94. ALDIZKARIA - 2002ko abuztuaren 5a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

252/2002 FORU AGINDUA, ekainaren 13koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, goi mailako heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeetan Batxilergoko aukerako irakasgaien multzoa handitzen duena.

Martxoaren 27ko 89/2002 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoaren egitura garatu, haren antolaketa arautu, ordutegia finkatu eta aukerako irakasgaien curriculuma onetsi zuen. Agindu hark Batxilergoaren alderdi hauek zehaztu zituen, besteak beste:

-Batxilergoak irakasgai komunak, modalitatekoak eta aukerakoak biltzen ditu; hainbat modalitate eta ibilbidetan antolatuta dago, Batxilergoa bukatutakoan ikasten jarraituko duten ikasleei prestakuntza hobea emateko eta ikasle guztien interesei egoki erantzuteko.

-Aukerako irakasgaiek bi helburu dituzte: batetik, Batxilergoko prestakuntza orokorra sendotzea, eta, bestetik, modalitate bakoitzeko berariazko prestakuntza sendotzea, horrela ikasleei hezkuntza-ibilbide egokiagoak eskaintzeko.

-Etapako lehen kurtsoan aukerako irakasgai bat egin behar da eta bigarrenean beste bat.

Gainera, martxoaren 27ko 89/2002 Foru Aginduaren zortzigarren puntuan ezarrita dagoenez, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak erabaki behar du, goi mailako heziketa zikloak eskaintzen dituzten ikastetxeen egoera ikusirik, bakoitzarentzat zein irakasgai diren egokienak. Izan ere, goi mailako heziketa zikloak egiteko asmotan diren ikasleei komeni zaie bigarren kurtsoan ikasketa horiekin lotutako aukerako irakasgai bat ikastea.

Bidezkoa da zehaztea Batxilergoko bigarren kurtsoko aukerako irakasgaien multzoari zein irakasgai gehitzen ahal zaion horrelako heziketa zikloak dituzten ikastetxeetan, eta bai haien curriculuma onestea ere.

Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuaren zuzendariak adostasun txostena eman du, Batxilergoko bigarren kurtsoko aukerako irakasgai gehiago ezar daitezen goi mailako heziketa ziklo jakin batzuk eskaintzen dituzten ikastetxeetan. Honako irakasgai hauek proposatu dira: Administrazioaren eta Kudeaketaren Oinarriak, Anatomia-Fisiologia, Laborategiko Praktikak eta Elektronika.

Kontuan hartu dira xedapen hauek: 62/2002 Foru Dekretua, martxoaren 25ekoa, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoaren egitura eta curriculuma ezarri zituena, 89/2002 Foru Agingua, martxoaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoaren egitura garatu, haren antolaketa arautu, ordutegia finkatu eta aukerako irakasgaien curriculuma onetsi zuena, eta 44/1998 Foru Agindua, otsailaren 17koa, ikasleen sarrera, onarpena eta matrikulazioa arautzeko jarraibideak eman zituena eta, halaber, pedagogi antolamendurako irizpideak, 1998-99 ikasturtetik aurrera Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoa irakatsiko zuten ikastetxeen funtzionamendurako (martxoaren 27ko 90/2002 Foru Aginduak aldatua).

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluko 2.b) eta c) ataletan emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehena.-Foru Agindu honen bidez Batxilergoko bigarren kurtsoko aukerako irakasgai berri batzuen curriculumak onetsiko dira Batxilergoa eta, aldi berean, ondoko lanbide arloetako goi mailako heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeetan: "Administrazioa", "Merkataritza eta Marketina", "Osasuna", "Elektrizitatea eta Elektronika" edo "Produkzioaren Zerbitzuak eta Mantenimendua".

Bigarrena.-Batxilergoa eta, aldi berean, "Administrazioa" edo "Merkataritza eta Marketina" lanbide arloetako goi mailako heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeek Batxilergoko bigarren kurtsoan aukerako irakasgaien eskaintza handitu ahal izanen dute, Giza eta Gizarte Zientziak modalitateko aukerako irakasgaien multzoari "Administrazioaren eta Kudeaketaren Oinarriak" irakasgaia erantsiz.

Hirugarrena.-Batxilergoa eta, aldi berean, "Osasuna" lanbide arloko goi mailako heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeek Batxilergoko bigarren kurtsoan aukerako irakasgaien eskaintza gehitu ahal izanen dute, Natur eta Osasun Zientziak modalitateko aukerako irakasgai multzoari "Anatomia-Fisiologia" eta "Laborategiko Praktikak" irakasgaiak erantsiz.

Laugarrena.-Batxilergoa eta, aldi berean, "Elektrizitatea eta Elektronika" edo "Produkzioaren Zerbitzuak eta Mantenimendua" lanbide arloetako goi mailako heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeek Batxilergoko bigarren kurtsoan aukerako irakasgaien eskaintza gehitu ahal izanen dute, Teknologia modalitateko aukerako irakasgai multzoari "Elektronika" irakasgaia erantsiz.

Bosgarrena.-Aurreko puntuetan ageri diren aukerako irakasgaietarako orduak modalitateari dagozkion aukerako beste irakasgaien berberak dira: 4 ordu astean.

Seigarrena.-Aurreko puntuetan aipatu diren aukerako irakasgaien curriculumak Foru Agindu honen eranskinean daude.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Otsailaren 19ko 37/1999 Foru Agindua, goi mailako heziketa zikloak dituzten ikastetxeetan Batxilergoko aukerako irakasgaien multzoari gehituko zaizkion irakasgai berrien curriculuma onetsi zuena, indarrik gabe geldituko da 2002/2003 ikasturtea bukatutakoan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Baimena ematen zaio Hezkuntza zuzendari nagusiari Foru Agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Agindu honen berri emanen zaie Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuari, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Hezkuntza Berriztapenaren Atalari, Ikasketak Antolatzeko Atalari, Lanbide Heziketa Antolatzeko Atalari eta Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2003-2004 ikasturtetik aurrera aplikatuko da.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hamahiruan.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

ADMINISTRAZIOAREN ETA KUDEAKETAREN OINARRIAK

Sarrera

Enpresa-erakundeetan egiten diren administrazio eta kudeaketa funtzioak garatzea da irakasgai honen xede; horiek hainbat lan prozesutan bildurik aurkezten dira.

Edukietan administrazio eta kudeaketaren alorrean egiten diren lanen oinarrizko alderdiak azaltzen dira. Enpresen errealitatea izan behar dute erreferentzia; beraz, irakasgaiaren alderdi teorikoak eta praktikoak osotasun gisa landu behar dira.

Ikasleak administrazio lanetan erabili behar dituen ezagutzak hainbat arlotakoak dira: matematika, kontabilitatea, araugintza eta arlo juridikoa, harremanak eta komunikazioak, informazioaren tratamendua. Ikasleak irakasgai honetan landuko diren prozesuetan aurrera egin ahala bereganatuko ditu ezagutza horiek.

Azken batean, ikasleak enpresa-erakundeen administrazioan eta kudeaketan erabiltzen diren teknikak ikasten hasiko dira, baina gehiegizko espezializaziorik gabe, alderantziz baizik: ikasleari balio anitzeko prestakuntza eman behar zaio, lanean unean-uneko aldaketei aurre egiteko eta antolamenduan sor litezkeen berrikuntzetara moldatzeko gai izan dadin.

Helburu orokorrak

Irakasgai hau dela bide ikasleek gaitasun hauek bereganatu behar dituzte:

1.-Enpresa-erakundearen jardunaren ikuspegi praktikoa eta orokorra lortzea, hura osatzen duten arloen bitartez.

2.-Enpresa jardueran izaten diren agiriak identifikatu, erabili eta artxibatzea.

3.-Enpresaren egitura osatzen duten arlo edo departamentuetan erabiltzen diren oinarrizko teknikak ulertu eta erabiltzea.

4.-Enpresen kudeaketa eta administraziorako teknologia berriak hastapen-mailan ikasi eta erabiltzea.

5.-Ikasleen autoikaskuntza ahalbidetzea, erabakiak hartu eta egoki joka dezaten, baita ohikoak ez diren egoeretan ere.

6.-Arau juridikoak eta enpresari dagokion informazio oro zein iturritatik atera daitezkeen jakitea.

Edukiak

1. Enpresa.

-Kontzeptuak eta enpresa motak.

-Enpresa eratzeko tramiteak haren era juridikoaren arabera: agiriak, erakundeak eta betekizunak.

-Enpresaren egitura: arlo nagusiak.

2. Zuzendaritza, idazkaritza eta artxiboa.

-Antolamendu ereduak.

-Erabakiak hartzea.

-Enpresako idazkaritza: antolaketa eta eginkizunak.

-Artxiboa: kontzeptua eta xedea. Agiriak sailkatu eta antolatzeko sistemak eta artxiboen euskarriak. Agirien artapena.

-Postatruke orokorra. Postatrukerako agiriak idaztea eta betetzea. Sarrera eta irteerako erregistroak. Barneko banaketa.

-Teknologia berrien erabilera enpresako komunikazio eta informazio prozesuetan.

3. Administrazio arloa.

-Kontabilitate teknikari buruzko hastapena.

4. Hornikuntza arloa.

-Erosteko prozesua: hornitzaileak aukeratzea. Postatrukea. Agiriak idaztea. Eragiketen oinarrizko agiriak. BEZa erosketetan.

-Ordaintzeko prozesua: eskurako ordainketa eta ordainketa geroratua agiriekin eta agiri gabe. Hornitzaileei ez ordaintzea. Izakinak baloratzeko sistemak.

5. Ekoizpen arloa.

-Haren beharra industri eta eraldakuntza enpresetan.

6. Merkaturatze arloa.

-Salmenta prozesua: bezeroak erakartzea. Postatrukea. Agiriak idaztea. Eragiketen oinarrizko agiriak. BEZa salmentetan.

-Kobratzeko prozesua: eskurako kobrantza eta kobrantza geroratua agiri gabe eta agiriekin. Bezeroek ez ordaintzea.

7. Finantzaketa arloa.

-Enpresaren finantzaketa iturriak: enpresarenak berarenak eta besterenak.

-Finantza-bitartekariak. Banku zerbitzuak. Eragiketak eta agiriak.

-Kapitalizazio bakuna eta konposatua.

8. Langileria arloa.

-Enpresako langileria departamentua: eginkizunak.

-Langileen inguruko agiriak.

-Nominak egitea.

Ebaluazio irizpideak

1. Enpresa motak eta bakoitzaren ezaugarriak azaltzea. Haien alde onak eta txarrak aztertzea eta aukeratutako mota juridikoko enpresa eratzeko tramiteak simulatzea.

Ikaslea kasuan-kasuko helburuetarako enpresa motarik egokiena aukeratzeko gai dela egiaztatu behar da.

2. Gutunak eta agiriak prozesatu, idatzi eta betetzea. Informazioaren arloko berrikuntza teknologikoak ezagutzea. Erakunde publiko eta pribatuetan kudeaketak egitea.

Irizpide honen bidez, ikasleak informazioa idatzi, ulertu, aztertu eta labur azaltzeko eta informazioa prozesatzean bitarteko egokiak erabiltzeko daukan gaitasuna ebaluatu behar da.

3. Kontabilitateko oinarrizko kontzeptuak ikastea, arazo praktikoak ebaztea eta horiek simulazio batean erabiltzea, enpresa batek ekitaldi ekonomiko batean duen kontabilitate prozesua azaltzeko.

Ikaslea kontabilitateko ziklo osoaz jabetu dela eta kontabilitateko eragiketak indarra duten arauak betez eta zuzen erregistratzeko gai dela egiaztatu behar da.

4. Hornitzaileak egokiro hautatzea eta bezeroak erakartzea garrantzi handikoa dela jabetzea. Salerosketa prozesuetako lanak egitea. Izakinak baloratzeko metodo ezberdinak ezagutu eta erabiltzea.

Irizpide honen bidez, ikaslea enpresaren merkataritza-kudeaketaren arloko lanak eta kudeaketak burutzeko gai den jakin behar da.

5. Merkataritzan finantza-bitartekariekin egiten diren finantza-eragiketa ohikoenak ezagutzea eta simulatutako enpresa bati aplikatzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu behar da ikasleak baduela gaitasunik finantza-eragiketetan beharrezkoak diren tramiteak egiteko eta irakasgai honetan ikasiak dituen eragiketetan kalkulu arazoak ebazteko.

6. Indarra duen lege esparruan lan harremanek sorrarazten dituzten eskubideak eta betebeharrak ezagutzea. Nominak egitea, Gizarte Segurantzaren likidazioak eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipenak kalkulatzea eta simulatutako enpresa bati aplikatzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu behar da ikasleak baduela gaitasunik nominak egiteko eta enpresak bete behar dituen arauetan eskatutako agiriak betetzeko.

Laborategiko Praktikak

Sarrera

"Laborategiko Praktiketan" sakonago landuko dira Batxilergoko modalitateetako zenbait irakasgairen edukiak, eta prestakuntza osagarria eskainiko zaie ikasleei gerora egingo dituzten ikasketei begira.

Bistan denez, honako hau irakasgai praktikoa da, eta prozedurei dagozkion edukiak ditu ardatz. Gainera, garrantzi berezia dute laborategian ongi jarduteko arauek eta jokabideek. Beraz, irakasgai honek ikasleen prestakuntza zientifikoa areagotzen du, aurretiaz ikasitako teoria laborategiko praktiketan sakonago lantzen baitute. Ikasitako kontzeptuak aplikazio praktikoetan erabiltzen dituzte eta, aldi berean, teorian sakontzeko bide berriak zabaltzen zaizkie.

Irakasgai honen helburuek eta edukiek garapen metodologiko eraginkorra ahalbidetzen dute, irakasgaiaren alderdi hezitzailea indartzen duena. Nor bere lanaz eta honen ondorioez jabetzeko zentzu ona sustatzen du, ikaslearen burujabetasuna eta kritikarako zorroztasuna garatzen ditu, eta ikaslea bere ikasketen arduradun nagusi bihurtzen laguntzen du.

Ikasleak bakarlanerako jarrerak eta baloreak garatu behar ditu praktiketan, eta taldelanarekin uztartu. Horrela, partaidetza eta denen helburuak lortzeko lankidetza bultzatzen dira praktiketan.

Labur esanda, Laborategiko Praktiken xede nagusi eta funtsezkoa jarrerak eta trebeziak garatzea da; horrela, ikasleek praktiketan behar bezala finkatzen eta garatzen dituzte aurretiaz bereganatutako gaitasunak, lan-munduaren errealitatea hurbiletik ezagutzen dute, eta ikasketetan eginen duten ibilbidea (diplomaturak, lizentziaturak edo goi mailako heziketa zikloak) aukeratzeko orientabideak ematen zaizkie, laborategi mota ezberdinak ezagutzeko aukera baitute, bakoitzak bere praktika bereziak dituela.

Helburu orokorrak

Irakasgai honen garapenak lagungarria izan behar du ikasleek gaitasun hauek har ditzaten:

1.-Laborategiko ohiko materialak eta tresnak ezagutzea eta egokiro erabiltzea.

2.-Oinarrizko teknikak eta beren prozesuak gauzatzea.

3.-Laborategiko tresneria eta instalazioa bera erabiltzen dituztenean une oro Laneko Segurtasunari eta Arriskuen Prebentzioari buruzko Arauak (LAP) betetzea.

4.-Prozesuen eta emaitzen Erabateko Kalitateak duen garrantzia baloratzea.

5.-Nork bere egintzen erantzukizuna hartzea.

6.-Taldelanaren garrantzia baloratzea eta laborategiko kideen arteko komunikazioa sustatzea.

7.-Egiten ari den praktika eta kideko irakasgaiak bateratzen dituen ikuspegi orokorra izatea.

8.-Ingurumenaren garrantziaz jabeturik, laborategietako hondakinak deuseztatzeko bide egokiak erabiltzea.

9.-Nork bere ikasketen ardura hartzea.

Edukiak

1. Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Arauak (LAP) eta Laborategiko Segurtasun eta Higiene Arauak.

-Laneko arriskuen prebentzio, segurtasun eta higieneari buruz ezarrita dauden arauei jarraituz aritzeko prozedurak, laborategi motaren arabera. Laborategiko ohiko arriskuak (fisikoak, kimikoak, biologikoak) saihesten dituzten jokamoldeak garatzea.

-Lehen laguntzetarako materialen erabilera, zainketa eta ardura (begiak garbitzekoa, botikina, erreaktiboak, pomadak etab.).

-Merkatuko nahiz laborategian prestatutako erreaktibo-ontzien etiketen garrantzia aintzat hartzea, etiketak bereiztea eta erreaktiboak biltegiratzearen garrantziaz jabetzea.

-Ingurumena zaintzeko arauak ezartzea hondakinak deuseztatzeari begira.

-Garbitasuna eta txukuntasuna lanean, erreaktiboak manipulatzean eta material eta tresnak erabiltzean.

2. Erreaktiboak eta materiala. Magnitude fisiko-kimikoak.

-Laborategian erabili ohi diren gai kimikoak. Ezaugarrien bereizketa talde funtzionalaren arabera.

-Laborategian erabiltzen den beirazko materiala, portzelanazkoa, plastikoak etab. Terminologiaren erabilera zuzena. Beirazko elementu bakoitzaren funtzioa.

-Magnitude fisiko-kimikoak: bolumena, masa, dentsitatea tenperatura eta presioa. Unitateak. Unitateen bihurketa.

-Laborategiko oinarrizko tresnak. Distilagailuak, termometroak, labeak, desmineralizagailuak (motak), berogailuak, bainu termostatikoak, irabiagailu magnetikoak, pipeta-zurgagailuak, buretak, pipeta digital automatikoak, balantzak eta fluxu laminarreko kanpaia. Haien ezaugarriak eta erabilerak.

3. Oinarrizko prozesuak.

-Oinarrizko eragiketak. Substantzia baten osagaiak banantzea iragazpenaren bidez (motak) eta baheketaren bidez. Zentrifugazioa eta oinarrizko grabimetria, distilazioa (motak) eta erauzketa.

-Erreakzio kimikoen bidez lortzen diren gaiak. Lotura motak.

-Mota ezberdinetako kristal-egiturak lortzea.

4. Analisi kimikoak.

-Disoluzioaren kontzentrazioa adierazteko erak eta unitateak. m/v, m/m, v/v, portzentajeak (%), milioiko zatiak (ppm), Molartasuna (M), Normaltasuna (N), Molaltasuna (m) eta Osmolaltasuna (Osmol.).

-Bolumetriak: azido-baseak, neutralizazioa, hauspeatzea eta oxidazio-erredukzioa. Tekniken kalitatearen kontrola. Bolumetrien aplikazioa zenbait substantziaren kopurua neurtzeko.

-Adierazleak. Motak. Funtzioa eta bihurtze-denborak.

-Zenbait funtzio organiko ezagutzeko erreakzioak.

-Analisi kimikoko prozesu osoaren plangintza eta aurkezpena.

5. Tresna bidezko analisia.

-Berariazko aparatu eta tekniken azterketa. Metodo elektrikoak: elektrodoak (motak), potentziometria (pH-metroak). Kalibraketa-kurbak. Ereduen erabilera. Kalitatearen kontrola. Metodo gasometrikoak: Barrón-en mikroureometroa. Metodo optikoak: polarimetria, errefraktometria, kolorimetria eta espektrofotokolorimetria (atomo-absortzioa, UV-V) eta atomo-igorpena (sugarraren fotometria). Zenbakizko irudikapenak eta grafikoak. Kalitatearen kontrola.

-Substantzia baten osagaien zatikapena. Kromatografia (motak) eta elektroforesia (motak). Irudikapenak. Kalitatearen kontrola.

-Ingurumen-neurgailuak: X izpien igorgailuen kalitatearen kontrola. Hotsaren azterketa (sonometroak) eta kutsadurarena (gas toxikoak).

-Laneko jarrerak: erantzukizuna eta emaitzen fidagarritasunaren garrantzia. Emaitzen kalitatearen kontrola.

6. Bestelako analisiak.

-Prozesu mikrobiologikoen oinarrizko ezagutza: esterilizazioa, hazkuntza-inguruneak, tindaketak, mikroorganismoen identifikazioa eta zenbaketa. Merkatuko kit-en bidezko identifikazioa.

-Odolaren oinarrizko probak. Taldeen azterketa. Teknika koalitatiboak eta koantitatiboak sueroko glukosaren, urearen eta entzimen analisiak egiteko.

-Gernuaren oinarrizko probak. Zehaztapen koalitatiboak. Glukosa, urea eta a-amilasa kopuruen zehaztapena.

-Elikagaien zenbait kontaminatzaileren analisi kimikoa.

-Prozesuen eta emaitzen kalitatearen kontrola. Kalibraketa-kurbak. Emaitzen fidagarritasun eta zehaztasunaren eta emaitzek diagnostikoarekin duten erlazioaren garrantzia.

-Hortz-protesien laborategia. (Ikuspegi praktikoa: bisitak...).

-Laborategiko jardueraren arabera materialak eta tresneria nola aldatzen diren ikustea.

-Praktiketarako erabiltzen diren laborategietako arriskuak, arriskuen prebentzioa eta hondakinen deuseztapena bereiztea.

Ebaluazio irizpideak

1. Laneko Segurtasun eta Higieneari buruzko Arautegia erabiltzea arriskuak saihesteko eta larrialdi eta istripuak ekiditeko. Erreaktiboak eta tresnak une oro segurtasuna bermatzeko eran edukitzea. Hondakinak birziklatzeko edo/eta deuseztatzeko berariazko sistemak erabiltzea, hondakinak neutralizatu edo biltegiratzeko teknikak aplikatuz. Batik bat hondakin biologikoak hartu behar dira kontuan.

Ikasleak ikastetxeko material eta laborategi moten arabera indarra duen Laneko Arriskuei eta Segurtasunari buruzko arautegia (INSHT) ezagutzen eta erabiltzen duen begiratu behar da. Ikasleak laborategiko arrisku orokorrak ezagutu behar ditu eta lan-materialaren arabera sailkatu (erreaktibo kimikoak, prozesu fisikoak, material biologikoa, mikroorganismoak etab.). Babeserako funtsezko elementuak ezagutu behar ditu eta istripu txikietan botikina erabiltzen jakin behar du.

2. Merkatuko edo laborategian prestatutako produktu kimikoen ezaugarriak identifikatu eta ezagutzea, etiketari erreparatuta.

Irizpide honen bitartez egiaztatu behar da ikaslea gai dela, etiketa irakurtze soilarekin, erreaktiboen ezaugarriak, arriskugarritasuna, purutasun edo aberastasuna, pisu molekularrak, biltegiko tenperatura etab. interpretatzeko, horrela erreaktiboa behar bezala erabili ahal izateko.

3. Laborategian gehien erabiltzen diren materialen izenak eta funtzioak jakitea eta terminologia zuzena erabiltzea.

Ikasleak laborategiko berariazko terminologia erabili behar du, "gauza bakoitzari bere izena emanez", eta materialen erabilerak ahalik eta zehatzena izan behar du akatsik gabeko emaitzak lortuko badira.

4. Grabimetriaren, bolumetriaren, dentsitateen eta tenperaturaren metodologiak identifikatu eta aplikatzea eta unitate erabilienak ezagutzea.

Ikasleak laborategiko ohiko aparatuak ezagutu behar ditu, neurtzeko unitateak erabili behar ditu eta unitateen arteko bihurketak egin neurketa-sistema batetik bestera igarotzeko. Ikasleak gauza izan behar du aparatua aukeratu, teknika egokia gauzatu eta emaitza zuzenak lortzeko.

5. Lagin homogeneo edo heterogeneo baten (nahastura edo disoluzioa) osagaiak banantzeko eragiketak aipatzea, osagaien izaera eta lagin mota kontuan izanik.

Irizpide honen bitartez egiaztatu behar da ikasleak badakiela zein metodo aukeratu behar duen lagin baten osagaiak banantzeko, eta bananketaren eraginkortasuna baloratzen duela erabiltzen ari den teknikari dagokionez.

6. Disoluzioa prestatzeko modua aztertu, bereizi eta aplikatzea, solutuen eta disolbatzaileen arabera.

Ikasleek gai izan behar dute disoluzioaren prestaketan tresna eta unitate egokiak erabiltzeko, eta prozesuaren urrats bakoitzean balizko akatsak aztertzeko. Gainera, disoluzioa gaizki prestatzeak teknikaren emaitzen akatsak eragin ditzakeela jakin behar dute.

7. Teknika bolumetrikoak aztertzea, disoluzioak baloratzeko edo nahasturen osagaiak identifikatzeko, eta emaitza unitate egokietan adieraztea.

Irizpide honen bidez egiaztatu behar da ikasleek behar adinako ezagutza eta trebeziak bereganatu dituztela analisi koantitatiboak egiteko. Emaitzen zehaztasunari erreparatu behar zaio.

8. Tresna bidezko teknikak aplikatzea lagin jakin baten osagaiak identifikatu eta horien kopuruak neurtzeko. Aparatuak datuak erregistratzeko darabilen sistemaren arabera, datuon interpretazioa eginen da. Tresnaren ezaugarriak deskribatzea eta haren balizko akatsak aztertzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu behar da ikasleek behar adinako trebezia bereganatu dutela tresna sofistikatuak erabiliz emaitza zuzenak lortzeko. Berariazko kalitate-kontrola ezagutu behar dute, eta bai aparatu bakoitzaren eta datu-unitateen akatsen eragileak ere. Erabiltzen dituzten aparatuen ahalbideak ezagutu behar dituzte, eta substantzia berak bereizteko erabiltzen diren beste aparatuekin dituzten aldeei antzeman behar diete, bai alde teknikoei eta bai emaitzetan (datuetan) azaltzen direnei ere.

9. Mikrobiologia laborategian erabiltzen diren materialak esterilizatzeko teknikak aplikatzea, hazkuntza-inguruneak prestatzea eta hazkuntza-eragiketak burutzea, ereintzatik hasi eta mikroorganismoak identifikatu eta zenbatzerainokoak.

Irizpide honen bidez egiaztatu behar da ikasleak badakiela zer-nolako lana egiten den Mikrobiologia laborategian, bereizten dituela jarduera ezberdinak egiten dituzten laborategien arteko aldeak eta ezagutzen dituela laborategi mota bakoitzeko Arriskuen Prebentzioari eta Higieneari buruzko arautegiak, arrisku-eragileak, kontaminatzaileak eta hondakinak deuseztatzeko metodoak. Orobat, egiaztatuko da ikaslea gai dela mikroorganismo mota jakinak bakartu eta zenbatzeko, hazkuntza-ingurune egokia prestatu eta mikroorganismoa erein ondotik.

10. Lagin mota jakinetan teknika errazak aplikatzea, hala nola, odol laginetan (odol osoa, sueroa edo plasma) edo gernu laginetan.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ikasleek badakitela zertan den Analisi Klinikoen Laborategia, gai direla lagin biologikoekin lan egiteko, behar adinako arretarekin, eta ezagutzen dituztela lagin biologikoek ohiko disoluzioekin dituzten antzak eta aldeak. Ikasleek substantzia bakoitza identifikatzeko erabiltzen diren teknika ezberdinak ezagutu behar dituzte, gauza izan behar dute berariazko teknikak aplikatzeko eta giza biokimikaren adierazgarri diren parametro sinpleak neurtzeko odol osoan (odol taldeak), sueroan nahiz plasman (entzimen zehaztapena) eta gernuan (urea eta a-amilasa). Oinarrizko zenbait analisiren emaitza normalak eta patologikoak bereizi behar dituzte eta horiei buruzko azterketa estatistikoak egin. Analisi Klinikoen Laborategiko tekniken eta bestelako laginekin (kimikoak edo mikrobiologikoak) erabiltzen diren tekniken arteko diferentziak aztertu behar dituzte.

11. Elikagaien kontaminatzaile jakin batzuk identifikatzea eta haien kopuruak neurtzea, analisi errazen bitartez.

Irizpide honen bidez egiaztatu behar da ikaslea, oinarrizko teknikak erabiliz, gauza dela oinarrizko elikagaien (esnea, olioa, ozpina, ogia etab.) zenbait osagairen azterketa egiteko. Elikagai horietan kontaminatzaile jakin batzuen kopurua zenbaterainokoa izan daitekeen jakin behar du eta kopuru horiek irudikatu egin behar ditu.

12. Mota ezberdinetako laborategietan erabiltzen diren material eta tresnen arteko funtsezko aldeak identifikatzea, laborategi mota bakoitzaren helburu eta jarduerak kontuan izanik.

Ikasleak, Teknologia, Biokimika, Mikrobiologia, Hematologia eta Hortz-Protesien laborategietan eta Rx Gelan praktikak bukatutakoan, ongi ezagutu behar ditu laborategi horietako materialak, tresnak, arriskuak (fisikoak, kimikoak zein biologikoak) eta hondakinak deuseztatzeko modu guztiak.

Anatomia-Fisiologia

Sarrera

Giza gorputzarekiko jakin-mina ez da azkenaldi honetako kontua. Giza gorputza nola dagoen eratuta eta nola dabilen jakiteko irrika betikoa da, jakina, baina gaur egun, gainera, gorputzaren ezagutzaren bidez bizimodua hobetu egin nahi dugu. Gorputzeko organoen egitura eta funtzioa aztertzea funtsezko "lehen urratsa" dugu, geure osasunari buruzko erabakietan eraginkorrago eta gaiaz jabetuta parte hartzen lagunduko digun informazioa ulertu eta erabiltzeko.

Gorputza hobeki ezagutzeko helburuarekin medikuntzak eta zientziak egiten dituzten aurrerapausuek (Bioteknologia, Inmunologia, Genetika, Biologia Molekularra etab.) jakin-min handia eragiten dute. Horren lekuko, prentsak, telebistak, irratiak eta gainerako informaziobideek aurrerapen horien azalpen laburrak eta "hurbilbideak" eskaintzen dizkigute. Gizarteak, bere aldetik, bizitza-kalitatea hobetzeko bide gehiago eskatzen dizkie medikuntzari eta zientziei.

Ikasleak, etorkizunean ikasten duena ikasten duela, bere gorputza ezagutzen badu hobeki ulertu ahal izanen ditu bere osasunaren inguruko gorabehera guztiak (sendabide, diagnosirako proba, prebentzio neurri etab.). Osasunaren arloko ikasketak egin nahi dituen ikaslearentzat irakasgai hau are garrantzitsuagoa da, zientzia klinikoak ulertzeko oinarriak eskainiko dizkiolako eta osasunaren arlo konplexu, zoragarri eta aldakorrean ikasketak egiteko bidea irekiko diolako.

Anatomia eta fisiologia zientzi arlo ezberdinak dira, eta, hala ere, elkarri lotuta daudenak. Batxilergoan arlo horiek lantzen hasten diren ikasleek aldi berean aztertu behar dituzte "atalen" antolaketa eta "osotasunarena", gorputz bizi eta osoaren egitura eta funtzioa, elkarren osagarri, behar bezala ezagutuko badituzte. Informazio bateratua jasota hobeto uler daiteke atalek nola eragiten dioten elkarri eta nola elkartzen diren, aurkako giroan ere bizirik iraun dezakeen gorputza osatzeko.

Anatomia eta Fisiologia Batxilergoan ikastearen helburua giza gorputzaren egituraz eta funtzioaz aurreko etapetan ikasitakoak osatu eta sakontzea da. Gainera, zientzia-lanerako jarrera egokiak sustatu behar dira (kritikarako gaitasuna eta jakin-nahia) eta horretarako ikasleari ikertzeko tekniken hastapenak irakatsi behar zaizkio. Azkenik, irakasgai honek norberaren eta besteren osasunari mesede eginen dioten ohiturak sustatu behar ditu, gizakien bizimodua hobetzen laguntzeko.

Batxilergoko Anatomia eta Fisiologia irakasgaian nabaria da ikasleak prestatu eta orientatzeko joera, goi mailako ikasketak egin ditzaten: diplomaturak (Erizaintza, Fisioterapia etab.), lizentziaturak (Medikuntza, Farmazia, Albaitaritza, Biologia etab.), eta Osasun Saileko goi mailako heziketa zikloak (Laborategi Klinikoa, Irudiaren bidezko Diagnosia, Hortz-protesiak, Hortz-haginen Higienista etab.).

Helburu orokorrak

Irakasgai honek bidea eman behar du ikasleek gaitasun hauek beregana ditzaten:

1.-Gorputzaren antolamenduaren eta kontrol homeostatikoaren mailak ulertzea eta horietan esku hartzen duten sistema eta elementu nagusiak identifikatzea.

2.-Organo eta sistemen egitura makroskopikoa eta mikroskopikoa ezagutzea eta haien antolaera eta funtzioarekin erlazionatzea.

3.-Eskuen trebetasuna landu eta garatzea eta saiakuntzak egiteko tresnak eta teknikak ezagutzen hastea.

4.-Zientzia-lanarekin lotu ohi diren jarrerak garatzea: informazioa bilatzea, kritikarako gaitasuna, gertaerak egiaztatu beharra, taldelana eta ideia berriekiko jakin-mina.

5.-Norberaren ezagutzez baliaturik, komunikabideek osasunaren arloko aurrerapen eta lorpenen berri ematen dutenean zabaltzen dituzten mezu, datu eta informazioak interpretatzea eta horiek gizartean duten eragina aztertu eta kritikoki baloratzea.

6.-Ohitura osasungarriak sustatzearen aldeko jokabide kritiko eta arretatsua hartzea, bai norberaren bizitzan eta bai taldearenean.

Edukiak

1. Osasuna eta eritasuna.

-Gizarteko ohiturak eta horiek osasunean duten eragina. Balorazio kritikoa.

-Eritasuna. Gaurko kontzeptua. Zantzuak eta faseak.

-Gorputzaren sistema eta funtzioekin erlazionatutako patologiak.

-Prebentzio neurriak, haien garrantzia.

2. Giza gorputza. Ikuspegi orokorra.

-Deskripzio anatomikoa: atalak, barrunbeak, planoak...

-Anatomiako terminologia.

-Antolaketa mailak: kimiko zelularra, organiko sistemikoa.

-Egituraren eta funtzioaren elkarreragina.

-Giza gorputzaren bizi-zikloa.

3. Komunikazioa gorputzean.

-Zelulen arteko komunikazioaren abiaburuak: egiturazko loturak eta mezulari kimikoak.

-Nerbio sistema: egitura- eta funtzio-antolaketa.

-Sistema endokrinoa: antolaketa eta jarduteko mekanismoak.

-Nerbio sistema eta sistema endokrinoa, elkarren osagarri.

-Barneko ingurunea: zelulaz kanpoko likidoak; plasma eta odola.

4. Harremanak, euskarria eta mugimendua.

-Sentimen-sistema nagusiak. Ikusmena eta entzumena. Beste sistema batzuk.

-Jarrera eta mugimendua: sistema eskeletikoa eta muskulu-sistema. Haien egitura eta funtzioak.

-Estatikaren eta mugimenduaren fisiologia.

-Miaketa funtzionalak.

-Bizi-zikloa.

5. Elikadura funtzioak.

-Digestioa eta absortzioa: esku hartzen duten sistemak. Funtsezko abiaburuak. Digestio prozesuak, absortzioa, digestioa eta jariaketa.

-Arnasketa: arnas aparatuaren antolamendu orokorra. Arnasketaren mekanika: gasen trukaketa. Biriketako aireztapena.

-Zirkulazioa: sistema kardio-baskularraren egitura eta funtzio-antolaketa. Miaketa funtzionalak eta bizi-konstanteak.

6. Homeostasia.

-Metabolismoaren eta oreka energetikoaren erregulazioa.

-Oreka hidroelektrolitikoaren erregulazioa: giltzurrunak eta barneko ingurunea. Gernu-sistemaren egitura eta funtzioa.

-Espezifikotasunaren iraunarazpena: sistema inmunea, egitura eta funtzionamendua. Erantzun inmunea.

-Estresa (stress-a): gorputzaren erantzuna larrialdietan.

7. Ugalketa, hazkundea eta garapena.

-Aparatu genitalak: anatomiaren eta funtzioen deskripzioa.

-Ugalketa: ernalkuntza, haurdunaldia, erditzea.

-Kontrazepzioa.

-Sexu estimulua eta erantzuna.

-Gorputzaren garapena: informazio genetikoa eta haren azalpena.

-Hazkundearen fisiologia.

Ebaluazio irizpideak

1. Giza gorputza osatzen duten egitura anatomikoak identifikatzea, ezagutzea eta maketetan eta irudikapen grafikoetan kokatzea.

Ikasleak eremu anatomikoak banan-banan aipatu eta bakoitzean dauden organoak identifikatzeko gauza diren baloratu behar da.

2. Egitura anatomiko bat emanda, non dagoen azaltzea, erreferentziako termino anatomikoak erabiliz.

Irizpide honen bitartez ikasleek terminologia anatomikoa erabiltzen ba ote dakiten ebaluatu behar da.

3. Sistema eta organo bakoitza bere funtzioarekin lotzea. Oinarrizko mekanismoak eta beste sistema batzuekin dituzten harremanak identifikatu eta azaltzea.

Irizpide honen bitartez, ikasleek gorputzaren funtzioak ikasi dituztela eta gorputzaren funtzioen faseak eskema gisa deskribatzen dakitela egiaztatu behar da.

4. Kontrol homeostatikorako sistema baten irudikapen grafikoan, kontrolean esku hartzen duten sentsoreak, efektoreak eta sistema bateratzaileak identifikatzea.

Ikasleek prozesu homeostatikoetan parte hartzen duten elementuak ezagutzen dituztela egiaztatu behar da.

5. Mekanismo fisiologikoak gaixotzeko moduekin erlazionatzea.

Ikasleak sistema jakin baten fisiologiaren eta patologien arteko lotura ulertzea da helburua.

6. Medikuntzako terminologia zehaztasunez erabiltzea mekanismo fisiopatologikoak deskribatzeko.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ikasleek behar adinako hiztegia ikasia dutela beren mailako zailtasuna duten testu zientifikoak interpretatzeko eta hizkuntza teknikoa zuzen erabiltzeko.

7. Proposatutako praktikak egiteko tresnak eta bitarteko teknikoak aukeratzea eta trebeziaz erabiltzea.

Ikasleek fisiologiako laborategian erabili ohi diren material eta tresnak ezagutzen dituztela eta trebeziaz eta kontuz erabiltzen dituztela egiaztatu behar da.

8. Ikasgaiarekin erlazioa duten testuak behar bezala interpretatzea, haien informazioa ezagutu eta baloratzea eta lan monografikoak egiteko erabiltzea.

Ikasleen autonomia, erabiltzen dituzten bitartekoak eta egiten dituzten lanen edukien eta aurkezpenaren kalitatea baloratu behar dira.

Elektronika

Sarrera

Elektronika gaur egungo teknika askoren euskarri da. Funtsezko osagaiak elektronikoak dituzten elementu eta ekipoez inguraturik gaude. Edozein komunikazio egiten dugunean ekipo elektroniko bat edo gehiago jarriko dugu lanean. Horrexegatik sortu nahi da aukerako irakasgai bat, ikasleei Elektronikaren berri zehatz eta argia eskainiko diena.

Ordenadoreen erabilera, sistema bitarraren aplikazioa eta zirkuitu elektronikoen bidez eragiketa bitarrak egiteko ahalbidea direla eta, Elektronikaren bi adar sortu dira: Elektronika Analogikoa eta Elektronika Digitala.

Elektronika Analogikoan ikasleek ekipo elektronikoaren osagaiak, haren erabilera eta egiaztapena ezagutuko dituzte. Elektronika Digitalean, berriz, logika elektronikoaren eta horren sistemen eremuan sartuko dira eta prototipo automatiko txikiak taxutu eta erabili ahal izanen dituzte.

Bi adarrek ere osagai elektriko eta elektronikoen azterketa eta ezagutza dituzte oinarri, eta osagai pasiboak eta aktiboak bereizten dituzte. Azken horiek, batez ere, material erdieroaleetan oinarrituta daude.

Elektronikaren abstraktutasuna dela eta, beharrezkoa da metodologia praktikoaren laguntza. Hala bada, ikasleek eduki-unitate bakoitzean errealizazioak egin beharko dituzte, betiere edukien hurrenkerari segituz, behar diren egiaztapen eta analisiak modu praktikoan egin ahal izateko.

Irakasgaia behar bezala gara dadin komeni da Ikasgela-Tailerra edukitzea, era honetan atonduta:

Elektronikako laborategia, taldeak eginen dituen neurketa, egiaztapen, kalibraketa etab.etarako ekipo eta bitartekoekin, proposatuko diren praktiketarako material elektronikoekin eta bibliografia, eskema eta eskuliburuekin.

Azalpen teorikoetarako aldea, non ikasleek apunteak hartuko baitituzte, beren lanak azaldu, bideo eta gardenkiak ikusi, etab. Komeni da alde honetan eztabaida eta lanerako mahai handiak egotea.

Ikasgela-tailer horrezaz gainera, komeni da taldeak ordenadorez hornitutako ikasgela bat erabili ahal izatea, zirkuituen simulazioak eta zenbait praktikaren memoriak bertan egiteko eta informazioa interneten bilatzeko.

Irakasgai hau Batxilergoko curriculumean sartzeak ikasleen prestakuntza areagotu behar du eredugintza matematikoan, lege fisikoen aplikazio praktikoan edo funtzioen analisi eta sintesian. Irakasgai hau berariaz antolatu da Batxilergoko bigarren urtean Elektroteknia irakasgaiarekin batera ikasi ahal izateko moduan, elkarren osagarriak direlako eta biek batera ikasleei oinarrizko lanbide-prestakuntza emanen dietelako goi mailako zikloetan elektrizitatea, elektronika, kontrola, automatizazioa eta horrelako gaiak ikasteko.

Helburu orokorrak

1.-Elektronikaren bilakabide historikoa aztertzea, eta jakintza arlo horrek teknologiari, zientziari, komunikazioei, industriari, aisialdiari eta kulturari egin dizkion ekarpenak aztertzea.

2.-Zirkuitu elektroniko analogiko eta digitaletan erabiltzen diren seinale elektrikoak deskribatzea eta horiek definitzen dituzten magnitude elektrikoak aztertzea.

3.-Zirkuitu elektronikoen osagaiak deskribatzea eta haien sinbologia, ezaugarri elektrikoak eta jokaera fisikoa ezagutzea.

4.-Zirkuitu elektronikoen eskemak interpretatzea, haien bloke funtzionalak aztertzea, haien osagaiak eta elkarlotzen dituzten konexioak identifikatzea.

5.-Zirkuitu analogikoak fisikoki eta grafikoen bidez aztertzea eta oinarrizko aplikazioen zirkuituetan kalkulu errazak egitea.

6.-Elektronika digitalaren oinarrizko zirkuituak aztertzea, halako moldez non, informazio tekniko egokia erabiliz, oinarrizko aplikazioak diseinatu ahal izanen baitira.

7.-Zirkuitu baten parametroak neurtzea, tresna egokia aukeraturik, eta unean-unean behar diren magnitude eta eskalak hautatuz.

8.-Erabiltzen diren osagaiei buruzko informazio teknikoa interpretatu eta aztertzea.

9.-Zirkuitu elektroniko sinpleren bat muntatzea, lanaren faseak antolatu ahal izateko moduan, hura burutzeko arauak kontuan hartuz eta behar diren egiaztapenak eta neurketak eginez.

10.-Lanak arretaz egitea, ezarritako epeetan, aurkezpena zainduz, behar diren materialak erabiliz, ezarritako segurtasun arauak betez, materialen zainketa eta erabilera zuzena azpimarratuz.

Edukiak

1. Elektronikaren sektorea.

-Arlo teknologikoak: telekomunikazioak, erregulazioa eta kontrola, informazio tratamenduko sistemak.

-Ekoizkinaren arloak: kontsumorako elektronika, elektromedikuntza, automoziorako elektronika etab.

-Elektronikako enpresa, arlo funtzionalak: marketina, diseinua, ekoizpena, kalitatea, salmenta ondoko zerbitzua.

-Ekoizpen prozesuak: osagaiak, ekipoak eta sistemak.

2. Neurri elektrikoak eta haien tratamendua.

-Magnitude elektrikoak: erresistentzia, tentsioa, intentsitatea eta potentzia.

-Ohm-en eta Joule-ren legeak.

-Erresistentzien elkartzea.

-Neurketak eta seinaleen behaketa zirkuitu elektrikoetan: polimetroa, osziloskopioa eta funtzio-sorgailua.

3. Artezketa, egonkortzea eta erregulazioa.

-Korronte alternoa eta korronte zuzena. Berezko magnitude eta balioak.

-Osagai pasiboak: erresistentziak, kondentsadoreak eta harilak.

-RL zirkuituak, RC zirkuituak eta RLC zirkuituak. Erresonantzia.

-PN lotura. Diodoa. Berezko kurba.

-Korronte alternoaren artezketa.

-Iragazkiak.

-Zener diodoa.

-Egonkorgailuak.

4. Anplifikazioa.

-Anplifikazioa eta atzeraelikadura. Oinarrizko kontzeptuak.

-Anplifikadore motak.

-Transistorea: egitura, motak eta ezaugarriak.

-Eragiketa-anplifikadorea. Zirkuitu linealak.

-Anplifikadore integratuak.

5. Konmutazioa.

-Transistorea konmutazioan.

-Multibibragailu motak. Aplikazioak. Maiztasunen erregulazioa.

-Multibibragailuak eta konparadoreak eragiketa-anplifikadoreekin.

-555-a multibibragailu gisa.

-Iragazki aktiboak.

6. Elementu bereziak.

-Erresistentzia ez-linealak (PTC, NTC, LDR eta VDR).

-Eragingailu optoelektronikoak (led-ak, display-ak, fotodiodoak etab.).

-Tiristorea. Diac-a. Triac-a. UJT. PUT.

-Elementuon ezaugarri teknikoak eta aplikazioak. Sinbologia.

7. Elektronika digitala.

-Kode bitarra.

-Boole-ren algebra: postulatuak, propietateak eta teoremak.

-Funtzio logikoak.

-Ate logikoak.

-Konbinaziozko eta sekuentziazko zirkuituak.

-Mikroprozesadoreak eta mikrokontrolgailuak. Sarrera.

Ebaluazio irizpideak

1. Mota ezberdinetako seinale elektrikoak identifikatzea, eta bai haien berezko balioak ere.

Egiaztatu behar da ikasleak seinale alternoak eta zuzenak bereizten dituela eta seinale alternoen ezaugarriak ezagutzen dituela: balio eraginkorra, unekoa eta gehienekoa, maiztasuna eta periodoa.

2. Zirkuituen funtzionamendua koalitatiboki azaltzea, bai tentsio zuzenean eta bai alternoan, zirkuituen osagaien portaerari buruzko ezagutzetan oinarriturik.

Irizpide honen bitartez jakin nahi da ea ikasleak ongi ulertzen dituen zirkuitu elektrikoen osagaien portaerak, elikadura tentsio zuzenekoa ala alternokoa den.

3. Balio egokia duten osagaiak hautatzea eta behar bezala jostea zirkuitua osatzeko.

Osagaiei buruzko ezagutzak praktikan erakutsiz, ikasleak osagaiok elkarrekin konektatzen jakin behar du zirkuitua osatzeko.

4. Zirkuitu elektronikoak aztertu eta elementu solte batek edo multzo funtzional batek osotasunean duen egitekoa identifikatzea.

Ikaslea, osagai edo multzo funtzional bati buruzko informazio teknikoaren bidez, zirkuituaren barnean hark duen egitekoa antzemateko gai den ebaluatu behar da.

5. Osagai elektroniko jakin bati buruzko zehaztapen teknikoak interpretatzea, baldintza nominaletan haren portaeraren magnitude nagusiak zehazteko.

Ikaslea, fabrikatzaileak emandako zehaztapen tekniko, taula, kurba eta abarren bidez, baldintza nominalen peko funtzionamenduaren parametroak antzemateko gai den ebaluatu behar da.

6. Zirkuitu elektroniko baten oinarrizko magnitudeak neurtzea, neurgailu egokia hautatu, behar bezala konektatu eta eskala egokia aukeratu ondotik.

Ebaluatu behar da ea ikaslea gauza ote den neurgailu egokia aukeratu, konektatu, erabili eta kalibratzeko, neurketa interpretatzeko eta zirkuituak aztertu eta abian jartzeko saioak egiteko.

7. Zirkuitu elektronikoetan edo haien osagaietan egindako neurketak interpretatzea, haien balizko funtzionamendua egiaztatzeko, matxurak antzemateko edo horien balizko kausak identifikatzeko.

Irizpide honen bidez ikasleak bere neurketen emaitzak interpretatzeko daukan gaitasuna baloratu behar da. Neurketen balioak aurreikusitakoak ez direnean, ikasleak gai izan behar du berak neurketa gaizki egin duen ala zirkuituaren elementu edo loturaren bat gaizki dabilen aztertzeko.

8. Aplikaziorako zirkuitu elektronikoak muntatzea, eskema batetik abiatuta, edo muntaturik daudenei aldaketak egitea.

Baloratu behar da ea ikaslea gai den zirkuitu bat munta dezan ematen zaion informazioa interpretatzeko, kontuan hartuz muntatzeko arauak, diseinua, errealizazioa eta funtzionamendu zuzena, eta kalkulu teorikoen emaitzak eta benetako emaitzak erkatzeko.

9. Azalpen-memoriak egitea lan proiektuez eta errealizazio praktikoez.

Ikasleak, proposatzen zaion ariketa bakoitza bukatutakoan, egindako lanari buruzko memoria aurkeztu behar du. Memoriaren aurkezpena, idazkera zuzena, azalpen eskemak etab. baloratuko dira.

Iragarkiaren kodea: a0206886