97. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

667/2002 EBAZPENA, ekainaren 18koa, Industri zuzendari nagusiak emana. Honen bidez ematen zaio Gas Navarra S.A.ri, Murillo el Frutoko udal mugapeko etxe, denda eta industria txikietarako gas naturalaren sarea egin eta ustiatzeko Administrazio-baimena; instalazioetarako baimena ere ematen da, eta instalazioaren onura publikoa onartzen.

Gas Navarra, S.A. enpresak administrazio baimena eskatu du, Murillo el Frutoko udal mugapeko etxe, denda eta industria txikietarako gas naturalaren sarea egin eta ustiatzeko, instalazio-proiektuak deskribatzen duen aldera mugaturik. Horrez gain, instalazioetarako baimena ere eskatu du, bai eta haien onura publikoa onets dadin ere.

Hauek dira, funtsean, instalazioen ezaugarriak:

Oinarrizko banaketa-sareak Ebroko Erriberako gasifikazio hoditeria R-1-1 tartea izanen du hornitzaile, hor ezarriko baita Erregulazio Estazio bat, hesitutako esparru airekoan, eta bertatik abiatuko da populazioaren hornidurarako banaketa-sarea; 0,15 bar-eko banaketa-presioa izanen du, eta entrega-puntua Ntra. Señora de la Oliva Kupeldegiaren aurrez aurre dagoen lurzatian egonen da kokatua.

Berrehun eta hamalau mila bederatziehun eta hirurogeita bost euro eta berrogeita hamar zentimoko inbertsioa (214.965,50) eginen da, bertan sarturik lotura-tarteunea, banaketa-sarea eta hartuneak.

Horretarako irekitako espedientean arauzko tramiteak bete eta Industri Segurtasunerako Zerbitzuak emandako adostasun txostena ikusi ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen 1983ko apirilaren 11ko Foru Legearen 36-2.b artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta abuztuaren 1eko 1774/1985 Errege Dekretuaren bidez Foru Komunitateari transferitutako zerbitzu eta eginkizunak Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari esleitzen dizkion urriaren 9ko 189/1985 Foru Dekretuak emandako ahalmenak ere erabiliz.

Horrenbestez, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak urriaren 14ko 572/1999 Foru Aginduaren bidez (99-10-25eko NAO, 133. zk.) eman dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Gas Natural SDG, S Gas Navarra, S.A.ri Administrazio-baimena ematea Murillo el Frutoko udal mugapeko etxe, denda eta industria txikietarako gas natural kanalizatuaren sarea herrigunean egin eta ustiatzeko, Murillo el Frutoko udalerrian gas naturala banatzeko instalazioak eraikitzeko Administrazio-baimenaren eskaeran deskribatzen denaren arabera.

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena.-Gas Navarra, S.A. enpresak bi hilabeteko epean 4.299,31 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da Industri zuzendari nagusiaren esku, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetakoren batean. Bermea instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Instalazioetan eta beren muntaketan bete beharko da Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua, Industria eta Energia Ministerioaren 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidezo netsia. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Bigarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Hirugarrena.-Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta, bereziki, d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Repsol-Butano, S.A. beharturik dago, baimen honen esparruan zerbitzua eskatzen duen edonori gas hornidura ematera, bai eta horri erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere.

Laugarrena.-Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 75. eta 76. artikuluetan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik, baita 83. artikuluan aipatzen direnak ere, banatzaile eta merkaturatzaileek hornidurarekin dituzten eskubide eta eginbeharrei dagokienez.

Bosgarrena.-Baimen honek ez du eskubide esklusiborik ematen eta ez da monopolio araubidean eskaintzen.

Seigarrena.-Industri Segurtasunerako Zerbitzuak Ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen ote diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, Zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus- onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu Zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio- hartzaileak haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

Adieraziriko era eta epean bermea ez ordaintzea.

Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

Instalazioak Ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna eta hornidura-baldintzena bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

Zortzigarrena Baimen hau ematen bada ere, ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa kontuan izanik beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak. Baimenak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. Aurkezturiko instalazio proiektua onestea eta eraikitzeko baimena ematea; eraikuntza proiektuari lotuz burutu beharko da, indarra duen legeria betez, hiru urteko epean. Epea luza daiteke, eskaeren arabera. Proiektuan Murillo el Frutoko herrigunean egitekoa den hornidura sarea eta irispide-sarea ageri dira. Eremu horretan hedapenen bat egin nahi bada, instalatzeko baimena eduki beharko da horretarako.

3. Aipatu instalazioaren onura publikoa onartzea eta, beraz, ukitutako ondasunak okupatu eta eskubideak eskuratu beharra, baita presako okupazioa ere, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52 eta 53. artikuluen ondorioz, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen IV. Tituluko 103., 104., 105., 106. eta 107. artikuluei jarraituz.

Baimen hau ematen bada ere, ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa kontuan izanik beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hemezortzian.-Industri zuzendari nagusia, Enrique Jiménez Goicoa.

Iragarkiaren kodea: A0207026