65. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1810/2002 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, emakume langileak saritzeko deialdia onesten duena.

"Emakumea eta enplegua" Batzordeak sentsibilizazio neurriak abiarazi ditu emakumearen enplegua eta lan-munduan duen presentzia sustatzeko, bai eta familia eta lana batzeko ere. Horregatik, batzordeburuak proposaturik, egokitzat jo da, izandako lan bilakaeraren bitartez helburu horietan lagundu duten emakumeak saritzeko deialdia egitea.

Horrenbestez, karguak ematen dizkion ahalmenak erabiliz, zuzendari kudeatzaileak

EBATZI DU:

1.-Emakume langilearendako 2002ko sarien deialdia onestea.

2.-Deialdi horri loturiko oinarriak onestea.

3.-Oinarri horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea.

Iruñean, bi mila eta biko maiatzaren hamazazpian.-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Laura Onieva Larrea.

O I N A R R I A K

Lehenbizikoa.-Xedea.

Emakume langileendako sariek, Oinarri hauetan arautzen direnek, xedea dute lan edo lanbidean egindakoa dela medio, emakumeak lan munduan sartzeko eta parte hartzeko eginahalak egin dituzten eta lana eta familia batera eramateko konponbideak bilatu dituzten emakumeak ezagutzea.

Bigarrena.-Hautagaiak.

Lan edo lanbidean egindakoarengatik eta lan merkatuan sartu eta moldatzeko eginahalengatik eta gaitasunarengatik nabarmendu diren eta Nafarroan bizi diren emakume langileek, lana euren kontura egin zein besterenera, jasotzen ahalko dituzte deialdi honen sariak.

Hirugarrena.-Sariak.

Bi sari emanen dira, bata besteren kontura lan egiten duen emakumearendako eta bestea bere kontura lan egiten duenarendako. Sariak plaka egiaztagarriak izanen dira.

Laugarrena.-Hautagaiak aurkeztea.

Hautagaiak interesatutako emakumeek berek aurkezten ahal dituzte edo proposatutako emakumeak edo emakumeek behar beste merezimendu biltzen dutela uste duen edozein pertsona fisiko edo juridikok. Proposamenak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko dira 2002ko irailaren 2ko 14:00ak baino lehen.

Bosgarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Hautagaiak onartzeko, guttienez, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

-Hautagaiak lan edo lanbidean izan duen jardueraren txosten adierazgarria. Hartan agertuko dira intereseko funtsezko alderdiak, lanpostuaren ezaugarriak, kokapena, etorkizunerako eta enplegua sortzeko aurreikuspenak, izandako zailtasunak eta zein estereotiporen kontra borrokatu behar izan duen, e.a.

-Hautagai den emakume langilearen datu inportanteak.

Osagarri gisa, lan edo lanbidean egindako jarduera zabalago baloratzeko baliagarri diren nahi hainbat agiri ere aurkez daitezke.

Seigarrena.-Baloratzeko irizpideak.

Deialdi honetako sariak adjudikatzeko, bereziki ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

-Lan eta lanbidearen munduan sartzeko eginahalak eta gaitasuna.

-Jarduera berritzailea lan eta lanbidearen munduan.

-Emakumea guttiengoa den lanpostuetan egindako jarduerak.

-Aurkeztutako txostenaren kalitatea.

-Lana eta familia batera eramateko konponbideak (hori sustatzeko ideiak)

Zazpigarrena.-Sari banaketa.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enpleguaren eta Emakumearen Batzordeko kideek osatutako Epaimahai batek banatuko ditu sariak.

Epaimahaiaren erabakia apelaezina izanen da eta proposamenetan behar diren merezimenduak biltzen dituenik ez balego, sariak eman gabe ere gera litezke. Orobat, oinarri hauek aplikatzean sor daitezkeen zalantzak Epaimahaiak argituko ditu.

Epaimahaiak 2002ko 30 baino lehen eman beharko du epaia.

Sariak Enpleguaren eta Emakumearen Batzordeko buruak, edo bere ordezkariak, banatuko ditu, aurretik iragarriko den egunean eginen den ekitaldian.

Zortzigarrena.-Oinarriak onartzea.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar haren oinarri guzti-guztiak onartzea".

Iragarkiaren kodea: A0205614