97. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 12a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

1069/2002 FORU AGINDUA, uztailaren 2koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 2002-2003 kanpainarako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duena.

Basa Fauna eta bere Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 52. artikuluak ezartzen du, ehiza-aprobetxamendua antolatu beharrez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak urteoro argitaratuko dituela Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean espezie ezberdinak ehizatzeko debekualdiei dagozkien xedapen orokorrak, eta horiei emanen dien edukia, betiere, aipatu legeak ezarritakoa izanen dela.

Halaber, Foru Lege beraren 63. artikuluak xedatzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak debekualdiei buruz urteoro ematen duen xedapen orokorrari jarraikiz egin beharko dela ehiza Nafarroan.

Lege agindu horiek betetzeko xedez, bidezko da 2002-2003 kanpainan ehiza arautzen duen xedapen orokorra onestea.

Hori horrela, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak proposaturik eta aldez aurretik Nafarroako Ingurumen Kontseiluak adostasun txostena luzaturik,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedea

1. artikulua. Foru Agindu honen xedea da 2002-2003 kanpainan Nafarroan ehizaren gainean izanen den araudia ezartzea.

2. artikulua. Foru Agindu honek ehiza barrutietarako ehiza garaiak oro har zehaztuko ditu; hori, hala ere, ez da eragozpen izanen Ehizaren Antolamendurako Plan onetsietan salbuespen gisa edo puntualki egin daitezkeen beste ehiza jarduera batzuetan aritzeko.

II. KAPITULUA

Ehiza espezieak

3. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatean 2002-2003 kanpainan, ondoko espezie hauen ehiza izanen da zilegi:

Ugaztunak:

-Erbia (Lepus spp.)

-Mendi-untxia (Oryctolagus cuniculus)

-Azeria (Vulpes vulpes)

-Basurdea (Sus scrofa)

-Oreina (Cervus elaphus)

-Adarzabala (Dama dama)

-Orkatza (Capreolus capreolus)

Hegaztiak:

-Antzara hankagorrizta (Anser anser)

-Basahatea (Anas platyrhynchos)

-Zertzeta arrunta (Anas crecca)

-Eper gorria (Alectoris rufa)

-Galeperra (Coturnix coturnix)

-Faisaia (Phasianus colchicus)

-Kopetazuri arrunta (Fulica atra)

-Hegabera (Vanellus vanellus)

-Oilagorra (Scolopax rusticola)

-Istingor arrunta (Gallinago gallinago)

-Pagausoa (Columba palumbus)

-Haitz-usoa (Columba livia)

-Txoloma (Columba oenas)

-Usapala (Streptopelia turtur)

-Birigarro arrunta (Turdus philomelos)

-Birigarro txikia (Turdus iliacus)

-Durdula (Turdus pilaris)

-Garraztarroa (Turdus viscivorus)

-Mika (Pica pica)

-Bele txikia (Corvus monedula)

-Belea (Corvus corone)

III. KAPITULUA

Ehiza aldiak

4. artikulua. Ehiza aldi eta egunak kapitulu honetan finkatzen direnak dira, ireki eta ixteko egunak barne. Ehiza-barrutiren bat herri zenbaitek osatua baldin bada, herri haietariko bateko jaia hautatu beharko da eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari haren berri eman.

Ehizako ordutegia, oro har, eguzkia irten baino ordu bat lehenago hasi eta sartu ondoko ordubetez luzatuko da, almanakatik hartuta eguzki irteera eta sarreraren orduak.

5. artikulua. Basurdea.

Basurdea uxaldian ehizatzea zilegi da 2002ko irailaren 1etik 2003ko otsailaren 23ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko edo herrietako jaiegunetan ere.

Debekatuta dago harrapaketako zakurrekin ehizatzea. Debekatua dago basurdetara joateko honako zakur-arrazak eta beren mestizoak erabiltzea: dogo, alano, artzai-zakur alemana, bulldog, pitbull, rotweiler, boxer, mastin, doberman eta Kanarietako ausiki-zakurra. Hegoaldeko ehiza-barrutietan, ibarbasoak edo eremu hezeak daudenean, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ehiza mota hori baimendu ahalko du, basurdearen populazioa kontrolatzeko egoki juzgatzen badu, eta aldez aurretik aprobetxamenduaren titularrak eskatuta.

Basurdetara joateko ehiztari taldeak gutxienez laukoa izan beharko du.

6. artikulua. Orkatza.

Ehiza-taldeentzat, 2002ko irailaren 1etik 2002ko abenduaren 29ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko eta herrietako jaiegunetan ere, bakar-bakarrik kasuan kasuko Ehizaren Antolamendurako Planak zehaztutako kopurua.

2003ko martxoaren 15a baino lehen, erabilitako besoko seinaleen gordekinak eta eme eta kumeen besoko erabili gabeak aurkeztu behar dira eskualdeko Ingurumen Zaintzan.

2003ko maiatzaren 15etik 2003ko ekainaren 30era arte, egunero, espresuki baimendutako ehiza-barrutietan, ehizatzen ahal dira, zelatan, Ehizaren Antolamendurako Planeko kupoaren barruan sartutako orkatz arrak, denboraldian hil ez direnak. Erabilitako besokoen gordekinak eta besoko erabili gabeak eskualdeko Ingurumen Zaintzan aurkeztu beharko dira, 2003ko uztailaren 20a baino lehen.

Erabili gabeko besokoak eta erabilitako besokoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriko aprobetxamendurik egiterik ez izatea.

7. artikulua. Oreina.

2002ko irailaren 20tik 2002ko urriaren 12ra arte, egunero, zelatan, orein arrak, espresuki baimendutako barrutietan.

2002ko urriaren 13tik 2003ko urtarrilaren 26ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko eta herrietako jaiegunetan ere, bakar-bakarrik kasuan kasuko Ehizaren Antolamendurako Planak zehaztutako kopurua.

2003ko martxoaren 15a baino lehen, erabilitako besoko seinaleen gordekinak eta erabili gabeak aurkeztu behar dira eskualdeko Ingurumen Zaintzan.

Erabili gabeko besokoak eta erabilitako besokoen gordekinak itzultzen ez badira, litekeena da hurrengo denboraldian ehiza larriko aprobetxamendurik egiterik ez izatea.

8. artikulua. Adarzabala.

2002ko urriaren 13tik 2003ko urtarrilaren 26ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko eta herrietako jaiegunetan ere.

9. artikulua. Azeria.

Salto-ehiza modalitatea: galeperra erdi-debekuan ehizatzen ahal den leku eta egun beretan, eta 2002ko azaroaren 1etik 2003ko urtarrilaren 26ra arte, ostegun eta igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko eta herrietako jaiegunetan ere.

Mendi-untxia epealdi orokorretik at ehizatzeko baimena duten barrutietan, azeria salto-ehizan ehizatzen ahal da, mendi-untxia ehizatzeko baimendutako egun eta leku beretan.

Uxaldi modalitatean 2002ko irailaren 1etik 2003ko otsailaren 27ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko eta herrietako jaiegunetan ere.

Esperoko modalitatean 2002ko azaroaren 1etik 2003ko otsailaren 23ra arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko eta herrietako jaiegunetan ere, zulo inguruetan.

10. artikulua. Eperra eta erbia.

2002ko azaroaren 1etik 2003ko urtarrilaren 26ra arte, igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko eta herrietako jaiegunetan ere, betiere, ehiza-barruti bakoitzerako ezarritako egutegiari jarraikiz, eta kasuan kasuko zenbaketen arabera. Ehizatzeko ordutegia 14:00ak arte izanen da gehienez.

Ehiztari bakoitzak, eskopetarekin eta eguneko, bi espezie hauek batera hartuta, hiru ale botatzen ahalko ditu gehienez. Salto-ehiza modalitatean ehiztari bakoitzak, eguneko, erbi bat botatzen ahalko du gehienez, eta uxaldi modalitatean talde bakoitzak bi erbi botatzen ahalko ditu gehienez. Erbia eta galeperra ehizatzeko eskuak ez dira inoiz hiru ehiztari baino gehiago izanen.

Erbia larunbatetan ere ehizatu ahal izanen da hegoaldeko eremuan, xarlangoen laguntzaz, eskopetarik eta makilarik gabe, gehienez ere bi xarlango erabili ahal izanen direlarik ehiztari bakoitzeko edo talde bakoitzeko eta laguntza-zakurrik gabe. Kupoa, gehienez ere, bi erbikoa izanen da, pertsona edo talde bakoitzeko (taldean 6 lagun gehienez).

Ehiza-barrutietako adjudikazio hartzaileek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean atzemandako animaliak kontrolatu ahal izateko.

Baimena ematen da hegoaldeko eremuan, eper eta erbi-barrutietan, hegaztietarako zakurrekin eta ehiza-zakurrekin ehizatzeko, 2002ko urriaren 13, 20 eta 27an.

11. artikulua. Mendi-untxia.

2002ko azaroaren 1etik 2003ko urtarrilaren 26ra arte, ostegun eta igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko eta herrietako jaiegunetan ere, betiere, ehiza-barruti bakoitzerako ezarritako egutegiaren arabera.

Barruti osoan edo Ehizaren Antolamendurako Planetan horretarako ezarririko alde jakin batzuetan, udan, kilometroko ugaritasun indizea 3 baino altuagoa dutela justifikatzen duten ehiza barrutietan ere ehizan egiterik izanen da 2002ko abuztuaren 15etik 2002ko urriaren 20ra arte, larunbat, igande eta jaiegunetan, modu antolatuan. Ehizaldi hauetan aldi horretan erabateko dedikazioz ariko den pertsona kontratatu bat edo zaindari kreditatu bat egonen da, behar den bezala egiten direla zaintzeko. Pertsona horrek aldez aurretik Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren kreditazioa lortu behar du.

Barruti osoan edo Ehizaren Antolamendurako Planetan horretarako ezarririko alde jakin batzuetan, udan, kilometroko ugaritasun indizea 5 baino altuagoa dutela justifikatzen duten ehiza barrutietan ere ehizan egiterik izanen da 2003ko otsailaren 23ra arte gehienez ere, larunbat, igande eta jaiegunetan, modu antolatuan. Ehizaldi hauetan zaindari kreditatua edo aldi horretarako erabateko dedikazioaz kontratatutako arduradun bat egonen da behar den bezala egiten direla zaintzeko. Pertsona horrek aldez aurretik Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren kreditazioa lortu behar du.

12. artikulua. Ur hegaztiak.

Baimena ematen da, 2002ko azaroaren 1etik 2003ko urtarrilaren 26ra arte, antzara hankagorrizta, zertzeta arrunta, basahatea, kopetazuri arrunta, hegabera eta istingor arrunta ehizatzeko, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko eta herrietako jaiegunetan ere.

Basahatea ostegun, larunbat eta igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko eta herrietako jaiegunetan ere ehizatzen ahal da, 2002ko abuztuaren 15etik irailaren 15era arte. Hegoaldeko eremuan, aipatu epean, Ehizaren Antolamendurako Planek baimendutako eremuetan bakarrik ehizatu ahalko da.

13. artikulua. Oilagorra.

Iparraldeko eremuan 2002ko urriaren 13tik 2003ko urtarrilaren 26ra arte, egunero, basoetan eta zakur txilindunak erabiliz ehiza daiteke.

Hegoaldeko eremuan 2002ko azaroaren 1etik 2003ko urtarrilaren 26ra arte ehizatzen ahal da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko edo herrietako jaiegunetan ere.

Ehiztari bakoitzak hiru animali harrapatu ahalko ditu gehienez eguneko, bi eremuetan. Ehiza-barrutietako adjudikazio hartzaileek zigilu edo txartel sistema bat ezarri beharko dute ehiza egun bakoitzean atzemandako animaliak kontrolatu ahal izateko.

Pasako postuetan eta uharketan debekatua dago oilagorra ehizatzea.

14. artikulua. Birigarro arrunta, garraztarroa, durdula eta birigarro txikia.

2002ko azaroaren 1etik 2003ko urtarrilaren 12ra arte, igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko edo herrietako jaiegunetan ere. Halaber, aldi horretan berean, oilagorra eta mendi-untxia ehizatzeko baimendutako aldian ehizatzen ahalko dira, horien baldintza eta leku beretan.

2002ko azaroaren 1etik 2003ko urtarrilaren 12ra arte, birigarroa ehizatzeko postuetan ehizatzen ahal da, asteko egun guztietan.

Pasako usoaren ehiza-postuetan ere 2002ko urriaren 1etik abenduaren 8ra arte ehiza daiteke, hari dagozkion baldintza berberekin.

15. artikulua. Galeperra.

Hegoaldeko eremuan, 2002ko abuztuaren 15etik 2002ko irailaren 15era arte, ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, Ehizaren Antolamendurako Planek ezarritako eremuetan.

Iparraldeko Eremuan, 2002ko abuztuaren 15etik 2002ko irailaren 15era arte ehizatzen ahal da ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, barruti guztietan.

Halaber, espezie hau ehizatzen ahal da eper gorriarendako barruti bakoitzean baimendutako egun berberetan.

Bi eremuetan gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 10 ale hartzen ahal ditu.

16. artikulua. Usapala.

Hegoaldeko eremuan, 2002ko abuztuaren 15etik 2002ko irailaren 15era arte, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko edo herrietako jaiegunetan ere, galeperretarako leku beretan eta usotarako postuetan.

Iparraldeko eremuan, 2002ko abuztuaren 15etik 2002ko irailaren 15era arte, ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan, barruti guztietan.

Bi eremuetan gehieneko kupo bat ezartzen da: ehiztari bakoitzak, eguneko, 2 ale hartzen ahal ditu.

17. artikulua. Mika, bele txikia eta belea.

Foru Agindu honetan beste edozein espezie ehizatzeko aldietan harrapatzen ahal dira, haiei dagozkien baldintza berberekin.

18. artikulua. Pagausoa eta txoloma.

Postu eta txabola baimenduetan, 2002ko urriaren 1etik 2002ko abenduaren 8ra arte, egunero.

2002ko azaroaren 1ean hasi eta 2003ko urtarrilaren 26ra arte, salto-ehizan harrapa daiteke: hegoaldeko eremuan, ostegun eta igandeetan, bai eta estatuko, foru komunitateko edo herrietako jaiegunetan, eta iparraldekoan, berriz, ostegun, larunbat eta igandeetan, bai estatuko, foru komunitateko edo herrietako jaiegunetan ere.

19. artikulua. Haitz-usoa.

2002ko abuztuaren 15etik 2002ko irailaren 15era arte, galeperrari dagozkion baldintza eta toki berberak.

Postu eta txabola baimenduetan, 2002ko urriaren 1etik 2002ko abenduaren 8ra arte, egunero.

2002ko azaroaren 1ean hasi eta 2003ko urtarrilaren 26ra arte, salto-ehizan harrapa daiteke: hegoaldeko eremuan, igandeetan, bai eta estatuko, foru komunitateko edo herrietako jaiegunetan, eta iparraldekoan berriz, ostegun, larunbat eta igandeetan, bai eta estatuko, foru komunitateko edo herrietako jaiegunetan ere.

20. artikulua. Faisaia.

2002ko azaroaren 1etik 2003ko urtarrilaren 26ra arte, igandeetan eta estatuko, foru komunitateko edo herrietako jaiegunetan.

IV. KAPITULUA

Eremuak

21. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean, iparralde eta hegoaldeko eremuen arteko muga egiten duen marra hauxe izanen da:

Arabako mugatik abiatuz, Aguilar Kodeskoko udalerriak Marañon, Cabredo eta Genevillarekin egiten duen mugan barrena segitzen du marrak; gero, Kodesko Arkaditik eta uren isurialdeen banatzailean zehar, San Cristóbal, Peña de la Concepción, Ubagoko mendiak, Cábrega mendikatea, Los Arcostik Mendazarako errepidearen 6. kilometroa, San Gregorioko gaina, Etaio, Monjardin eta Labeagan barna, Gasteiz-Lizarra errepideraino, eta azken herri horretara ailegatu arte. Hortik, Lizarra-Gares errepidean gaindi, Allozko errepideko bidegurutzeraino, gutxi gorabehera, Lorkara ailegatu baino kilometro erdia lehenxeago; bidegurutze horretatik Allozko errepidean barna Aritzalaraino. Aritzalako dermioan Muetz, Jaitz, Izurtzu eta Etxaurin barnako errepidetik segitzen du. Etxauritik lerro zuzena egiten du Arga ibairaino, Otazu eta Eriete artean; Hiriberritik, uren isurialdeen banatzailean barna Ipasatetik Erreniega Mendatera eta hemendik ur isurialdeen banatzailean barna Erreniegako Gaineraino, ondotik jautsiz Ondarra Fundaziotik barrena, Biurrungo errepidetik Garesko errepidera, Zaragozako errepideko bidegurutzeraino; hortik Diputazioaren harrobitik Alaitz Mendikateko kaxkora, eta aipatu mendikateko eta Izkoko uren isurialdeen banatzailean barna Loitiko Gaineraino. Hortik, N-240 errepidean zehar, Nardozetik pasatuz, Venta de Judas delakora, eta hartatik Irunberriko errepidean barna herrira ailegatu arte. Irunberritik Leireko Monasterioko bideari jarraikiz, Mendikateko ur isurialdeen banatzaileen barna eta banatzaile horretan gaindi Zaragozako probintziako mugara ailegatu arte.

Iparraldeko eremuan, Petilla eta Petillako Baztanes sartzen dira.

V. KAPITULUA

Ohiko pasalekuetan usoa ehizatzeko arauak

22. artikulua. Ehiza postuak, bakarka nahiz lerroz lerro daudenak, finkoak izanen dira eta mendikateetako gainetan kokatuko dira edo mendi-mazeletako goiko partean. Debekatua dago "eskopeta hegalariak" deitutakoak erabiltzea eta postuetatik kanpora armak zorrotik aterata eramatea, postutik hurbil eroritako usoren bat biltzeko izan ezik. Kasu horretan arma kargatu gabe eraman beharko da.

23. artikulua. Uso migrariak harrapatzeko postu edo txabola berria paratzeko, edo legeztatutakoak lekuz aldatzeko, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimena beharko da, Ehizaren Antolamendu Plan egokiaren barrenean.

Ehiza postuek, itxaron-lerroan kokatuak, 50 metroko tartea izanen dute elkarren artean. Lehenagotik baimendutakoak tarte txikiagora badaude arau honi egokituko zaizkio horien aprobetxamenduaren adjudikazio epea ahitzen den momentuan.

24. artikulua. Postuen artean interferentziarik sortzen bada, lehentasuna izanen du haietako zaharrenak. Interferentzia dagoela ulertuko da lehentasuna duen postuaren eraginkortasuna murriztua gelditzen bada eta ukitutako postuen titularren artean batera ehizatzeko adostasunik ez bada.

25. artikulua. Postuak aprobetxatzeko ehiza-barrutiaren administraziorako ezarritako arauei jarraituko zaie.

Uso postuak dituzten ehiza-barrutiak adjudikatzeko baldintza pleguetan, eta orobat, barrutiko gainerako ehizakiez aparte adjudikatzen diren uso postuen enkanterako edo aprobetxamendurako baldintza pleguetan, zehaztu eta zenbakitu beharko dira postu guztiak, banan-banan.

26. artikulua. Debekaturik dago usoek hartutako bidea aldatzeko keinu, tiro edo beste edozein sistema erabiliz usoak izutu eta uxatzea. Nolanahi ere, zilegi da legeari jarraituz ezarritako txaboletan, bizirik, itsutu eta elbarritu gabeko apeuko usoak erabiliz usoak ehizatzea, betiere horrek usoari bere bidea uztarazten ez badio eta, horren ondorioz, legez paratutako beste postuetako ehiza galarazten ez badu.

27. artikulua. Postuek, bai itxuraz bai erabilitako materialen aldetik, paisaian ez nabarmentzeko modukoak izan behar dute. Ingurua garbitasun aldetik behar bezala edukitzea aprobetxamenduaren titularraren eginbeharra da. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, kasua bada, legezko neurriak hartuko ditu aipatu baldintzak betetzen ez dituzten postuen ehiza jarduera eteteko.

28. artikulua. Ehiza postu bat hurrenez hurreneko hiru urtetan ez erabiltzeak, baimenaz gabetzea ekarriko du berarekin.

VI. KAPITULUA

Baimendutako postuetan birigarroa ehizatzeko arauak

29. artikulua. Ehiza postuak finkoak izanen dira eta debekatua dago "eskopeta hegalariak" deitutakoak erabiltzea eta postuetatik kanpora armak zorrotik aterata eramatea, postutik hurbil eroritako birigarroren bat biltzeko izan ezik. Horrelakoetan, arma deskargaturik eraman beharko da.

30. artikulua. Postu berria paratzeko edo legeztatutakoak lekuz aldatzeko, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren baimena beharko da, Ehizaren Antolamendurako Planaren barrenean.

31. artikulua. Postu bakoitza beste postuen ohiko tirabidetik kanpo kokatuko da. Postuen artean gutxienez 50 metroko tartea egonen da.

32. artikulua. Postuek, bai itxuraz bai erabilitako materialen aldetik, paisaian ez nabarmentzeko modukoak izan behar dute. Ingurua garbitasun aldetik behar bezala edukitzea aprobetxamenduaren titularraren eginbeharra da. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, kasua bada, legezko neurriak hartuko ditu aipatu baldintzak betetzen ez dituzten postuen ehiza jarduera eteteko.

33. artikulua. Ehiza postu bat hurrenez hurreneko hiru urtetan ez erabiltzeak, baimenaz gabetzea ekarriko du berarekin.

VII. KAPITULUA

Xedapen bereziak

34. artikulua. Eperra apeu bidez harrapatzea debekaturik dago.

35. artikulua. Gizakiak hazi eta mendira botatako ehiza.

Ehiza mota hau, onetsi diren Ehizaren Antolamendurako Planetan horretarako zehaztu alderdietan egiten ahalko da bakarrik. Aipatu alderdiak erabiltzeko epea 2002ko abuztuaren 15etik 2003ko otsailaren 27ra artekoa izanen da, ostegun, larunbat eta igandeetan, baita estatuko, foru komunitateko edo herrietako jaiegunetan ere.

36. artikulua. Hegan doazen hegazti migrariak ehizatzeko postuetan, ehiza elkarte frantsesekin batera daudenetan, udazkeneko migrazioan Frantzian dauden baldintza berberetan ehiza daiteke baina bakar-bakarrik Nafarroan baimena duten espezieak.

37. artikulua. Ehiza txapelketak antolatzeko aldez aurretik Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren adostasun txostena behar da.

38. artikulua. Ehizatutako animaliak etxeratu baino lehen lumatu edo larrutzen badira, burua eta hankak erauzi gabe bertan eduki behar dituzte, identifikatu ahal izateko.

39. artikulua. Debeku da inurri hegodunak harrapatu, eduki edo merkaturatzea, baita karnatako erabiltzea ere.

40. artikulua. Txakurrak hezteko eremuak, Ehizaren Antolamendurako Planetan baimenduak, Plan bakoitzean zehaztutakoaren arabera erabili ahalko dira.

41. artikulua. Ehiza larriko uxaldiak behar bezala seinalatuko dira bide eta sarbideetan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Indarrik gabe gelditu dira Foru Agindu honen kontra dauden maila bereko xedapen guztiak.

Bigarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: a0207580