108. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2003ko maiatzaren 26koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, ofizioz nekazaritzako azpiegituretan esku hartzen duena. Jarduketa horren xedea Ustaize-Nabaskoizeko mugapeko lurzatiak berrantolatzea da.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak xedatzen duenez, azpiegituren arloan, lurzati berrantolamendua funtsezkoa da eta berrantolamendu hori ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanarekin batera egin behar da, izapidaketa horrekin juridikoki koordinaturik, baita bide eta saneamendu sareak berritu, gaurkotu eta egiteko obrekin ere. Haren lehenengo helburua ustiategiak eta, hala bada, ureztaketa lurrak osatzea da, ingurumen, nekazaritza, ekonomia eta gizartearen aldetik bideragarriak direnak.

Halaber, Foru Lege horrek xedatzen du nekazaritzako azpiegiturei buruzko jarduketa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak foru agindua emanda hasiko dela. Jarduketa hori ofizioz egin daiteke, orotariko interesa, presa eta partikularzki gizarte eta ekonomiako gorabeherak direla-eta, lurren zatiketagatik eta azpiegitura ezagatik, eskualdeko nekazaritzaren iraupenerako eragozpena izan badaiteke.

Ustaize-Nabaskoizeko mugapea egoera sozial eta ekonomiko horretan dago. Horregatik nekazaritzako azpiegituren arloko jarduketak egin behar dira, lurzatiak berrantolatuz.

Horrenbestez, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 6. artikuluko 2. idatz-zatian xedaturikoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Nekazaritzako azpiegituretan ofizioz esku hartzea, lurzati berrantolamenduaren baliabideak erabiliz Ustaize-Nabaskoizeko mugapean.

2. Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari baimena ematea eskualde horretan burutu asmo den oinarrizko proiektua prestatzeko.

3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak espresuki baimena eman beharko du landaketa berriak egin, alor iraunkorrak sortu, bertan eraiki edo eskualdeko geroko egituretan eragina izan dezakeen beste edozein ekintza egiteko.

4. Jabeei eta nekazariei oroitaraztea Nafarroako ohiko nekazari-lan egokien arabera landu beharko dituztela lurrak. Ezin izanen dute obrarik desegin, zuhaitzik edo zuhaixkarik bota edo erre, alor iraunkorrik kendu, lurra elkortu, ez eta lurzatien balioa txikiagotzen duen ekintzarik egin ere.

5. Interesatuek lurzatien egoera juridikoa zehaztu eta lurrak sailkatzeko dituzten edo behar diren datu guztiak aurkeztu beharko dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan.

6. Batzorde Aholku-emailea sortu eta lurrak sailkatu eta lurzatien egoera juridikoa zehazteko lan teknikoei ekitea.

7. Hasiera batean Ustaize-Nabaskoizeko mugape osoko lurrek osatuko dute oinarrizko proiektuan aintzakotzat hartu beharreko eremua. Gutxi gorabehera 2.030 ha egiten dute eta muga hauek dituzte:

Iparraldean: Uskartze-Galozeko Kontzejuko mugapea.

Hegoaldean: Nabaskoizeko Kontzejuko mugapea.

Ekialdean: Burgiko Udaleko mugapea.

Mendebalean: Nabaskozeko Kontzejuko mugapea.

8. Foru agindu honen aurka gora jotzeko helegitea paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldiazkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

9. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

10. Foru agindu hau Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari eta Ustaizeko Kontzejuari jakinaraztea.

Iruñean, bi mila eta hiruko maiatzaren hogeita seian._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0307544