97. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

240/2002 FORU AGINDUA, ekainaren 26koa, Toki Administrazioko kontseilariak emana, "Mendigorriko Hondakin Uren Tratamenduaren proiektua" behin betikoz onesten duena.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak maiatzaren 8an emandako 290/2002 Ebazpenaren bidez, "Mendigorriko Hondakin Uren Tratamenduaren proiektuak" ukituriko ondasun eta eskubideen desjabetzapen prozedura hasi zen. Proiektua eta ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean egon ziren hamabost egunez.

Epe hori bukatu eta ondoko alegazio hauek jaso dira. Hona hemen erantzunak:

1. María Dolores Salanueva Aldaz andreak, Mendigorriko ME-03 finkaren jabea baita, honako hau alegatu du:

Eskatu du kanalizazioa lekuz aldatzea, bere lurzatian gerora egin daitezkeen etxebizitzen kokalekua oztopatu gabe, lurzati hori Mendigorriko hiri aldea handitzeko eremuan baitago. Txosten teknikoak ere aurkeztu ditu.

Erantzuna: lehenik adierazi behar da aipatu finka Ukipen Espezifikoen Lurzorua-Herrigunearen Ingurua sailean sartuta dagoela, Mendigorrian indarra duen Planeamenduko Arau Subsidiarioetako lurzoru urbanizaezinaren barruan.

Bestalde, proposatu den trazadura aldaketa ez da bideragarria proiektuaren hasierako filosofiari eutsi nahi bazaio eta araztegiko prozesuaren buruan ponpaketa putzu bat sartu nahi ez bada. Zalantzarik gabe, araztegia, sarrerako ponpaketarik ez duenez, askoz seguru eta sendoagoa da, ez baitago argi indarrean aldika izaten diren mozketen mende.

Alegazioan "errepidean barnako" trazadura bat agertzen da; horri gehitzen zaio koten arteko aldea araztegiko indusketa baten bidez gainditu beharko litzatekeela. Horri dagokionez esan behar da indusketaren neurriaren ondorioz araztegiaren ekialdeko finka okupatu beharko zela, ezponda egonkor mantentzeko. Bestalde, kolektorea "errepidean barna" eramateko baimena ematen da aukera bideragarri bakarra dela frogatzen denean, eta hori ez da gertatzen honako kasu honetan.

Ez dago esan beharrik araztegiko indusketak ingurumenean izanen lukeen eragina oraingo proiektukoa baino handiagoa izanen litzatekeela.

Horiek guztiak horrela, finkaren geroko garapenean, baldin badago, proiektuko azpiegiturak eta etorkizuneko erabilerak bateragarri izan behar dute.

2. María Eugenia Ortiz Goñi andreak, Mendigorriko ME-06 finkaren jabea baita, honako hau alegatu du:

Ez dago ados hodia bere finkatik pasatzearekin, eta bideragarriagoa iruditzen zaio aipatu lurzatia ez ukitzea.

Finka oso gutxi ukitzen da, kolektorearen trazadurak finkaren izkina bat baizik ez baitu ukitzen 2,5 m-ko luzeran, bi bidek bat egiten duten tokian; bere lurzatian ez dago putzurik.

Finkaren aipatu zatia haren hondar eremua da, landu gabe dago eta bideraren jarraipena da, lurzati hartan sartzeko erabiltzen baita.

Bestalde, trazadura aldatuko balitz, inguruan dagoen goi tentsioko linea batera hurbildu beharko litzateke eta horrek arriskua sortuko luke obrak egiteko denboran.

Horrenbestez:

AGINDU DUT:

1. "Mendigorriko Hondakin Uren Tratamentuaren proiektua" behin betikoz onestea, eta aurkeztutako alegazioak Foru Agindu honetako azalpen zatian ezarritakoaren arabera ebaztea.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.

3. Ebazpen hau Mendigorriko Udalari eta alegaziogileei jakinaraztea, eta ohartaraztea honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazten den egunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legeko 114.2, 115 eta 116. artikuluekin bat.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hogeita seian.-Toki Administrazioko kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0207306