108. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 25a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Deialdia, Iruñeko Udaleko udaltzain-kabo izateko 19 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

O I N A R R I A K

1. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen artean Iruñeko Udaleko udaltzain-kabo izateko 19 lanpostu betetzea, maila igoeraren bidez eta oposizio-lehiaketa sistema erabiliz Lanpostuak honela banatuta daude:

_13 lanpostu barne igoerako txandan, Iruñeko Udaleko Udaltzaingoko kideentzat (aurrerantzean barne igoera txanda).

_6 lanpostu igoera txanda irekian, Nafarroako gainerako Polizia Kidegoetako kideentzat (aurrerantzean igoera txanda irekia).

1.2. Orobat, barne igoerako txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute igoera txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen bada igoera txanda irekiko lanpostu hutsen bat, orduan barne igoerako txandakoei gehituko zaie.

Hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, bete gabe gelditzen bada barne igoerako txandako lanpostu hutsen bat, orduan bete gabekotzat joko da eta ez zaie gehituko igoera txanda irekikoei.

1.3. Izendapenarekin batera pertsona izendatu horiek nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarri diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.4. Lanpostuek C mailako lansariak izanen dituzte, eta aplikatu beharreko xedapenen araberako osagarriak.

1.5. Izangaiak, hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoren, Iruñeko Udalean sartu eta funtzionario eginez gero, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta lehendik eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea aukeratzen ahal dute edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.6. Izendatutako izangaiek Iruñeko udal mugapean bizi beharko dute, eta hori betetzeko udalerri horretan finkatuko dute beren bizilekua.

2. Izangaien betebeharrak.

2.1. Lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Barne igoerako txandan:

1._Gutxienez 2 urteko antzinatasuna izatea Iruñeko udaltzain gisa.

2._Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Igoera txanda irekian:

1._Gutxienez 2 urteko antzinatasuna izatea Nafarroako Foruzaingoan, Polizian edo Udaltzainen Kidego bateko udaltzain edo agente gisa.

2._Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira baldintza horiek.

3. Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Iruñeko Udalaren erregistro orokorrean, Merkatu kalea, 7-9, Iruña, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hamabost egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Aipatu eskabideak deialdian argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean. Eredua Udalaren Kudeaketa Zuzeneko Zerbitzuaren (Merkatuko kalea, 7-9, Iruña) bulegoetan eskura daiteke.

3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi aldeen fotokopia, behar bezala konpultsatua.

b) Iruñeko Udalaren udaltzain, foruzain, edo Nafarroako Udaltzainen Kidego bateko udaltzain edo agente izendatu izana frogatzen duen egiaztagiria; era berean frogatuko dira lanpostu horretako antzinatasuna eta egoera administratiboa.

c) Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera alegatutako merezimenduen egiaztagiriak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4. Onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, alkateak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

4.2. Izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5. Epaimahaia.

5.1. Ondoko kideek osatuko dute epaimahaia:

Batzordeburua: Alkatea edo hark eskuordetutako zinegotzia.

Ordezkoa: Funtzio publikoko zinegotzi berezia

Mahaikidea: Hiritar Babespen Alorreko zuzendaria.

Ordezkoa: Javier Arteta Górriz, udaltzain-ofiziala.

Mahaikidea: Udaltzainburua.

Ordezkoa: Francisco Javier Arrobarren Barrena, udaltzain-ofiziala.

Mahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkaria.

Ordezkoa: Langileen Batzordeko beste ordezkari bat.

Mahaikide-idazkaria: Víctor Sarasa Astráin, legelaria.

Ordezkoa: Javier García Martínez, legelaria.

Hauta-probak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen erabateko gehiengoa, gutxienez, bertan ez bada.

Organo kolegiatu horren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da kide hauek biltzea: mahaiburua eta idazkaria edo horien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.

5.3. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahal ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

6. Lehiaketa.

6.1. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak, ondoko baremoaren arabera. Gehienez ere 85,50 puntu emanen dira lehiaketaldian.

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu bitarte.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: 25 puntu bitarte.

c) Hizkuntzak jakitea: euskara, frantsesa, ingelesa eta alemana: 20,50 puntu bitarte.

d) Sariak: 5 puntu arte.

Aurreko a), b), c) eta d) ataletan alegatu eta egiaztaturiko merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko II. eranskineko baremoaren arabera. Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean azaldu behar dituzte izangaiek beren merezimenduak eta, frogatu ere, une horretan frogatu behar dituzte, agirien bidez. Epaimahaiak ezin izanen du, inolaz ere, alegatu eta agirien bidez frogatu ez den merezimendurik baloratu, ez eta atal bakoitzean zehaztu gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.

7. Oposizioaldia

7.1. Oposizioaldiak honako proba hauek izanen ditu:

a) Ezagupenen gaineko probak

b) Proba psikoteknikoak.

c) Gaikuntza ikastaroa

7.2. Ezagupenen gaineko probetan 150 puntu emanen dira gehienez ere eta honako ariketa idatziak egin beharko dira:

a) Proba objektiboan, III. eranskinean ageri diren gaien gaineko galderak erantzutea. Proba, gehienez ere, ordu betekoa izanen da eta 75 puntu lortzen ahal dira. Baztertu eginen dira 37,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

b) Antolaketaren eta/edo eskuhartzearen gaineko kasu bat ebaztea. Proba, gehienez ere, bi ordukoa izanen da eta 75 puntu lortzen ahal dira. Baztertu eginen dira 37,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

7.3. Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hau Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira.

Proba psikoteknikoak hasi aitzin, Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, Alkatetzarekin kontsulta egin ondoren, soslai profesiografikoaren gaineko proposamena igorriko dio. Alkatetzak onetsi eginen du delako soslaio hori eta deialdiko epaimahaiari igorriko dio.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, egoki diren probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Horretan, norbera deialdiaren xede den lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira. Baztertu eginen dira horietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

Baztertu eginen dira 35 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

7.4. Igoerarako gaitzeko ikastaroa: 200 puntu bitarte.

Proba psikoteknikoak egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta azken probaren tokian, probak gainditu dituzten izangaien behin-behineko zerrenda, lortutako puntuazioa eta txanda adierazita, eta gaikuntza ikastaroa egiteko onartu diren izangaien zerrenda (19 ikasle gehienez). Gaikutnza ikastarorako onartzen diren izangaien zerrenda osatzeko, deialdiaren 1.3 puntuan ezarritako irizpideei jarraikiko zaie.

Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du gaikuntza ikastaroa, gehienez 214 eskola ordukoa; hautatzailea izanen da eta 200 puntuko balorazioa izanen du.

Epaimahaiak gaikuntza ikastaroa egiteko onartutakoen behin-behineko zerrendarekin batera adieraziko du ikastaroa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

Gaikuntza ikastaroa egin bitartean izangaiak zerbitzu berezien egoeran deklaratuko ditu jatorrizko administrazioak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezien egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezien egoeran deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko erregimenean, jatorriko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.

Zerbitzu berezien egoeran dauden izangaiak, gaikuntza ikastaroan onartuak badaude, Iruñeko Udaletik Trafikoko kabo lanpostuko lansariak hartuko dituzte.

Izangaiak ikastaro hautatzailea uzten badu, ikastaroa uzten duen egunera arte izanen du eskubidea aurreko atalean aipatu lansariak jasotzeko.

Zerbitzu berezien egoera bukatzen denean aurreko atalean aipaturiko lansarien erregimena izateari utziko zaio, eta ez du eskubiderik ekarriko, ez eskubide pasiborik sortuko, ez eta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

Izangaiak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari atxikiko zaizkio.

Izangaiek, gaikuntza ikastarorako onartu eta baztertu direnen behin-behineko zerrenda argitaratu eta hamabost egun naturaleko epean, ikastaroa egin bitartean zerbitzu berezien egoeran daudela frogatu beharko dute.

Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arloetakoren bat gainditzen ez duten izangaiak.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko lehiaketako eta oposizioko puntuazioak batuko dira.

7. Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

7.1. Gaikuntza ikastaroa bukatutakoan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroko puntuazioak, bai eta arlo bakoitzeko kalifikazio proposamena eta ikastaroaren azken kalifikazioa ere.

Epaimahaiak izangaiek kalifikazioa onetsiko du eta lehiaketa gainditzen duten izangaien zerrenda, azken puntuazioaren araberakoa, Iruñeko Udaleko alkateari igorriko dio.

8. Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Iruñeko Udaleko alkateak Iruñeko Udaleko kabo izendatuko ditu lehiaketa gainditzen duten izangaiak. Izendapenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

8.2. Izangai izendatuek hamar egun naturaleko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Aipatu epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badute, igoerarako eskubidea galduko dute.

9. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, andre alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, bi mila eta hiruko abuztuaren lauan. Jarduneko alkatea, Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..................., adinez nagusia, N.A.N.: .........., jaioteguna: ............, jaioterria: ............., probintzia: ............., egungo helbidearen herria: ............, probintzia: ................, kalea: ............., zenbakia.: ..., solairua: ........., letra: ......., posta kodea: ........, etxeko telefonoa: ............, laneko telefonoa: ..............., sakelako telefonoa: ...........

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Iruñeko Udaleko udaltzain-kabo izateko 19 lanpostu lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala, aipatu txandan (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an).

f Barne igoera txanda, Iruñeko Udaltzaingoko kideak.

f Igoera txanda irekia, Nafarroako gainerako Polizia Kidegoetako kideak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Iruñean, 2003ko .........aren ...........(e)an.

(Sinadura)

IRUÑEKO UDALEKO ANDRE ALKATEA.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: gehienez ere 35 puntu.

1) Nafarroako Polizia Kidego batean egiazki eta lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu.

2) Nafarroako Polizia Kidego batean bere maila baino goragoko lanpostuan egiazki egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,40 puntu.

3) Administrazio Publiko baten gainerako Segurtasun Indar eta Kidegoetan egiazki eta lanpostu finkoan emandako zerbitzuak: 0,35 puntu urte bakoitzeko.

4) Edozein Administrazio Publikotan egiazki eta lanpostu finkoan Polizia Kidegoetakoak ez diren beste zerbitzuak: 0,25 puntu urte bakoitzeko.

5) Edozein Administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdikoa ez bezalako lanpostu batean egindako zerbitzuak: 0,15 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie lehiatzaileei.

2. Honako a) atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 35 puntu izanen da.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoan egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon den edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu den aldietako zerbitzuak, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan eman izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa eta beste merezimendu batzuk: gehienez ere 25 puntu.

Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide den eskola aldi bakoitzeko (10 ikastordu): gehienez ere, 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.

2) Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan hartuz lana edo jarduera batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den (tokikoa, herrialdekoa, nazionala edo nazioartekoa).

3) Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere, 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4) Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatutakoak ez direnak: 4 puntu gehienez.

5) Doktore edo lizentziatu maila, deialdian eskatutako titulazioari buruz: 2 puntu gehienez.

6) Bestelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak: besteak beste, hizkuntzak, sektore pribatuan egindako lanak, bekak edo prestakuntza egonaldiak, kontsulta egiteko, aholku emateko, parte hartzeko edo ordezkaritzako organoetan parte hartzea: 4 puntu gehienez.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira. Inolaz ere ez da baloratuko sarreratako prestakuntza ikastaroa.

III. ERANSKINA

Gai-zerrenda, ezagupenen gaineko probarako

1._Atxiloketa. Legezko erregulazioa. Noiz behar den; prozedura. Atxilotuaren eskubideak. Kasu partikularrak. Habeas corpus prozedura.

2._Delitugilearen identifikazioa eta zitazioa. Atestatua: kontzeptua, legezko balioa, xedea.

3._Froga prozesala. Froga tresnak. Polizia judizialaren eskuhartzea. Begizko ikuskapena. Toki itxi batean sartu eta miratzea.

4._Ibilgailu motordunekin egindako delituak. Trafikoaren segurtasunaren kontrako delituak: edari alkoholiko edo drogen eraginpean gidatzea; gidatze arriskutsua; zirkulaziorako arrisku larria sortzea.

5._Trafikoari buruzko Legea eta Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorra.

6._Ikuskizun Publikoei eta Josteta Jarduerei buruzko Foru Legea; jarduera sailkatuen gaineko legeria.

Iragarkiaren kodea: A0307818