65. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 29a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Errekerimendua, Iruñeko San Agustin kaleko 38ko eraikinari

Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitzako Zinegotzi delegatuak ebazpen hau eman zuen 2002ko martxoaren 22an, beste batzuen artean:

"Ikusirik Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoko Udal Zerbitzu Teknikoek egindako ikuskapen txostena, Iruñeko San Agustin kaleko 38ko eraikina 2002ko otsailaren 6an aztertu ondotik egina, karrika hori bera berriz urbanizatzeko obren indusketa lanak hasi baino lehenago, egiaztatu da hondatuak dituela honako hauek:

-Eraikineko hegalean materialak erortzeko arriskua.

-Balkoietako harlauzen ertzak xehetuak eta erortzeko arriskuan, Tejeria kalearen aldean bereziki.

Eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 224. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

Ebatzi dut:

1. Iruñeko San Agustin kaleko 38ko eraikinaren jabeei agintzea ondotik aipatzen diren lanak egin ditzaten hiruretan hogei eguneko epean, San Agustik kalea berriz urbanizatzeko obrak bukatzen diren egunetik kontatzen hasita:

-Eraikineko hegalean dauden material bereiziak pikatu eta berriak paratzea.

-Balkoietako harlauzen ertzak pikatu eta perimetroa lehengoratzea.

Lan horiek teknikari eskudun batek zuzendu beharko ditu, eta lanak hasi baino lehen ekarri beharko da obra- zuzendariaren kontratazioa justifikatzen duen agiria.

2. Etxe horretako jabeei ohartaraztea ezen, lan horiek aipatu epean egiten ez badituzte, epea bukatu eta biharamunetik aitzina Udalak obrak subsidiarioki egiten ahalko dituela eta, hori gertatuz gero, behar diren tasak igorriko zaizkiela, hau da, sortzen diren gastuen ehuneko 125, edo bestela isun hertsatzaileak paratzen ahalko dituela hilabetero.

Jabetza Horizontalari buruzko Legearen 10.2 artikuluak ezarritakoaren arabera, aginteak emaniko aginduak aurkatu edo haien betearazpena oztopatzen duten jabeek bakarka erantzun beharko diete ezartzen zaizkien zehapenei.

3. Era berean, jabeei ohartaraztea ezen, aipatu epean obrak egiten ez badira, zehapen espedientea abiaraziko dela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 248.5 artikuluan sailkatutako hutsegite arinaren ustezko erantzule izateagatik. Hutsegite horrek 300,51 eurotik 6.010,12 eurora bitarteko isuna dakar zehapen gisara.

4. Jabeei ohartaraztea, orobat, konponketa obra horiek eraikinaren egitura eta funtzionaltasunaren egokitzapena lortzeko beharrezkoak direnetarik direla. Egokitzapen hori etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak finantzatzeko indarra duen Foru Dekretuan zehazten da.

Obra horiei ekiteko zaharberritzeko dirulaguntzak eskura daitezke, betiere eraikinaren egitura eta funtzionaltasunaren egokitzapena lortzeko beharrezkoak direnekin batera egiten badira; horretarako, Etxebizitzak Zaharberritzeko Udalaren Bulegoan, Eslava kaleko 1.an, argibideak eska daitezke".

Ebazpen honen kontra errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

-Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aitzina; edo bestela,

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpen honen jakinarazpen egunaren ondoko hilabetean.

Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 artikuluaren a) idatz-zatian (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen bertze interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat, jakinarazpen balioa izan dezan.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita bederatzian. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: a0204805