103. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuarena, 2003ko uztailaren 15ekoa, "Noaingo lotune berria. A-15 autobidearen, Pirinioen hegoaldeko autobiaren, N-121 errepidearen eta Iruñerriko Ekialdeko bigarren ingurabidearen konexioa" udalez gaindiko proiektu sektoriala onesten duena, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bultzatua.

I._Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak, 2002ko urriaren 7ko bilkuran, "Noaingo lotune berriko alternatiben azterlana. A-15 autobidearen, Pirinioen hegoaldeko autobiaren, N-121 errepidearen eta Iruñerriko Ekialdeko bigarren ingurabidearen konexioa" (Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bultzatua) Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea erabaki zuen.

Azterlanean, adierazi da Iruña-Jaca-Huesca (N-240) Pirinioen hegoaldeko autobia proiektatua egonik eta Iruñerriko Hirigintza Arauetan beste ingurabide bat, bigarrena ekialdean (autobia horri, A-15 autobideari eta N-121 errepideari lotua), planifikatua, bide horien guztien arteko lotuneak definitu behar direla eta, aldi berean, Noaingo sarbideei soluzio bat eman. Horretarako, hiru alternatiba garatu ziren. Aukerarik onena bigarrena zela erabaki zen. Alternatiba honetan, Ekialdeko bigarren ingurabideak Taxoareko mendilerroa zeharkatuko du sasitunel baten bitartez. A-15aren eta Pirinioen hegoaldeko autobiaren arteko lotunetik hurbil egonen da eta trafikoak aiseago izanen du edukiera handiko hiru bide hauetan batetik bestera pasatzea, eta argiago proiektatutako lotuneetan egin beharreko mugimenduak.

Erabaki hori 2002ko 145. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, abenduaren 2an, argitaratu zen. Erabakia jendaurrean erakusteko denboraldian, bi alegazio-idazki aurkeztu ziren. Hona hemen haien edukia eta eman zitzaien erantzuna:

II._Aurkeztutako alegazioak.

1. Tomás Prieto Blanco jaunaren (Beriaingo Udaleko alkatearen) idazkia, udal horren ordez egina.

Edukia:

Beriaingo Udalaren ustez, 2. aukera da udalerri honen interesentzat kaltegarriena. Izan ere, Beriaingo sarbideetako bat dagoen bezala geratuko litzateke, eta hori arriskutsua da. A-15 eta N-121 lotzen dituzten bi adarrak batzen diren gunean, STOP bat dago. STOP hori ikustea zaila da, eta ibilgailuak oso azkar dabiltzan toki batean dago. Horregatik, Beriaingo Udalak ez luke 2. aukera gaizki hartuko, baldin eta STOP hori dagoen adarra gutxienez trenbidearen zubiraino luzatuko balitz; horrela, trafikoa adar batetik bestera igarotzean ikuspena hobea litzateke.

Erantzuna:

Alegazio-egilearen proposamena onargarria da. Horrenbestez, lotunea eraikitzeko proiektuan erreiaren luzapena sartuko da, eskatu den bezala, trenbidearen zubiraino.

2. Miguel Elizari Reta jaunaren idazkia, Noain-Elortzibarreko Udaleko alkate-udalburua den aldetik egina.

Edukia:

1. Bide berriak Noaingo 4. aldeko eraikuntza berrietatik eta hilerritik aldentzeko.

2. Ekialdeko bigarren ingurabideko tunela Noaingo gunetik ahalik eta urrunen egiteko, Noainen ingurua errespetatuz, lurraren mugimenduei, gunearen itxurari eta kutsadura akustikoari dagokienez.

3. Dauden aisialdiko baratzeetarako sarbidea aurreikusteko.

4. Noaindik ibarreko guneetaraino bizikleta eta traktoreen trafikorako alternatiba bat asmatzeko.

Alegazio horiekin batera, krokis txiki bi aurkeztu ditu. Azterlanean baloraziorik onena jaso duen aukera aldarazten da krokis horietan.

Erantzuna:

1. eta 2. eskaerei: Bide berriak 4. aldeko hirigunea ez ukitzeko moduan egin dira. Adierazi behar da alternatiben azterlanean zehaztutako jarduketak Herrilan Departamentuak aurreikusirik zituela udal planaren tramitazioan. Planean, alde bat erreserbatu zen gurutzagunearen proiekturako, aipatutako departamentuak bere tramitazioan emandako txostenaren arabera. Bide berriak alde horri ongi egokitzeko moduan diseinatu dira.

Ezin da gurutzagunearen diseinua aldatu alegazio-egileek krokisetan adierazi duten moduan. Ezintasun horretarako arrazoi tekniko ugari dago, Noaingo Udaleko ordezkari eta teknikariekin eginiko batzarrean azaldu zirenak. Aitzitik, gurutzagunea eraikitzeko proiektuan, paisaiaren eta ingurumenaren gaineko eraginak murrizteko behar diren neurri zuzentzaileak zehaztuko dira (oztopo akustikoak, landaketak, etab).

3.ari: Alegazio-egilearen proposamena onargarria da. Zentzu horretan, Herrilan Departamentuak adierazten du aisialdiko baratzeetarako sarbidea autopistaren azpian dagoen pasabidearen bidez bermatzen dela (pasabidea proiektuan mantentzen baita) edota proiektatu den oinezkoen pasabide berriaren bidez, autopistaren gaineko zubiaren albo batetik joanen dena. Azken horri jarraipena emateko, pasabide altxatu bat egingo da Iruña-Jaca-Huesca Autobiatik Iruñerako sarbideko bidean.

4.ari: Alegazio-egilearen proposamena onargarria da. Ildo honetan, Herrilan Departamentuak adierazi du eraikuntza proiektuan osagai hauek aurreikusiko direla:

_Zerbitzubide bat Iruña-Jaca-Huesca autobidearen eskuinetik, autobide horretan proiektatutako gaineko lehen pasabideari lotuko zaiona.

_Zerbitzubide baten bidez (ezkerreko bazterretik) aisialdiko baratzeekiko lotunea egingo da. Bide hori, halaber, aurreko atalean aipatu den gaineko pasabideari loturik egongo da.

III._Aukeratzen den alternatiba.

Alternatiben Azterlanaren ondorioak eta goian azaldutakoa kontuan izanik, 2. alternatiba aukeratu da.

IV._Nafarroako Gobernuaren 2002ko urriaren 7ko erabakian ezarritako zehaztapenak.

Aipatutako erabakian ezarritako zehaztapenak honako hauek dira:

A) Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea ezen aukeratzen den eraikuntza proiektua Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren esku utziko dela, azkenik aurreikusitako neurri zuzentzaileak berrikus daitezen.

B) Orobat, adieraztea, bidezkoa dela "Lurraldearen eta Hirigintzaren gaineko gogoeta" izeneko II. atalean aipatu alderdiak kontuan hartzea erabakitzen den soluzioaren eraikuntza proiektuan.

C) Arkitekturako Ondarea babesteari dagokionez, aukeratzen den alternatibako Eraikuntza Proiektuari buruzko txostena eginen du Ondare Historikoaren Zerbitzuak, obrak egin aitzin. Halaber, obrak egitean, Arkeologi Ondarearen Bulegoaren 2002ko maiatzaren 29ko txostenean azaldutako neurriak beteko dira.

Aukeratzen den alternatibako Eraikuntza Proiektuan aintzat hartu beharreko kontuak (B) zehaztapenak aipatuak eta "II. Lurralde eta Hirigintzako Hausnarketak" atalean azalduak) hauek dira:

_A-15 eta N-121 lotzen dituen adarra kentzean, Zaragozatik Noainera eta, bereziki, Beriainera eta inguruko lan-guneetara A-15etik datorren trafikoa A-15 ekialdeko ingurabideari lotzen zaion lotuneraino joan beharko litzateke, aipatutako toki horietara iritsi ahal izateko. Zentzu horretan, egokia litzateke kentzeko den adar hori proiektuan berreskuratzeko aukera aztertzea, edo helburu horrekin bestelako irtenbideren bat bilatzea.

_Bestalde, Iruñerria urez Nafarroako Ubidearen bidez hornitzeko aurreikuspena dago. Horretarako, esku hartuko den aldean zehar kondukzio bat egingo litzateke, UPSA berri baten arabera. UPSA berri hori Iruñerriko Mankomunitateak aurkeztu du tramitatzeko, indarrean dagoen 1995eko urtarrilaren 9ko UPSA ordezkatzeko. Ildo honetan, argi dago lotune berriko proiektuak azpiegitura hau (eta inguruko gainerako azpiegiturak) kontuan izan behar dituela.

_Azkenik, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak bere kezka agertu du, proiektuko obrak gogaikarriak izanen ote direnentz oinezkoentzat eta txirrindularientzat, "Xabierraldietan" batez ere. Komenigarritzat jotzen da alderdi kezkagarri hori kontuan hartzea azkenean aukeratzen den bide soluzioaren proiektuan.

Gai hauei buruz, Herrilan Departamentuak honakoa jakinarazten du:

a) Proiektuak ez du kenduko Zaragozatik N-121erantz A-15era dagoen sarbidea.

b) Eraikuntza proiektuak kontuan izango du Iruñerria Nafarroako Ubidearen bidez urez hornitzeko udalez gaindiko proiektu sektoriala, 1995eko urtarrilaren 9an onetsia, eta ukitzen dituen azpiegitura publikoak birjarri beharra.

c) 2. alegazio-idazkiko 4. alegazioaren erantzunean aipatzen diren zerbitzubideen bitartez, oinezkoentzako sarbideen arazoa konpontzen da, bai eguneroko erabilerarako bai "Xabierraldietarako". Izan ere, orain dagoen egoera hobetuko da.

Halaber, proiektuaren beste alderdi batzuei dagokienez, Herrilan Departamentuak honakoa adierazten du:

_Eraikuntza proiektuan jarraipen arkeologikoko plan bat sartuko da (baldintza pleguan eta aurrekontuan). Horretarako, indusketa-fasean arkeologo batek dedikazio osoz jardungo du.

_Aukeratutako alternatibaren jarduketek ez dute Noaingo Akueduktua ukituko, ez kanpoko aldean ez eta lurpean.

_Eraikuntza proiektuan, zehatz-mehatz kalkulatuko da zenbat pantaila akustiko behar den. Zarata-mapa egokiak egingo dira.

_Aukeratzen den alternatiba eraikitzeko proiektuak Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana edukiko du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari aurkeztuko zaio, onesteko.

Horrenbestez, azalduriko guztia aintzat harturik, eta kontuan izanik ezarritako zehaztapenak aukeratzen den alternatiba eraikitzeko proiektuan sartuko direla, bidezkoa da erabaki honetan erreproduzitzea, bidezko egokitzapenak sartuz.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2003ko ekainaren 24an emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebaztea Erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. "Noaingo lotune berria. A-15 autobidearen, Pirinioen hegoaldeko autobiaren, N-121 errepidearen eta Iruñerriko Ekialdeko bigarren ingurabidearen konexioa" Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala (Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak bultzatua) 2. alternatibaren arabera onestea.

3. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak proposatu den azpiegituran egiten dituen jarduketak Iruñerriko Mankomunitateak egin beharreko jarduketekin koordinatuko dira, bai eraikuntza proiektuari dagokionez bai obrak burutzeari dagokionez, Iruñerrian ura Nafarroako Ubidetik hornitzeko udalez gaindiko proiektu sektorial berriarekin bat etorriz, behin betiko onesteko fasean dagoena, indarrean dagoen 1995eko urtarrilaren 9ko UPSA ordezkatuko duena.

4. Arkitekturako Ondarea babesteari dagokionez, aukeratutako alternatibako Eraikuntza Proiektuari buruzko txostena eginen du Ondare Historikoaren Zerbitzuak, obrak hasi aitzin. Halaber, obrak egitean, Arkeologi Ondarearen Bulegoaren 2002ko maiatzaren 29ko txostenean azaldutako neurriak beteko dira.

5. Nolanahi ere, obrek ukitzen ahal dituzten (edo obrengan eragina izan dezaketen) azpiegitura edo zortasunen kasuan, departamentu bultzatzaileak behar diren baimen guztiak eskatuko dizkie gai bakoitzean eskudun diren organoei.

6. Aditzera ematea erabaki honen kontra bidezko dela gora jotzeko errekurtsoa paratzea Nafarroako Gobernuari zuzendua, erabakia jakinarazi, edo, kasua bada, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116 eta 117. artikuluek agintzen dutenaren arabera; edo bestela Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan aurkeztu daiteke errekurtsoa zuzenean, erabakia jakinarazi, edo, kasua bada, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluak agintzen duenaren arabera.

7. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoari eta Hezkuntza eta Kulturakoari jakinaraztea, baita Noain-Elortzibarreko, Aranguren Ibarreko eta Beriaingo Udalei ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta hiruko uztailaren hamabostean._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: C3229083