54. ALDIZKARIA - 2002ko maiatzaren 3a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

71/2002 FORU DEKRETUA, apirilaren 8koa, Irurtzungo Udalaren herrilurreko 3.427 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta haren desafektazioa onesten duena, gero jabetza partikularreko 3.427 metro koadroko beste lursail batekin trukea egiteko.

Irurtzungo Udalak 3.427 metro koadroko herrilurra desafektatzeko derrigorrezko onespena eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Lur hori 2. poligonoko 380. lurzatiaren parte da eta mendian dago.

Aipatu lurzatia José Tazón Palazuelos jaunaren 3.427 metro koadroko lursail batekin trukatu nahi da. Lursail hori 2. poligonoko 412. lurzatiaren parte da eta mendian dago.

Lur-truke horren helburua finka partikular hori eskuratzea da, herrilurren eremu handi baten barreneko enklabe bat baita.

Irurtzungo Udalak hertsiki bete du espediente honen xede den arloaren gainean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak dioena, baita Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa ere (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

Horrenbestez, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko apirilaren zortzian egindako bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Irurtzungo Udalaren herrilurreko 3.427 metro koadroren onura publikoa eta haren desafektazioa onestea. Lur hori 2. poligonoko 380. lurzatiaren parte da eta mendian dago.

2. artikulua. Baimena ematen zaio Irurtzungo Udalari desafektatutako lurrak José Tazón Palazuelos jaunaren 3.427 metroko lursail batekin trukatzeko. Lursail hori 2. poligonoko 412. lurzatiaren parte da eta mendian dago.

Lur-truke horren helburua helburua finka partikular hori eskuratzea da, herrilurren eremu handi baten barreneko enklabe bat baita.

3. artikulua. Desafektazioaren onespena Irurtzungo Udalak 2001eko abenduaren 17an onetsi zuen baldintza plegua betetzearen baldintzapean dago, batez ere klausula berezi bat, zeinean adierazten baita herrilur hura herri ondarera itzuli behar dela desafektazioa eragin zuten helburuak desagertu edo betetzen ez badira. Klausula hori kontratua eratzen duen agiri publikoan agertu beharko da eta Jabetza Erregistroan inskribatzeko agirian ere.

4. artikulua. Irurtzungo Kontzejuak espediente honen xede diren lurren mugak jarri eta katastroko kartografia ofizialean adierazi beharko ditu, eta aldaketaren berri eman beharko die Nafarroako Zerga Ogasuneko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren zortzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0204095