76. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

INGURUMEN, LURRALDEAREN ANTOLAMENDU ETA ETXEBIZITZA DEPARTAMENTUA. Zehapen espedienteak.

Ezinezkoa izan da Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 135. artikuluak aurreikusten duen jakinarazpena egitea, alegia, Shuquing Eno jaunari arrantzaren arloan indarra duen arautegia hausteagatik irekitako 125/01 zehapen espedientearen Foru Aginduari buruzkoa. Beraz, aipatu Legearen 59.4 artikuluan xedaturikoa betetzen da.

483/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 25ekoa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Shuquing Eno jaunari basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea hausteagatik zehapena jartzen diona.

Shuquing Eno jaunari irekitako 125/01 zenbakiko zehapen espedientea aztertu da; espediente hori Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren irailaren 7ko 1029/2001 Foru Aginduaren bidez ireki zaio, Arga ibaiko barruti intentsiboan arrantzan aritzeagatik barrutiko baimena izan gabe. 28 zentimetroko amuarrain bat harrapatu zuen, Foruzaingoak 2001eko ekainaren 14an jarritako salaketaren arabera.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 135. artikuluan aurreikusitako jakinarazpena egitea ezinezkoa izan denez, Legearen 59.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, 2002ko urtarrilaren 30eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman dira Shuquing Eno jaunari zehapen espedientea irekitzeko Foru Agindua eta dagokion Karguen Orria.

Karguen Orrian alegazioak aurkezteko eman den 15 eguneko epea iraganik eta salatuak alegazio idazkirik aurkeztu ez duenez, bidezko da zehapen prozedura administratiboari segida ematea, karguen orria bere horretan utziz.

Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 98. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Shuquing Eno jaunari 120,20 euroko isuna jartzea, egindako arau-hausteagatik, basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen 122.a) artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Hori, hala ere, ez da eragozpen izanen, aipatu legearen 106. artikuluan xedatutakoaren arabera, isuna murriztea erabakitzeko.

2. Shuking Eno jaunari 18,03 euro ordaintzeko agintzea, egindako kalteengatik.

3. Aipatu den foru lege horren 106. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, isuna % 30 murriztuko da, betiere ondoko beharkizun hauek betetzen badira:

a) Isunaren gainerako zatia gehienez 15 egun balioduneko epean ordaintzea, foru agindua jakinarazi den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Arau-hausleak ordaintzea, osorik, aurreko atalean adierazi den epean, egotzi zaizkion kalte edo gaitzetatik heldu diren kalte-ordainak.

c) Arau-hausleak idatziz adieraztea ezarri zaion zehapenarekin eta eskatzen zaion kalte-ordainarekin ados dagoela eta espres egiten diola uko epe horretan inpugnazio-ekintzak burutzeko eskubideari.

Baldin eta adierazi den murrizte hori interesatzen bazaio, interesatuak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko bulegoetara jo beharko du (Alondegi kalea, 1-2. solairua), Kontrol Administratiboaren Atalera. Bertan ordain-gutuna emanen zaio, orain igorri denaren ordez, eta isunaren zenbatekoa gutxitzeko dokumentazioa ere bai.

3. Isuna edozein banketxe edo aurrezki kutxatan ordaintzen ahal da, horretarako ordain-gutun ofiziala erabiliz, foru agindu hau administrazio mailan irmoa izanen den egunetik hamabost eguneko epean. Epe hori iraganik, premiamenduzko bidez kobratuko da diru-kopuru hori.

4. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen 4/1999 Legearen 114. eta 115. artikuluen arabera.

5. Foru Agindu honen berri ematea espedientatuari, salatzaileari, Kontrol Administratiboaren Atalari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hogeita bostean.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A0206253