105. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 18a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

D O R R E

Hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza behin betiko onetsirik

Dorre-Elortzibarko Kontzejuak, 2003ko urtarrilaren 27an egin bilkuran, behin betiko onetsi zuen Hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza, 30 egun balioduneko epean jendaurrean egonik ez baita haren aurkako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Dorren, bi mila eta hiruko otsailaren hamazazpian. Alkatea, José Luis Monreal Monreal.

DORREKO KONTZEJUAREN HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 4, 25 eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza Dorreko Kontzejuaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.

2. art. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dakartzate beraiekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. art. Kontzejuburuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen du, eta bere eginbehar hori ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Kontzejuari.

4. art. Hilerrian soilik honako hauen gorpuak ehortziko dira:

a) Dorreko bizilagunak.

b) Herritarrak.

c) a eta b puntuetan aipatutakoen ahaideak, bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko edo hezkontza bidezko ahaide badira.

Artikulu hau interpretatzerakoan, bizilaguntzat joko dira hiltzean Dorren bertan erroldaturik zirenak, eta herritartzat, berriz, gutxienez 10 urtean Dorren erroldaturik egon diren pertsonak.

5. art. Hilotzak hobitik atera daitezke, hilerrian bertan leku batetik bestera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

6. art. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanei dagozkien tasak ordaindu beharko ditu. Kontzejuburuari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

7. art. Beste hilerri batetik ekarritako hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutxienez ere 10 urteko antzinatasuna duen hilobian jarriko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.

8. art. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen epaile batek manatu ezean.

9. art. Hilotz baltsamatuak atera eta lekualdatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko litzateke ongi kontserbaturik ez balego.

10. art. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.

11. art. Hilerriko lurrak oro erabiliko dira 20. artikuluan ezarritako denbora errespetatuz, betiere Kontzejuak ordenantza honetan araututako zerbitzuak egiteagatik ezarritako tasak ordainduta. Nolanahi ere, tokia falta bada legeak ezarritako gutxieneko denborari jarraitu ahalko zaio hobitik ateratzeko; kasu horietan, hobiak edo nitxoak okupatuko dira, beharraren arabera, antzinatasun gehien duenetik hasita.

12. art. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez beste deusetarako.

Hilobietan gurutzeak edo hilarri bertikalak, besterik ezin izanen da jarri, eta lurra egonkortutakoan paratuko dira. Lerrokaturik egonen dira, eta ondoko ezaugarri hauek izanen dituzte:

_Diseinu mota: librea.

_Garaiera, gehienez: 1,10 zentimetro.

_Zabalera, gehienez: 60 zentimetro.

_Lodiera: 8 zentimetro.

Debeku da hilerriko lurzoruan edo paretetan edozein mota eta tamainatako lauzarik jartzea.

Toki falta dela eta, debekaturik dago panteoiak esleitzea.

13. art. Hobien kokapena, lurrerauzketa gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak, Kontzejuaren kontura izanen dira.

14. art. Hilobiak eta panteoiak segur, xahu eta apain edukitzea titularren betebeharra da.

15. art. Kontzesioak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere amai daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.

16. art. Eman ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzkin nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketalekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.

II. KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

17. art. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan ezarritakoari jarraituz, tasak ezartzen dira hilerriko panteoien, hilobien eta nitxoen kontzetsioaren ondoriozko aprobetxamenduengatik, bai eta gorpuak ehorzteko, hobitik ateratzeko eta antzeko zerbitzuak egiteagatik.

18. art. Zerbitzuak eta aprobetxamenduak eskatzen dituztenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, pertsona fisikoak, juridikoak edo, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare banatua eratzen duten entitateak izan.

19. art. Beste gorpuzkin batzuek okupatzen dituzten nitxoetan hilotzak ehorzteko lizentziak kontzesio berritzat hartuko dira. Eraskinean aurreikusten diren tarifen gainean ondoko portzentajeak aplikatuko dira.

Aitzineko kontzesioaren edo haren luzapenaren mugaegunerako 5 urte edo gehiago falta bada, dagokion tarifaren % 50 likidatuko da.

Aitzineko kontzesioaren mugaegunerako 5 urte baino gutxiago falta bada, dagokion tarifaren % 25 likidatuko da.

20. art. Nitxoak eta lurra hamar urterako alokatuko dira. Epe hori baina, bi aldiz berritu ahalko da gehienez ere. Hortaz, ehorzketatik hogeita hamar urteko gehieneko epea betetakoan, gorpuzkinak hobitik aterako dira eta ezurtegi orokorrera eramanen.

21. art. Ordenantza honetan aipatzen diren tasak ordainduko dira zerbitzuak eman baino lehen, premia larriko kasuetan edo Kontzejuko bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die Kontzejuko bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

Ordenantza honetan ezarritako tasak urtero eguneratuko dira, Nafarroako Kontsumorako Prezioen Indizeari jarraituz.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.

E R A N S K I N A

Tarifak

Tarifak hauek izanen dira:

I. epigrafea._Ehorzketa eskubideak:

a) Lurrean ehorztea: zerbitzuaren kostua.

b) Nitxoan ehorztea: zerbitzuaren kostua.

c) Hobitik ateratzea: zerbitzuaren kostua.

II. epigrafea._Alogerak eta lagapenak:

a) Lurrean edo nitxoan ehorztea: 90 euro, 10 urteko.

Iragarkiaren kodea: A0306126