65. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 29a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

MONCAYOKO UR MANKOMUNITATEA

Aldaketak behin betikoz onetsirik, Moncayoko Ur Mankomunitatearen Zerbitzuen Erregelamenduan

Moncayoko Ur Mankomunitatearen Zuzendaritza Kontseiluak, 2001eko azaroaren 29an egin bilkuran, halako aldaketa batzuk hasiera batean onestea erabaki zuen, Moncayoko Ur Mankomunitatearen Uraren Ziklo Integralaren Zerbitzuen Erregelamenduari dagokionez. Delako Erregelamendua 1993ko abuztuaren 30eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Erabaki hori 2002ko 9. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urtarrilaren 21ean, eta jendaurrean hogeita hamar egunean egonda, ez zen erreklamaziorik aurkeztu.

Horrenbertzez, Mankomunitatearen Zuzendaritza Kontseiluak behin betikoz onetsi zituen aldaketa horiek, boz batez, aurtengo martxoaren 7an egin bilkuran. Hona hemen:

-Erregelamenduaren testu guztian, hornidurari dagokionez saneamendurako ere ulertuko da.

Aldatzen diren artikuluak:

-10. artikulua. Hirugarren lerroaldea gehitu da: "Zerbitzuen eskatzaileak Mankomunitatearekiko betebehar fiskalak eguneratuak ez dituela frogatzen bada, edo Erregelamendu honetan aurreikusten diren gordailu edo fidantzak ordaintzeari uko egiten badio".

-12. artikulua. Lerroaldearen amaieran hau gehitu da: " eta ez da inola ere kalte-ordainik izanen".

-26. artikulua. Hau gehitu da: "Hornidura eskatzeko, Mankomunitatearen bulegoetan eskuratzen ahalko den inprimakia bete beharko da. Inprimaki horrekin zehaztuko da erantsi behar den dokumentazioa, eta nahitaezkoa izanen da higiezinaren gaineko titulartasuna frogatzea, eskritura publikoaren bidez, edo, hala ez bada, errentamendu kontratua ekartzea.

Lehen aldiz erabiltzeko edo irekitzeko lizentzia aurkeztu beharko da".

-27. artikulua. Bigarren lerroaldea gehitu da: "Mankomunitatea ez dago inola ere behartua, emari batez hornitzeagatik, halako presio batekoa izatera. Halako emari baterako presio aski ez bada, gainpresiorako sistema partikularra bere bizkar paratu eta mantendu beharko du eskatzaileak".

-28. artikulua. Hirugarren lerroaldea gehitu da: Urbanizazio proiektuek paraturik dauden ur edo saneamendu hodiak ukitzen badituzte, sustatzaileak bere bizkar paratu beharko ditu berriz zerbitzu horiek, espaloietan edo sarbide libreko eremuetan zehar kokatuz. Zerbitzu horiek Mankomunitatearen hornidura eta saneamenduaren gaineko ordenantza teknikoetan (1998ko 36. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, martxoaren 25ekoa) aurreikusitako irizpide eta materialekin paratuko dira berriz eta aldiro bermatuko da berriz ere ezarritako zerbitzua dabilela eta lehengo funtzionamendu baldintza berdintsuetan.

Udalak obra lizentzia eman ala ez eta/edo, hirigintza aldetik, lurraren kalifikazioa hura ala bertzea izan, horrek ez du erran nahi hornidura eta/edo saneamendu sarerik denik; horrenbertzez, horiek egitea aurreikusi beharko da, ordenantza teknikoen araudian oinarriturik.

-30. artikulua. 1. puntuari hau gehitu zaio: "Mankomunitateari txostena eskatu beharko zaio, ur hornidura eta saneamenduaren eskuragarritasun egiazkoez, baita proiektu edo obra horiek hark finkatutako agindu teknikoak bere egiten ote dituzten".

38. art. Bigarren lerroaldea gehitu da: "Hartune luzea duten horniduretan (hamar metro baino gehiago), gehienez ere hartunearen abiaburutik sei metrora paratuko dira zenbakailuak. Halakoetan, Mankomunitateak zer erran, huraxe eginen da."

-43. artikulua:

Saneamendu zerbitzuari dagokionez, aitzineko sekzioko xedapenek aplikazio orokorra izanen dute, salbu eta, berariazkoak izateagatik, hornidura zerbitzuari baizik ez dagozkionak, ondoko artikuluetan ezartzen diren berezitasunak ukatu gabe.

Aitzineko lerroaldean ezarritako ondorioetarako, "hornidura", "banaketa edo hornidura", "kontsumoa" eta "hornitua" hitzak horrela ulertuko dira, hurrenez hurren: "hustuketa", "saneamendua", "isurketak" eta "hustuketa dutenak".

-44. artikulua:

Mankomunitatea ez dago isurketa-kotaz hornitzera behartua, sakonera metro 1 baino handiagoa bada galtzada azpian. Isurketa baten kota kolektorearena baino beheragokoa baldin bada, eskatzaileak hondakin urak goititzeko ekipo bat paratu eta mantendu beharko du bere bizkar.

-45. artikulua:

Saneamenduaren hartunea Mankomunitateak egokien jotzen duen tokian lotuko da saneamendu sarearekin eta, egindakoan, haren jabetza bilakatuko da.

Saneamenduaren hartuneek, diseinu eta eraikuntza aldetik, beren estankotasuna segurtatu behar dute, bereziki saneamendu sarerarekiko lotunean. Enpresak kutxetak paratzea galda dezake, bai hartunearen abiaburuan bai sarearekiko lotunean, baita hartuneak erregistratzeko kutxetak ere eraikinaren barnean. Hori guztia Mankomunitateak ematen dituen xehetasunei jarraikiz eginen da. Betiere, saneamenduaren hartuneak egitura aldetik jasateko maneran proiektatu eta eginen dira, baita eraman beharreko uren erasokortasuna kontuan hartuz ere.

-46. artikulua:

Hustuketa zerbitzua bereganatzen duten eraikin edo finka guztiek euri urak eta ur beltzak bereizteko sistema izan behar dute beren barne muntaduran. Ur beltzen hartunea saneamendu publikorako sareakin lotuko da. Euri uren hartunea euri uren sare publikoarekin lotuko da, halakorik bada, edo eremu publikora isuriko da zuzenean, toki entitate bakoitzak hirigintzaren gainean onetsi duen araudiari jarraikiz.

-47. artikulua:

Mankomunitateak beharrezko edo komenigarri jotzen badu isurketen kontrol berariazkoa, halako kasuetan isurketak neurtzeko paratu beharreko gailuaren sistema diseinatuko du eta non kokatuko den erranen. Mankomunitateak isurketen laginak hartzeko kutxeta egitea galda dezake, berak onetsitako diseinuari jarraikiz.

-48. artikulua:

1. Saneamendurako azpiegiturarik batere edo saneamendurako azpiegitura aski ez duten aldeetan, erabiltzaileek konponbide berezietara jotzen ahalko dute, hala nola hobi septikoak, kubeta edo iragazkiak, betiere Mankomunitateak teknikoki onartzen baditu haien diseinua eta egikera. Konponbide horiek eta babesten diren baimenak behin-behinekoak izanen dira, Mankomunitateak finkatik hurbil saneamendu sarerik ez duen bitartean. Hala gertatzen denean, lotura eginen da, Erregelamenduak aurreikusten dituen modu eta baldintza orokorretan.

2. Hartunea egon behar den tokian kolektore sarerik ez badute, halako aldeak saneamendurako azpiegiturarik gabetzat joko dira. Halaber, halako leku batek saneamendurako azpiegitura aski ez duela ulertuko da, hartunea egon behar den tokian isurketa-eskariari erantzuteko adina kota edo eramateko adina ahalmen ez badu.

3. Aitzineko puntuetan ezarritakoa ukatu gabe, ez da saneamendurako konponbide berezirik onartuko, herriko hirigintza arauek, saneamendu zerbitzu arrunterako, nork bere burua bere azpiegiturez hornitu beharra ezartzen badute.

-49. artikulua:

Mankomunitatea ez dago behartua etxeko muntadura berezirik hartzera, garbitzera ez saneatzera, hondakin urak arazteko muntadura partikularraren jabearekin akordioa egon ezik. Halakoetan, modu baliozkoan zer hitzartu den, halaxe jokatuko da.

-Erregelamenduaren 44.etik 48.era bitarteko artikuluek zenbaki berriak izanen dituzte, 51.etik 80.era hurrenez hurren.

-60. artikulua (lehengo 53.a): a) atalari hau gehitu zaio: "behar bezain puntual ordaindu ez badu, hiru hilabeteko epean ordainagiria kobratzen hasteko egunetik hasita".

-69. artikulua (lehengo 62.a). Hirugarren lerroaldea gehitu da: "Bertze kasu batzuetan, aitzineko beharkizuna bete ez bada, kontsumoa zero metrotan finkatuko da".

-83. eta 84. artikuluak (lehengo 76.a eta 77.a): zehapen larri eta oso larriek dakartzaten karguak aipatzen dira, alegia, "berrehun eta berrogeita hamar metro kubiko eta mila metro kubiko, hurrenez hurren".

-86. artikulua: "Zehapen prozedura, honako hauetan xedatutakoari lotuko zaio, bertzeak bertze: araudi orokorra, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legea eta Zehapen Ahalmena erabiltzeko Prozeduraren Erregelamendua".

-88. artikulua (lehengo 80.a): hau gehitu da: "Orobat, berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoa berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena eta/edo erabakia jakinarazi eta biharamunetik aitzina".

-89. artikulua: hau gehitu da: "Erregelamendu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen arazo guztiak zuzentzeko, Administrazioareko Auzien Nafarroako epaitegiek izanen dute eskumena".

-Eranskinean hau gehitu da: "Ezkutuko jarioa: partikularraren muntaduran ur jarioa dagoela frogatu bada eta hura haren kontagailuak erregistratu badu".

-Eranskinean, hau gehitu da:

Barne muntadurak:

1. Saneamendurako barne muntadura partikularra da hodien multzoa, abonatuaren etxebizitza edo lokalaren barnean, hondakin urak eraikineko muntadura orokorreko saneamendu hodietara eramaten dituena.

2. Eraikin bateko saneamendurako muntadura orokorra da hodien, putzuen eta punpaketen multzoa, beren kontrol elementuak eta guzti, muntadura partikularretako hondakin urak hartu eta eraikineko saneamenduaren hartuneraino eramaten dituena.

Hiri kolektoreetarako hartuneak:

1. Hiri kolektore bateratuetarako hartuneak dira hodien, erregistroen eta pieza berezien multzoa, eraikin edo finka bateko hondakin urak, eraikin edo finkaren mugatik kolektoreraino eramaten dituena.

2. Ur beltzen hiri kolektoreetarako hartuneak dira hodien, erregistroen eta pieza berezien multzoa, eraikin edo finka bateko ur beltzak, eraikin edo finkaren mugatik kolektoreraino eramaten dituena.

Ur beltzen hiri kolektoreen sareak: ur beltzen hiri kolektoreen sareak dira hodien, erregistroen, hustuketa kamaren eta aireztapenen multzoa, zenbait hiri finkatako ur beltzak hiri edo eskualde mailako kolektore bateraturaino, herri mailako araztegiraino edo ur-ibilgu bateraino eramaten dituena.

Arazteko muntadura partikularrak.

1. Ur beltzak arazteko: etxeetako hondakin urak tratatzen dituen jabetza partikularreko elementuen multzoa da, ur horiek ondotik kolektoreetara, lur sail batera edo ur-ibilgu batera behar diren baldintzetan isurtzeko dituena.

2. Industri urak arazteko: industri prozesu batetik heldu diren urak tratatu eta arazteko jabetza pribatuko elementuen multzoa da.

Hondakin urak arazteko herri mailako instalazioa: biltontzi, hodi, mekanismo, makina eta kontrol elementuen multzoa da, herri bateko kolektore sareetatik heldu diren hiri hondakin urak arazten dituena, gero ur-ibilgu publiko batera isurtzeko.

Corellan, bi mila eta biko apirilaren hamarrean. Mankomunitateko burua, José María Vázquez.

Iragarkiaren kodea: A0204674