103. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 13a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

O R K O I E N

Ordenantza fiskala, "Ostadar" 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako Udal Ikastetxeko zerbitzuen tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Orkoiengo Udalak, 2002ko azaroaren 15ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen "Ostadar" 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako Udal Ikastetxeko zerbitzuen tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Onesteko erabakia 2003ko 26. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, otsailaren 28an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu. Halatan, ordenantza hori behin betikoz onetsi da, 2003ko apirilaren 30eko osoko bilkuran hartu erabakiaz, eta osorik eman da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Orkoienen, bi mila eta hiruko ekainaren hogeita lauan. Alkatea, Casimiro Larrea Ruiz.

"OSTADAR" 0-3 URTE BITARTEKO HAUR HEZKUNTZAKO UDAL IKASTETXEKO ZERBITZUEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Honako tasa hauek martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100.5 artikuluari jarraikiz ezarri dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, tasa eta prezio publikoen gaietan, aldatu baitu lege horrek.

Zergagaia

2. art. "Ostadar" Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko Udal Ikastetxean ematen diren zerbitzuak erabiltzea, horra ordenantza honetako zergagaia.

Subjektu pasiboak

3. art. Ikastetxean onartzen diren haurren guraso, tutore edo legezko ordezkariek dute tasa ordaindu behar.

Karga-oinarriak

4. art. Haurrak zenbat hilabetez joaten diren ikastetxera, horra karga-oinarria.

Tarifak

5. art. Aplikatu beharreko tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira eta indarra izanen dute harik eta Udalak osoko bilkuran aldatu arte.

Kuota

6. art. Karga-oinarriari indarra duten tarifak aplikatuz aterako da kuota.

Tasen sortzapena eta dirubilketa

7. art. Haurra udal ikastetxean onartzen duten egunean izanen da tasen sortzapena.

8. art. Kuotak hilero ordainduko dira sortzapena zein hilabetetakoa den haren lehenbiziko hamar egunetan, zerbitzuak zenbat egun erabili diren kontuan hartu gabe.

9. art. Ikasturtean bajarik baldin bada, Udalari idatziz jakinaraziko zaizkio eta haien ondorio ekonomikoak hurrengo hilabetean hasiko dira. Ikasturteko azken hiruhilekoan izan ezik, hartan ez baita tasa itzuliko.

Kudeaketa arauak

10. art. Matrikula epea hasi baino lehenago zehaztuko dira ikastetxean sartzeko eskabideekin batean aurkeztu beharreko agiriak.

Arau-hausteak eta zehapenak

11. art. Arau-hauste larritzat joko da agiriak edo deklarazioak faltsutzea, hautaketarako baremoan puntu gehiago izateko edo hilekoak murrizteko.

12. art. Arau-hausteak "Kudeaketaren, dirubilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrari" jarraituz zehatuko dira, eta haurrari ikastetxean baja ere ematen ahal zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, honako hauek aplikatuko dira: "Kudeaketaren, dirubilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorra", Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren eta Udal honen arteko lankidetza hitzarmena eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapenak.

Bigarrena._Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

E R A N S K I N A

2002-2003 ikasturteko hilabeteetarako tarifak

Eskola:

_7 ordukoa: 87,15 euro (14.500 pezeta) hilean.

_4 ordukoa: 56,19 euro (9.350 pezeta) hilean.

Jantokia:

_Gehieneko tarifa: 76,85 euro (12.787 pezeta) hilean.

Tarifez salbuesteko araubidea ezarriko da, urteko per capita errentan oinarriturik, 3086/2001 Ebazpenari jarraikiz:

FAMILIAREN PER CAPITA ERRENTA

7 orduko tarifa

_3.005,06 euro baino gutxiago: 42,07 euro.

_3.005,07-4.808,10 euro: 60,10 euro.

_4.808,11-6.010,12 euro: 96,16 euro.

_6.010,13-7.212,15 euro: 114,19 euro.

_7.212,16-8.414,17 euro: 132,23 euro.

_8.414,18 euro baino gehiago: 164,00 euro.

4 orduko tarifa

_3.005,06 euro baino gutxiago: 4,07 euro.

_3.005,07-4.808,10 euro: 16,83 euro.

_4,808,11-6.010,12 euro: 28,25 euro.

_6.010,13-7.212,15 euro: 39,15 euro.

_7.212,16-8.414,17 euro: 45,08 euro.

_8.414,18 euro baino gehiago: 56,19 euro.

Iragarkiaren kodea: A0306573