103. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 13a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

E T U L A I N

Ordenantzaren behin betiko onespena

Etulaingo Kontzejuak 2003ko ekainaren 14an egin bilkuran, ondotik ematen den erabakia hartu zen:

"Ur hornidura eta saneamenduko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren hasierako onespenetik 30 eguneko legezko epea iragan da eta tartean inork ez du erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu. Hortaz, Kontzeju honek boz batez erabaki du:

a) Ordenantza behin betikoz onestea.

b) Ordenantza Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, hasiera batez onetsi zen bezala".

Etulainen (Anue), bi mila eta hiruko ekainaren hamazazpian. Alkate udalburua, José María Mariñelarena.

ETULAINGO KONTZEJUAN (ANUE) UR HORNIDURA ETA SANEAMENDU TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

I. TITULUA

Etulaingo Kontzejuaren tasak, uraren ziklo integralari buruzkoak

I. KAPITULUA

Oinarriak

1. artikulua. Titulu honetan ezartzen diren tasak Nafarroako toki entitateei aplikatzen zaien araudi fiskalean emandako ahalmenen babesean ezarri dira eta haiekin bat etorriz.

II. KAPITULUA

Ordainarazpenaren izaera

2. art. Titulu honen xede diren tasek ur hornidura eta saneamendu zerbitzua, eta aurrekoarekin eta uraren ziklo integralaren kudeaketarekin ikusteko duten gainerako jarduera eta zerbitzuak ematea dute oinarri.

III. KAPITULUA

Aplikazio eremua

3. art. Ordenantza hau Etulaingo Kontzejuaren mugapean aplikatuko da.

IV. KAPITULUA

Zergagaia

4. art. Zergagaia, ordenantza honek araututako zerbitzuak eskura izan edo eskuratu ahal izatea nahiz jarduerak erabili edo erabili ahal izatea da. Horiek behar diren tasak sortzen dituzte eta banan-banan ondoko hauek dira:

a) Edateko uraz hornitzeko zerbitzua eduki eta mantentzea.

b) Herriko saneamendu eta estolderia sareen eskuragarritasuna eta mantentze lanak.

c) Ur horniduraren zerbitzuaren erabilpena.

d) Edateko ura banatzeko sarera edo/eta hondakin uren hustutzekora lotzeko eskubideak. Hornidura eta/edo saneamendu zerbitzua fisikoki eskura izate hutsa barnean dago.

Lotunea partikularrak egin behar du, eta kontagailua etxebizitzatik kanpo paratu.

e) Behin-behineko horniduretarako altak.

V. KAPITULUA

Subjektu pasiboak

5. art. Ordaindu beharra dutenak.

1. Honako hauek daude behartuta tasen ondoriozko tributu zorra ordaintzera:

a) Zordun nagusi gisa: subjektu pasiboa, zergadun nahiz ordezko izan, baita arau-hausleak ere, dirutan ezarritako zehapenak ordaintzeko.

b) Ordezko zordun gisa: erantzule solidarioak, ustiapen eta jarduera ekonomikoen eskuratzaileak eta ordezko erantzuleak.

2. Subjektu pasibotzat hartuko dira, zergadun gisa, pertsona fisikoak edo juridikoak, baita nortasun juridikorik gabe ere batasun ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak ere, ordenantza honen xedeko zerbitzu eta jardueren onura jasotzen badute, eta ordezko gisa, higiezinen jabeak. Azken horiek higiezinetan bizi direnei jasanarazi ahal izanen dizkiete kuotak, aipatu zerbitzuen onuradun badira.

Zehazki, honako hauek dira subjektu pasiboak:

a) Ordenantza honen 4. artikuluko a), b), d) eta e) ataletan zehaztutako zergagaiei ezarritako tasetan, kontratuaren titularra, zergaduna den aldetik eta, ordezko gisa, higiezinaren jabea, hartan bizi direnak zerbitzuaren onuradun badira.

b) Zergagaia ordenantzaren 4. artikuluko c) atalean zehaztua duen tasarako, lotunearen eskatzailea, zergaduna den aldetik eta, ordezko gisa, higiezinaren jabea.

Abonaturik ez dagoenean, ikuskatu diren lur, eraikin, establezimendu, zentro, egoitza eta gainerako higiezinen jabe, maizter eta era guztietako erabiltzaileak izanen dira subjektu pasiboak, betiere, zehapena ekarri duen jarduketaren onura jaso badute.

3. Pertsona fisiko edo juridikoen ustiapen edo jarduera ekonomikoek sortutako zorra eta nortasun juridikorik gabe ere batasun ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateena, titulartasunean edo jardueran haien ondorengo direnei eskatuko zaie.

Ordaintzeko borondatezko epea akituta, eroslea eta saltzailea zorren erantzule solidarioak izanen dira.

Gaur egungo titularra ados egonik, ustiapen edo jarduera ekonomiko baten titulartasuna eskuratu nahi duenak eskubidea izanen du Mankomunitateari jarduerak edo ustiapenak sortutako tributu zorren berri zehatz-mehatz emanen duen ziurtagiria eskatzeko.

VI. KAPITULUA

Zerga oinarria

6. art. Hauek dira 4. artikuluan aipatutako zergagaien karga-oinarriak:

a) Zergagaia a) edo b) idatz-zatian ezarritakoa denean: kuota finkoa.

b) Zergagaia c) idatz-zatian ezarritakoa denean: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren bidez edo bertze bide teknikoki onargarri batzuen bitartez zenbatetsiz neurtuta.

c) Zergagaia d) idatz-zatian ezarritakoa denean: kuota finkoa.

d) Zergagaia e) idatz-zatian ezarritakoa denean: kontsumitutako metro kubiko ur kopurua, kontagailuaren bidez edo bertze bide teknikoki onargarri batzuen bitartez zenbatetsiz neurtuta.

VII. KAPITULUA

Tarifak

7. art. Tributu-kuota kalkulatzeko, tarifa hauek aplikatuko zaizkie tasen zerga-oinarriei:

1. Edateko uraz hornitzeko zerbitzuaren mantenimendua eta herriko saneamendu eta estolderia sareak eskura izatea:

6 euro urtean.

2. Ur horniduraren zerbitzua erabiltzea:

54 euro urtean.

3. Hartune eskubideak:

_Etxerako: 450,76 euro.

_Industriarako: 1.202,02 euro.

4. Behin-behineko horniduretarako altak:

Artikulu honen 2. zenbakian adierazitako tarifa berak aplikatuko dira.

Tarifa guztiak 5 urtean behin berrikusiko dira ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita.

VIII. KAPITULUA

Tributu-kuotak

8. art. Zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza da tasa bakoitzaren tributu-kuota.

9. art. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean legeek une bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak aplikatuko dira, haiek dioten modu eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA

Salbuespenak

10. art. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen borzgarren eta seigarren xedapen gehigarrietan ezarritako salbuespenak bakarrik onartuko dira tasak ordaintzeko.

X. KAPITULUA

Sortzapena

11. art. 1. Laugarren artikuluko a) eta b) ataletan ezarritako tasek seihileko natural bakoitzaren lehendabiziko egunean izanen dute sortzapena, sarearekin lotura egina duten erabiltzaile guztientzat edo zerbitzua lehen aldiz hartzen dutenentzat.

Zerbitzura lehen aldiz sartzen diren erabiltzaileentzat, tasek seihileko natural horren lehendabiziko egunean izanen dute sortzapena; hortaz, ezin dira seihilekoa baino epe laburragoetan banatu.

2. c) eta e) ataletan ezarritako tasek ur kontsumoa hasten den unean izanen dute sortzapena.

3. d) atalean ezarritako tasek ur horniduraren sarera edo/eta hondakin urak hustutzekora lotzeko baimena eskuratzen den unean izanen dute sortzapena.

XI. KAPITULUA

Ordainarazpena

12. art. Ordenantza honetan araututako tasak hurrengo arauei jarraikiz ordainaraziko dira:

1. Laugarren artikuluko a), b), c) eta e) ataletan aurreikusitako tasak sei hilean behin ordainaraziko dira.

2. d) atalean aurreikusitako tasak, sortzapena duten unean ordainaraziko dira.

XII. KAPITULUA

Diru-bilketa

13. art. 1. Tributu zorrak, haiek jakinarazi eta hogeita hamar egun balioduneko epean ordainduko dira.

2. Borondatezko epe horretan ordaintzen ez bada, dirubilketa premiamendu bidez eginen da obligazioa duenaren ondarearen gainean, indarra duen legeriari jarraikiz.

14. art. Ahal dela, tributu zorrak adieraziko den banku edo aurrezki kutxaren kontuan kargatuz ordainduko dira.

XIII. KAPITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

15. art. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 93tik 99ra bitarteko artikuluetan aurreikusitako arau-hausteak eta zehapenak aplikatuko dira.

XIV. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

16. art. 1. Erabiltzaile izan nahi duenak sarean lotura izateko eskabidea aurkeztuko dio Etulaingo Kontzejuari eta bertan zehaztuko zenbat ur behar duen. Halaber, eta Kontzejuak hala eskatzen badio, azterlana ere aurkeztu beharko du, hain zuzen ere bere ur beharrak emarian izan dezakeen eraginari buruz, gero haren ebaluazioa eta azterketa egin ahal izateko.

2. Ebaluazioaren ondorioz, eskatutako ur beharrak ur murrizketak ekartzen ahal dituela ikusten bada, Kontzejuak ez du onartuko hartunerako eskabidea, herriaren onerako.

3. Oro har, sare nagusian hazbeteko diametroa duten hartuneak egin ahal izanen dira, eta kontagailuak 13, 15 edo 20 milimetrokoak izanen dira, Kontzejuko zerbitzu teknikoek adierazten dutenaren arabera.

4. Ur gehiago eskatzen den kasuetan (batez ere ustiapenak edo industriarako erabilerak) hartuneen diametroak zehazterakoan, Kontzejuak aztertuko du afera, kasuz kasu.

5. Kontagailua erosteko, nola instalaziorako eta hornitzeko behar diren materialei eta eskulanari dagozkien gastuak sarera lotzea edo hornidura eskatzen duenaren bizkar joanen dira.

6. Halaber, sareari lotzeko obrak oro eskatzailearen kontura izanen dira, eta Kontzejuari ez diote inolako gasturik ekarriko.

7. Azkenik, obra guztiak eginda, eskatzailea beharturik dago inguru hura lehengoratzera, alegia, obrak hasi aitzineko itxuran uztera.

8. Prebentzio moduan, instalazio barrenean ur-galera dakarten aberiak dituen hartunearen titularrari Kontzejuak ur-hornidura mozten ahalko dio.

9. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko beste pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Horrelakorik gertatuz gero, erabiltzailea izanen da erantzule bakarra.

10. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko aberia baten ondorioz gertatutakoak Kontzejuari lehenbailehen jakinaraztera.

11. Erabiltzaileari dagokio kontagailua eta paso-giltza dauden tokia behar den bezala egon dadin zaintzea eta toki entitateak esaten dituen jarraibideak betetzea.

12. Ordenantza honetan aipatzen diren ordainarazpenetako bat ordaindu beharra duten zergadunak behartuak daude kontagailua dagoen tokira sartzen uztera irakurketa egiten duen langile kreditatuari edo toki entitateko edozein langileri, baldin eta zerbitzuko beharrengatik edo beste zerbaitengatik zergadunaren etxera edo lokalera sartu beharrean badaude.

II. TITULUA

Saneamendu kanona

17. art. Saneamendu kanona Nafarroako Hondakin Uren Saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legean eta Foru Lege hori garatzeko apirilaren 5eko 82/1990 Foru Dekretuak onetsitako Erregelamenduan arauturik dago.

18. art. Kanonaren zenbatekoa, aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako, Nafarroako Aurrekontuei buruzko Foru Legean finkatzen da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra._Ordenantza honek indarra hartzen duenean, indarrik eta ondoriorik gabe geldituko dira ezarritako xedapen eta ordenantzak, maila berekoak edo beheragokoak izan eta haren aurka badaude.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Ordenantza honek bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: A0306283