94. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

785/2002 EBAZPENA, uztailaren 25ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak konpentsazio bidez ebaluatzeko Arau Erregulatzaileak argitara emateko agintzen duena. Arau horiek Gobernu Batzordeak onetsi zituen 2002ko ekainaren 14koerabakiaren bidez.

Martxoaren 13ko 68/95 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratu dadila 2002ko ekainaren 14ko Gobernu Batzordeak hartutako Erabakia:

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEAK KONPENTSAZIO BIDEZ EBALUATZEKO ARAU ERREGULATZAILEAK

Aplikatzeko eremua

1. artikulua. Arau hauek Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen dituen titulazio ofizial guztietako ikasleentzat dira aplikatzekoak.

Konpentsazio epaimahaiak

2. artikulua. Konpentsazio bidezko ebaluazioa horretarako berariaz eratutako epaimahaiek egingo dute, eta Gobernu Kontseiluak izendatuko ditu, behar diren Ikastegiek proposaturik.

3. artikulua. Konpentsazio bidezko epaimahaiak, bat Ikastegi bakoitzeko, irakaskuntzako organoak dira eta Ikastegian ematen diren titulazioetako bakoitzean egiten dute lan.

4 artikulua. Ikastegiko Zuzendaria edo, bestela, hark eskuorde jarritakoa izango da dagokion epaimahaiko burua, eta epaimahaian unibertsitate irakaskidegoetako irakasleak izango dira, gutxienez ere, 3 eta, gehienez ere, 6, baldin eta esleituta badaukate dagozkien ikasketa planetako enborreko irakasgaiak irakasteko lana. Ikastegiko Idazkari kargua duena arituko da Ikastegiko Idazkari lanetan, hitzarekin baina botorik gabe. Konpentsazio bidezko epaimahaiko kideak ikasturte bakoitzeko lehen lauhilekoan izendatuko dituzte.

Bilera bakoitzara epaimahai bakoitzak irakaskidegoetako irakasle bat eraman ahal izango du; ahotsa eta botoa izango ditu, eta ikasleak eskatutako konpentsazioa zein irakasgairi dagokion, irakasgai horren irakaskuntza esleituta daukan sailaren ordezkaria izango da.

5. artikulua. Epaimahaiek balioetsiko dute ikaslearen ibilbidea ikasketetan, eta bai kalifikazioak bai interesekoa iruditzen zaien informazio osagarri guztia aztertuko dute.

Gertatzen bada irakasgai bateko konpentsazioa epaitzen ari direnean irakasgai horretako irakaslea bileran dela, irakasle horrek ez du parte hartu behar.

Epaimahaiek bermatuko dituzte gardentasun eta berdintasun printzipioak, eta egoera baztertzaileak saihestuko dituzte.

Inoiz ere ezingo dute azterketa probarik egin. Hala ere, Epaimahaiak eskatu ahal izango du curriculum informazioa osatuko duten dokumentazioa aurkeztea.

Konpentsazio bidezko ebaluazioa izan dezaketen ikasleak

6. artikulua. Konpentsazio bidezko ebaluazioa izan dezakete edozein titulaziotako irakasgaiak egiten ari diren ikasleak, baldin eta ikasketa planeko kreditu guztien %85 gainditu badituzte, beti ere, practicuma edo karrera amaierako proiektukoak ez badira, eta, gutxienez ere, lau deialdi erabili badituzte.

7. artikulua. Ikasle bakoitzak irakasgai bakarra aurkeztu ahal izango du ebaluazio bakoitzeko, eskatzeko eskubidea ematen dion egoera gertatu den titulazioan.

Prozedura

8. artikulua. Aurreko artikuluek jasotzen duten egoeran dauden ikasleek irakasgaiaren konpentsazioa egin nahi badute, eskaera aurkeztu beharko dute iraileko aktak emateko azken egunaren ondorengo 15 egunetan, eta ebatziko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo 45 egunetan. Ez dituzte onartuko konpentsazio bidezko ebaluazioa egin ahal izateko gutxieneko eskakizunak onartzen ez dituztela erakusten dutenak.

Eskabideak Irakaskuntza Atalean aurkeztuko dira, eta atal horrek, epeak bukatu ondoren, kasu bakoitzean dagokion epaimahaiko buruari bidaliko dizkio interesdunen espedienteekin batera.

9. artikulua. Konpentsazio bidezko epaimahaien erabakiak, berdin aldekoak edo kontrakoak, gutxiengo soilez onetsiko dira. Erabaki horiek administrazio bidea agortzen dute eta horien kontra, orokorrean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ekintzak eta erabakiak inpugnatzeko ezarritako errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira.

Konpentsazio bidezko gai kalifikazioa 5,00 zenbakizko notaren baliokidea da. Espedientea barematzeari dagokionez, konpentsazio bidezko gai kalifikazioak 1 balio du.

Funtzionamendua

10. artikulua. Epaimahaiaburuak deialdia egin bezainbestetan bilduko dira epaimahaiak, ebatzi beharreko ikasleen eskaerak baldin badaude.

Epaimahaiaren erabakiak dauzkten aktak Irakaskuntza Atalera bidaliko dira atal horrek interesdunei idatziz jakinaraz diezaien, eta, hala egin behar badu, dagokion irakaskuntza espedientean nota jaso dezan.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Salbuespenez, 2001/02 ikasturtean baldintzak bete dituzten ikasleek 2003ko urtarrilean aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak, eta urte horretako otsailean epaimahaiek erabakiak hartu eta aktak emango dituzte.

INDARRA HARTZEKO EGUNA

Arau hauek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta gero, 2002ko urriaren batean hartuko dute indarra.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hogeitabostean.-Errektorea, Antonio Pérez Prados.

Iragarkiaren kodea: A0207312