Ibilgailuen joan-etorria eta aparkatzea arautuko dira (denboraz, lekuaz eta kopuruaz den bezainbatean), ingurumenaren kalitatea mantentzeko halako neurriak behar dituzten gune minberetan.

j) Aisia nahiz kirol arloko jarduerek, antolatuak izan ala ez, erregelamendu berezia beharko dute, haietan jardutea ingurunearen babesarekin eta kalitatearekin bateragarria dela bermatuko duena.

31. art. Basogintzarako eremuak.

1. Helburuak.

a) Basoak dituzten lurren produkzio ahalmena babestu eta mantentzea, haien erabilera eta baliabide natural nahiz kulturalen kontserbazioa bateragarri izan daitezen.

b) Zuhaiztiak kudeatzeko mendien antolamendurako printzipio oinarrizkoak izanen dira arau. Orobat, lur horien erabilera anitzei begiratuko zaie, eta basoek ingurumenari berez ekartzen dizkioten onurak sortarazteari.

c) Aniztasuna sustatuko da, egonkortasun egiturazkoa nahiz berariazkoa ahalik eta handiena izanen duten formazioak sortuz.

2. Araudia.

a) Antolamedu Proiektuan eta indarrean dagoen berrikuspenean zehaztuko da oihan baliabideen kudeaketa.

b) Bide berriak ireki edo oraingoak moldatuz gero, halako moldez eginen da non ez baita interes natural edo kultural bereziko elementuen kontserbazioa eragotzi dezakeen kalte atzeraezinik sortuko. Trazadura berrietan aipatu balio horien kontserbazioa bermatuko duen azterlan xehatua egin beharko da, eta beharrezkoak direla frogatu.

c) Nafarroako Gobernuaren zehaztapen teknikoek arautuko dituzte Limitaciones mendiko oihan aprobetxamenduak. Zehaztapen horiek kasuan kasuko baldintzen pleguan agertuko dira, arloari buruzko egungo legeriarekin bat. Batzordeak baldintza ekonomiko-administratibo eta teknikoen plegu osagarri bat ezarri ahalko du. Ezinbestean bete beharko da, aprobetxamenduetan bestelako erabilerak nahiz alderdi partikularrak bateragarri direla bermatzearren.

d) Ibilgailuak, motordunak izan ala ez, haiendako moldatu bideetan baino ezin izanen dira ibili. Bide bakoitzaren ezaugarriek eta xedeek erabakiko dute kasuan kasuan onartzen ahal den trafikoa.

e) Basoberritzeetan inguruneko berezko landareak eta antzekoak erabiliko dira batez ere. Oreka izanen dute helburu, zur ekoizpenaren eta basoen baitako aniztasunaren gorakadaren arteko oreka. Ez da landare exotikorik sartuko ekoizpen helburu hutsetarako.

f) Egungo basoberritze exotikoak ongi zainduko dira, beharrezko bakanketak eginez. Azken mozketaren txanda iristen denean, ordea, ondoko bi aukerak aztertuko dira: espeziea aldatzea edo, ahal delarik, pagadia berez birsotzen utzi aurreko arbolak ordezteko.

32. art. Abeltzaintzarako eremuak.

1. Helburuak.

a) Larreen baliabideak neurriz erabiliko direla bermatzea, bazkaren eskaintza eta abereen eskaera orekatuz, zertarako eta gehiegizko larratzeak larreak honda ez ditzan eta sasiak presio faltagatik zabal ez daitezen.

b) Soilgune eta zuhaiztien arteko oreka mantentzea.

c) Bazkatokien erabilera planifikatzea, larreak hobetu eta kontserbatzearekin batera, habitatak eta intereseko beste elementu batzuk ere kontserbatu ahal izateko.

d) Abeltzaintzarako azpiegiturak egungo beharretara moldatzea abereak aiseago maneiatzeko. Kontuan hartuko da beti beste baliabideen kontserbazioarekin bateragarri ote diren.

e) Larre mota ezberdinen ekoizpen parametroak aztertu eta zehaztea, hala nola, produktibitate primario garbia, osaera berariazkoa nahiz egiturazkoa eta haren dinamika.

2. Araudia.

a) Antolamedu Proiektuan eta indarrean dagoen berrikuspenean zehaztuko da oihan baliabideen kudeaketa.

b) Bide berriak ireki edo oraingoak moldatuz gero, halako moldez eginen da non ez baita interes natural edo kultural bereziko elementuen kontserbazioa eragotzi dezakeen kalte atzeraezinik sortuko. Trazadura berrietan aipatu balio horien kontserbazioa bermatuko duen azterlan xehatua egin beharko da, eta beharrezkoak direla frogatu.

c) Komunitatearen interesekoak diren habitatetan belar-sastrakak kentzen direnean, bermatu eginen da lanek ez dutela gunearen kontserbazioa kaltetuko; hortaz, formazioaren birsorkuntzarekin bateragarriak diren jarduketak baino ez dira burutuko.

d) Larreetan belar-sastrakak kentzeko eskua edo makinak erabiliko dira, ezin izanen baita ez surik ez bestelako gai fitozidarik erabili lan horretarako.

e) Zuhaiztiak, sastrakadiak edo larreak erregelamenduz mugatu ahalko dira. Abereak ezin izanen dira haietan sartu, larratzeak kaltetzen ahal dituen landarediak babesteko.

f) Ibilgailuak, motordunak izan ala ez, haiendako moldatu bideetan baino ezin izanen dira ibili. Bide bakoitzaren ezaugarriek eta xedeek erabakiko dute kasuan kasuan onartzen ahal den trafikoa.

g) Zuhaizti sakabanatuak edo bakanak dituzten larreetan (arbolak exotikoak izan edo bertokoak izan), orekari eustea izanen da helburua, hots, larreen baliabideak ahalik eta hobekien aprobetxatzea eta, aldi berean, zuhaitzen estaldurak erabiltzea larreak babesteko, izan ere abereendako aterpe eta gerizpe baitira.

h) Abereek eta eremu hezeetako basa fauna nahiz florak batera erabiliko dute ura. Egoki juzgatzen diren neurriak hartuko dira horretarako, betiere habitataren ingurumenaren kalitatea aldarazi gabe.

SEIGARREN KAPITULUA

Elementuei buruzko xedeak eta jarraibideak

33. art. Atmosfera.

1. Helburuak.

a) Airearen kalitatea zaintzea, ezaugarri fisiko eta kimikoak bere horretan irauteko.

2. Araudia.

a) Ezin da substantzia kutsatzailerik aireratu, ez eta ordenantza hauetan zehaztuez besteko jarduerek sorturiko zaratarik egin ere.

b) Mendiko biomasaren hondar organikoak baino ezin dira erre, eta betiere egungo legeek ezarri baldintzetan eta Batzordeak zehaztuko dituen lekuetan..

c) Ahalik eta zarata gutxien eginen da, abereak nahiz piztiak lasai egon daitezen.

34. art. Geosfera.

1. Helburuak.

a) Baliabide hidrikoak zaintzea, bai eta lur gaineko nahiz azpiko erliebearen formak ere, ingurumeneko ondarearen osagarri baitira.

2. Araudia.

a) Debeku da hondakin solido edo likidorik inon isurtzea, edozein delarik ere isurkia edo kopurua, bereziki hustubide, leize, ibilgu, ibai-bazter eta ur guneetara.

b) Usadiozko eraikin-lanetarako harria atera ahal izateko, Batzordearen onespena beharko da bai eta behar den ingurumen-baimena ere. Ingurumena lehengoratu beharko da aprobetxamendua bukatutakoan. Erregelamenduz zehaztuko dira ustiatzekoak diren eremuak.

c) Behar-beharrezkoak diren lur mugimenduak baino ez dira eginen, eta ahal dela ez da ukituko interes bereziko geoformarik.

d) Leizeen zulo inguruan babesak paratuko dira pertsona eta animaliendako arriskutsuak gerta badaitezke, betiere zulo horien betekizunak trabatu gabe, uren hustubide baitira, bai eta kobetako espeziendako biotopo ere.

35. art. Biosfera.

Limitaciones mendiaren esparruan egitekoak diren jarduerek, zernahi gisatakoak direlarik ere, bete egin beharko dituzte natur habitatak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko Europako Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauan ezarritako aginduak.

1. Helburuak.

a) Natur sistemen garapena eta oreka ahalbidetzea, bereziki kontuan hartuz giza jarduketen aurrean hauskorrenak diren horiek.

b) Egungo biotopoen aniztasuna behar bezain ongi mantentzea, egun hemen bizi diren animaliendako aterpe egokia izan daitezen.

2. Araudia.

a) Mendiaren berezko landarediari eustea izanen da joera. Hortaz, sartutako espezie exotikoak zabal ez daitezen begiratuko da, bereziki izaera arras erasotzailea duten horiek.

b) Landare-formazioak eta basa-animaliak babestuko dira bereziki, bai eta eskualde hezeetako espezie berezkoak ere, hau da, txilardi hezezaleak, elordiak, paramo gisako larreak eta harkaitzetakoak.

c) Katalogatu eta zaindu eginen dira bereziki urtetsu, handi edo bakanak diren zuhaitz bitxiak, hots, berezko monumentu naturalak diren horiek.

d) Basa flora eta faunaren egoerari begiratuko zaio etengabe, batez ere egin beharreko halako jarduketa jakin batzuek kalte nabarmena sortzen ahal diotenean ingurune naturalaren kontserbazioari. Bereziki zaindu beharrekoak dira galzoriko espezieak, edo bakan nahiz bereziek, ugaltzeko sasoiak eta tokiak.

36. art. Elementu historiko eta kulturalak.

1. Helburuak.

a) Ondare paleontologikoa, arkeologikoa, historikoa eta etnografikoa babestea, ondare hori aztertuz, sailkatuz, berreskuratuz eta ezagutaraziz.

2. Araudia.

a) Inbentario bat osatuko da, ezagutzen diren intereseko elementu kulturalak erregistratu eta deskribatzeko. Oinarrizko plan bat taxutuko da, aukeratutako elementuak sendotu, zaindu eta, hala behar denean, zaharberritzeko. Erregistroa aurkikuntza berriekin eguneratuko da. Elementuren bat aurkitu eta berehala jakinarazi beharko zaio Batzordeari.

b) Garrantzi handiko elementuen zaintzarekin bateragarriak ez diren erabilerak mugatuko dira, elementua bera eta haren ingurunea ukituak izan ez daitezen.

c) Indikazio nahiz informazio seinaleak jarriko dira arriskutan jarri gabe erakutsiak eta azalduak izan daitezkeen elementu interesgarrietarako. Konfidentzialtasunaren irizpidea nagusituko da ebatsiak izan daitezkeen elementuetarako.

d) Kultur jarduerak sustatuko dira bai usadiozko erabileretan oinarriturikoak bai ondare kultural, etnografiko eta arkeologikoa berreskuratzea helburu dutenak.

HIRUGARREN TITULUA

Limitaciones mendiaren jarduera, erabilera eta aprobetxamenduak

ZAZPIGARREN KAPITULUA

Herritarrendako erabilera eta aprobetxamendu usadiozkoak Limitaciones mendian

37. art. Herritarrendako jarduera, erabilera eta aprobetxamendu usadiozkoak.

Ameskoako bizilagunek ondoko erabilera eta aprobetxamendu tradizional eta sendotu hauek baliatu dituzte mendez mende Limitaciones mendian:

1._Larreen aprobetxamendua, gozamena eta erabilera.

2._Eskortak eta bordak egitea.

3._Lur puska bat erein eta itxi Limitaciones mendiaren barnean.

4._Egurra moztu eta atera, etxerako.

5._Ehiza.

6._Limitaciones mendian egoteko eta bertatik igarotzeko eskubidea, mendia erabili eta aprobetxatzeko.

7._Marrubiak, hurrak, kamomila, zizak eta onddoak, haziak eta gainerako basa-fruituak hartzeko eta erlauntzak jartzeko eskubidea, bai eta eskulangintzako bestelako jarduera garbietan aritzeko ere, betiere usadiozko aprobetxamenduekin bat.

8._Materialak eta ikatzak egiteko eskubidea, gero Batzordearen Administrazioak sal ditzan. Batzordeak ongi ordaindu beharko dio jornalariari eguneko soldata.

9._Harria, karea, harea etabarrak hartzeko eskubidea.

10._Ondoko guztiak hartzeko eskubidea: zura, bertan erretzeko; adarrak, abereak hazteko; orbela, iratzeak, e.a. eta abereen zimaurra.

11._Zuhaitzak moztu eta materialak egitea ondoko lan guzti hauetarako: etxeak, eskortak, abereendako estalpeak, obrak, etxalde nahiz hesien itxiturak, nekazaritzako lanabesak eta norberak erabiltzekoak diren gainerako objektuak egin eta konpontzeko.

Batzordeak bestelako erabilerak baimendu ahalko ditu, mendiaren egoerak hala eskatzen badu.

Etxabarrik (Allin) eta Eraulek (Deierri) Limitaciones mendia erabiltzeko eskubidea dute, bi herriek Ameskoekin sinaturiko itun eta hitzarmenen arabera (Nafarroako Errege Kontseiluak 1683ko urriaren 9an onetsi baitzituen), eta ondoren banan-banan sinaturiko beste bi akordioen arabera (Eraulekoa 1923ko abuztuaren 21ean onetsi baitzuen Foru Diputazioak, eta Etxabarrikoa, berriz, 1924ko maiatzaren 3an); hori guztia honako ordenantza hauetan ezarrikoarekin bat.

Herritarrendako aprobetxamendu tradizionalak norberak erabili eta kontsumitzeko baino ez dira izanen; hortaz, guztiz debekatuta dago haiek merkaturatu, saldu, berrakuratu, laga edo eskualdatzea.

38. art. Larreen aprobetxamendua.

Herri partzuerretako bizilagunen aziendak baino ez du eskubiderik izanen Limitaciones mendiko belar eta ezkurrak aprobetxatzeko; arrotzek altxonbideak, askak edo antzekoak baliatzeko dituzten eskubideak ezertan galarazi gabe.

Ameskoako Limitaciones mendiko abeltzainen erregistroa eratuko da. Urtero abeltzain berriak inskribatuko dira bertan, eta lehenagokoek inskripzioa berrituko dute.

Belarren aprobetxandua urterokoa izanen da.

Limitaciones mendiko bazka erabili ahal izateko, herri partzuerretako bizilagunek beren azienda aitortu beharko diote Batzordeari urtero, apirilaren 20a baino lehen, azienda mota bakoitzeko dituzten abelburuak zehaztuz. Batzordeak behar beste miaketa eginen du, datuak benetakoak ote diren egiaztatzeko

Herri partzuerretako bizilagunen batek abereen aitorpen horren ondotik eskuratu edo sartuko balu aziendarik, Batzordeari eman beharko lioke horren berri, bai eta azaldu ere zergatik ez zuen lehenago aurkeztu.

Batzordeak aldez aurretik ezarriko duen urteko saria ordaindu beharko da aitortutako abelburu bakoitzeko.

Azienda kumeek ez dute ordainduko jaio ondoko urteko maiatzaren 1a arte, txerrikumeek izan ezik.

Mendian larratzen den azienda oro behar bezala identifikaturik egon beharko da, osasun arloko legeen arabera, eta abere talde edo saldo bakoitzak bereizgarri pertsonala eta banakakoa izan beharko du. Bereizgarri hori Batzordean erregistratuko da, aziendaren titularra nor den jakin ahal izateko beti Titularrak identifikatu gabeko azienda aterarazi beharko du menditik. Batzordeak azienda identifikatzeko sistema berezko bat ezarri ahalko du.

Batzordeak mendiko gune zehatzera azienda noiz sartu eta noiz atera zehaztu ahalko du halako kasu jakin batzuetan, erabilera mota eraginkorragoak sustatze aldera.

Debeku da etxeko animalia hilak abandonatzea. Lurperatu beharko dira, edo harraparien bazkatoki edo hondakindegi baimenduetara eraman.

39. art. Zerriak eta ahuntzak.

Zerriak eta ahuntzak mendian larratu ahal izateko, aprobetxamendu komuneko larreetara sartzeko araudiari jarraiki beharko zaio.

Nola nahi den ere, larreak erabiltzeko baimena jaso ondoren, muturrean eraztuna dutela baino ezin izanen dira zerriak larratu, Batzordeak homologaturiko sistemaren arabera. Hala ere, Batzordeak larreak eraztunik gabe erabiltzeko baimena ematen ahal du halako toki eta garai jakinetan, baldin eta tokiaren kudeaketa hobetzen ahal bada animaliek lurra harrotzearen ondorioz.

40. art. Aziendaren osasun baldintzak

Azienda mendian larratu ahal izateko, jatorrizko ustiategiak bere izan beharko du egungo arauetan eskatzen den osasun kalifikazioa. Nolanahi ere, aziendaren osasun egoera egokia frogatu beharko da beti, abeltzainak mendira sartzen duen abelburu kopurua gorabehera.

Azienda Limitaciones mendira sartzeko osasun baldintzak egungo legeriari lotu beharko zaizkio, erran nahi baita, Animalien Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeari eta arauzko xedepenei.

Mendian egin beharreko osasun tratamenduak aurreko atalean aipatu araudiari lotuko zaizkio. Abeltzainek tratamendu horiek sortu hondakinak kenduko dituzte, nork bereak kentzeko ardura izanen baitu. Debeku da inolako gai solido edo likidorik isurtzea.

Aziendan gaitz infekzioso-kutsagarririk agertzen bada, jabeak kendu beharko du bere azienda menditik, non eta osasun agintariek azienda hori ez mugitzeko agintzen ez duten edo azienda horren ustiategiaren egoitza bakarra Limitaciones mendia ez den.

Batzordeak erabakiko du osasun arloko azpiegiturak eta azienda maneiatzakoak paratzeko beharra ote dagoen, hala nola eusteko parkeak, azienda maneiatzeko eskortak, desparasitazio instalazioak, gatz-lurrak, e.a.

41. art. Abeltzaintza.

Limitaciones mendiko abeltzaintzak ondokoak ditu helburu:

a) Bateragarri egitea larreen aprobetxamendu taxuzkoa batetik, eta bestelako jarduerak nahiz ingurumenaren kalitatea, bestetik, Ameskoako bizilagunendako bizimodu tradizionala bermatu ahal izateko.

b) Abeltzaintzako produktuen balio igoera ekarriko duten jarduketak sustatzea, ingurumena errespetatzen duten ekoizpen-ereduak ezarriz.

Abeltzaintza ondoko araudiari lotuko zaio bereziki:

a) Ameskoako Limitaciones mendia Antolatzeko Proiektuak eta haren Berrikuspenek arautuko dituzte abeltzaintzaren ondoko alderdiak: azpiegitura komunak, abereak halako eremutan sartu-ateratzeko egunak, larratzen ahal den abere kopurua eta antzeko gaiak. Proiektu hori osatzerakoan honako dokumentu honen zehaztapen guztiak hartuko dira kontuan, dela inplizituki dela esplizituki abeltzaintzaren garapena ukitzen duten heinean.

b) Abereen instalazioak egokitzeko lanak, partikularrek nahiz Batzordeak sustatuak izan, osasun arloko egungo araudia bete beharko dute, isuriei dagozkien arauak bereziki. Zehaztuko diren bideak soilik erabili ahalko dira instalazioetara sartzeko. Bide horiek ibiltzeko moduan egon beharko dira beti.

c) Abereendako eremu mugatuak errespetatu beharko dira, Mendia oihanberritzeko, esperientziak edo ikerketak burutzeko edo gune endekatuak berreskuratzeko mugatuko baitira.

e) Larreak hobetze aldera egiten diren belar-sastraketen mozketak mugatuak egonen dira % 20tik goitiko aldapetan.

42. art. Larreen aprobetxamendua galtzeko arrazoiak.

Ondoko kasuetan larreak aprobetxatzeko eskubidea galduko dute bizilagunek, aldi baterako edo betiko galdu ere:

_Bizilagunak aitortu gabeko azienda sartzen badu mendian, edo berea ez duena.

_Bere aziendak ez badu betetzen egungo legerian ezarritako osasun baldintzak.

_Zerriak arauzko eraztunik gabe larratzen badira, Batzordeak horretarako baimen berariazkoa ematen duenean izan ezik.

43. art. Nekazaritza eta abeltzaintza arloetako landa-garapena

Bai Ameskoako Limitaciones mendiko Batzordeak bai Foru Administrazioak nekazaritza eta abeltzaintza arloa ahalik eta gehien hobetzeko ekimenak bideratuko dituzte. Hainbat jarduketa ildo ezarriko dira ondokoak helburu: azpiegitura oinarrizkoak eta abeltzainen kualifikazio profesionala sendotzea; ustiategien higiene baldintzak eta produktuak manipulatzeko prozesuak egokitzea; produktuen kalitatea eta merkaturatzea; komunikazio arloko eta energia aurrezteko teknologia berrien erabilera; animalien kalitate genetikoa edo interesekoa den beste edozein alor.

44. art. Hirigintza araubidea.

Limitaciones mendiaren esparruko lurzoruak lurzoru urbanizaezinaren sailkapena du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruz unean unean indarrean dagoen Foru Legeari jarraikiz arautuko delarik lurzoru hori.

Oro har, debeku da eraikin berririk egitea, ondokoak izan ezik, baimena jaso ahalko baita honako hauek egiteko:

_Ingurumen hezkuntzarako direnak.

_Nekazaritzako, abeltzaintzako, oihangintzako edo bestelako aprobetxamendu tradizionaleko ustiategietara lotuak direnak.

_Interes orokorrekoak eta onura publikokoak direnak, balio naturalak gordetzeko helburuekin bateragarri direla bermatuz gero.

_Limitaciones mendiaren kudeaketari, kontserbazioari eta erabilera publikoari lotutako azpiegiturak.

Eraikinetan saneamendu sistema egokia jarriko da beren erabilera dela-eta hala behar dutenean, sare hidrografikora eta lurzorura gai kutsakorrik isur ez dadin.

Jarduera tradizionalei loturiko eraikinen inbentario eguneratu bat eratuko da, Mendi barnean dauden guztiak biltzeko (etxolak, kortak, askak, zubiak, iturriak, eskortak, e.a.). Haien kontserbazioa bilatuko da, eta paisaian integra daitezen. Baimenduta daude eraikin horiek konpondu eta mantentzeko lanak.

Eraikinak, ahal den heinean, tankera tradizionalekoak izanen dira eta bitarteko tradizionalekin eginak. Solairu bateko altuera izanen dut gehienez ere.

Batzordeak ordenantza partikular bat onetsiko du eraikinen tipologia arautuko duena alderdi hauei guztiei dagokienez: estalkia, fatxadako materialak, elementu osagarriak eta gainerako zehaztapenak, eraikinak bat egin dezaten Urbasako eta Andiako lurretan egun diren eraikin tradizionalekin.

Argindarraren lineak, ur hodiak edo bestelako zerbitzuetarako azpiegiturak modu ekologikoan ezarriko dira, ahal delarik lur azpian jarriz eta ikusmenerako eraginak zuzenduz.

Baimenduta daude egungo bide eta pistak zaindu eta mantentzeko lanak.

45. art. Eskortak eta bordak.

Mendian abeltzaintza lanetan modu iraunkorrean diharduten bizilagunek izanen dute eskubidea Limitaciones mendiko eskorta eta bordak erabiltzeko.

Eraikin bat abeltzaintzan erabiltzeko eskatzen duen titular orok Limitaciones mendian gutxienez ere honenbeste abelburu larratzen dituela egiaztatu beharko du: 12 behi edo 75 ardi edo 12 behor edo 16 txerrama. Bestelako espezietarako 12 A.L.U. adinako abelburu kopurua eskatuko da. .

Batzordeak eraikinen erregistro bat eramanen du eta urtero eguneratu.

Erregistroan inskribaturiko titularrek eraikin bakar bat erabili ahalko dute bizi artean baldin eta, honako ordenantza hauen berrikuspena onesterakoan, jardueran aritzeko baldintzak betetzeari uzten badiote. Ondoren, haien egoera adiministratiboa arautuko da.

Eraikin bat erabiltzeko eskubidea ezin da oinordekotzan hartu, ez eta laga edo eskualdatu ere, Batzordeak berak administratzen baititu titulartasun aldaketak. Bizilagun bakar bat agertu beharko da eraikinaren titular gisa, eraikina erabili ohi duen hori, alegia.

Onuradunek bi eskakizun mota egin ahalko dituzte eraikinak erabiltzeko:

_Eraikin berri baterako eskaera. Batzordeak zehaztuko du zein.

_Lehenago erabilitako eraikin baterako eskaera, betiere aurreko erabiltzaileak edo Batzordeak berak eraikina libre utzi badute.

Batzordean eskaerak zein ordenatan aurkeztu, orden hertsi horri jarraikiko zaio libre utzitako eraikinak esleitzeko. Hala ere, titularra hiltzen bada, familiakoek izanen dute lehentasuna, ahaidetasuneko bigarren mailarainokoak, betiere eskatu baldintzak betetzen badituzte.

Nola nahi den ere, eraikinaren lurra Batzordearena baino ez da, eta materialak titularraren jabetzakoak izanen dira titularra den bitartean soilik. Bordaren titulartasunari utzi eta urtebetera ez badira materialak eraman, Batzordearen eskuetan geldituko dira.

Titular orok borda bakar baterako eta eskorta bakar baterako eskubidea besterik ez du. Batzordeak titular bakar bati eskorta bat baino gehiago erabiltzeko baimena ematen ahal dio baldin eta eskatzaileak justifikatu egiten badu ezinbestekoa duela mendian lanean aritzeko.

Eraikinetan edozein konponketa lan egiteko, Batzordeari eskaera egin eta haren baimena beharko da.

Borda edo eskorta bateko titularrak sortzen dituen hondakinez arduratu beharko da. Eraikinaren baldintza estetikoei eutsi beharko die eta ingurunea zaindu. Akatsik atzemanez gero, haiek zuzentzeko behar diren lanak egiteko eskatu ahalko zaio.

Baimenduta dago sua borda tradizionalen inguruan, etxeko zereginetarako denean. Debeku da eraikin horiek tabernatako edo alokatzeko erabiltzea, eta debeku da, orobat, eskortak edo nabeak eraikitzea abeltzaintza intensiboan erabiltzeko.

46. art. Bordaren edo eskortaren aprobetxamendua galtzeko arrazoiak.

Borda edo eskorta baten titularrak ondoko kasuetan galdu ahalko du hartaz baliatzeko eskubidea, aldi baterako edo betiko galdu ere:

_Eraikina modu iraunkorrean erabiltzen ez badu. Halakoetan, inguruabar salbuesleak hartuko dira kontuan, hala nola titularra eri bada edo jardueraz aldatzen badu aldi baterako. Batzordeak inguruabar horiek egiaztatu eta aztertu ondoren, luzapen bat eman ahalko du, 4 urtekoa gehienez ere, interesatuak titulartasuna gorde ahal izateko.

_Erabilera tradizionalari lotu gabeko jardueretan aritzea.

_Eraikina behar bezain txukun ez edukitzea, edo inguruak behar bezain garbi.

_Titularraz kanpoko norbaitek legezkontrako erabileretarako baliatzea eraikina.

_Batzordeak onartutako ezein arauketa subsidiario ez betetzea.

47. art. Laborantzako lurrak luberritzea.

Bizilagun orok badu eskubidea Limitataciones Mendiko soilguneak beretako erabiltzeko, dela nekazaritzarako dela abeltzaintzarako. Gehienez ere 5 erregu bitartekoak izanen dira, puska bakarrean bilduak, eta behar bezala itxi beharko dituzte azienda sar ez dadin.

Lurzatien erregistro bat sortu eta eramanen du eta urtero eguneratu.

Lur pusken aprobetxamendua titularrak zuzenean erabil dezan baino ez da izanen. Onuradunak berak landuko ditu, zuzenean, eta ezin izanen ditu ez arrendatu ez beste inolako modutara ustiatu.

Batzordeak arauz mugatu ahalko du herritarrendako laborantzako lur bihurtzen ahal den larre kopurua, baldin eta lurzatien eskaerak larreen azaleraren % 5 aldaraztea ekarriko balu. Lehenago ere nekaritzarako izan diren lursailak lehenetsiko dira herritarrei esleitzeko.

Titularrak behar bezala hesituko du lursaila. Itxiturak urtebete baino gehiago ematen badu egoera txarrean Batzordeak baja emanen dio titularrari.

Batzordeak arau osagarriak xedatzen ahal ditu lurzati horien itxiturak eraikitzeko erabili behar diren material eta ezaugarriei buruz.

Lurzati horien barnean ez da baimenduko eraikinik egiterik.

Titularrek kuota bat ordainduko dute urtean itxitako erregu bakoitzeko. Batzordeak urtero zehaztuko du kuotaren zenbatekoa.

Lurzatiak hartu eta uzteko eskaerak urriaren 1etik eta abenduaren 31 bitarte jasoko dira, eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik hartuko dute indarra.

48. art. Abeltzaintza.

Limitaciones mendiko nekazaritzak ondokoak ditu helburu:

a) Lursailen erabilera tradizionalari eustea, etnografiari nahiz paisaiari loturiko jarduna den aldetik, eta, betiere, erabilera hori lurren emankortasuna gordetzearekin eta bestelako erabilerekin -abeltzaintzarekin bereziki-bateragarria den neurrian.

Nekazaritza ondoko araudiari lotuko zaio bereziki:

a) Lursailen aginduzko itxiturak egiteko materialak inguruneari egokituko zaizkio, estetikaz den bezainbestean, eta bertako materialak lehenetsiko dira. Horretarako, Batzordeak egoki juzgatzen dituen materialak edo laguntzak esleitu ahalko ditu.

b) Zehaztuko diren bideak soilik erabili ahalko dira instalazioetara sartzeko. Bide horiek ibiltzeko moduan egon beharko dira beti.

c) Laborantza lanetarako, Laborantzako praktika egokien kodeari jarraikiko zaio, Nafarroako Gobernuak emana baita.

d) Berariaz debekatu da sintesizko ongarriak nahiz mindak erabiltzea.

49. art. Laboreen aprobetxamendua galtzeko arrazoiak.

Lurzati baten titularrak ondoko kasuetan galdu ahalko du hartaz baliatzeko eskubidea, aldi baterako edo betiko galdu ere:

_Titularrak berak ez badu lurzatia zuzenean erabiltzen.

_Lursaila gaizki itxia badu urtebete baino gehiago.

_Lursailaren barnean eraikitzen badu.

50. art. Etxerako egurra: epaitza.

Etxea duen familia unitate bakoitzak badu eskubidea Limitaciones mendiko basoetatik urteko epaitza jasotzeko, familian dagoen bizilagun kopuruari begiratu gabe. Hala ere, bizilagun batek etxerako egur gehiago behar, eta premia hori aski justifikatzen badu, Batzordeak egur hori eman ahalko dio, betiere egoki juzgatzen dituen baldintzetan.

Epaitza banatzeko, etxetzat hartuko da onuradunaren ohiko bizilekua den etxebizitza, sarbide propioa, argi nahiz ur kontagailuak eta bizigarritasun zedula izan beharko dituena.

Batzordeak erabakiko du epaitzek zenbat egur izanen duten eta nondik hartuak nahiz nolakoak izanen diren (oinak, hondarrak, eraispenak, e.a.), baita nola aprobetxatuko diren ere, betiere Mendia Antolatzeko Proiektuaren zehaztapenen arabera eta Nafarroako Gobernuaren Oihan Administrazioak aprobetxamendua baimendu ondoren. Aprobetxamenduaren bolumen osoa ez da inola ere izanen mendiak ematen ahal duena baino handiagoa.

Epaitzak etxean aprobetxatzeko besterik ez dira; hortaz, berariaz debekatu da epaitzak saldu edo besterentzea, herri partzuerren jurisdikziotik kanpo ateratzea edo beste xedetarako erabiltzea.

51. art. Epaitzen aprobetxamendua galtzeko arrazoiak.

Batzordeak ondoko kasuetan kentzen ahalko die bizilagunei etxerako epaitzak aprobetxatzeko eskubidea, aldi baterako edo betiko kendu ere:

_Egurra saldu, herri partzuerren jurisdikziotik atera edo etxea ez den beste xede baterako erabiltzen badu.

_Norberari egokituriko bakanketa egiterakoan, zuhaitzei edo landare-estalduran kalteak beharrik gabe eragitea.

52. art. Ehiza.

Limitaciones mendian ehiza kudeatzerakoan, orekari eustea izanen da helburua, ehizarako baliatzen diren animalien eta haien ingurune sozial nahiz naturalaren arteko orekari eustea alegia.

Ehizaren aprobetxamendua Ehiza Antolatzeko Planean ezarritakoari lotuko zaio. Nafarroako Gobernuak plana berrikusteak dakartzan gastu guztiak hartuko ditu bere gain.

Plan horretan aurreikusi edo zehaztu gabeko orotan, Ehizari buruzko urteroko Foru Aginduek zehaztuko dituzte aprobetxamenduaren baldintzak.

Debeku da animalia aloktonorik sartzea, horretarako baimena dagoenean izan ezik.

53. art. Ehizaren aprobetxamendua.

Ehizak ondokoak ditu helburu Limitaciones mendian:

a) Ehiza bateragarria izan dadin basa flora eta faunaren nahiz haien habitaten kontserbazioarekin, bai eta mendiaren gainerako erabilerekin ere, abeltzaintzarekin eta erabilera publikoarekin bereziki.

Ehiza ondoko araudiari lotuko zaio bereziki:

a) Ehiza Antolatzeko Planak arautuko du ehiza. Arloari buruzko maila goragoko xedapenek finkatuko dute planaren legezko iraunaldia.

b) Ehiza Antolatzeko Planean erregelamenduz ezarriko duen erreserbaren mugapenak Urederraren iturburuko natur erreserba inguruko babes-eremua hartuko du bere baitan. Babes baldintza bereziak ezarriko dira, orobat, mendiaren hegoaldeko harkaitzen zerrenda osoan.

c) Usategietan, idoietan eta itxoiteko erabiltzen diren gainerako ur guneetan, debeku da material kutsakorrak eta hondakinak isurtzea. Eremu hezeen inguruetan murriztu eginen dira berunezko jaurtigaien erabilera.

54. art. Bizilagunen eskubidea, mendian egon eta bertatik igarotzeko.

Ameskoako bizilagunek badute eskubidea Limitaciones mendian egoteko eta bertako pista eta bideetan barna joan-etortzeko bai oinez bai ibilgailu motordunetan, Mendiko erabilera eta aprobetxamendu tradizionaletan jarduteko betiere.

Batzordea arduratu da eskubide tradizional hau behar bezala arautzeaz, eta ahaleginduko da, orobat, komunikabideen egoera hobezina izan dadin, mendiaren kontserbazioa eta erabiltzaileen segurtasuna bermatze aldera.

55. art. Basa-fruituak hartzeko eskubidea eta bestelako jarduerak.

Ameskoako bizilagun guztiek aukera izanen dute intentsitate txikiko aprobetxamendu tradizionaletan aritzeko Limitaciones mendian, hala nola marrubiak, hurrak, kamomila, zizak eta onddoak, haziak eta gainerako basa-fruituak hartzeko eta erlauntzak jartzeko, bai eta eskulangintzako bestelako jarduera garbietan aritzeko ere, izan ere usadiozko aprobexamendu familiarrak izan baitira beti eta gorde beharreko kultur balio erantsia baitute.

Bizilagunek aukera izanen dute onddoak eta basa-fruituak nahiz landareak hartzeko, sasoien araberako kopuruetan. Baliabide natural berriztagarriak direla hartuko da kontuan, eta senez baliatuko dira, haien aprobetxamendua eta kontserbazioa bateragarriak izan daitezen.

Basa-fruituak eta onddoak hartzerakoan ez da ez landarerik ez mizeliorik kaltetuko, uzta berriak ez galaraztearren; basa-landareak biltzerakoan, berriz, ukitu gabeko aleak uzten direla begiratuko da, inguru horretatik desagertuko ez direla bermatzearren.

Batzordeak aipatu aprobetxamenduak arautu ahalko ditu, are lizentziapeko bihurtu ere, haien kontserbazioa arriskuan dela irizten bada.

Helburu zientifikoetarako laginen bilketa baimenduko da, betiere unibertsitateek edo izaera bereko entitateek kreditaturiko lagunek egiten badute bilketa-lan hori.

56. art. Herritarrendako erabilera eta aprobetxamendu usadiozkoak.

Limitaciones mendia Ameskoarako alternatiba ekonomikoa izateaz gain, eskualdeko landa garapenaren eragilea ere bada; Batzordeak, beraz, uneoro zaindu beharko du mendia, biztanleria finkatzen laguntzen duelako bai eta enplegua sortzen ere.

Batzordearen baimena beharko da gainerako eskubide tradizional hauek baliatzeko: harria, igeltsua, karea eta harea hartzea ikatz egiteko; zura, bertan erretzeko; adarrak, abereak hazteko; orbela, iratzeak; zuhaitzak moztu eta materialak egitea ondoko lan guzti hauetarako: etxeak, eskortak, abereendako estalpeak, obrak, etxalde nahiz hesien itxiturak, nekazaritzako lanabesak eta norberak erabiltzekoak diren gainerako objektuak egin eta konpontzeko. Batzordeak, baimena eman ala ez erabakitzean, kontuan hartuko du mendiaren natur baliabideen kontserbazio egokiari ekarriko dion eragina.

ZORTZIGARREN KAPITULUA

Batzordearen erabilera eta aprobetxamendu usadiozkoak Limitaciones mendian

57. art. Batzordearen erabilera eta aprobetxamendu usadiozkoak.

Ameskoako Limitaciones mendiko Batzorde Nagusiak ondoko erabilera eta aprobetxamendu tradizional eta sendotu hauek baliatu ditu mendez mende Limitaciones mendian:

1. Zura eta egurra aprobetxatu eta ustiatzea, ondoren saldu eta merkaturatzeko.

2. Ikatzak aprobetxatu eta ustiatzea, bai eta bizilagunendako ez diren oihaneko bestelako produktuak ere, ondoren saldu eta merkaturatzeko.

3. Harria, harea, legarra eta antzekoak ateratzea.

4. Limitaciones mendiko ur baliabideen aprobetxamendua, ura zaindu eta erabilerak nahiz apobetxamenduak hobetzeko.

5. Ikerketa.

58. art. Zura, egurra eta oihaneko beste produktuen aprobetxamendua.

Limitaciones mendiko zur eta egurrerako produktuen aprobetxamendua Mendia Antolatzeko Planaren arabera burutuko da, bai eta unean unean indarrean dagoen legeriak ezarritako jarraibide teknikoen arabera ere. Nafarroako Gobernuak plana berrikusteak dakartzan gastu guztiak hartuko ditu bere gain.

Aipatu proiektuko Plan Berezian aurreikusitako jarduketak zehaztearren, Aprobetxamenduak eta Hobekuntzak egiteko Plana osatuko da urtero. Batzordeak berretsi beharko du plan hori, legez ezarritako beharkizunak oro bete ondoren.

Ikatzak eta oihaneko bestelako produktu eratorriak egin eta merkaturatzeko, arloari buruzko egungo legeriari lotuz jardunen du Batzordeak, eta berak onetsitako baldintzei jarraikiz.

59. art. Basogintza

Limitaciones mendiko basogintzak ondokoak ditu helburu:

a) Bateragarri egitea oihaneko produktuen aprobetxamendu taxuzkoa batetik, eta bestelako jarduerak nahiz ingurumenaren kalitatea, bestetik.

b) Jarduketen eraginkortasuna hobetzeko programak proposatzea, bai eta pagadien kalitate genetikoa nahiz produktuen kalitate teknologikoa hobetzeko ere.

c) Oro har, landaketa baino oihanberritze naturala sustatuko da. Landaketa ezinbestekoa denean, berriz, erabilitako landarearen jatorria bermatu beharko da..

d) Oihan-suteen aurkako aurreneurriak eta zaintza nahiz itzaltze lanak bideratzeko antolakuntza berariazko bat ahalbidetuko da.

Basogintza ondoko araudiari lotuko zaio bereziki:

a) Ameskoako Limitaciones mendia Antolatzeko Proiektua eta haren Berrikuspenek arautuko dute basogintza: proiektu hori osatzerakoan honako dokumentu honen zehaztapen guztiak hartuko dira kontuan, dela inplizituki dela esplizituki basogintzaren garapena ukitzen duten heinean.

60. art. Ateratze lanak.

Batzordeak badu ahalmena Limitaciones menditik gai tradizionalak ateratzeko, pistak, bideak, idoiak, itxiturak, txabolak eta abarrak artatu nahiz konpontzeko, betiere Ingurumen Departamentuaren aldez aurreko baimena izanda.

Ez da baimenik emanen industria arloko ateratze lanetarako. Biztanleen eta Batzordearen beraren usadiozko aprobetxamenduetan erabiltzekoak diren lanak baino ez dira baimenduko.

61. art. Ur baliabideak.

Batzordeak Limitaciones mendiko ur baliabideak zaintzen direla begiratuko du.

Limitaciones mendian ez da ur hartune berririk baimenduko, Mendia kudeatzeko, Batzordearen aprobetxamendu tradizionalak burutzeko edo Ameskoako herriak hornitzeko kontzesioei dagozkienak izan ezik.

Debeku da mendiko lur gaineko nahiz azpiko ubideen taxuketa aldatzen ahal duen lan oro -artatze eta lehengoratze lanak izan ezik-, eta debeku da, orobat, aprobetxamendu hidrologikoak ezartzea.

Debeku da uren kalitatea gai kutsakorrekin aldaraztea.

Ezin da tresna edo jantzirik garbitu ez iturburuetan, ezta erreka edo bestelako ubideetan ere, garbiketa lanetarako garbikaria, lixiba edo bestelako ezein prestakin komertzial erabiltzen bada.

62. art. Ikerkuntza lanak.

Limitaciones mendia hobeki ezagutaraztea Batzordearen xede oinarrizkoetako bat izan da, bertako biztanleen artean bereziki.

Ondoko ildoei buruzko azterlan eta ikerketek izanen dute lehentasuna, kudekatearako interes berezia baitute:

a) Mendiko floraren eta faunaren inbentarioa eta historia naturala eta, orobat, katalogaturiko espeziei buruzko azterlan zehatzak.

b) Baso formazioen bilakaera.

c) Parkearen geologia, fenomeno karstikoak eta hari loturiko komunitate biologikoak aztertzea.

d) Ameskoako herrien azterlan sozioekonomikoak, mendiaren eragin-aldea baitira.

e) Limitaciones mendiko eta Ameskoako etnografia, arkeologia, antropologia, tradizioa eta historia.

f) Mendiaren erabilera publikoa, bisitariak eta ekonomia.

g) Mendiaren erabileren arteko bateragarritasuna: erabilera publikoa eta jarduera tradizionalak, batetik, eta mendiaren babesa nahiz zaintza, bestetik.

h) Mendiaren eta kanpoko ingurunearen arteko harremanak, Urbasa eta Andia mendiekin daudenak batez ere.

Batzordearen baimena beharko da lan horiek egiteko. Buruturiko ikerlanen sustatzaile orok lan horien metodologia, emaitzak eta ondorioak bilduko dituen txostena helarazi beharko dio Batzordeari.

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

Limitaciones mendiaren erabilera eta jarduera publikoak

63. art. Erabilera publikoa.

Atal honen helburua da erabilera publikoa antolatzeko sistema bat osatzea, anitza eta behar bezalakoa izateaz gain, Limitaciones mendiaren ezaugarri naturaletara moldatuko dena, hau da, eskura dauden bitarteko nahiz baliabideetara, jendea hartzeko dagoen ahalmenera eta aurreikusten ahal den bilakaerara, betiere antolamendu irizpide hauek oinarri:

_Bisitarien kopurua egokitu beharko da eremu orok urtaroaren arabera jendea hartzeko duen ahalmenetara. Horretarako, neurri osagarriak ezarri ahalko dira, jende asko hurbiltzen den egunetan sarbidea murriztu ahal izateko.

_Bisitariek gehien erabiltzen dituzten eremuak antolatuko dira halako moldez non aisiarako jarduerak bateragarri izanen baitira jarduera tradizional eta zientifikoekin; horrela, ez da mendiaren ingurumenaren kalitatea murriztuko, ez eta bertako balio natural nahiz kulturalen kontserbazioa arriskuan jarriko ere.

_Bisitariak hartzeko eta argibideak emateko zentro bat eratuko da Ameskoako herrietako batean. Bestelako erabilerak ere bultzatuko dira bertan, hala nola elementu etnografikoen erakusketak, ikus-entzunezkoak, topaketak eta bilerak, e.a.

_Bisitariendako ekipamendu nahiz zerbitzu osagarriak Ameskoako herrietako beheko aldeetara bilduko dira. Gisa horretan, abiagune moduko tokiak osatuko dira, aparkatzeko eremuak sortuz eta mahai, banku, informazio-panel eta halakoak dituzten esparruak eratuz, jendeak jateko tokiak izan ditzan.

Aipatu herrien inguruetatik oinez ibiltzeko bideak bultzatuko dira, ibilgailu partikularren zirkulazio librea ahalik eta gehien murrizte aldera. Ibiltzea eta begiratzea, bi jarduera horiexek sustatuko dira, balio kulturalak, estetikoak eta hezkuntza nahiz zientzia arlokoak lehenetsiz, huts-hutsean turismo edo aisia arlokoak direnen gainetik.

_Ongi seinalaturiko bideak eta interpretazio-sistemak sustatuko dira. Ibilbideen sare bat sortuko da horretarako, jendea haietan barna joateko, nor bere kasa. Bisitariendako informazio guneak paratuko dira eta material berariazkoak prestatuko, eremuaren ezaugarriak, toponimia, natur baliabideak, e.a, azpimarratuz. Ekintza horietan guztian, kontuan hartuko da ez dela arriskuan jartzen mendiaren balio natural eod kulturalen kontserbazioa.

_Ingurumen hezkuntzarako programa bat garatuko da, parkeko eta inguruetako hezitzaileendako, ikasleendako, bizilagunendako eta jendearendako, oro har. Tokiko ekimenak bultzatu eta sustatuko dira, heziketa eta kultur arloetako jarduerak errentagarriak izan daitezen, ondare naturala eta historiko-kulturala oinarri. Behar den prestakuntza ahalbidetuko da, aipatu ekimenak bideragarri egiteko eta lanpostuak sortzeko.

_Mendia zaindu, informatu eta artatzeko zerbitzu bat eratuko da. Programa bat taxutu eta betearazi beharko du zerbitzu horrek, mendiaren erabilera publikoaren segimendua nahiz kontrola egiteko: bisitariak, ibilgailuak, talde antolatuak, ikasle taldeak, e.a.

_Koordinazioa beharko da Urbasa-Andiako Parke Naturalak alor horretan burutzen dituen jarduerekin, kudeaketaren koherentzia bilatze aldera.

Foru Administrazioak aurreko ataletako jarduera programatuak diruz finantzatzen lagunduko du.

Erabilera publikoa ondoko araudiari lotuko zaio bereziki:

_Mendia aisiarako erabiltzeko eskubidea aitortzen da, baina horrek ez du aukerarik ematen inolako aprobetxamendurik egiteko bertan. Horrez gain, sartzeko murrizketak ezarri ahalko dira, jarduera edo elementu minbera edo hauskorren babesa bermatzearren.

_Ibilgailu motordunak errepideetan barna baino ezin dira ibili, Batzordeak, hala behar denean, ezartzen ahal dituen murrizketak bete beharko direlarik. Bizilagunek baino ezin dituzte ibilgailu motordunak baliatu asfaltorik gabeko pista eta bideetan barna joateko, eta betiere jarduera tradizionaletan aritzeko bada edo zaintzari nahiz zerbitzu publikoari dagozkien betekizunetan.

Ibilgailuak behar bezala seinalaturiko aparkalekuetan baino ezin dira aparkatu, eta errepideetan seinalatuko diren bazterbideetan.

_Bizikletaz ibiltzeko, berriz, pista eta bide nagusien sarea baino ezin da erabili, ezin baita haietatik atera.

_Debeku da inolako zaborrik edo hondakinik botatzea hartarako ezartzen diren tokietatik kanpo.

_Debeku da ibilgailuak garbitzea eta olioz aldatzea.

_Debeku da sua egitea horretarako seinalatu diren eraikin eta tokietatik kanpo; debeku da, halaber, egurra, zura eta adarrak moztea, horretarako baimena izan gabe.

_Debeku da azienda eta basa fauna asaldatzeko moduko zaratak egitea eta bai pertsonen lasaitasuna hausteko modukoak ere.

_Debeku da iturri, idoi eta asketan ezer garbitzea eta iturriak, leizeak edo iraganbideak zikintzea.

_Lagun egiteko animaliak mendian eduki ahal izateko ezinbestekoa izanen da haien osasun dokumentazio baimendua eramatea aldean. Animaliak jabeen kontrolpean egonen dira denbora guztian.

_Debeku da kanpaldi librea. Batzordeak bibak egiteko edo gauez kanpatzeko baimena eman ahalko du. Halakoetan, denda jarri eta kentzeko orduak izanen dira ilunabarra eta egunsentia baino bi ordu lehenagotik bi ordu beranduagora arte, eta ezin izanen da gau bat baino gehiago gelditu.

_Bada baimena delta-hegalez edo parapentez hegan egiteko, nahiz eta gero batean murrizketak jarri ahalko diren, baldin eta jarduera horiek ingurumena edo bestelako erabilerak babesteko arazorik ekarriko balute. Debeku da gai su-eragile, toxiko edo arriskutsurik duen globo edo tramankulurik airatzea. Debeku da, orobat, petardo edo suziririk erabiltzea.

_Debeku da harrietan, zuhaitzetan, informazio-paneletan edo Batzordearen ezein ondasun higigarri nahiz higiezinetan inskripzioak, seinaleak, ikurrak edo marrazkiak egitea.

64. art. Mendian bestelako jardueretan aritzea.

_Batzordearen baimen berariazkoa beharko da bai kirol jarduera antolatuetan edo espeleologian aritzeko bai zaldiz ibiltzeko. Debeku da ibilgailu motordunak behar dituzten kiroletan aritzea. Arau zehatzak xedatu ahalko dira erregelamendu bidez, mendiaren balio natural edo kulturalak arriskuan jartzen ahal dituzten bestelako jardueretarako.

_Debeku da salgai toxiko eta arriskutsuak garraiatzea, behar bezala baimendutakoak izan ezik.

_Parke eolikoak jartzeko, arloari buruzko egungo araudiaren arauak bete beharko dira.

_Debeku da merkataritzako jardueretan aritzea. Hori hala izanik ere, artisautzako produktuen saltokiak baimendu ahalko dira, Ameskoako bizilagunek ustiatzeko badira, edo freskagarri nahiz izozkien saltokiak, hartarako moldatuko diren lekuetan.

_Debekaturik daude jarduera militarrak oro.

_Debekaturik daude publizitateko instalazio higiezinak oro bai eta publizitate inskripzio ez ofizial guztiak ere.

_Batzordeak baimena eman dezake filmeak egin edo publizitate lanak egiteko, haiek burutzerakoan ez bazaie kalterik sortzen ez inguruneari ez bertako elementuei.

LAUGARREN TITULUA

Limitaciones mendiko zehapenen araubidea

HAMARGARREN KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

65. art. Arau-hausteak.

Arau-hauste administratiboak izanen dira Ordenantza hauek edo arloari buruzko ordezko legeak urratzen dituzten egintzak edo omisioak oro, nahiz eta bide zibil, penal edo bestelako batetik ere erantzukizuna etor dakiekeen.

Arau-hauste administratibo guztiek zehapenak ekarriko dizkiete erantzuleei, bai eta, kaltegalerarik sortu badute, haien ordaina eman beharra ere. Horrez gain, dekomisatu eginen dira bai legez kanpo eskuratutako produktuak bai arau-haustea burutzeko erabili diren bitarteko nahiz tresnak.

Behar diren zehapenez gain, eragindako kaltea konpondu beharko du arau-hausleak, ingurune naturala ahal den neurrian lehengoratzeko eta erasoa gertatu baino lehen zegoen bezala uzteko.

Batzordeko idazkariak arau-hausleen erregistro liburu bat eramanen du. Bertan inskribatuko dira ebazpen irmo bidez zehatutako guztiak.

66. art. Erantzuleak.

Arau-hausleen erantzuleak izanen dira hala sustatzailea nola arau-hauslea bera, bai eta jardueraren, erabileraren edo aprobetxamenduaren onuradun materiala ere, haiek guztiek hirugarren pertsonen erantzukizuna galdatzen ahal duten arren.

Arau-haustean esku hartu duten pertsonen parte-hartze maila zehazterik ez dagoenean, erantzukizuna solidarioa izanen da.

Pertsona juridikoak haien organo edo agenteek egiten dituzten arau-hausteengatik zehatuko dira. Hortaz, hautsitako ordena konpontzeko neurrien kostua beren gain hartuko dute.

Guraso-agintearen edo babespearen titularrak beren zaintzapeko adingabeek edo ezgaituek sortutako kalte-galeren erantzuleak izanen dira.

Arau-hauste baten ondorioz kalte-galerak nozitzen dituztenek medeapena eta kalteordaina eskatu ahalko dizkiete erantzuleei.

67. art. Zehatzeko eskumena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. artikuluari jarraikiz, bai eta Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 79. artikulari nahiz Basa Fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeko 98. artikuluari ere, Nafarroako Gobernuak du zehapenen araubidea ezartzeko eskumena, basoari buruzko legeak eta basa fauna eta haien habitatak babestu eta kudeatzeari buruzkoak urratzen dituzten egintzei dagokienez, aipatu legeetan arautu ez eta Ordenantza hauetan aurreikusitako arloei buruzkoak izan ezik.

Gainerako kasuetan, Ameskoako Limitaciones mendiko Batzordeak berak izanen du eskumena hala zehapen prozedura abiarazteko nola zehapenak ezartzeko.

Hala ere, arloko egungo legeriarekin bat, Nafarroako Gobernuko behar den Departamentuak gordeko du eskumen hori beretako, halako erabilera edo jarduera jakin batzuk aginduzko baimena lortu gabe burutzen direnean edo baimenaren zehaztapenen kontra gauzatzen direnean.

Era berean, Departamentu horiek arau-hauste administratiboak egin direla antzematen badu Batzordeari jakinaraziko dio, legea babesteko behar diren neurriak har ditzan. Batzordeak ez badu hilabeteko epean behar diren jarduketak burutzen, aipatu Departamentuek eskumena izanen dute, Batzordearen kontu eta hura ordeztuz, behar diren neurriak hartzeko legea betetzen dela bermatze aldera.

68. art. Zehapenak mailakatzeko irizpideak.

Zehapenak ezartzerakoan, behar den oreka gordeko da lege-haustea sortu duen egintzaren larritasun benetakoaren eta ezartzen zaion zehapenaren artean. Honako irizpideak hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

_Jakinaren gainean egina den.

_Naturguneetan zenbateko kaltea egin duen eta naturgunea lehengoratzeko zenbateko zailtasun teknikoa dagoen.

_Zer etekin atera den.

_Berrerortzea, bi urtetan eite bereko lege-hauste bat baino gehiago egin badu, Administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

_Arau-hausleak zer kargu edo eginkizun publiko duen, edo zenbateko jakitatea bere lanbide edo ikasketengatik.

_Hausleak Administrazioari lagundu dion ala ez gertaerak argitzen eta babespeko ondasuna lehengoratzen.

_Portaera berean lege-hausteak pilatu diren.

Maila ertaineko edo goreneko zehapena bidezkoa izanen da ustezko arau-hausleak ez duenean berehalakoan ekintza gelditzen Batzordeko langile batek edo arloan eskumena duen ezein administraziokoak hala egiteko eskatuta, edo indarkeria edo bestelako bortxa biderik erabiltzen duenean legea betearazi behar duen agintariaren edo funtzionario publikoaren kontra.

Arau-hausleak lege-hauste bera egiten badu berriz, ehuneko berrogeita hamar handituko da zehapena, eta berriz-egite hori epe berean bi aldiz edo gehiagotan egiten bada, ehuneko ehun.

Arau-hauste arin baten erantzuleak kaltetutako errealitate fisikoa lehengoratzen badu eta eragindako kalteak konpontzen jarduketa zehatzaileak eta legea babestekoak abiarazi baino lehen, erantzukizunetik erabat salbuetsiko du horrek. Bizilaguna bada, Batzordeak burutzen ari den irregulartasunaz ohartaraziko dio, eta oharra jaso eta hogei eguneko epea emanen dio okerra zuzentzeko, betiere aurreko atalari jarraikiz.

69. art. Arau-hauste eta zehapenen sailkapena.

Honako ordenantza hauetan aurreikusitako arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

Arau-hauste arinak dira Limitaciones mendian ondokoak egitea :

_Zakarrak botatzea, hondakin solido edo likidoak isuri edo gordetzea, bai eta produktu kimiko edo sustantzia biologiko ez baimenduak erabiltzea ere, horrek ez badie kalterik ekartzen mendiaren natur baliabideei.

_Baimendu gabeko kanpaldiak.

_Ibilgailuen joan-etorria hartarako diren pista eta bideetatik kanpo.

_Mugarri, zedarri eta mugak aldatzea.

_Limitaciones mendiko seinaleak edo indikadoreak suntsitu, hondatu, lapurtu edo tokiz aldatzea.

_Abere nahiz basa-animalien lasaitasuna nahasteko moduko trabak, zaratak, argiak edo distirak sortzea, edo haiei segika ibiltzea.

_Baimendu gabeko errealdiak egitea, mendiari eta bertako ondasunei kalterik sortarazi gabe.

_Bost erregutik beheitiko lursailak baimenik gabe luberritzea.

_Bizilagunendako aprobetxamenduak norberak erabili eta kontsumitzeko ez erabiltzea, hots, haiek merkaturatu, saldu, berrakuratu edo lagatzea.

_Basoko produktuak edo beste ezein material baimenik gabe biltzea edo ateratzea.

_Ameskoako bizilagunena ez den azienda mendian sartzea, edo behar bezala saneatua edo idenfitikatua ez dagoena, edo eraztunik ez daramana, hala behar dutenean; azienda oihan mugatuetan nahita sartzea, hartarako baimen berariazkorik izan gabe.

_Animalia edo landare debekatuak sartzea.

_Basoko edo abeltzaintzako itxiturak erauztea edo hondatzea, bai eta ataka nahiz langak nahita zabalik uztea.

_Agintarien agenteen ikuskatze lanari trabak jarri edo gogor egitea, beren eginkizuna betetzen ari direla.

_Baimenetan agindutakoak ez betetzea, ez bada kalterik eragiten.

_Honako ordenantza orokor hauen edo haiek garatzeko arau edo planen kontrako erabilera edo jardueretan aritzea, egintza hori arau-hauste larriagoaren sailkapena ez duen kasuetan.

Arau-hauste larriak dira Limitaciones mendian ondokoak egitea :

_Zakarrak botatzea, hondakin solido edo likidoak isuri edo gordetzea, bai eta produktu kimiko edo sustantzia biologiko ez baimenduak erabiltzea ere, horrek mendiaren natur baliabideen baldintzak aldarazten baditu.

_Baimendu gabeko errealdiak egitea, mendiarrendako eta bertako ondasunendako arriskugarriak badira.

_Bost erregutik goitiko lursailak baimenik gabe luberritzea.

_Mendiaren elementu eta baliabide berezkoak modu nabarmenean aldarazi edo suntsitzea, horrek ez badu arriskuan jartzen haien iraupena ordura arte bezalako baldintzetan.

Arau-hauste oso larriak dira Limitaciones mendian ondokoak egitea:

_Limitaciones mendiko naturgune bat edo bertako elementu nahiz baliabide berezkoak guztiz edo hein batean suntsitzea, arriskuan jarri bada naturgune horrek ordura arte bezalako baldintzetan irautea.

Arau-hausteak honela zehatuko dira:

a) Arinak, 60tik 600 eurora bitarteko isunekin.

b) Larriak, 601etik 6.000 eurora bitarteko isunekin.

c) Oso larriak, 6001etik 300.000 eurora bitarteko isunekin.

Arau-hausteak dakarren onura zehapena bera baino handiagoa bada, zehapena handituko da harik eta onura ekonomiko horren adinakoa izan arte.

70. art. Zehapen prozedura.

Agintaritzaren agenteen edo partikularren salaketak abiaraziko du espedientea. Partikularren salaketak bideratzeko, gutxienez ere bi lekukok aurkeztuko beharko dute salaketa, batera aurkeztu ere, eta behar bezala oinarritu beharko dituzte arau-haustetzat hartu beharreko egintzak.

Limitaciones mendia begiratu, zaindu eta ikuskatzeko arduradunek egindako ikuskatze aktek edo salaketek egiaren presuntzioa izanen dute haietan jasotako egintzei dagokien bezainbestean, betiere kontrako frogarik egon ezean.

_Zehatzeko prozedura hasi baino lehen, Batzordeko lehendakariak, gertaerak argitze aldera, aurretiazko informazio aldi bat irekitzeko agindu ahalko du, kasu zehatzaren zer nolakoak ikertu eta prozedura abiarazi behar den ala ez den erabakitzeko.

Era berean, etorriko den ebazpenaren eraginkortasuna bermatze aldera, behin-behineko neurriak hartu ahalko ditu, hala nola jarduerak erabat edo hein batean eteteko, fidantza jartzeko, e.a.

Batzordeko lehendakariaren ebazpenaren bidez abiaraziko da prozedura, edo ofizioz egindako jarduketen ondorioz edo ustezko arau-hausleari jakinarazi beharreko salaketaren bitartez. Jarduketen instruktorea salaketan bertan izendatuko da.

Zuzenbideko lizentziatura duen funtzionario edo kontratudun bat izendatuko da instruktore.

Instruktoreak kargu plegu bat idatzi eta ustezko arau-hausleari jakinaraziko zaio. Hark hamabost egun balioduneko epea izanen du bere eskubideen alde bidezko iruditzen zaizkion alegazioak egiteko eta datuak, dokumentuak edo frogak aurkezteko. Ofizioz edo ustezko erantzuleak eskatuta egiaztatu beharreko frogek eten eginen dute prozedura ebazteko epea.

Karguen pleguan ondokoak zehaztuko dira: ustezko arau-hausleen identifikazioa; gertaera egiaztatuak; ustezko arau-haustea, hautsitako araua edo arauak zein diren zehazturik; zehapenik bada, zein zehapen den, zenbatekoa eta zein mailatakoa, eta zein organok duen prozedura ebazteko eskumena.

Alegazioak aurkezteko epea iragan, frogarik egin behar bada frogak egin, eta beharrezko irizten zaien eginbideak egin ondoren ere instruktoreak, karguen plegua jakinarazpenean zen bezala mantentzen badu, Batzordeko lehendakariari helaraziko dio espedientea, zehapenak arinak direnean, edo Batzordeari berari, zehapenak larri edo oso larriak direnean, eta haiek, nork bere eskumenen arabera, behar den ebazpena emanen dute edo, hala tokatzen bada, instruktoreari aginduko egin ditzala beharrezko iruditzen zaizkion eginbide osagarriak.

Egindako alegazio eta frogen ondorioz gertaera berririk edo bestelakorik azaltzen bada, edo karguen pleguan aipatzen dena baino larriagoko kalifikazioa sortzen bada, instruktoreak kargu plegu berria eginen du bidezkoa den zehapenarekin eta interesatuari jakinaraziko dio, hark hamabost egun balioduneko epean bidezko iruditzen zaion guztia alega dezan.

Ebazpena betearazi ahal izanen da administrazio bidean irmo bihurtzen denean.

Zehapena luzeenez hilabeteko epean ordainduko da, administrazio bidean irmotu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori iragandakoan, premiamendu bidez ordainaraziko da.

Zehapen prozedurak ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, zehapen espedientea irekitzeko ebazpena ematen den egunetik hasita. Epe hori sei hilabete luzatzen ahalko da, gehienez, erabaki arrazoituaren bidez.

Ezarritako isuna ehuneko hogeitamar gutxituko da ondoko betebeharrak betetzen direnean:

a) Arau-hausleak isunaren gainerakoa aipatu epean ordaintzen badu.

b) Arau-hausleak osorik ordaintzen baditu, aipatu epe berean, egotzi zaizkion kalte edo gaitzetatik heldu diren kalte-ordainak.

c) Arau-hausleak idatziz adierazten badu ezarri zaion zehapenarekin eta eskatzen zaion kalte-ordainarekin ados dagoela eta espres egiten diola uko epe horretan inpugnazio-ekintzak burutzeko eskubideari.

Araua haustean delitua egin bada edo zigorra merezi duen hutsegitea bada, Batzordeko lehendakariak berehala jakinaraziko dio salaketa Ministerio Fiskalari, eta zehapen prozedura eten eginen da harik eta agintaritza judizialak erabakia hartu arte. Zehapen penala baldin badago, ez da administrazio zehapenik jarriko, nahiz eta kaltetutako errealitate fisikoa lehengoratzeko neurriak ezartzen ahalko diren.

Eginbide penalak tramitatzeak eten eginen du lege-hausteen preskripzioa.

71. art. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa.

Honako ordenantza hauetan xedatutakoaren kontrako arau-hauste administratibo oso larriak lau urteko epean preskribituko dira; larriak, bi urteko epean eta arinak, berriz, sei hilabeten buruan.

Arau-hausteen preskripzio epea, legea hautsi egin den egunean hasiko da kontatzen, edo hori jakiterik ez badago, zehapen prozedura hasteko modua izan zen egunetik, hau da, arau-haustearen egintzak salatzen dituzten ageriko seinaleak azaltzen direnetik. Zehapen prozedura hasteak, interesatua jakinaren gainean dela, preskripzioa etenen du.

Zehapenek, lege-hausteen preskripzio epe bera izanen dute. Zehapena betearazteko prozedura hasteak, interesatua jakinaren gainean dela, preskripzio epea etenen du.

BORZGARREN TITULUA

Ordenantzen indarraldia eta haiek aldatzeko prozedura

HAMAIKAGARREN KAPITULUA

Ordenantza orokorren indarraldia eta haiek aldatzeko prozedura

72. art. Indarraldia eta aldaketak

Ameskoako Limitaciones mendiaren ordenantza orokorraren indarraldiak ez du muga eperik, aldatu eta berrikusi ahalko bada ere.

Honako ordenantza hauek aldatzeko bide hauek baliatu ahalko dira:

a) Batzordeko lehendakariaren ekimenaz.

b) Batzordeko legezko kideen bi herenek eskatzen dutenean.

c) Ameskoako Limitaciones mendiko Batzordeko hiru udalkidek eskatzen dutenean, Udal bakoitzak bere osoko bilkuran hala erabaki ondoren.

73. art. Ordenantza orokorrak aldatzeko prozedura.

Honako ordenantza hauen aldaketa onesteko Batzordeko legezko kideen bi herenek eman beharko dute aldeko botoa. Prozedura, berriz, ondokoa izanen da:

a) Jarduneko Batzordeak proposaturiko aldaketen laburpena prestatu eta hitzez hitzezko kopia bana igorriko die Ameskoako Udal eta Kontzeju guztiei. Horren ondoren, hilabetez jarriko da jendaurrean, Batzordeko eta aipatu toki entitateetako ediktuen oholean iragarkiak jarrita, interesatuek egoki iruditzen zaizkien iradokizun nahiz oharrak aurkez ditzaten.

b) Jasotako iradokizunak edo oharrak aztertu eta, hala behar bada, testura bildutakoan, Batzordeak, osoko bilkuran eta arauzko quoruma izanik, hasiera batean onetsiko ditu egoki juzgatzen dituen aldaketak.

b) Aldaketak hasiera batez onetsitakoan, aipatu udal eta kontzejuetara igorriko da haien testu osoa, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren nork bere iragarki oholean eta Batzordeak berean ikusgai jar dezaten hogeita hamar egunez, herritarrek eta legezko interesa dutenek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez ditzaten.

c) Jendaurreko epea bukatutakoan, Batzordea osoko bilkuran bilduko da berriz, aurkeztutako erreklamazio, kexa edo oharrak ebaztearren. Nola nahi den ere, Batzordeak egoki juzgatzen dituen txosten eta irizpenak eskatu ahalko ditu aurkeztu alegazioak ebatzi ahal izateko.

Ebazpena emandakoan, eta aldaketa onetsiek zerikustekorik badute Limitaciones mendiko baliabide naturalen jarduera, erabilera eta aprobetxamenduen antolamenduarekin, legezkotasunari buruzko aldez aurreko txostena emateko eskatuko zaio Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamenduari. Bi hilabete egonen dira horretarako. Epea egintzarik jakinarazi gabe bukatzen bada, txostenaren tramitea betetzat joko da, eta Batzordeak, arauzko quoruma erabilita, behin betikoz onetsiko ditu aipatu aldaketak.

d) Aldaketak behin betikoz onetsitakoan, Ameskoako udal eta kontzejuetara igorriko da haien testu osoa, bai eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera ere, hitzez hitz argitara dadin.

Onetsitako aldaketek ez dute indarrik ez ondorio juridikorik izanen, harik eta aurreko atalari jarraikiz osorik argitaratzen ez diren arte, eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateen egintza edo erabakiak deuseztatzeko duten errekerimendu ahalmena erabiltzeko epea bukatzen den arte.

Batzordeak onetsitako ordenantzen kopia bat Nafarroako Gobernura igorriko ditu, erregistratu eta kontuan har daitezen.

74. art. Ordezko zuzenbide-arauak.

Honako ordenantza hauetan aurreikusten ez den orotarako, Nafarroako toki entitateei aplikatzen ahal zaien araubide administratiboa aplikatuko da.

Oihangintzari, ehizari eta basa-fauna babesteari dagokienez, bai eta hirigintzari nahiz naturguneen kudeaketari begira lurrraldea babestu nahiz erabiltzeari dagokienez ere, ondokoak izanen dira ordezko arauak: Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko Foru Legea; Basa Fauna eta bere Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko Foru Legea; Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruko Foru Legea eta Nafarroako Naturguneei buruzko Foru Legea.

AZKEN XEDAPENAK

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA

Ordenantzen garapena

Ordenantza hauetako xede eta helburuak lortuko direla bermatzearren, behar diren ordenantza partikularrak eta erregelamenduak onetsiko dira, halako alderdi jakin batzuk, honako ordenantza hauetan aurreikusitakoak eta bestelakoak, zehatzago arautze aldera.

Era berean, Jarduketa Plan bat prestatuko da, inbentarioaren agiria eta bertako jarduketa proposamenak oinarri harturik. Lau urtetik behin osatuko da plan hori, eta bertan zehaztuko da zer jarduera burutu beharko diren ordenantzetako helburuak lortze aldera.

Horrez gain, urteko plana osatuko da lanak betearazteko. Batzordeak onetsiko du eta bertan zehatz-mehatz azaldu eta justifikatuko dira ekitaldian egin beharreko lanak oro, haiek betearazteko gutxi-gorabeherako aurrekontua eta finantzabidea ehaztuz. Urteko plana, berriz, proiektu teknikotan banatuko da, izan ere halako proiektuak prestatuko baitira jarduketa konplexuek definizio xeheagoa behar dutenean edo lanak betearazteko kanpoko enpresen kontratazioa behar denean.

Jarduketak presakoak eta lehentasunekoak izanen dira, ondoko inguruabarrei begira:

_Presakoak: berandutzen badira arazoak etortzen ahal dira bestelako egintzak betearazteko, edo arriskuan jar daiteke zenbait elementu garrantzitsuren kontserbazioa.

_Lehentasunekoak: presarik gabeko jarduketak ez badira ere, ezinbestekoak dira zehaztutako helburuak betetzeko.

Gainerako jarduketak egokiak edo osagarriak izanen dira, kasuan kasuko helburua lortzeko laguntza handikoak edo txikikoak ote diren kontuan hartuz.

Iragarkiaren kodea: A0306993