103. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2003ko uztailaren 15ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua; haren bidez "Ekialdeko ingurubidea itxi eta Iruñerriko iparralderako irteera bat egiteko trazadura" izeneko proiektua, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu eta jendaurrean jartzen da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

2002ko irailaren 4an, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak "Ekialdeko ingurubidea itxi eta Iruñerriko iparralderako irteera bat egiteko trazadura" izeneko proiektua aurkeztu du, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanarekin batera, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialtzat onets dadin. Jarduketa horren bidez Iruñerriko ekialdeko ingurubide edo saihesbidea itxi eginen da iparraldetik, ingurubide horri jarraipena emanez Gorraiztik Olloki-Arre tarteraino, ezaugarri geometriko berak dituen trazaduraren bitartez, izan ere, trazadurak galtzada bikoitza izanen baitu, eta galtzada bakoitzean bi errei.

I._Jarduketaren deskripzio azalekoa.

Proiektaturiko itxieraren trazadura egin aurretik sei aukera aztertu dira, guztiak ere lur zerrenda berean. Behinola zerrenda horren erreserba ezarri zen, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren eta Uharteko eta Esteribarko udalen arteko lankidetza hitzarmen baten bitartez.

Jarduketak ukitzen dituen udalerriak Egues, Uharte eta Esteribar dira.

Proiektaturiko trazadurak guztira 2.459,44 metroko luzera du ardatzean. Olazko saihesbidean du hasiera, Gorraizko lotunetik iparraldera dagoen puntu batean. Puntu horretatik aitzina, gaurko saihesbidearen kurbadura-aldaketaren bitartez, bideak Agoizko errepidearen tankera hartzen du, Itaroako etxebizitza eremuaren eta Itaroako merkataritza eremuaren artetik doala, Uharteko udal mugapean. Geroago 450 metro erradioko kontrakurba egiten du, Euskal Jai Berri pilotalekuko instalazioak ekialdetik inguratuz, eta iparraldera jotzen du Esteribarko udal mugapean sartu arte. Urbi ibaia iraganik, bat egiten du Olloki-Arre tartearekin eta Luzaidetik zehar Frantziara doan errepidearekin.

Ingurubidea ixten duen bide honetan ondoko lotune hauek proiektatu dira:

_Itaroako lotunea, Agoizko errepidearen abiapuntua den biribilgunea aprobetxatuz, Zokorenako bidegurutzea eta Olatz bitartean. Lotune honi dagokionez azpimarragarria da, besteak beste, Iruñetik Uhartera eta Itaroako merkataritza eremura datorren trafikoa jasoko duela bide adar batetik. Adar hori gaurko biribilgunearen eskuinaldetik abiatzen da, Frantziako norabidean, eta Gorraizko lotunetik hurbileko puntu batean, biribilgunearen azpitik pasatzen da zeharretara, aipatu lotunearekin bat egiteko.

_Biribilgunearen eta Agoizko errepidearen arteko erdilotunea, Iruñea eta Agoitz arteko loturak osatuko dituena.

_Ingurubidea eta etorkizunean egitekoa den "Ekialdeko Super-Ingurubidea" delakoa lotuko dituen erdilotunea.

_Ollokiko lotunea. Bertan egiten du bat ingurubideak Olloki-Arre tartearekin eta Luzaidetik zehar Frantziara doan errepidearekin. Lotune horren diseinuan gaurko lotunearen zati bat aprobetxatu da eta bi biribilgune gehitu zaizkio, ingurubidearen ardatzaren alde banatan. Biribilgune horietatik norabide guztiak hartzen ahal dira (iparraldeko biribilgunetik, gainera, Ollokiko etxebizitza eremura iristen ahal da).

Horiez guztiez gain, aurkeztu den proiektuaren elementu hauek nabarmentzeko modukoak dira:

_Urbizkain paretik pasatzean, pilotalekutik ekialdera, bideak 173,08 metroko tunel aizuna izanen du.

_Biribilgunearen eta etorkizuneko "Ekialdeko Super-Ingurubidea" delakoaren arteko erdilotunea proiektatu den tokian, bideak Urbi ibaia zeharkatu behar du eta ibaiari tarte bat kentzea aurreikusten da, guztira 301,74 metrokoa.

_Inguru beretik pasatzen da Iratiko trenbide zaharra; haren trazadura aldatu egin da, eta bideak eten ez dezan, bide ardatzaren azpitik pasabidea eginen zaio.

_Azkenik, Arga ibaiko zubiaren tableroa handitu eginen da, Olloki-Arre tartean.

Bada azpimarratu beharreko beste kontu bat, alegia, eraikinen gaineko eragin akustikoari buruzko azterlanaren ondorioak. Hona haien laburpena:

_Itaroako etxebizitza eremuaren gaineko eragin akustikoa gogortzat jo daiteke proiektaturiko bidetik hurbilen dauden etxebizitzetan. Kanpoko zarata mailek 5 dBA-tik gorako aldeaz gaindituko dituzte baimenduriko gehieneko mailak.

_Hori dela eta, egokitzat jotzen da zarata-babesa jartzea, 3 metro garai eta 800 metro luze, gaurko ezpondaren goialdean eta urbanizazioarekin paralelo. Esate baterako, metakrilatozko edo PVC erdigardenezko xafla bikoitza izan daiteke. Gainera, komeni da zoladura drenatzailea jartzea gurpilen zarata moteltzeko.

_Ollokiko etxebizitza eremuan eragina hutsaren hurrengoa izanen da.

Ukitutako sare eta zerbitzuei dagokienez, esan beharra dago proiektua prestatzeko behar zen informazioa eskatu zaiela Servicios de la Comarca de Pamplona, S.A. (hornidura eta saneamendu sareak), Iberdrola, Telefónica, Gas Navarra S.A., Gas Natural SDG, S.A. eta Enagas S.A. enpresei. Zenbaitetan enpresa horiek oharrak egin eta hartu beharreko neurriak jakinarazi dituzte, bide proiektuak zerbitzuen gain eragin kaltegarririk izan ez dezan.

Obrak kontrata bidez egiteko aurrekontua 13.788.738,72 eurokoa da.

II._Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta.

Ekialdeko saihesbideak ekialdetik jarraipena eman behar die ipar-hego bide loturei, hala hiri arteko loturei nola eskualde barnekoei. Bide lotura horiek, aztergai dugun kasuan, errepide hauek dira: N-121-A (Iruña-Frantzia Irundik), N-135 (Iruña-Frantzia Luzaidetik) eta NA-150 (Iruña-Agoitz).

Gaur egun hiru errepideok badute lotura iparraldeko eta ekialdeko saihesbide edo ingurubideekin. Bermaturik dago, modu aski egokian (kasuren batean ez hain egokian), bide loturen jarraitasuna norabide guztietan. Baldintza horiek laster hobetu behar dira Ezkabako tunelak egiten direnean. Halaber, orain hizpide dugun proiektuaren bitartez ere hobetu egin nahi dira.

Hala bada, Iruña-Agoitz errepideak, gaur egun, Olatz eta Uharte bitartean dagoen biribilgunean egiten du bat ekialdeko saihesbidearekin. Biribilgune horretan trafikoa nabarmen ugarituko da Uharteko Itaroa merkataritza zentroa eraiki eta gero. Beste alde batetik, ekialdeko saihesbideak, biribilgune horretatik abiaturik, gaur egun benetako "hiri zeharbide" batetik egiten du aurrera. Agian kalifikazio hori ez dator bat ohiko deiturarekin; nolanahi ere, halako kalifikazioa bururatzen zaigu kontuan hartzen badugu orain dauden jarduerei laster gehituko zaien merkataritza zentro berriaren eragina, eta "zeharbideak" dagoeneko ageri dituen ezaugarri geometriko eta funtzionalak, egiten ari den merkataritza zentro horren ondorio direnak (besteak beste, taxi-erreia eta bus-erreia). Inguruabar horiek eta beste batzuk kontuan izanik, bistakoa da ekialdeko saihesbidearen kanpoaldeko "itxiera" proiektatzeko beharra, saihesbideak gaur dituen ezaugarriekin (jasaten duen trafikoaren eguneko batez besteko intentsitatearen araberakoak) eta dituen lotuneekin (besteak beste, Agoizko errepidearekiko lotunea).

Azken errepide horri gagozkiola, bidezkoa da azterketa honetara ekartzea lurraldearen inguruko zenbait gogoeta, gure iritziz beharrezkoak direlako hautatu den konponbidea baloratzeko, eskualdeko bide sarearekin eta, ondorioz, hiri arteko lotura-sistemarekin duen konexioa denaz bezainbatean. Gogoeta horiek labur azalduko ditugu:

_Esan daiteke Agoizko herria gero eta murgilduago dabilela Iruñerriko garapen eta hazkundearen dinamikan.

_Agoitz, bestalde, Pirinioaren hegoaldeko Iruña-Agoitz-Irunberri ardatzeko hiriburu nagusietakoa da. Gainera, Itoizko urtegia hurbil dauka eta horrek hainbat aukera eskaintzen dio jolas eta aisiako jardueren arloan.

_Horiek horrela, Iruñerriaren eta Agoitzen arteko komunikazio bide onek garrantzi handia dute Agoitzen garapenerako; aurkeztu den proiektuak hobetu eta sustatu egin behar lituzke komunikazio horiek (Iruña-Jaca-Huesca autobia egiten denean, Irunberrik berebiziko komunikazio bidea izanen du Iruñearekin).

_Litekeena da, noiz ez dakigula, Pirinioan zeharreko edukiera handiko errepidea Urrotz-Agoitz ingurutik pasatzea. Hori gertatuko balitz, Iruñerritik errepide horretara iristeko bi bideetako bat Iruña-Agoitz errepidea izanen litzateke (bigarrena Iruña-Jaca-Huesca autobia litzateke).

_Azkenik, Iruñerriko eskualdeko hirigintza arauetan "Ekialdeko Super-Ingurubidea" deitu errepidea egitea aurreikusten da. Funtsean, haren bitartez N-121 errepideak, A-15 autobideak eta etorkizuneko Iruña-Jaca-Huesca autobiak, Noain parean, bat eginen dute goian aipatu Frantziako errepideekin eta Iruña-Agoitz errepidearekin. Ingurubide berri horren amaierako tartea, Agoitz-Iruña errepidearekiko elkargunetik hasi eta ekialdeko ingurubidearentzat proiektatu den itxierarekiko lotuneraino, dudarik gabe mesedegarria izanen da Agoitzen eta eskualdeko sare osoaren arteko harremanetarako (aurkeztu den proiektuan jada definituta daude Ekialdeko Super-Ingurubide horrek iparraldean izanen duen abiagunea eta ekialdeko saihesbide edo ingurubidearen itxierarekin izanen duen lotunea).

_Alabaina, EHAetan dagoen bide eskema ikusirik, ondoriotzat atera daiteke ekialdeko gaurko saihesbide edo ingurubideak aurrerantzean ere toki nagusia izanen duela Eskualdeko harremanen sisteman. Izan ere, errepide horrek, Ekialdeko Super-Ingurubideak ez bezala, aukera ematen du behingoan lotu ahal izateko ipar-ekialdea A-15 autobidearekin, iparralde eta mendebaldeko norabideetan, eta Iruñaren hegoaldean eta mendebaldean dauden jarduera, etxebizitza eta ekipamendu eremu garrantzitsuekin.

Goian azaldu den hausnarketaren bitartez zenbait gauza agerian jarri nahi izan dira, gure iritziz aintzat hartu beharrekoak direlako, lurraldearen egituraren ikuspegitik, gauzatuko diren konponbideak hautatzerakoan. Egia da errepideak antolatzeko modua hautatzean bereziki begiratu behar zaiola, beste alderdi batzuen artean, gaurko eta etorkizuneko zirkulazio fluxuen intentsitateari, mugimendu batzuk lehenetsiz besteen aldean, eta konexio zein lotuneak magnitude neurgarrietan oinarritutako irizpideen arabera taxutuz. Hori horrela izan arren, epe luzeko helburuei begira zilegi da konponbide "egituratzaileak" hautatzea _izatez, nolabait denak dira halakoak_. Horrelako konponbideek, zentzuzkoak izanez gero, noizbait onura ekarriko diote lurraldeari, epe laburrean kostu handiagoa izan arren.

Hori guztia esanda, eta aurkeztu den proiektua azterturik, hona ondorioak:

_Aztertu dugun eremuko baldintzak (batez ere hirigintzaren eta topografiaren ingurukoak) direla eta, dirudienez ezinezkoa izan da lotune bakarrean biltzea mugimendu posible guztiak, Agoizko errepidearen eta ekialdeko saihesbidearen arteko konexioan.

_Iruña eta Agoitz arteko bide loturak konpondurik gelditzen dira Agoizko errepidetik ingurubideraino proiektatu den erdilotunearen bitartez.

_Beste horrenbeste esan daiteke Iruñetik eta Uhartetik merkataritza zentrora iristeko loturez _tartean, biribilgunea bera, eta saihesbidea azpitik eta zeharka gurutzatu ondotik biribilgunean amaitzen den adarra_, eta Uhartetik eta merkataritza zentrotik Ollokiko lotunean barna Frantziako errepideetara iristeko loturez.

_Agoitzen eta Frantziako errepideen arteko loturak _eranskineko eskema grafikoan gorriz dagoen ibilbidea_ gaurkoak berak dira. Hala ere, haietatik pasatzeko baldintzak gaur egun ezberdinak dira, Itaroako "zeharbidea" deituak, merkataritzako zentroa hurbil izanik, hiri-ezaugarri nabarmenagoak hartu baititu.

_Alderantzizko loturek, hau da, Frantziako errepideetatik Agoitzera datozen horiek _ibilbide berdea_, proiektuaren arabera, oraingoa baino ibilbide luzeagoa izanen dute, eta aurrekoak baino are ezegokiagoak dira. Izan ere, errepide horietatik datorren trafikoak Itaroako "zeharbidea" osorik iraganen luke Olatz eta Gorraitzerako biribilguneraino, eta gero saihesbidea zeharkatuko luke Gorraizko banaketa-biribilguneraino, biribilgune horretatik abiatzen den adarretik Agoizko errepidera pasatzeko.

_Aurreko bi paragrafoetan esandakoak, jakina, Uharte eta Agoitz arteko loturetarako ere balio du.

Hitz gutxitan esanda, uste dugu proiektuak ez diela erantzun egokia ematen aurreko hiru paragrafoetan deskribatu diren bide harremanei eta hauek behar bezala antolatu ahalko direla geroago, "Ekialdeko Super-Ingurubidea" egiten denean, Ollokiko lotunetik Agoizko errepidera arteko tartea egiten denean alegia; aztertu dugun proiektu honetan jada horren hasiera egitea aurreikusten da. Tarte hori eginez gero _urte askotan egon den "urkila" berrituz (behiala Agoizko errepideak eta hartatik Zokorenako bidegurutzera zein Olatz eta Uharte arteko biribilgunera zeuden loturek osatua)_, honako emaitzak lortuko lirateke: a) egoki taxutuko lirateke Agoitzek Iruñearekin eta Irun eta Luzaidetik zehar Frantziara doazen errepideekin behar dituen komunikazioak; b) Uhartetik eta merkataritza zentrotik Agoitzera konexio zuzenagoa egonen litzateke, eta bereziki erosoagoa, Zokorenatik eta Ollokiko lotunetik zehar; eta c) Gorraitzen dagoen banaketa-biribilgunea Olaztik Agoitzera joateko erabiliko litzateke, eta bai, seguru aski Frantziako errepideetara joateko ere.

Zehaztasunei helduta, bestalde, ohar hauek egin daitezke:

_Ekialdeko ingurubide edo saihesbideak Urbi ibaiaren gainean izanen duen pasabidea eta "Ekialdeko Super-Ingurubidearekin" izanen duen erdilotunea egiteko, proiektuaren arabera, ibaiari 301,74 metroko tartea kendu behar zaio eta ibai ertzeko zuhaiztiaren zati handi bat suntsitu. Nolanahi ere suntsipen hori neurri batean ezinbestekoa da. Jarduketa horrek inguruan izanen duen eragina gorabehera, azpimarratu behar da proiektuak ibaiko tarte moztuaren eta erdilotuneko adarretako baten gaineko egitura bikoitz bakarraren bitartez taxutzen duela ingurubidearen zati hori, baita erdilotunea bera ere (ibaia moztu ezean, eta alde batera utzirik meandroa ia osorik erdilotuneak hartuko lukeela, beharrezkoa litzateke gutxienez bi egitura bikoitz eta hiru egitura bakun proiektatzea, eta haietako zenbaitek, ziur aski, 170 metro inguruko luzera izanen lukete).

_Ingurubideak Agoizko errepidearekin erdilotunea duen tarte horretan, txirikordatu eginen dira ingurubidera sartzeko adarra eta ingurubidetik Itaroako merkataritza eremuaren hegoaldeko biribilgunerantz irteteko erreia. Gure iritziz, txirikordatutako tartea laburregia da. Hori dela eta, gure ustez, egin litekeen gauza da iparralderantz lerratzea, tunel aizunera hurbilduz, sarrerako adar hori, eta hartara tarte txirikordatua luzeagoa izanen litzateke.

_Agian komenigarria litzateke, gainera, Ollokiko lotunean Uhartera joateko dagoen biribilgunea berrikustea, tamainaren eta diseinuaren aldetik, eta gauza bera egin behar litzateke Luzaidetik zehar Frantziara doan errepideko tarte batekin ere, aipatu biribilgune horretan hasi eta Arga ibaiko zubiaren azpiko pasabidean amaitzen denarekin alegia, tarte hori hegoalderantz lerratuz, paraleloan. Hartara, uste dugu biribilguneko mugimenduak erraztu eta hobetu eginen liratekeela.

Azkenik, proiektuan ez da inolako azterketarik egin obrek eremu honetako balizko ondare arkeologikoan egin lezaketen kalteari buruz. Ildo horretan, esan behar da txostena eskatu zaiola Ondare Historikoaren Zerbitzuari. Txostenaren ondorioak kontuan hartuko dira garaia denean eginen den proposamenean, espedientea ebatzi aurretik.

III._Ingurumenaren gaineko gogoeta.

Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean, ingurumenaren osagaiek jasanen dituzten eraginak, gehienbat, kategoria hauetan sailkatu dira: ertaina eta bateragarria. Ustiapen aldian, berriz, eragina gogorra izanen da, Itaroako urbanizazioan zarata mailak gora eginen duelako.

Itaroako etxebizitza eremuko eraikinen gaineko eragin akustikoari buruzko azterlanaren ondorioetan gogortzat jotzen da eragina, proiektaturiko bidetik hurbilen dauden etxebizitzetan. Kanpoko zarata mailek 5 dBA-tik gorako aldeaz gaindituko dituzte baimenduriko gehieneko mailak. Ustez, eragina zuzendurik geldituko da zarata-babesa jarriz, 3 metro garai eta 800 metro luze, gaurko ezpondaren goialdean eta urbanizazioarekin paralelo. Esate baterako, metakrilatozko edo PVC erdigardenezko xafla bikoitza izan daiteke. Gainera, komeni da zoladura drenatzailea jartzea gurpilen zarata moteltzeko. Ollokiko etxebizitza eremuan eragin akustikoa hutsaren hurrengoa izanen da.

Aurreko paragrafoan aipatu diren neurri zuzentzaileen eraginkortasuna egiaztatzea ingurumen arloko zainketa programaren helburu nagusietakoa izanen da.

Azpimarratu beharrekoa da, beste alderdi batzuen artean, Urbi ibaiaren ibilguaren desbideraketa. Meandro bat kenduko zaio eta ibilgu zati berria sortuko. Moztu beharreko tarteak 301,74 metro ditu. Ibilgu berria harri soltezko lubetaz jantziko da, landare-lurra gehituko zaio eta zuhaixkak landatuko dira. Ibilguaren kanpoaldean landaketa eginen da ibai ertzeko landaretza zerrenda osatzeko.

Animalien gaineko eraginari dagokionez, langa-efektua eta ibilgailuek animaliak zapaltzeko arriskua ez dira kontuan hartzekoak, bermaturik dagoelako animaliak errepidearen alde batetik bestera pasatu ahal izatea, tunel aizunaren eta Urbi ibaiaren gaineko bidezubiaren bitartez.

Eraikuntza proiektuak barnean hartuko du landareztatze proiektua. Honek bermatu egin beharko du ezponda guztiak landareztatzeko modukoak izanen direla, eta espezie autoktonoak landatzeko aginduko du. Eraikuntza proiektuak barnean hartuko du, halaber, tunel ahoak paisaian txertatzeko proiektua.

Soberako materialak, eraginei buruzko azterlanean aurreikusten denez, behinola UPSA baten bidez onetsi zen Ardanazko zabortegira eraman behar dira. Proposamen hori ez da onargarria, UPSA horrek bestelako helburuak izan zituelako Iruñerrian zabortegietarako eremuak definitu zituenean. Horregatik, espedientea ebatzi baino lehen zabortegiaren beste kokaleku bat aurkeztu behar da, eta bai zabortegiaren neurriak eta ezaugarriak zehaztu ere.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2003ko ekainaren 24an emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Ekialdeko ingurubidea itxi eta Iruñerriko iparralderako irteera bat egiteko trazadura" izeneko proiektua, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

2. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea ezen espedientea ebatzi aurretik, erabaki honen azalpen zatiko III. atalean ("Ingurumenaren gaineko gogoeta") azaltzen diren gaiak garatu beharko dituela.

3. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea ezen, erabaki honetan ingurumenari buruz azaldu diren oharrak kontuan izanik, komenigarritzat jotzen dela "Ekialdeko Super-Ingurubidea" errepideko tarte baten proiektua prestatzea, Ollokiko lotunearen eta Agoizko errepidearen arteko tartearena, hain zuzen ere.

4. Aditzera ematea, orobat, komenigarria dela II. atalean ("Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta") aipatu diren xehetasunak aztertzea eta eraikuntza proiektuan haiek jasotzea bidezkoa ote den baloratzea.

5. Espedientea behin betikoz onesteko, kasua bada, kontuan hartuko dira Ondare Historikoaren Zerbitzuari ondare arkeologikoari buruz jada eskatu zaion txostenaren ondorioak.

6. Espedientea, gutxienez hilabeteko epean, aldi berean jendaurrean eta proiektaturiko trazatuak mugapea ukitzen dien udalen entzunaldian jartzea.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Alondegi kalea, 1-2.a, Iruña), eta zilegi izanen da epe horretan nahi adina alegazio idatzita aurkeztea.

7. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Hezkuntza eta Kulturakoari eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoari jakinaraztea, baita Eguesibarko, Uharteko eta Esteribarko udalei ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko uztailaren hamabostean._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: C3229050