103. ALDIZKARIA - 2003ko abuztuaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

415/2003 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Hezkuntza zuzendari nagusiak emana. Goi mailako lanbide heziketaren zikloetan sartzeko probetarako prestakuntza ikastaro esperimentala ezartzen du 2003-2004 ikasturterako, lanbide heziketako ikasketetan teknikari titulua lortu duten ikasleei begira.

Erdi mailako heziketa ziklo bat gainditu duten ikasleek ikasketa arautuak egiten jarraitu nahi badute lortutako teknikari tituluko lanbidearen inguruan, batxilergoa egin dezakete eta, gero, goi mailako heziketa ziklo bat. Orobat, Hezkuntza Kalitateari buruzko 10/2002 Legearen 38. artikuluak dioen moduan, hemezortzi urte eginak izan, teknikari tituluaren jabe izan eta horren inguruko goi mailako zikloa egin nahi dutenek badute aukera heldutasun proba bat gaindituz gero.

Ebazpen honek prestakuntza ikastaro esperimental bat ezartzen du 2003-2004 ikasturterako, aipatzen diren ikastetxeetan egiteko.

Izangaiek erdi mailako heziketa zikloan lortu duten heldutasuna eta lanbide gaitasunak osatzea bilatzen du ikastaro honek, goi mailan sartzeko probetarako prestakuntza emanez. Horrekin batera, lanbide heziketa arautuaren sistemaren ikuspuntutik begiratuta, lanbide ikasketak lehen hautua izatea bultzatu nahi da. Hala, erdi mailako heziketa ziklo bat egin ondoren ikasketak egiten jarraitu nahi duten ikasleek onartua ikusiko dute beren errendimendu akademiko eta profesionala, lanbide batera iristeko ez ezik, goi mailako lanbide ikasketak egiten jarraitu ahal izateko ere.

Prestakuntza ikasketa horiek egiten dituzten ikasleek ez dezaten proba bakar bat izan oinarri goi mailako heziketa zikloetan sartzeko, kontuan hartuko dira prestakuntza ikastaroko emaitza akademikoak aipatu probaren ebaluazioan, Ebazpen honen X. atalean arautu bezala.

Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena egin du, 2003-2004 ikasturtean era esperimentalean ezar dadin prestakuntza ikastaroa, goi mailako lanbide heziketa zikloetan sartzeko Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren probetarako.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak irailaren 30eko 339/1999 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren deialdiz 2004. urtean goi mailako lanbide heziketa zikloetan sartzeko eginen diren probak prestatzeko ikastaroa ezartzea.

I._Aplikazio eremua.

2. Ebazpen honetako xedapenak Hezkuntza Departamentuak baimendu eta Ebazpen honen 30. puntuan zehaztutako ikastaroei aplikatuko zaizkie.

II._Ezaugarri orokorrak.

3. Ikasleen heldutasuna garatzea da prestakuntza ikastaroaren helburua edo xedea batxilergoko helburuei eta kasuan kasuko lanbide eremuan dituzten gaitasunei dagokienez, horrela goi mailako lanbide heziketaren zikloetan sartzeko prestatu ahal izateko. Horretarako, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren probarako deialdia eginen du, Hezkuntza Kalitateari buruzko 10/2002 Legearen 38. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

4. Prestakuntza ikastaroa ikasturte batekoa izanen da eta astean 30 irakastordu izanen ditu.

5. Irakasgaiak ezin dira balioztatu batxilergoan horien pareko diren irakasgaiekin. Sarbide probarako preskuntza balioa dute, goi mailako heziketa zikloa egiteko behar diren oinarrizko gaitasunak garatzen baitira.

III._Modalitateak eta ordutegiak.

6. Prestakuntza ikastaroak hiru modalitate hauek izanen ditu:

a) Zientzia eta teknologia.

b) Gizarte-zientziak.

c) Osasun zientziak.

7. Ikastaroek, modalitate guztietan, hiru irakasgai komun izanen dituzte, modalitateko lau irakasgai eta aukerako irakasgai bat. 1. eranskinean zehaztuta daude irakasgai horien definizioa, ordutegia eta prestakuntza ikastaroko modalitate bakoitzari lotutako lanbide arlo guztiak.

IV._Egutegia.

8. Ikastaroko egutegia eta ordutegia ikastaroa egiten den ikastetxean gainerako ikasketek dituzten berberak izanen dira, batxilergoko bigarren kurtsoa alde batera utzita.

V._Onarpena, matrikula eta taldeak.

9. Prestakuntza ikastaroan matrikulatzeko, ikasleek ikastaro horretan sartu ahal izateko ikasketak eginak izan beharko dituzte Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako institutuetan edo ikastetxe pribatu itunduetan.

10. Ikasleak onartzeko prozedura hau erabiliko da:

1._Izen ematea. Ikasketa arautuetako inprimaki berberen bidez eginen da, 2003ko irailaren 1etik 5era.

2._Baremazioa eta zerrendak. Gainerako ikasketetan onartzeko izaten den epe bereziko prozedura bera erabiliko da, Ebazpen honetako 12. puntuan adierazitako onarpen irizpideak aplikatuta, betiere.

3._Matrikulazioa. Irailaren 12an eginen da, horretarako prestatutako inprimaki ofizialak erabiliz.

11. Prestakuntza ikastaroko modalitate batean onartua izateko, erdi mailako heziketa ziklo bat gainditua izan beharko da, betiere 1. eranskinean adierazitako lanbide arloetako batean.

12. Onartzeko irizpideak. Prestakuntza ikastaroko modalitate batean onartua izateko irizpideak bete eta plaza baino izangai gehiago badago, onarpen irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

1._Heziketa zikloan ateratako batez besteko nota handiena.

2._Heziketa zikloa 2002-2003 ikasturtean bukatua izatea.

3._2003 urtean 22 urte baino gehiago ez betetzea.

4._Fondo publikoez lagundutako ikastetxeetan, onartzeko aplikatzen diren irizpide orokorrak, apirilaren 2ko 156/2003 Foru Aginduan zehaztutakoak.

13. 1. Talde bakoitzak hogeita hamar ikasle izanen ditu, gehienez ere.

2. Aukerako irakasgaiak antolatzeko, taldeak 12 ikasle izan beharko ditu, gutxienez.

14. Ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokienez, ondokoak aplikatuko dira: abenduaren 14ko 417/1992 Foru Dekretua (1993-01-15eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), uztailaren 14ko 191/1997 Foru Dekretua (1997-08-01eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) eta zein ikastetxetan ematen den ebazpen honetan aipatu ikastaroa, haien Barne Araubideko Erregelamenduan ezarritakoa.

VI._Irakasleak.

15. Batxilergoan pareko irakasgaiez arduratzen diren irakasleek emanen dituzte irakasgaiak. Ikastetxe publikoetan, 3. eranskineko taulan irakasgai eta espezialitateen artean ezarritako korrelazioa aplikatuko da; ikastetxe itunduetan, berriz, espezialitate bakoitzari dagozkion titulazioak eskatuko dira.

16. 1. Irakasleen dedikazioari dagokionez, indarra duen araudian oro har ezarritakoari jarraituko zaio.

2. Irakasgaia atzerriko hizkuntza denean, bi talde eginen dira ordubeteko elkarrizketarako, taldean 25 ikasle edo gehiago badaude.

17. Taldeak tutore bat izanen du, ikastetxeko gainerako taldeek bezala, tutoretzari buruzko eginkizunak beteko dituena, bere araudian ezarri bezala.

VII._Baliabide materialak eta espazioak.

18. Batxilergoko ikastetxeek bete beharreko gutxienekoak bete beharko dituzte prestakuntza ikastaroa ematen duten ikastetxeek, eta talde arrunt bat gehiago izanen da espazioak eta instalazioak erabiltzeko orduan, ondorio guztietarako.

VIII._Curriculuma eta programazioa.

19. 1. Prestakuntza ikastaroa osatzen duten irakasgaien eduki multzoak 2. eranskinean adierazi dira.

2. Prestakuntza ikastaroa eskaintzen duten ikastetxeek Urteko Programazio Orokorrean sartu beharko dute, eta puntu hauek zehaztuko dituzte, gutxienez:

a) Irakasgaien programazio didaktikoen eskema orokorra, oso laburra.

b) Metodologia eta baliabide didaktikoak.

c) Ebaluazioaren printzipio orokorrak, ebazpen honetako IX. atala kontuan hartuko dutena.

d) Antolaketako gaiak eta irakasle eta ikasleen ordutegiak.

20. Irakasgai bakoitzak bere programazio didaktikoa izanen du 2003-2004 ikasturtean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak prestatutako curriculum esperimentaletan oinarriturik, curriculumeko osagai hauen inguruan:

a) Helburuak.

b) Oinarrizko edukiak.

c) Oinarrizko edukien sekuentziazioa.

d) Unitate didaktikoen eta jardueren banaketa ikasturtean.

e) Metodologia eta baliabide didaktikoak.

f) Ebaluazioa eta errekuperazioa.

21. Prestakuntza ikastaroko irakasle taldeak programazioak eta unitate didaktikoak egokitu egin beharko ditu, kontuan hartuta ikasleen ezaugarriak, irakasgaien orduak eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben berezitasunak (Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuak zehazten duenaren arabera).

22. Ikastetxeak, zuzendaritza eta koordinazio organoen bitartez, ikastaroaren koordinazioa eta barne jarraipena eginen du, eta ikastaroaren funtzionamendua hobetzeko neurriak hartuko ditu, ebazpen honen esparruan.

IX._Ebaluazioa.

23. 1. Hezkuntza Kalitateari buruzko 10/2002 Lege Organikoak zehazten dituen ikasketen ebaluazioaren antzekoa izanen da prestakuntza ikastaroarena ere. Irakasgai bakoitzaren kalifikazioa zenbaki bidezkoa izanen da, hots, 0tik 10era bitartekoa, zenbaki hamartarrik gabe, ikasturteko azken batez bestekoa izan ezik, zifra hamartar bat izaten ahal duena bi irakasgai multzoetako bakoitzean, modalitate guztietan.

2. Ikastetxeetako zuzendaritza eta koordinazio organoek prestatuko dituzte ebaluazioaren emaitzak jasotzen dituzten familiendako txostenak, ikastetxeko Eskola Kontseiluak emandako jarraibideen arabera.

24. 1. Prestakuntza ikastaroa behin bakarrik egiten ahal da. Behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiengatik matrikulari uko egiten bazaio, zilegi da errepikatzea, baldin eta bi baldintza hauek betetzen badira:

a) Eskatutako ikastaroan plaza hutsak egotea.

b) Zein ikastetxetan ematen den baja, hango zuzendariak adostasun txostena egitea.

2. Matrikula deuseztatzeko, heziketa zikloetako arrazoi eta prozedura berberak erabiliko dira.

25. Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben Ebaluazio Batzordeek kontuan hartuko dute prestakuntza ikastaroaren aprobetxamendu akademikoa, hurrengo atalean ezartzen den moduan.

X._Sartzeko probak.

26. Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetara aurkezten ahal dira prestakuntza ikastaroa egin eta legezko baldintzak betetzen dituztenak. 2004ko ekainean antolatuko dira, eta bi zati izanen dituzte:

a) Zati orokorra. Batxilergoko gaitasun eta ezagupen orokorren ingurukoa izanen da, betiere kontestu praktikoei aplikatuta, izangaiaren heldutasuna azaltzeko.

b) Berariazko zatia. Kasuan kasuko lanbide eremuko gaitasunen ingurukoa.

27. Ikastaroko eta probako emaitzak honela baloratuko dira:

a) Zati orokorra: dituen hiru irakasgaien batez besteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ateratzen den batez bestekoa 5etik beherakoa, 5 eta 5,9 artekoa, 6 eta 7 artekoa edo 7tik gorakoa denean, 0, 1,5, 2 edo 2,5 gehitu beharko zaio, hurrenez hurren, sarbide probako zati orokorrean lortutako emaitzari. Gehienez ere 10 puntu lor daitezke.

b) Berariazko zatia: modalitateko irakasgaien eta aukerakoaren emaitza akademikoen batez besteko aritmetikoa kalkulatuko da, eta lortutako batez bestekoa 5etik beherakoa, 5 eta 5,9 artekoa, 6 eta 7 artekoa edo 7tik gorakoa denean, 0, 1,5, 2 edo 2,5 gehitu beharko zaio, hurrenez hurren, sarbide probako berariazko zatian lortutako emaitzari. Gehienez ere 10 puntu lor daitezke.

c) Hobari horiek aplikatzeko, ikasleak irakasgai komunetako bi gainditu beharko ditu, eta hiru modalitatekoen eta aukerakoaren artean. Prestakuntzaren ikasturtean berean egiten diren sarrera probetarako balioko dute hobariek, baita hurrengo ikasturterako ere.

28. Probaren azken kalifikazioan "gai" izateko, zati bakoitzean _orokorrean eta berariazkoan_ 5 puntu edo gehiago lortu beharko dira.

29. Goi mailako zikloan sartzeko proba gainditzen duenak, onarpen prozesuaren ondoren, goi mailako edozein ziklo egiten ahal du gainditua duen erdi mailako zikloari dagokion lanbide arloan, baita erregelamendu bidez baliokidetzat jotzen direnak ere.

XI._Baimena ematea.

30. 4. eranskinean adierazi dira 2003-2004 ikasturtean Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren baimena duten ikastetxeak ebazpen honetan araututako prestakuntza ikastaroa emateko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa._Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak kurtsoen jarraipen eta ebaluazioa eginen du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari baimena ematen zaio ebazpen honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena._Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak heziketa zikloetan sartzeko proben (abenduaren 23ko 10/2002 Legearen 54. artikuluan jasotakoak) oinarrizko baldintzak arautzen baditu, ebazpen hau aplikatzeko, indarra duten arauei lotuko zaie.

Hirugarrena._Ebazpen hau igortzea Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Lanbide Heziketa Berriztatu eta Garatzeko Atalera, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalera, Nafarroako Prestakuntzen Institutuaren Atalera, Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegora eta heziketa zikloak emateko baimena duten ikastetxeetara.

Laugarrena._Ebazpen honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta hiruko ekainaren bederatzian._Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

Iragarkiaren kodea: A0306146