72. ALDIZKARIA - 2002ko ekainaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko maiatzaren 13koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campusa" delako Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak sustatua, onesten duena.

I.-Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak 2001eko irailaren 24an egindako bilkuran erabaki zuen "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campusa" delako Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak sustatua, tramitatzen hastea eta, halaber, jendaurrean jartzea eta, aldi berean, ukituriko udalei entzunaldia ematea, hilabete batez gutxienez. Erabaki hori 2001eko urriaren 15eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Espedientearen helburua "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campusa" delako Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzea da bere mugei, lurzoruaren sailkapenari, hirigintza kondizioei eta bide sistemari dagokienez.

II.-Aurkezturiko alegazioak.

Espedientea jendaurrean egon den epean, hiru alegazio- idazki aurkeztu dira. Hona hemen alegatutakoaren laburpena eta bakoitzari eman zaion erantzuna:

1. Ana María Arizpelete Lacheta andrea, Mudanzas Unidas, S.L.ren izenean.

Alegazioan dio ordezkatzen duen enpresa katastroko 5. poligonoko 1036. eta 1037. lurzatien jabea dela, UPSren C- 3 unitatean. Unitate hori hiri-lurzoruen sailean dago eta ekimen publikoko unibertsitate-erabilera eman zitzaion.

Hainbat arrazoibide azaldu ondoren, eskatzen du aipatu unitatea Plan Sektorialaren eremutik ken dezatela, hura hirigintza aldetik arautzea Iruñeko Udal Planari baitagokio, hiri-lurzoruko unitate berri baten bitartez, jarduketa zuzena eta bizitegitarako erabilera izanen dituena.

Erantzuna:

UPSren aldaketaren helburua campusen mugak finkatzea eta erabilera jakin bat zehaztea besterik ez da. C-3 unitatearen gaineko eragin bakarra jadanik eginak dauden bide batzuekin muga egiten duen muga-lerroaren egokitzapen puntuala da. Alegaturikoak ez du inolako zerikusirik eragin jakin horrekin, hots proposatu aldaketaren ondorioz C-3 unitatean eraginen litzatekeenarekin. Hala ere, UPStik erabat ateratzea eskatu dute eta aurreikusitako erabilerak goitik behera aldatzea. Hortaz, ez da auzitan jartzen bideak egokitzea zuzena den ala ez, hori izan arren C-3 unitatean eginen den aldaketaren helburu bakarra.

Horrenbestez, bidezkoa da alegazio horiek ezestea.

2. Goio Mendoza Erice jauna.

Alegazio-egileak eskatzen du UPSren aldaketaren xedea berraztertu dezatela eta jarduketa guztiak aldaketa erredaktatu zeneko aldira atzera eramatea.

Plan Sektoriala aldatzeko ekimenarekin eta proposamenaren hedadurarekin ez dagoela ados azaldu du, Gariton muino osoa hartu beharko bailuke, eta, azkenik, NUParen konfigurazioa kritikatzen du, isolatua eta hiritik deslotua baitago.

Gainera, Gariton muinoaren hirigintza garapenerako proposamen bat erantsi du.

Erantzuna:

1. Alegazioaren arrazoibidea suposamendu faltsu funtsik gabeko batean oinarritu du. Bistan da, NUParen Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa honen xede eta helburuei dagokienez, nabarmen erratua dagoela.

Antza denez, alegazio-egileak uste du UPSren aldaketaren helburua Galarko Udal Planaren zehaztapen bat betetzea dela, non Iruñeko eta Galarko udal planen eremu mugakideen antolamenduaren koherentzia segurtatzeko, "Plan Bateratu bat edo, bestela, UPS bat" aurreikusten baita. Eta hori ez da horrela, inondik inora.

Gogora ekarri behar da aldatzen den UPSa Nafarroako Unibertsitate Publkoaren Campusarena dela. UPS honen helburua, beraz, Campus horren mugaketa eta antolaketari lotua dago, eta hala behar du gainera.

Alegazio-egileak proposaturiko hirigintza antolamendua noraino den egokia ez da hemen aztertuko. Baina, argi eta garbi adierazi behar da Nafarroako Gobernuak ez duela NUParen UPSa erabili behar udalei unibertsitate- erabilerarekin inolako zerikusirik ez duen zuzeneko hirigintza antolamendu bat ezartzeko. NUParen UPSa alegazio-egileak proposatzen duen maneran aldatzeak zera ekarriko luke:

-Ukituriko udalen eskumena ordeztea, hori justifikatzen duen tokiz gaindiko inolako interesik izan gabe (proposatutako ekimenek ez dute udalez gaindiko interesik, ez etxebizitza multzoek, ez kirolalde pribatuak).

-10/94 Foru Legearen 61.3 artikuluaren kontra zuzenean jotzea nabarmen, horretan adierazten baita plan sektorialak ekimen publikoaren bidez sustatu eta garatuko direla eta ekimen pribatuak sustatu ahalko dituela, bakar-bakarrik, hark zerbitzu publikoak kudeatzen dituenean.

Beste kontu bat da unibertsitatearen eremuaren mugaketa eta antolamendua egiteko orduan irizpide bateragarriak erabiltzea, batetik, irakaskuntza eta ikerkuntzaren beharrei erantzunik egokiena emateari begira, eta bestetik, inguruaren hirigintza antolaketan eragiten diren afekzio negatiboak gutxiagotzeari begira. Horixe da hain zuzen proposaturiko aldaketaren helburua.

Campusaren jatorrizko mugak mantenduz gero, Lezkairu aldeko hirigintza garapenetarako proiektatu den antolamendua galaraziko litzateke, eta garapen horiek ezinbestekoak dira Iruñeko Udal Plan berriaren proposamenaren bideragarritasuna aseguratzeko, oro har. Bideragarria da erabat, horrelako kalteak eragin gabe, campusaren mugak berriz finkatzea, egungo eremua mantenduta, eta are handituta ere. Hori da proposaturiko mugaketa berriaren benetako helburu bakarra, eta ez Iruñeko eta Galarko udalerrien mugen hirigintza antolamendua egitea, hori ez baita aldaketa honen xede (eta ezin da izan gainera). Zabalkundearen ondorioz, Gariton muinoaren aldean campusak hartuko duen eremu horrek unibertsitateko erabilera izanen du, ez besterik. Eta zabalkunde horrek, gainera, ez du oraindik antolamendu zehatzik, izan ere, Iruñeko eta Galarko mugen artean dauden eremuen hirigintza antolamenduarekin bat etorri behar du, baina hori egin gabe dago oraindik (Hirigintza plan bateratu bat egin liteke, eremu horretan tokiz gaindiko intereseko dotazio bat ezartzeko UPS bat, edo bi aukerabideak).

Laburbilduz, eztabaidezina da Galar eta Iruñeko mugen artean dauden eremuak antolatzeko erabiltzen diren baliabideen arteko koherentzia bermatu beharra dagoela. Hortaz, Nafarroako Foru Administrazioak ez du elkarren kontrako espedienterik onetsi behar, Plan Bateratuak izan, UPS berriak izan, edo NUParen egungo UPSrako etorkizunari begirako antolamendu zehatzak izan. Aitzitik, onesten diren baliabide guztien arteko bateragarritasuna eta koherentzia bermatu behar du, Iruñerriko Eskualdeko Hirigintza Arauetan aurreikusitako irizpide orokorrei jarraikiz (martxoaren 22ko 80/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren). Baina, Administrazioak printzipio hori onartu eta bere egin badu ere, legearen aldetik, ezinezkoa da horren ondorioz honako hau uste izatea ere:

-Gobernuak udalen eginkizunak bere gain hartu behar dituela, hori justifikatzeko tokiz gaindiko inolako beharrik izan gabe.

-Udal eskumenak urratu behar dituela, ekimen pribatuko hirigintza antolamendu jakin bat inposatzeko, hori 10/1994 Foru Legean propio debekatuta baitago, Udalez gaindiko Plan Sektorialei dagokienez.

-Eremu mugakide guztiak berehalakoan, presaka eta aldi berean antolatu behar direla (inguruko merkataritza guneko behin betiko sarbideak, Iruña eta Galarren arteko bide-loturak, etorkizunean inguruan litezkeen dotazio-beharrak eta abar kontuan hartu gabe).

-Eta, horrekin batera, unibertsitateko eremua antolatzea helburu duen Plan bat unibertsitatetik kanpoko erabileretarako erabiltzea.

2. Gainerakoan, "ius variandi" delakoaren babesean, gomendagarria den kasuetan, hirigintza edo lurralde planeamenduaren hasierako eremuak aldatzeko aukerari dagokionez, jurisprudentziak ez du duda izpirik erakusten, halaxe adierazten baitu, esate baterako, Epaitegi Gorenaren 1982ko maiatzaren 26ko Epaiak (A. 4139):

1. "... ikuspuntu orokor batetik, Administrazioari ezin zaio "ius variandi" delakoa ukatu, inolako dudarik gabe, hortaz baliatuz, aurreko hirigintza planeamenduak berraztertu eta alda ditzan. Nahiz eta mugagabeko iraupenekoak izan, planeamendu haiek modu egokian berraztertzeko legezko aukerabide guztiak ez daude itxita, Planean berean berraztertzeko finkatzen den epea amaitu delako, dela berraztertzeko gorabehera egokiak gertatzen direlako... Horri dagokionez, Epaitegi Gorenak dio, laburbilduz, berraztertzeko bide hori ukatuz gero, zentzugabeko egoera batera eramanen litzatekeela kasua, izan ere, antolamendu egoera inmobilista bat ezarriko litzateke... eta horrek planen betierekotasun aldaezina ekarriko luke. Irtenbide hori logikarik gabekoa eta indarreko antolamenduaren kontrakoa denez, alboratu beharra dago".

Horrenbestez, bidezkoa da alegazio horiek ezestea.

3. José Tomás García Zabalza jauna, Club Deportivo Pamplonaren ordez.

Lehenik, alegazio-egileak Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko ustezko hitzarmen bat aipatzen du, eta adierazten du hitzarmen horrek espedientearen dokumentazioarekin batera egon beharko lukeela; bestalde, adierazten du Campusa handitzeko justifikaziorik ez dagoela, behar berririk ez baitago, eta Gariton aldea atxikitako sistema orokor gisa lortzea proposatzen du; gainera, uste du planean proposatutakoa Eskualdeko Arau Subsidiarioetan Gariton alderako dauden aurreikuspenen kontrakoa dela. Garitoneko unitatean finkatu den aprobetxamenduarekin ez dagoela ados azaldu du eta, azkenik, Campusari Gariton aldetik jarraipena ematea ezinezkoa dela.

Erantzuna:

1. Alegazio-egileak uste du NUPak eremu gehiago hartzeko beharrak ez direla egoki justifikatu. Baina aldaketaren oinarrizko helburua NUPari konpentsatzea da, Lezkairu aldean campusak izanen duen murrizketa dela kausa, izan ere, eremu hori Garitonekoa baino askoz egokiagoa baita bizitegi erabilerarako, Iruñeko Udal Plan Berriaren proposamenean justifikatzen den bezala (kontuan harturik, gainera, eraikuntza-dentsitate txikia eta eremu libre zabalak izateko beharkizuna ederki egokitzen zaiola Gariton muinoaren ikuspegi paisajistikoari). Aldaketaren justifikazio-arrazoia, bistan da, konpentsazioaren ondoko eremu-murrizketa da, berez.

2. Campuserako aurreikusi den kudeaketa modua desjabetzapena da. NUParen eragina udalez gaindikoa denez eta berezko autonomia duen entitate publikoa izanik, lurzorua lortzeko bide hori erabiltzea erabat justifikatuta dago. Eskualdeko Hirigintza Arauek ez dute formula hori baliatzea baztertzen inondik inora, eta aurreikusitako aprobetxamendurako baldintzak (beste unitate batzuetarakoak bezalatsukoak, C-6, U-1, U-2, U-3 esate baterako), eta planteaturiko okupazio-maila ere arauen araberakoak dira.

Zabalkundearen ondoriozko lurrak inguruko etxebizitza- eremuei sistema orokor gisa atxikitzeak orain arte erabilitako formula aldatzea ekarriko luke eta kudeatzeko zailtasunak izanen lituzkeen irla bat eratuko litzateke. Esan gabe doa arau bakar bat ere ez dagoela sistema orokor jakin batzuk etxebizitza-eremuei nahitaez atxikitzera behartzen duenik.

Horri dagokionez, Epaitegi Gorenak 1988ko urtarrilaren 22an emandako Epaiak (A. 330), besteak beste, zera zehazten du: "...sistema orokorretarako lurzorua 1975eko Erreformaren kezka nagusietariko bat izan zen. Erreforma oinarri harturik, besteak beste honakoak arautu ziren: horrelako sistemak egikaritzea ahalbidetzen duten plan motak -Plan Bereziak edo, bestela, Plan Partzialak, Planeamenduari buruzko 33.1 artikulua, Kudeaketa Erregelamenduaren 31.4 art. etab.-, horiek egiteko kostua -Administrazioaren kargura, Planeamenduari buruzko 63.3. artikuluaren arabera, baina kontribuzio bereziak ezartzeko aukera izanda, Testu Bateginaren 145. artikulua-, eta, jakina, sistema orokorrei erantsi beharreko lurzorua eskuratzeko bideak.

Eskuraketa hori ohiko teknikaren bidez egin daiteke, hots, nahitaezko desjabetzapena -Testu Bateginaren 134.2 artikuluak, Kudeaketa Erregelamenduaren 55. eta 194.a) artikuluak-, edo horren ordez beste lur batzuk adjudikatuz, Planak lurzoru urbanizagarri programatu osorako ezartzen duen batez besteko aprobetxamenduaren aldean soberakina duten sektoreetakoak betiere (Testu Bateginaren 84.2 artikulua, Kudeaketa Erregelamenduaren 46.3.b) eta 50.2 artikuluak, etab.).

Ikus daitekeenez, jurisprudentziaren arabera, berdin baliagarriak dira desjabetzapena nola atxikipena. Kasu honetan lehenbiziko bidea aukeratu da. Uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 205. artikulutik 208. artikulura bitartean bi bideen baliagarritasuna onartzen da propio.

3. Aipatzen den ustezko hitzarmenari dagokionez, egiazki ez dago horrelakorik. Ukituriko administrazioen arteko informazio trukaketak ezin dira hitzarmentzat hartu, inondik inora.

Horrenbestez, bidezkoa da alegazio horiek ezestea.

III.-Nafarroako Gobernuak 2001eko irialaren 24an hartutako erabakiaren zehaztapenei buruzko hainbat azalpen.

Espediente honi hasiera ematen dion Gobernuaren Erabakian Taxoare kalearen funtzionaltasuna berregokitu beharra finkatu da. Aldaketa agiriaren hasierako proposamenean, haren ordez Lezkairuko bizigune berria inguratzeko bide bat egitea aurreikusi da eta, egungo Lezkairuko errepidearen tarte bat luzatuz, jarraipena ematea.

Gainera, Gariton muinoa lurzoru urbanizagarrien sailean sartu behar dela zehazten da, Plan Sektoriala aldatzeko agirian lurzoru urbanizaezinen sailean sartzea proposatu bazen ere, izan ere, zaila da eremu horri emandako lurzoru urbanizagarriaren sailkapena eta bertan eraikitzeko esleitzen zaizkion aukerabideak batera eramatea.

Hortaz, sustatzaileak Testu Bategin bat aurkeztu beharko du, non "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campusa" delako Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea tramitatzen hasteko, Nafarroako Gobernuak hartutako Erabakiaren baldintzak bilduko diren, besteak beste. Testu Bategin horretan Taxoare kalearen egungo konfigurazioa mantenduko litzateke eta Gariton muinoa lurzoru urbanizagarri gisa sailkatu.

IV.-Beste azalpen batzuk.

2002ko martxoaren 22an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak idazki bat aurkeztu du Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusian, plano eta guzti, non eskatzen baitu UPSren ipar-mendebaldeko mugaketa ez dezatela aldatu, tramitatzen ari den aldaketaren mugaketan ikusi baitu erabilera sendotua (sarbideak eta aparkalekuak) duten zenbait lurzoru Unibertsitatearen eremutik kanpora uzten direla, izan ere, lur horietan, tramitatzen ari den Udal Planaren arabera, biribilgune bat egitea aurreikusi baita, erabilera horiek baldintzatuko lituzkeena. Idazki horretan proposatzen da, orobat, UPSren arautegian zenbait aldaketa egitea, C-1 unitatean I+G erabilera sartzeko, edozein jarduketa unitatetan UPSn, ekimen pribatuko unibertsitate erabilera deitura generikoaren barrenean, aurreikusitako edozein erabilera xehatu sartu ahal izateko eta oin berriko eraikinetan eraikita dauden eraikinekiko antzekotasun morfologikoa mantentzeko.

Geroago, 2002ko apirilaren 16an eta apirilaren 26an, hurrenez hurren, Nafarroako Unibertsitateko Publikoko kudeatzaileak eta Iruñeko Udaleko Hirigintza arloko udal kudeatzaileak, plano bera aurkeztu zuten, non UPSa ipar-mendebaldetik mugatzeko proposamena egin zuten, biek adostua. Dokumentazio hori azterturik, ondorioztatzen da UPSren ipar-mendebaldeko mugarako proposatu den mugaketa onartuz gero, aldaketa espedientean hasieran proposatu zenarekin aldaketa txikiak baititu, lehen aipaturiko interferentziak baztertuko direla. Hortaz, bidezkoa da hura onartzea.

C-1 unitatean I+G erabilera sartzeari dagokionez, auzi hori Nafarroako Gobernuak 2002ko apirilaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez ebatzita gelditu dela adierazten da, campusean aurki Nafarroako Automozio Zentroa ezarriko baita. Hori horrela, erabilera hura C-1 Unitatearen erabileren artean dagoela ulertu behar da.

Jarduketa unitate guztietan UPSn aurreikusitako erabilera xehatuetarik edozein ezartzeko aukeraz den bezainbatean, lehenbizi adierazi beharra dago UPSren arautegiaren 3. atalean, non besteak beste lurzoruaren erabilerak aztertzen baitira, zehazten dela UPSren xede diren lurren erabilera berariazkoa "ekimen pribatuko unibertsitate erabilera dela. Horren barnean, irakaskuntza eta ikerkuntzarako berezko erabileraz gainera, ostaturako, kirolerako, zerbitzuetarako eta hirugarren sektorerako jarduera osagarriak ere sartzen dira". Bestalde, aurreikusi diren jarduketa unitateetarako zehaztapenak eta aldaketan egindako proposamenak ikusita, C-1 unitateari dagokion auzia argitu delarik, unitateak honela geldituko dira:

-C-2 Unitatea: unibertsitateko irakaskuntza, ikerkuntza, zerbitzu eta bizitegitarako erabilera; campusaren iparraldean kokatua, hiriko etxebizitza eta ekipamenduetarako eremu batean sartua.

-C-3 Unitatea: unibertsitateko bizitegi erabilera, 15.751 metro koadro dituena, campusaren hego-mendebaldean kokatua, eraikita dagoen etxebizitza-eremu baten parean.

-C-4 Unitatea: bizitegitarako erabilera sendotua.

-C-5 Unitatea: "El Sario" hortxe da.

-C-6 Unitatea: kirol aldeari dagokio eta sendotze bidean dago. Zati bat eraikita dago.

-U-1, 2, 3, 4 eta 5: baimenduta dagoen erabilera hauxe da: "Ekimen publikoko unibertsitate-erabilera eta horren osagarriak".

-U-6 Unitatea: bizitegitarako erabilera eta unibertsitatekoa, egikaritua.

-U-7 Unitatea: Baimenduta dagoen erabilera hauxe da: "Ekimen publikoko unibertsitate-erabilera eta horren osagarriak".

Horrenbestez, ez dirudi beharrezkoa denik UPSren arautegian aukerabide hori sartzea.

Azkenik, campusean egiten diren oin berriko eraikinek inguruan daudenekin eduki beharreko antzekotasun morfologikoari dagokionez, ontzat hartzen da UPSren arautegian testu hau sartzea: "campusean egiten diren eraikin berriek campusean diren inguruko beste eraikinekin ahalik eta koherentzia morfologikorik handiena izan beharko dute, betiere esleitzen zaizkien jarduera edo erabileren behar funtzionalekin bateragarria baldin bada."

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Batzordeak 2002ko martxoaren 26an egindako txostena kontuan hartuz, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea ikusirik, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkezturiko alegazioak ebaztea, Erabaki honen azalpen zatian azaldu bezala.

2. "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campusa" delako Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak sustatua, onestea, zehaztapen hauek eginda:

a) UPSren eremuaren ipar-mendebaldeko mugak Nafarroako Unibertsitateko Kudeatzaileak eta Iruñeko Udaleko Hirigintza arloko udal kudeatzaileak, hurrenez hurren, 2002ko apirilaren 16an eta apirilaren 26an aurkezturiko planoan ageri direnak izanen dira.

b) Taxoare kaleak egungo konfigurazio berbera izanen du.

c) Gariton muinoa (7. Unitatea) lurzoru urbanizagarria izanen da.

d) UPSren Hirigintza Arauetan campusean egiten diren eraikin berrien baldintza morfologikoei buruzko zehaztapen bat sartuko da, Erabaki honen azalpen zatian ageri den testuaren araberakoa.

2. Adieraztea Erabaki honen aurka zilegi dela, hala nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, edo bestela, Administrazioarekiko Auzien Sailera jo daiteke zuzenean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluak xedatu bezala.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzakoari, Herrilan, Garraio eta Komunikazioetakoari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Iruñeko, Galar Zendeako eta Arangurengo udalei eta alegazio-egileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren hamahiruan.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0205605